 |
|
 |
 |
Donostia auzoka
David Moreno eta Onintza Aduriz
|
|
David Moreno eta Onintza Aduriz Martuteneko Gaztelekuko begiraleak dira. Urte dezente daramate auzoko gaztekin lanean. Beraiek egiten dituzten ekintzen inguruan jardun gara.
|
“Gazteen nahiak betetzen ahalegintzen gara”
|
Zenbat urte darama Gaztelekuak irekita?
10 urte pasatu dira Gaztelekua ireki zenetik. Aurreko udaberrian hamargarren urteurrena ospatu genuen.
Gutxi gorabehera zenbat gazte etortzen dira egunean?
Ez da erraza kopuru bat esatea. Egun batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago; baina batez beste 20 inguru.
Zeintzuk dira Gaztelekuaren helburu nagusiak?
Alde batetik, gazteei beraientzako toki bat eskaintzea. Bestetik, hezkuntzan laguntzea. Azkenik, gazteei aisialdia kudeatzen laguntzea.
Helburu horiek lortzeko, hezkuntzan laguntzeari dagokionez, informazio eta dokumentazio guneak ditugu; bertan bekak, lehiaketak, ikasketak, lanari buruzko dosierrak, eta abar daude. Eta informazio gunean, gazteen premiei eta galderei erantzuten saiatzen gara. Horretarako, Internet zerbitzua eta gure laguntza eskaintzen diegu. Kulturgunean, antzerkiak, zinea, kontzertuak eta bestelako jarduerak antolatzen ditugu. Horietako zenbaitetan 11 urtetik beherakoek ere parte har dezakete.
Betetzen al dira helburuak?
Guretzat bai, baina pentsatzen dugu auzotarrek erantzun beharko lioketela galdera horri.
Begiraleen nahiak edo asmoak betetzen al dira?
Batzuetan bai, eta beste batzuetan ez hainbeste. Gauzak ez dira beti nahi bezala ateratzen. Zenbait jarduera egiten hasi eta espero ez ziren oztopoekin topo egiten da askotan, eta horrek zailtasunak ekartzen ditu.
Ekintzen egutegia nork egiten du?
Begirale guztien artean egiten dugu, aldez aurretik egin beharra izaten dugu, Udalak hilabeteko aurrerapenaz eginda edukitzea eskatzen digulako.
Gazteen nahiak kontuan hartzen al dira egitaraua prestatzerakoan?
Gazteen nahiak betetzen ahalegintzen gara. Hala ere, egitaraua antolatzerakoan, gustatuko litzaiguke eskaera gehiago egotea eta gazteen parte-hartzea handiagoa izatea.
Nola ikusten duzue auzoaren etorkizuna?
Geroz eta hobeto. Jende, etxebizitza eta eraikin gehiago egoteak, gure ustez, hobetu egiten du Martutene. Laster trafiko arazoak ere konponduko dira, eta bukatzear dagoen haur-txoko berriak ere lagunduko du. Bestalde, jendearen parte-hartzea nahiko egokia da, eta alde horretatik ere pozik gaude.
Auzora bizitzera etorri diren atzerritarrak inguratzen al dira gaztelekura?
Batzuk bai. Hala ere, seguru gaude guk ezagutzen ditugunak baino gehiago daudela, eta espero dugu pixkanaka gehiago agertzea.
Zuen ustez, auzoak ba al du behar adina azpiegitura?
Beti nahi izaten da gehiago. Baina Martutene auzo txikia dela kontuan hartuta, nahiko ongi dago. Hala ere, kirola egiteko ditugun aukerak urriak dira, eta beste auzoetara jo behar izaten dugu kiroldegira joateko.
Nolakoa da auzokideen parte-hartzea?
Nahiko egokia, baina beste lekuetan gertatzen den bezala, badaude zenbait auzokide asko inplikatzen direnak eta beti saltsa guztietan ibiltzen direnak eta, aldiz, beste batzuek ez dute behar adina parte hartzen.
|
|
Imanol Etxeberria eta Haizea Beneditetd
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |