euskaraz.net
Ikasle trukea

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 93 2008/06 »  Ikasle trukea



Donostia auzoka


Ikasle trukea egiteko ekimena martxan jarri zenetik 700 ikasle aritu dira
Ikasle trukea Arantzazuko Amaren eta Llinars del Valleseko Ginebroren artean
1990. urtetik gaur egun arte, Donostiako Arantzazuko Ama ikastolak ikasle-trukea egiten du urtero Llinars del Vallesen (Bartzelona) dagoen Ginebró ikastetxearekin. Arantzazuko Ama Ikastolak Donostiako Martutene auzoan eta Astigarragan ditu ikastetxeak, eta aurten Martutenen 6. mailarik ez dagoenez, Astigarragako 6. mailako ikasleek, tutoreek eta laguntzaileek parte hartu dute.
Urte hauetan guztietan, ekimen honetan 700 ikaslek parte hartu dute, gutxi gorabehera eta, beren esperientzia oso ona izan denez, urtero errepikatzen jarraitzea erabaki dute. Urteak pasatu ahala, Kataluniako ikasle kopurua handitu egin denez, Donostiako Ikasbide ikastola ere ikasle trukean parte hartzen hasi da.

Aurten, Donostiatik, bi ikastoletako ikasle, tutore eta laguntzaileek apirilaren 14an gaueko 22:30ean trena hartu eta Bartzelonarako bidea egin zuten. Aste osoa han pasatu eta apirilaren 20an itzuli ziren. Han zeuden bitartean, hainbat ekintza egin zituzten egunero. Hiru aste geroago, hau da, maiatzaren 5ean, Llinarsekoak etorri ziren Donostiara.

Asteartean, denak, Amara Berritik oinez abiatu eta Kristinaenea parkera joan ziren. Eguerdian, Martutenen bazkaldu zuten. Gero, bi taldetan banatu zituzten Llinarseko ikasleak. Talde bat Astigarragara joan zen eta bestea, berriz, Ikasbidera. Bi toki horietan, arratsaldeko 15:30ean, “ongi etorri” jaialdia egin zitzaien.

Asteazkenean, denak Landarbasora abiatu eta Listorretan igaro zuten eguna.

Ostegunean, goizean, Urgull mendira igo eta Donostiako paisaia ederraz gozatu eta gero, kaialdera jaitsi ziren denak. Han, zain zuten uhartea inguratzen duen itsasontzia, eta bidaiatxo ederra egin zuten. Eguerdian, Donostian bazkaldu zuten eta arratsaldean, Galarretan, pilota partidak ikusi zituzten.

Ostiralean, goizean autobusez Zarautzera joan ziren egun-pasa. Eguraldi ona egin zuen eta katalanei asko gustatu zitzaien.

Larunbata gurasoen eguna izan zen eta hainbat ekintza antolatu zituzten. Igandean, goizeko 7:30ean, Donostian autobusa hartu eta Bartzelonara abiatu ziren.

Arantzazuko Ama

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena