euskaraz.net
Ekologia: burruntzia

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 93 2008/06 »  Ekologia: burruntzia



Ekologia

Burruntzia, putzuko erregea
Udaberria iritsi da, putzua berpizten hasia da, eta burruntziak bere jabegoa berreskuratu behar du. Neguan ez da agerian egon, burruntziaren ninfa uretan bizi izan da. Ninfa uretan hazten da, eta isatsean dituen zakatzetatik hartzen du arnasa. Ornogabeez eta ornodun txikiez elikatu da, eta gorputza egun handirako prestatu du. Inguruko baldintzak egokiak direnean, atera egingo da uretatik. Adar batean gora igoko da, eta orain itsatsita daukan azala maskor zahar baten gisan geratuko da, hutsik; handik jaioko da burruntzi hegalduna, gorputz sendo eta hego handiz jantzitako intsektu dotorea.

Eguneko lehenengo eguzki-printzekin hegoak zabaldu eta hegan egiteko prestatuko da. Motorra berotzeko pizten den helikoptero baten antzera, hegoak dardarka jartzen ditu, ondo lehortzeko eta muskuluak hegan egiteko puntuan jartzeko. Une erabakigarria da; lehenbailehen egin behar du hegan lurralde onena hartzeko.

Burruntzi arrarentzat premiazkoa da lurralde baten jabe izatea, putzuko erregea izatea; horrela, helduaroko bi helburu nagusiak bete ahal izango ditu: ahalik eta lasterren eta gehien elikatzea eta ondoren ugaltzea. Ez du lan erraza: beste ar batzuekin lehiatuko da, eta emeak ere ez dizkio gauzak erraztuko. Putzuko erregeak indarra erabiliko du, ordea: isatsean dituen bi gako-pareekin buruaren atzealdetik helduko du emea eta hark gorputza arraren toraxera okertutakoan, estali egingo du.

Borroka eguneroko kontua izango da errege den artean, eta gogorra izan behar du, lurraldeari eutsiko badio. Izan ere, ez da aintzirako burruntzi ar bakarra. Ingurura begiratuta, bere espezieko zein beste espezie batzuetako burruntzi mordoa ikusten du. Horiekin guztiekin lehiatu beharko du. Inguratzen zaizkion guztiak uxatzeko esaten dio senak.

Burruntzia ondo prestatuta dago. Baraila sendoak ditu, ikusmen zorrotza eta hegan egiteko potentzia handiko makina. Torax sendoa du, muskulu bikainez hornitua, eta, horiei lotuta, burruntziaren arma nagusia: hegoak. Lau hego ditu, handiak eta distiratsuak. Hego bakoitza bere kasa mugi dezake, eta horrek ikaragarrizko maniobra-gaitasuna ematen dio. Geldirik ere gera daiteke, airean esekita bezala. Trebea ez ezik, bizkorra da; burruntzi-espezie batzuek ia 60 kilometro orduko abiadura hartzen dute.

Burruntziaren hegan egiteko modua eta ehizatzeko teknika nahiko konplexuak dira, eta, oraindik azalpenik ez duten hainbat trebezia ditu burruntziak. Esate baterako, burruntzi arra gai da eme batengana, ar lehiakide batengana edo harrapakin batengana hurbiltzeko, horiek ohartu gabe.

Baina burruntzi harraren trebezia haratago doa; izan ere, jazarria hegan badoa, burruntzi erasotzaileak harenganako ibilbide bat hartuko du, baina jazarriari leku berean jarraitzen duela irudituko zaio.

Tamalez, burruntziak bizi diren zenbait putzu hondatu ditu gizakiak.Esaterako, Gipuzkoako Alegia inguruan irailean putzu bat suntsitu zuten hondea makinek, industrialde bat egiteko. Burruntzi-bikoteek ugalketarekin jarraitu zuten, senak hala aginduta. Alferrikako lana zen, ordea, inguruan ez baitzuten arrautzak erruteko putzurik.
Mariaren Bihotza

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza / Testu Normala / Testu Zailagoa / Testu Zailena