euskaraz.net
Ekologia: igelak

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 91 2008/03 »  Ekologia: igelak

Ekologia

Igelak
Milioika urte daramatzate Lurrean eta, gaur egun, bost espezie bizi dira gure lurretan
Urdaibaiko biosferan topatuko dugu, adibidez, baso-igel iberiarra. Igel mota honen habitata ondu asmoz, lizarrak eta bestelako landare batzuk jartzen ari dira bertako errekastoaren inguruan. Ibai horren bazterrak dira penintsula osoan mota horretako igelen populazio handiena biltzen dutenak. Igel arre hau txikia da; bost bat zentimetro neurtu ohi du. Gehienez ere zazpi zentimetroko neurria hartzera irits daiteke. Laku txikietan bizi daitekeen arren, nahiago izaten ditu erreka bazter hotz eta azkarrak, bazterretako landareengatik.

Arreak eta berdeak

Euskal Herrian ditugun igelak bi taldetan sailka daitezke: igel arreak eta igel berdeak. Besteak beste, honako hauek aipa ditzakegu:

Igel arina: Araban eta Nafarroan bizi da. Lurtarra da batik bat eta hariztietako hostailan gordetzen da maiz. Nafarroan, Ultzama eta Basaburua bailaretan, babes neurriak hartu dira desager ez dadin.

Igel piriniarra: erreka txiki eta ur-jauzi hotzetan bizi da. Erronkari ibarrean eta Iratiko basoan ikus daiteke.

Igel gorrixka: aurrekoak baino ugariagoa. Denetan handiena da; 10 cm-ko luzera hartzen du. Baso eta mendi inguruetan bizi da nagusiki, baina itsas bazterrean ere ikus daiteke. Igel arrunta: uretakoa da, eta erreka bazter eta putzuetan bizi da. Igel mota honek ez ditu besteek buruan izaten dituzten orbainak. Espezie honen hibridoak ere badira, Gipuzkoan eta Nafarroan, batez ere.

Metamorfosia

Heldu bitartean, igelak aldaketak pairatzen ditu, aldatu egiten da bere itxura biologikoa. Oso desberdinak dira larbak eta igel helduak. Zapaburuak guztiz urtarrak dira eta algez elikatzen dira; aldiz, helduak lurtarrak dira eta intsektuz eta barraskiloz elikatzen dira. Denek ere kantu politak sortzen dituzte, eta arrek emeak erakartzeko erabili ohi dituzte kantu moduko horiek.

Negua hosto artean igarotzen dute. Salto handiak egiten dituzte, harrapakerietatik ihes egiteko.

Munduan gutxitzen ari dira anfibioak, eta klima aldaketak badu horretan zerikusia; euri azidoa, uren kutsadura, bakteriak, baso eta belardiak lehortzea, eta abar.
Mariaren Bihotza