euskaraz.net
Eneko Egimendia futbolaria

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 93 2008/06 »  Eneko Egimendia futbolaria



Kirolak

Eneko Egimendia

“Jokalari bat aukeratzekotan, Bayer Municheko Luca Toni aukeratuko nuke”
“Aitonak irakatsi zidan futbolean jokatzen”
Argi dago modan dagoela futbola. Geroz eta gazte gehiago ibiltzen dira ia egunero Donostiako futbol zelaietan. Eneko Egimendia Realeko jokalari donostiarrarekin hitz egin dugu. Herri Ametsa ikastolako ikasleak Realeko Ohorezko Infantil Mailan jokatzen du, eta orain dela bi urte hasi zen Zubietan entrenatzen.
Zerk bultzatu zintuen futbolean hastera?

Nire aitonak irakatsi zidan futbolean jokatzen, asko gustatzen zitzaiolako, eta berak bultzatuta hasi nintzen futbolean.

Nolakoak izan ziren zure lehengo minutuak Realean?

Oso urduri nengoen. Ezin nuen sinetsi Realean nengoela! Oso pozik nengoen. Baloia hanketan hartutakoan, dena ongi irten zen.

Zenbat denbora daramazu kirol hau egiten?

Txiki-txikitatik jokatu izan dut futbolean, baina 6 urterekin hasi nintzen Donostiarra taldean. Zoritxarrez, desagertu egin zen talde hori.

Ligarik irabazi al duzu?

Ez, oraindik ez dut ligarik irabazi, baina lehengo urtean Reala mailaz igotzea lortu nuen. Orain bigarren postuan gaude, Antiguokoren atzetik, hiru puntura.

Zure aurreko belaunaldiaren mailara iristeko asmoa al duzu?

Bai, haiek bezain onak izatera iritsi eta talde garrantzitsu batean aritzea gustatuko litzaidake.

Nondik datorkizu futbolerako zaletasuna?

Lehen esan bezala, nire aitonak irakatsi zidan jokatzen, eta berarengandik datorkit zaletasuna.

Ba al duzu kontatzeko anekdotaren bat?

Bai. Herrerako Sportingen jokatzen nuenean, aldageletatik atera eta luzaketak egiten ari ginela, entrenatzailea niregana etorri zen harridura aurpegiarekin. Hasieran, albiste txarra zela esan zidaten. Une hartan oso gaizki pasatu nuen, baina gero, barrez hasi eta paper batzuk eman zizkidaten. Irakurritakoan asko poztu nintzen, izan ere, Realeko probak egiteko zen.

Zein da zure futbol jokalaririk gogokoena?

Gogoko jokalari asko ditut, baina bat aukeratzekotan, Bayern Munich-eko Luca Toni.

Realean hasi aurretik, egon al zinen beste talderen batean?

Bai, txikitan, Donostiarra taldean eta gero Herrerako Sportingen. Gauza asko irakatsi zizkidaten bertan, une onak eta txarrak pasatu nituen, eta horri esker nago gaur Realean.
Herri Ametsa ikastola

Kirol arrakastatsua
Gaztetxoen artean arrakasta izugarria du futbolak, kirolik arrakastatsuena da. Eskola Kirola programaren barruan, urtez urte, geroz eta gehiagok aritu nahi dute futbolean. Urtero bezala, aurten ere egingo dute Donosti Cup izeneko lehiaketa. Mundu osoko neska-mutilak etorriko dira udaran Gipuzkoako hiriburura.

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena