Donostia auzoka
|
|
Intxaurrondon jarriko dute suhiltzaileen parke berria
|
Donostiako suhiltzaileak Intxaurrondora etorriko dira eta Garberako biribilgunearen eta Otxoki parkearen inguruan jarriko dute parke berria.
Joan den urtearen amaiera aldera hasi zituzten lanak. Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 2007. urteko ekainetik zeukaten eskuetan eraikuntzaren proiektua, Odon Elorzak eta Joxe Joan Gonzalez Txabarrik sinatua. Lanak bi urteren buruan, 2009rako, bukatuko dituztela aurreikusi dute.
Donostiako suhiltzaileak, oraingoz, Easo kalean daude, Donostiako Erdialdean. Udaltzainak ere bertan daude, eraikinaren atzeko aldean (hauek ere lekuz aldatzeko zain). Eraikina 1933. urtean egindakoa da, eta zaharkitua eta txikiegia geratu denez, beharrezkoa da berria egitea. Intxaurrondon eraikitzea erabaki dute. Berez, lehenago, Martutenen jartzea aztertu zuten, Urumeako autobiaren eta trenaren arteko irlatxo batean, baina lur azalera txikiegia zenez, azkenean, Intxaurrondon egitea erabaki zuten. Hor, gainera, Donostialde osora ongi iristeko bidea dute.
Hala ere, parkea Donostian egon arren, suhiltzaileek beste herri batzuetako (Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil, besteak beste) jendeari ere laguntzen diote, eta orain autobiaren ondo-ondoan egongo direnez, pentsa daiteke lehen baino errazago iritsiko direla herri horietara.
Parkeak 23.627 m2 izango ditu, honela banatuta: eraikinak 10.535 m2, garajeak 1.309 m2, praktiketarako patioak 2.292 m2, 40 plazako 750 m2-ko aparkalekua eta bulegoak 582 m2. Horiez gain, 100 metroko igerilekua, botikina, aldagelak, jantokia, lantegiak, komunak, gimnasioa, eta abar ere izango ditu. Gainera, helikoptero-pausaleku bat ere izango du.
Suhiltzaileen parke berria eraikitzeko 4-5 milioi euro inguruko aurrekontua dago. Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ordainduko dute, erdibana.
|
Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza
/ Testu Normala
/ Testu Zailagoa
/ Testu Zailena
|