euskaraz.net
Aztarna ekologikoa

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 92 2008/05 »  Aztarna ekologikoa

Ekologia

Aztarna ekologikoa
Gizakiaren ekintzak ingurunea eraldatu du, baina Lurrean gaudenetik, eraldatzeaz gain, degradatu ere egin dugu. Ez dago atzera egiterik jasangarriak ez diren ekintza asko aldatzen ez baditugu; adibidez, egur baliabide inportatuak erabiltzea, zuhaitzak moztu eta berriak landatu gabe; mugikortasunagatik atmosferara geroz eta CO2 gehiago igortzea; nekazaritzan urte-sasoiak kontuan hartu gabe jardutea; agor daitezkeen baliabide fosilak eta meategietakoak barra-barra ateratzea, eta abar.

Hori aztarna ekologikoa da, guk Lurrari eragiten dizkiogun ondorio negatiboak, alegia, eta hartzen dugun lurraldearen muga fisikoetan barreiatzen da eragin hori. Beste modu batera esanda, eta gure antzeko gizarteetan aztarna ekologikoaren inguruan egindako kalkuluen emaitzak kontutan hartuta, Euskadik % 75 lurralde emankor (larreak, laborantzak, itsasoa, basoak, hiri-lurzorua, eta abar) gehiago beharko luke oraingo beharrak asetzeko.

Beste kontzeptu garrantzitsu bat “zama–ahalmena” (ha/bizt.) da, hau da, lurralde emankorreko zenbat hektarea dagozkion biztanle bakoitzari ekosistema edo toki zehatzean –adibidez, herrialdean– beharrak asetzeko, bere baliabideak bakarrik kontuan hartuta. Beheko koadroan dituzu datu batzuk, ideia argiago bat izateko.

Beheko koadroari erreparatuz gero, galdera bat sortuko zaizu ziur aski: defizit ekologikoa duten herrialdeek nondik ateratzen dituzte lurralde emankorrak? Euskaldunok 13.000 m2 lursail emankor gehiago behar ditugu eta beste herrialde batzuetatik hartzen dugu.

Gure esku-hartzeak ingurumenerako dakartzan ondorio kaltegarriak murrizteko neurriak hartu beharrean gara. Ondo orriko galdeketarekin, zuri dagokizun “aztarna ekologikoa” kalkulatzeko aukera duzu.
San Luis La Salle


Kalkulatu zuri dagokizun “aztarna ekologikoa”
Elikadura

1.- Zure herrialdean ekoitzitako elikagai freskoak kontsumitzen al dituzu?
[2] Bai, ahal dudan guztietan.
[10] Ez zait axola produktu ontziratuak eta urruneko herrialdeetan ekoitzitakoak erostea.

2.- Normalean animalietatik lortutako produktuak (haragia, arrautzak, esnea, etab.) kontsumitzen al dituzu?
[50] Ez, inoiz ez; barazkijalea naiz.
[130] Astean, inoiz haragia kontsumitzen dut, edo, bestela, barazkijalea naiz, eta arrautzak eta esnea ere hartzen ditut.
[150] Bai.

Garraioa

3.- Zein garraio-mota erabiltzen duzu ikastetxera joateko?
[3] Oinez edo bizikletaz joaten naiz beti.
[5] Garraio publikoa erabiltzen dut.
[70] Autoa hartzen dut.

4.- Oporretara zoazenean...
[85] Urtean gutxienez bidaia bat egiten dut hegazkinez.
[20] Noizean behin hegazkina hartzen dut.
[10] Ia inoiz ez dut hegazkinik hartzen.

Elektrizitatea

5.- Zure etxean energia berriztagarria erabiltzen duen ekoizpen-sistemarik ba al da?
[45] Ez, erabiltzen dugun energia sarekoa da.
[5] Bai, elektrizitateak jatorri berriztagarria du.

6.- Kontsumo txikiko bonbilak erabiltzen al dituzu?
[15] Ez
[5] Bai

7.- Behar ez direnean aparatu elektrikoak erabiltzen al dituzu?
[15] Batzuetan, piztuta uzten ditugu, inor ez egon arren.
[5] Ez, inoiz ez.

Berogailua

8.- Zure etxea beroak ez ihes egiteko prestatuta al dago?
[40] Ez, beroak ihes egiten du, leihoa itxia egon arren.
[15] Bai, kristalak bikoitzak dira eta itxita izaten ditugu.

9.- Berogailua behar baino gehiago erabiltzen al duzu?
[10] Bai, batzuetan bero gehiegi egiten du.
[5] Ez, nahiago dut ahal dudan guztietan berogailua aurreztu eta arropa gehiago janztea.

Hondakinak

10.- Hondakinak murriztu edo berriz erabiltzeko neurririk hartzen al duzu?
[30] Ez.
[10] Bai, papera gordetzen dut beste aldetik erabiltzeko, eta beirazko ontziak berriz erabiltzen ditut.

11.- Gaikako bilketarako edukiontziak erabiltzen al dituzu?
[70] Ez.
[65] Bai, baina batzuetan bakarrik.
[55] Bai, plastikoa, metala, papera eta beira bereizten ditut.
[50] Bai, eta materia organikoa bereizten dut.

Ura

12.- Dutxatu ala bainatu egiten al zara?
[15] Egunero bainatzen naiz.
[10] Astean behin edo bitan bainatzen naiz.
[5] Egunero dutxatzen naiz.

Emaitzak:

• 300 baino gutxiago: Ondo! Guztiok zuk bezala kontsumituz gero, ingurumena zaintzeko bide onean geundeke.
• 300-400 bitartean: Guztiok zuk bezainbeste kontsumituz gero, bi Lur beharko genituzke. Hala ere, zure aztarna ekologikoa Euskadik duenaren antzekoa da.
• 400 baino gehiago: Guztiok zuk bezainbeste kontsumituz gero, hiru Lur beharko genituzke. Zure aztarna ekologikoa Europako batez bestekoa baino handiagoa da.

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena