euskaraz.net
Intxaurrondoko berrikuntzak

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 91 2008/03 »  Intxaurrondoko berrikuntzak



Donostia auzoka

Intxaurrondon berrikuntzak egingo dituzte
Hurrengo hilabeteetan nabarmen aldatuko da gure auzoa. Izan ere, obra handiak egitekotan dira. Besteak beste, honako hauek:

EuskoTreneko geltokia Sagastieder parkean

Hurrengo urtean hasiko dira EuskoTreneko geltokia eraikitzen Sagastieder plazan, eta hortik pasatzen den trenbidea bikoiztuko dute. Obrek 38 hilabete iraungo dute eta 65,6 milioi euroko inbertsioa egingo du Typsa enpresak geltoki hori eraikitzeko.

Lehenengo, trenbidearen bikoizketarekin hasiko dira, trenbideari etekin handiagoa ateratze aldera. Lehenengo trenbideak salgaiak eramango ditu, eta bigarrenak, berriz, bidaiariak.

Geltokiak hiru sarrera izango ditu. Sarbide bat gorago dagoen zatian egongo da, Sagastieder parkean, eta eskailera mekanikoak jarriko dituzte. Eskailerak berrogeita bost metrora jaitsiko dira, geltokira iristeko. Beste sarbide bat Montes Francos plazan jarriko dute eta azkena, berriz, Zarategin, 77. atariaren ondoan. Azken hori geltokiari lotutako igogailu bat izango da. Geltokiak 100 metroko luzera eta 9 metroko zabalera izango ditu.

Trenbidea estali

Hamar milioi euro inguruko inbertsioa egingo du Adif enpresak Intxaurrondoko trenbidea estaltzeko. Hala adierazi zuen Odon Elorza alkateak, Adifeko zuzendariekin zenbait akordiotara iritsi ondoren.

Zehazki, 175 metro trenbide estaliko dituzte, Txaparrene parkearen ondoan. Zubiaurre zubitik Garroko zubi aldera doan zatia, hain zuzen.

Berrikuntza horretaz gain, Renferen geltoki berria egingo dute. Geltoki berri hau Intxaurrondoko geltokia izango da, eta auzoko biztanleei zerbitzua emango die. Ategorrietako geltokiak ez dio zerbitzu egokia ematen Intxaurrondo osoari eta, horregatik, Adifek egokiago ikusi du berri bat eraikitzea estaliko den toki honetan. Geltokia kanpoaldean egongo da eta igogailuak izango ditu trenbideetara jaisteko.

Gazteentzako apartamentuak

Hego Intxaurrondon, Txara ondoko lursailean, obrak egiten hasi dira. Eusko Jaurlaritzak gazteentzako 125 apartamentu egingo ditu bertan. Etxebizitza Sailak emandako epearen arabera, bi urte barru bukatuko dituzte lanak, urtebeteko atzerapena baitaramate.

Apartamentuak 18 eta 30 urte bitarteko gazteentzat izango dira. Atzerapenaren ondorioz, obrak bukatzen dituztenean bizilagun batzuek 30 urtetik gora izango dituzte, baina etxebizitza ez dutela galduko ziurtatu die Etxebizitza Sailak.
Maria Auxiliadora