euskaraz.net
Garapen iraunkorra

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 90 2008/02 »  Garapen iraunkorra

Ekologia

Garapen iraunkorra
Garapen iraunkorra kontzeptuak toki bateko baliabide naturalen erabilera arrazionala adierazten du, hauek agor ez daitezen eta, guk bezala, etorkizuneko belaunaldiek ere baliabide hauetaz gozatzeko aukera izan dezaten.
Beraz, gure munduaren garapen iraunkorra bermatzeko ezinbestekoa da arreta berezia jartzea hainbat arlotan; energia eta garraioa hartuko ditugu hizpide.

Energia

Gure gizartean energia premia handia dago eta, premia hori asetzeko, hainbat metodo erabiltzen dira: petrolioaren eratorriak, gas naturalak, energia berriztagarriak eta beste asko. Guzti horrek, ordea, kalte egiten dio naturari, eta ingurumen arazoak sortzen dira. Hala nola, berotegi-efektua eragiten duten gasak zabaltzen dira, edota SO2 eta NOx gasak isurtzen dira.

Hori dela eta, beharrezkoa da kontsumitzen dugun energia kontrolatzea. Izan ere, zenbat eta gehiago kontsumitu, poluzioa eta gastua handiagoak izango dira. Hori saihesteko, nahikoa da gomendio txiki batzuei jarraitzea. Horiek kontuan hartuz gero, ingurumena zaindu ahal izango dugu:

• Etxeko tenperatura egokia 19-20 C-koa da.
• Argi asko eta luzaroan behar baduzu, egokiena fluoreszentea erabiltzea da. Izan ere, bonbilla arruntek baino gutxiago kontsumitzen dute. Hala ere, denbora gutxian argia askotan piztu eta itzaltzen baduzu, ez da gomendagarria fluoreszentea erabiltzea.
• Kontsumo txikiko bonbillak erabili. Gutxiago poluitu eta gastatuko duzu. Argia denbora gutxian askotan itzali eta pizten baduzu, ordea, ez da gomendagarria mota honetako bonbillak erabiltzea.
• Erabili behar ez dituzun etxetresnak itzalita eduki.
• Etxetresna bat erosterakoan, gutxien kontsumitzen duena aukeratu.
• Etxea goizean goiz aireztatu, tenperatura orduan baita freskoena. Neguan nahikoa da 10 minutuz aireztatzea.
• Bitrozeramika elikagaiak prestatzen amaitu baino lehenago itzali. Horrela, energia aurreztuko duzu.
• Arropa kopuru handia duzunean lisatu. Izan ere, plantxa berotzen xahutzen da energia gehien.

Garraioa

Gero eta gehiago erabiltzen dugu autoa. Pertsonek automobilaren beharra dute hainbat jarduera eta zerbitzu egiteko; lanera joateko, lanean erabiltzeko edota aisialdirako. Horrek ingurumena eta gizakion osasuna kaltetzen ditu. Izan ere, garraioa da gure herrietako eta hirietako ingurumenari kalterik handiena egiten dion faktorea.

Horregatik, ezinbestekoa da autoaren erabilera murriztea eta garraio publikoa erabiltzea. Ez da ahaztu behar garraio publikoa, bidaiari bakoitzaren energia kontsumoari dagokionez, askoz ere eraginkorragoa dela autoa baino. Eta, horrez gain, merkeagoa da. Oso erraza da ingurumena zaintzea.
La Salle-San Luis




Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena