euskaraz.net
Inkesta: irakasleak

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 92 2008/05 »  Inkesta: irakasleak

Iritzi-miritziak

Irakasleak
Ikastetxe guztietan daude akatsen bat duten irakasleak. Sarri ikasleak akats horietaz ohartzen gara, eta irakasleez barre egiteko baliatzen ditugu. Irakasleren batekin haserretzean, haren akatsak nabarmentzera jotzen dugu. Beste irakasle batzuei, ordea, saiatu arren, ez diegu akatsik topatzen.

Andy Oiarbide Ander Fernandez
Nire iritziz, irakasleek ez dute gure portaera txarraren errurik. Gure esku dago hori aldatzea. Egia da gehienetan etxerako lan gehiegi bidaltzen dizkigutela, eta oso gomendagarria izango litzake hori hobetzea. Normala iruditzen zait irakasleek akatsak egitea. Inor ez da perfektua. Niri oso ongi iruditzen zait irakasleek gure akatsak zein diren esatea; izan ere, horrela hobeto ikasten dugu. Beraiek akatsak egiten dituztenean, berriz, ez da hainbesterako izaten.

Maialen Orbegozo Ander Odriozola
Oso ondo dakigunez, inor ez da perfektua; irakasleak ere ez. Beren lana irakastea den arren, ez dauzkate galdera guztien erantzunak, beren oharrak begiratu behar izaten dituzte, hiztegiak kontsultatu, eta abar. Oso normala da akatsak egitea. Denok egiten ditugu akatsak. Batzuetan, irakasleek akats ederrak egiten dituzte eta, horrelakoetan, ikasle guztiak barrezka hasten gara. Irakasle batzuek perfektuak direla uste dute, baina badituzte akatsak.

Mikel Arana Iker Ibarburu
Nire ustez irakasleen akatsak larriak izan daitezke. Kontrolen bat gaizki zuzentzen dutenean, ikasleak konturatu behar izaten du ondo zuzendu duen edo ez. Ondo baldin bazegoen eta irakasleak akats modura kontatu, ikaslea ohartu ezean, nota jaisten zaizu. Lanekin ere akatsak egiten dituzte. Ikasleak lan bat entregatzen duenean eta irakasleak ez badu aurkitzen, eskas bat jartzen dizute eta gero gurasoek errieta egiten dizute. Nik uste dut irakasle batzuk oso aspergarriak direla. Batzuek txantxak egiten dizkigute, baina gainontzekoek txapa sartzen dute. Niri txantxak egiten dituzten irakasleak gustatzen zaizkit, beharrezkoa da umore pixka bat; bestela, lokartu egiten gara. Bestalde, irakasleek arreta berezia ematen diete nota onak ateratzen dituzten ikasleei, baina besteei ez, eta hori ez zait batere gustatzen.

Daniel Siso Aitor Gonzalez
Irakasle guztiek dute akatsen bat. Batzuek ia ez dute pazientziarik, beste batzuek ez dakite beren gaia ondo azaltzen, eta abar. Baina arazo handiena beren akatsez ez ohartzea da. Bestalde, komunera joateko arazoa ere hor dago; larrialdi batean egon arren, komunera joatea debekatzen digute. Beste batzuetan, berriz, gelan bero izugarria egin arren, ez digute leihoa irekitzen uzten. Nire ikastetxeko irakasleek hainbat akats dituzte. Batzuen akatsak besteenak baino nabariagoak dira. Irakasle batzuk urduri jartzen dira ikasgaia azaltzeko garaian, eta ez zaie ondo ulertzen. Gainera, gauza bera hainbat aldiz errepikatzen dute. Beste batzuek, ordea, ez dute pazientzia handirik, eta eskola-ordua hasi eta berehala zigortu egiten gaituzte.

La Salle

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena