Ekologia
|
Egur hila, erreka bizia
|
|
Mendiko egur hilek, baita erreketan bustita daudenek ere, garrantzi ekologiko handia dute. Basoetako zuhaitzak hil eta ibai ibilguetara erortzen dira tarteka. Askotan pentsatzen dugu zuhaitz erori horiek kalte besterik ez dutela egiten, uholdeen arriskua handitzen dutelako. Egur hilak, ordea, zeregin ekologiko garrantzitsua du. Uretan pilatzen diren zuhaitz, enbor, sustrai eta adarrek sedimentuekin, bizidunekin eta urarekin bat egiten dute, eta elkarri eragiten diote. Egitura horien kontra gero eta materia gehiago pilatzen joaten da, presa egonkorrak sortuz.
Gizakiak eragin nabarmena izan du Europako basoetan, azken 6.000 urteetan, gutxienez. Euskal Herrian, baso zabalak moztu edo erre ziren larre bilakatzeko, eraikuntzarako materialak lortzeko edota egur-ikatza egiteko. Gainera, erreka eta ibaietako egurra bildu egiten zen, su-egurretarako ez bazen arrain eta itsasontziei pasabidea errazteko.
Egurra modu askotara irits daiteke ubidera: elurte eta haizeteetan, ertzetako malden higaduraren ondorioz edota ihartutako zuhaitzak erorita. Prozesu horietako bakoitzaren garrantzia kokapen eta ibar-baso motaren araberakoa da; adibidez, erreka-malkarretan luiziek egur asko sartzen dute; ordokikoetan, meandroen migrazioek. Egurra uretara erortzen denean, bertan atxikita gera daiteke, edo ibaiak beherantz garraia dezake. Erreka txikietan maiz egur-presa egonkorrak sortzen dituzte enborrek; handietan, pila mugikorragoak.
Egurrak ibaiaren itxura moldatzen du, putzu eta ur-jauziak eratuz. Putzu hauek estaldura eta babesa ematen diete arrain eta ornogabeei, eta ura eta sedimentuak geldiarazten dituzte. Ur geldoan metatzen diren txintxarretan erruten dute amuarrainek.
Ura, materia organikoa eta sedimentuak atxikitzen ditu: Egurra ibilguko egitura atxikitzaileena da, materia organikoaren %75 egurrean metatzen baita, hots, errekak urtean zehar jasoko duen bazka gehiena. Egurrak oztopoak jartzen dizkio urari, uraren abiadura moteltzen du eta atxikipen-gaitasuna emendatzen du. Uholdeetan urak duen indarraren ondorioz, jaki eta sedimentu ugari garraiatzen dira, eta egurraren funtzioa ezinbestekoa da une horretan.
Ubidea eta ertzak egonkortzen ditu: sedimentuaren garraioan duen eraginarengatik, egurrak ibilgua egonkortzen du; errekaren 'bizkarrezurra' dela esan daiteke. Egurraren presentziak ubide zein ertzetako higadura saihesten du.
Enbor handiek habitat garrantzitsuak eskaintzen ditu: uholde eta harraparietatik babesten dituzte arrainak, eta bazka, errute eta hazte lekuak sortzen dituzte. Arrain helduen migrazioan laguntzen dute.
Janaria eskaintzen du: hainbat bakterio, onddo eta mikroorganismo egur hiletan hazten dira. Ornogabe espezie batzuek egurra jaten dute.
Argi dago, beraz, okerra dela egur eroriak eta hilak baliorik ez duela pentsatzea, balio handia baitute.
|
|
Mariaren Bihotza
|
Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza
/ Testu Normala
/ Testu Zailagoa
/ Testu Zailena
|