Donostia auzoka
|
Agenda 21,
ingurumenaren aldeko tresna
|
|
|
Donostiako Udalaren ekimenez, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako hainbat ikastetxetan Agenda 21 ekintza-plana garatzen ari dira.
|
Lurra denon etxea da. Planeta honek ematen dizkigu bizitzeko behar ditugun baliabideak (airea, ura, lurzorua, etab.) eta oraingoz ez dugu besterik. Gure etxeko erosotasunera ohituta, izaki bizidun guztiok, pertsonak barne, Lurreko ingurumen baldintzen mende gaudela ahaz dezakegu.
Gure planeta jasaten ari den txikizioa saiheste aldera, 1992an Rio de Janeiron Nazio Batuek egindako goi-bileran Agenda 21 ekintza-plana sortu zen. Ekintza-plan hau hainbat esparruri egokitzen zaie: herrialdeei, hiriei, herriei eta baita eskolei ere.
1998ko martxoaren 23an, Donostiako Udalak Aalborgeko Gutuna edo Europako Hirien Gutuna sinatu zuen, eta orduan onartu zuen behin betiko Garapen Iraunkorraren filosofia. Horrenbestez, Agenda 21 ezartzeko prozesuan murgildu zen Donostia, eta aipatu Agendaren tokiko ekimenetan parte hartzen hasi zen. Orduz geroztik, Udalaren ekimenez, Donostiako Lehen eta Bigarren Hezkuntzako hainbat ikastetxetan Agenda 21 programa ezartzen hasi ziren; horretarako, urtero gai bat landu (hondakinak, energia, kontsumoa, etab.) eta haren gaineko hausnarketa egiten da eskola horietan.
Hauek dira Agenda 21 izenekoaren oinarrizko xedeak:
-Eskola-inguruneko ingurumen-hobekuntza.
-Berrikuntza eta hezkuntza-kalitatea.
-Tokiko komunitatean parte hartzea.
Agenda 21 programak defendatzen dituen printzipioak aintzat hartuta, hasteko, hau galde diezaiokegu geure buruari: nire eguneroko bizimoduan, zer egin dezaket ingurumena hobetzeko?
Agian, ez zara gai sentituko aurreko galderari erantzun egokia emateko. Hala bada, azterketatxo bat egitea proposatzen dizugu, baina lasai, kontua ez da gainditzea ala ez gainditzea! Iradokitzen dugun testaren helburua gure ekintzen inguruan hausnartzea da.
|
|
Testa
|
Beti
|
Batzuetan
|
Inoiz ez
|
1. Erosterakoan beharrezkoa den ala ez pentsatzen dut.
2. Behar ez direnean, itzali egiten ditut argiak eta aparatuak.
3. Berogailua neurriz erabiltzen dut.
4. Paperaren bi aldeetan idazten dut.
5. Garraio publikoan, bizikletaz edo oinez nabil.
6. Papera, beira, pilak, etab. birziklatu egiten ditut.
7. Ingurumen-gaiekiko interesa daukat eta informazio egokia edukitzeko ahalegina egiten dut.
8. Urik alferrik ez galtzeko ahalegina egiten dut.
9. Ingurumenaren alde lan egiten duen elkarteren baten laguntzailea naiz, edo izatea gustatuko litzaidake.
10. Ezer zabortegira bota baino lehen, konpontzeko edo berriro erabiltzeko ahalegina egiten dut.
11. Berriro erabiltzeko moduko ontziak erabiltzen ditut.
|
|
|
|
Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza
/ Testu Normala
/ Testu Zailagoa
/ Testu Zailena
|