Aisialdia: irakurritakoak
|
Diamantezko miraria
Idazlea: Joxemari Urteaga
Argitaletxea: Elkar
Abenturazko liburu korapilatsua da. Nahiz eta hizkera zaila izan, berehala sartzen zara istorio liluragarri honetan. Ekintza, anekdota eta kontakizun zoragarriak ditu bertan. Bukaeraraino eusten dio emozioari, eta horrek irakurlea arretaz irakurtzen jarraitzera darama. Ekintzak non gertatzen diren ere oso ongi azaltzen da, pertsonaiekin lotura eginez betiere. Pertsonaia bakoitzaren izaera ongi zehazten da; denak ezberdinak dira, eta hori oso aberasgarria da. Zalantzarik gabe, abentura eta literatura gustuko dituenak gozatu egingo du liburu honekin. Alde txar bat nabarmentzekotan, lehen aipatu dudan bezala, autoreak nahiko hizkera zaila erabili du, eta ez da hain erraz ulertzen.
|
|
Bittor Aizpuru
|
|
Lesterren logika
Idazlea:Harkaitz Cano
Argitaletxea: Elkar
Ilustratzailea: Antton Olariaga
117 orrialde
Lesterrek mundua nola ikusten duen kontatzen du liburuak. Mundura ateratzeko bidelagun bat du, Hiner, arlote samarra, auzoaren alde iluna erakutsiko diona. Amak debekatu egingo dio lagun horrekin ibiltzea, baina Lester oso ondo konpontzen da berarekin. Badu xarma Lesterren liburu honek: dislexia azaltzeko modua, familia arrunt baten giroa, Hiner gizon helduarekin duen harremana, eta abar. Apurka–apurka, Lesterren azalpen berezien bidez, batzuetan gogor eta triste irudikatzen dugun mundua azaltzen da: prostitutak, heriotza, langabezia, etab., baina hori guztia umore printz batzuekin zipriztindua betiere. Gomendatzeko moduko liburua dela iruditzen zait eta entretenigarria ez ezik, interesgarria ere bada 10 urteko mutiko batek bere buruari egiten dizkion galderei bere logika nola aplikatzen dien ikustea. Benetan atsegina eta irakurtzeko erraza da.
|
|
Imanol Naharro
|
|
Urtebete itsasargian
Idazlea: Miren Agur Meabe
Argitaletxea: Elkar
1936ko uda iritsi da. Gerra hasi baino lehen, Jon, Bilboko mutil atsegina, Garraitzetara iritsi da, osabarengana, uda pasatzeko asmoz, baina gerra zibila dela eta, urtebete igaroko du itsasargian osabarekin. Urte horretan hainbat istorio biziko ditu, eta bere bizitza zeharo aldatuko da, baita bere burua eta ingurua ere. Urte horretan maiteminduko da lehen aldiz, pertsonen alde onak eta txarrak ezagutuko ditu eta, bestalde, gerraren krudelkeria sentituko du.
Gerrako gorabeherak ezagutu nahi badituzu, irakur ezazu liburua. Gure ustez, benetan interesgarria da eta irakurtzeko erraza iruditu zaigu.
|
|
La Asuncion
|
|
Zalakain abenturazalea
Idazlea: Pio Baroja
Argitaletxea: Alberdania eta Elkar
Urbian gertatzen dira Martin Zalakainen abenturak. Haren bizitzaren berri ematen zaigu eleberrian, jaio zenetik gazterik hil zuten arte. Lehenengo zatian, haren haurtzaroko Urbia eta urbiatarren bizitza kontatzen zaigu, ederki deskribatuta.
Bigarren zatian, berriz, Bigarren Karlistaldian murgiltzen gaitu. Erraz eta aise irakurtzeko abenturak kontatzen zaizkigu. Ez da suspenserik falta, eta ustekabeak eta ibilera arriskutsuak ere etengabekoak dira. Ongi pasatuko duzu eleberria irakurriz. Anima zaitez, eta irakur ezazu!
|
|
David Jamardo
|
Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza
/ Testu Normala
/ Testu Zailagoa
/ Testu Zailena
|