euskaraz.net
Skatea: Gorka Mendibe

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 91 2008/03 »  Skatea: Gorka Mendibe

Elkarrizketa

Gorka Mendibe
“Gutxi gorabehera duela hamar urte hasi nintzen skatean”

Gorka Mendibe Intxaurrondoko skatelari gaztea dugu, eta berarekin hitz egitea erabaki dugu kirol honi buruz informazio gehiago jasotzeko asmoz. Azken bolada honetan txapelketaren batean parte hartu omen du, gainera. Intxaurrondoko skate-parkean egin dugu Gorkarekin hitzordua. Oso leku aproposa iruditu zaigu, Gorkak ordu asko egiten baititu bertan.
Hasteko, konta iezaguzu zertan aritzen zaren; ikaslea zara ala lan egiten duzu?

Ba, egia esan bietan aritzen naiz. Egunak bi jardueretan aritzeko denbora ematen du.

Badakigu skatea egiten duzula, baina zein beste zaletasun dituzu?

Ba bai, baditut batzuk. Surfa egin ohi dut, nahiz eta azken boladan ez dudan gehiegi egiten. Roller patinekin ere ibiltzen naiz, eta neguan snowa ere egiten dut.

Ba al duzu anai-arrebarik? Skatea egiten al dute?

Bai. Arreba gazteago bat dut, baina, egia esan, ez du skaterik egiten, ez da horretan ni bezalakoa.

Skatea egiteko zein duzu lekurik kuttunena? Hau da, non pasatzen duzu ondoen?

Ba hobekien ezagutzen dudan lekua Intxaurrondoko skate-parkea da.

Zeintzuk dira zure patinetearen ezaugarri nagusiak?

Ba, ez dakit nola azaldu, egia esan. Ohola “Element” markakoa dut, kalerako eta uretarako berezia, ardatzak kalerako egokiak dira eta gurpil arruntak ditu.

Zenbat urte daramazu skatea egiten? Zenbat urterekin hasi zinen kirol honetan?

Duela hamar bat urte hasi nintzen, gutxi gorabehera.

Parte hartu al duzu inoiz txapelketaren batean?

Bai, behin parte hartu nuen txapelketa batean, baina ez nuen postu on bat lortzerik izan.

Txapelketetan, zeintzuk izaten dira derrigorrez egin beharreko probak?

Hainbat proba izaten dira. Lehenengo eta behin, oinarrizko txapelketetan, denek denen aurka jokatzen dugu; denbora jakin batean saiatu behar duzu ahal dituzun truko gehien egiten. Truko garrantzitsuena “elektrik” da, eta hori hartzen da proba nagusitzat.

Esan egia. Bururatu al zaizu inoiz skatelari profesional gisa jardutea?

Egia esan, duela urte batzuk buruan izan nuen etorkizunean honetan jarduteko aukera eta ideia, baina une honetan hori izugarri zaila ikusten dut.

Zenbat autografo sinatzen dituzu egunean?

Kar-kar-kar! Bat ere ez!
Lauaizeta


Surfa uretatik kanpo
Duela 50 hamar urte, AEBetako surflariei uretatik kanpo ere surfa egiteko desira piztu zitzaien eta, orduan, surfeko oholari gurpilak jartzea bururatu zitzaion norbaiti. Horrelaxe sortu zen, hain zuzen, gaur egun skate izenez ezagutzen dugun kirola.

Hori guztia, orain dela denbora asko gertatu zen. Orduz geroztik, asko zabaldu dira bi kirol hauek. Gaur egun, bi aukera daude kirol hau egiteko. Lehena “street” izenekoa da, eta kale bazterretan egiten da. Bigarrena, berriz, “vert” izenekoa, skate-parkeetan egiten da. Donostian skate-parke egokirik ez dagoenez, “vert” modalitatea ez dago oso zabalduta gazteen artean.

Donostian denda asko daude roller eta skate materiala erosteko. Edonork egin ditzake kirol hauek. Lagunak eta gogoa besterik ez dira behar. Hilabete bakarrean nahiko ongi moldatzeko moduan izan zaitezke; baina emaitza onak lortu nahi izanez gero eta gauza zailak egin nahi izanez gero, ordu asko egin behar dira gurpil gainean.

Skate izenez ezagutzen dugun kirola oso ezagun egin da azken urte hauetan. Gazte asko, mutilak zein neskak, ikusten ditugu gure kale eta parkeetan kirol hau egiten. Gainera, entzun dugunez, 2010. urterako, agian, joko olinpiko izendatuko omen dute.

Gazteen artean geroz eta zaletasun handiagoa dago skatean aritzeko, eta guri ere asko gustatzen zaigunez, arreta jarri diogu kirol honi.

Azken boladan arazo ugari izan dira guk, gazteok, skatean ibili nahi dugulako eta udaltzainak, berriz, gure atzetik ibiltzen direlako. Antza denez, debekatuta dago kalean, zenbait tokitan behintzat, kirol hau egitea, eta skate-parke gutxi daude. Hala ere, jende askok aspaldidanik egiten du kirol hau, eta ederki asko, gainera.