euskaraz.net
Padelean jolasten

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 91 2008/03 »  Padelean jolasten

Erreportajea

Padelak geroz eta arrakasta handiagoa du

Padela tenisetik eratorritako kirola da, eta duela gutxi ezagutzen dugu. Azken urte hauetan geroz eta arrakasta handiagoa izaten ari da Donostian. Nolatan?
Padela ez da soilik nagusien kirola, gure adineko neska-mutil gazteak ere ibiltzen dira padelean. Adibidez, Gasteizen bizi den Iñigo Alegria, hamaika urterekin, 2005eko Munduko Padel txapelduna izan zen, Andoni Berdaskorekin batera. Gu bezalako gaztetxoentzat ere egokia da, beraz, kirol hau.

Padela tenisaren antzeko kirola da, baina ezaugarri bereziak ditu tenisarekin alderatuta: batetik, padeleko erraketa astunagoa eta lodiagoa da pilotarekin jotzen den aldean, pilotak abiadura handiagoa har dezan. Bestetik, kantxa itxietan jokatu ohi da, nahiz eta estali gabeko lekuetan ere egiten den.

Pistak 10 metroko zabalerako eta 20 metroko luzerako laukizuzenak dira. Lau zatitan banatuta egoten dira, eta jokalari bakoitzak bere eremua izaten du: buruz buru zein launaka ere joka daiteke, bi biren aurka.

Arau nagusiak, bestalde, ez dira oso zailak: ateratzen duenak pilota gurutzatu egin behar du, ezkerreko aldetik eskuinera edo eskuinetik ezkerrera, eta pilotak sarea gainditu behar du. Aurkariek sakea errestatzeko, pilotari botea ematen utzi behar diote eta beste aldera jaurti behar dute, bigarren botea eman aurretik, tenisean bezala. Pilotak lurrean botea egin ondoren, paretan errebota dezake. Eta horrela jokatzen da, tantoz tanto.
Paula Berruezo eta Leire Miranda


Itziar Arrieta
“Padelean jolasten primeran pasatzen dut”
Padelean jokatzeko kantxa asko daude Donostian (Bera-Beran, Etxadin, Bentaberrin, Mons kiroldegian, Ondarretako Tenisean, Ibaetan, etab.), eta gu Bera-Beran izan gara.Bertan, gaur egun Donostian bizi den Itziar Arrietarekin hitz egin dugu:

Nola hasi zinen kirol honetan?

Nik, lehenengo eta behin, tenisean jokatzen dut klubean. Hamalau urte nituenetik nabil tenisean, eta munduko txapelketetan ere izan naiz.

Zergatik gustatzen zaizu padela?

Ez dakit. Inoiz ez diot galdetu neure buruari zergatik gustatzen zaidan padela. Baina kirol horretan jokatzen ari naizen bitartean primeran pasatzen dut eta, gainera, gure klubean beti launaka jokatzen dugu, ez binaka. Esaten dutenez, oso aspergarria da aurkari bakarrarekin jokatzea.

Non jokatzen duzu padelean?

Irunen jokatzen dut, bai padelean, bai tenisean. Txingudi Tenis Klubean.

Erraza al da?

Bai, oso erraza da. Erraza da kirol hau ikastea eta ondo pasatzea. Baina oso zaila da benetan maila ona lortzea. Horretarako, egunero entrenatu behar da.

Tenisean ongi pasatzeko asko jokatu behar da eta padelean, berriz, ez.

Esango al dizkiguzu padeleko arau batzuk.

Bi eratan jolas dezakezu, bakarka edo taldeka. Puntuazioa, berriz, teniseko bera da. Padelean, atzeko eta aurreko paretekin jokatu ahal izatea da garrantzitsuena.

Zuk zer duzu nahiago, bakarka ala binaka?

Dudarik gabe, binaka. Gainera, oso pista gutxi daude aurkari baten aurka jokatzeko, eta binaka jokatzeko nahikoak daude.

Zein kantxa gustatzen zaizu gehien?

Ondarretakoak primerakoak dira, oso instalazio onak daude. Etxadin, berriz, zelai gehiago jartzen ari dira eta, entzun dudanez, tenisean jokatzeko pista bat bakarrik geldituko da.

Zer gustatzen zaizu gehiago, tenisa ala padela?

Tenisa askoz ere gehiago gustatzen zait. Padelean, nire ustez, beti berdina egiten duzu eta tenisean, berriz, gehiago mugitzen zara eta gauza gehiago egin ditzakezu. Gainera, tenisean txiki-txikitatik nabil eta padelean, aldiz, duela lau urte hasi nintzen.

Zeintzuk jokatzen dute gehiago, mutilek ala neskek?

Antzera. Padeleko pistetan emakumezkoen eta gizonezkoen kopurua berdintsua da. Hala ere, beste hiri batzuetan, Madrilen, adibidez, pistetan gizonezko gehiago daude emakumezkoak baino.

Gazte asko ibiltzen al da padelean?

Ez, nik entrenatzen ditudan Irungo gazteei gehiago gustatzen zaie tenisa. Ezagunagoa da eta gehiago gustatzen zaizkie mugimendua duten kirolak. Lehen esan dudan bezala, padelean geldirik egoten zara.

Kirol garestia al da padela?

Alde batetik bai, erraketek dezente balio dute; adibidez, pala eskasenak ehun eurotik gora balio du eta hobeagoek, berriz, berrehundik gora. Gainera, normalean norberak erosi behar izaten du pala.

Nola definituko zenuke kirol hau?

Nire ustez, squash-aren eta tenisaren arteko nahasketa da padela.