euskaraz.net
Artea ikasbidea proiektua

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 91 2008/03 »  Artea ikasbidea proiektua



Donostia auzoka

Artista bat ikastetxean plastika lantzen

Maider López artista donostiarrak zuzentzen du Guggenheimek babestutako “Artea ikasbide” proiektua Katalin Erauso Ikastetxean

Aurtengo ikasturtean Amarako Katalin Erauso Ikastetxe publikoak artista donostiarra du irakasleen artean. 5. mailako ikasleekin plastika arloan “Artea ikasbide” proiektua lantzen ari da eta, bertan, beste arloetako edukiak jorratzen dituzte artearen bitartez.

Guggenheim museoan

2007ko abenduaren 19an, Katalin Erauso ikastetxeko 5. mailako ikasleak bisitaldi bat egin genuen Bilboko Guggenheim museora. Maider López izan genuen gidari. Lehenik, Frank Gehryren eraikinaren gela handienera eraman gintuen. Han Richard Serra eskultorearen metalezko zazpi eskultura handi-handi zeuden. Guztietan sartu eta atera ginen. Ondoren, azken solairuko gela batera igo ginen. Han, Maiderrek diseinatutako eskultura bat zegoen, museoaren barrualdea gogora ekartzen zuena. Gela hartatik ateratzean, Txillidaren zenbait marrazki ikusi genituen hari batzuetan zintzilik. Hor Haizearen Orraziaren marrazki bat zegoen, Kutxaren eta EHUren logoak, eta abar. Dena ikusten bukatu genuenean, kanpora irten eta argazki batzuk atera genituen.
Katalin Erauso


Maider Lopez
“Artearen bidez ikasteko sortu da ekimena”
Maider, donostiarra zara, ezta? Konta iezaguzu pixka bat non ikasi zenuen, zein auzotakoa zaren...

Aietekoa naiz eta txikitan Ekintza Ikastolan ikasi nuen. Gero, Bilbon ikasi nuen, baita Londresen eta beste leku batzuetan ere.

Arte Ederretako karrera Bilbon egin zenuen. Alde handia al dago Donostiaren eta Bilboren artean?

Bost urte egin nituen, eta alde handia dago, hiri desberdinak dira. Ikasle garaian bizi izan nintzen Bilbon.

Zu artista zara. Zein arlotan egiten duzu lan?

Nik “instalazioak” egiten ditut eta jendearekin egiten dut lan. Ez naiz pintorea, ez eskultorea, ez argazkilaria. Artistak gauza asko egiten ditu, eta berdin zaio zein teknika erabili, garrantzitsuena egitea da. Batzuetan argazki bat, beste batzuetan pintura bat. Arte plastikoa lantzen dut.

Zerk bultzatu zaitu artearen alorrera?

Txikitatik gustatzen zitzaidan, eta gero klaseak hartu nituen. Zein ikasketa egin erabakitzerakoan, Arte Ederrak aukeratu nituen, eta bide horri jarraitu diot.

Katalin Erauso Ikastetxera etorri zara gurekin plastika arloa lantzera eta zuzentzera. Nola eta zergatik sortu zen proiektu hori?

Guggenheim museoak egiten du “Artea ikasbide” proiektua da. New York-en plastika kendu egin zuten eskoletatik, garrantzitsua ez zela iruditzen zitzaielako. “Artea Ikasbide” artearen bidez zerbait ikasteko sortu zen. Orduan, guk beste gauza batzuk lantzen ditugu artearen bidez; hemen, adibidez, planoak aztertzen ari gara, gure ingurua, gure etxea, etab. Azken finean, zerbait ikasten ari gara artearen bidez, eta artea irakaskuntza mundura hurbildu nahi dugu.

Erraza al da ikasleekin lan egitea?

Noski, oso erraza. Zuek eta nik gogoz egiten ditugu gauzak.