IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   





HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Eskola antzerkia »  Antzezlanak »  Antzezlanak 01-02 »  Ali Baba eta berrogei lapurrak

Ali Baba eta berrogei lapurrak

Zurriola

Antzerki Eskola

2001-02 Ikasturtea



Egokitzapena: Joserra Fachado

Itzulpena: Ritxi Lizartza





Antzezlan hau fartsa moduan planteatu dugu. Guk LH 6. mailakoekin landu dugu, adin horretan fantasia, komizidadea, fartsa eta horrelako jeneroak lantzea aproposak iruditzen zaizkigulako, gure ustez antzerki errealistak edo naturalistak egiteko ez da adinik egokiena.

Guretzat garrantzitsuena, umeen formazioa denez, lehentasuna pertsonaiari eta hauen rolari eman diogu, beraz, jantziak eta eszenografia ez dugu asko landu, hala ere gauza batzuk oso beharrezkoak ikusten ditugu:

Kobazuloa kartoiekin edo izaerekin osatzea
Kobazulo barruan, bitxiak eta irudikatzeko, kofreren bat eta oihalak
Pertsonaiak trapu zaharrekin edo, jantzi batzuk egitea.


Gure taldean partaide asko genituenez, eta denok aktiboki parte hartu behar dutela kontutan hartuz, Xerezaderen papera guztion artean egin dute, horrela denok ere narratzailearen papera egin dute.

Izen batzuk guk asmatu ditugu, baina ez bazaizue gustatzen, badakizue zer egin behar duzuen.........

(Musika batekin lapurrak azaltzen joango dira, banan-banan. Denak azaldu direnean ikusleengana joango dira)

LAPURRAK. Gu berrogei lapurrak gara!

(Gutxiago direla konturatu, eta lotsaturik alde egingo dute. Izkina batetik Xerezade azalduko da)

XEREZADE.-Behin batean, orain urte asko, Pertsia urruneko herri txiki batean bi anaia bizi ziren: Kassim, zaharrena (Kassim azalduko da) eta Ali Baba, gazteena. (Ali Baba azalduko da) Egun batean...

ALI BABA.- (Bakarrik geratuko da eta enbor batzuk jasotzen ari dela) Gaur zortea izan dut, arbola asko izan ditut mozteko! (Bere anaia Kassim izugarrizko mozkorrarekin azalduko da) Ala zurekin izan dadila, Kassim! Oso goiz jaiki zara gaur!

KASSIM.- (Kasu handirik egin gabe) Hobe esanda, oso berandu oheratzen naiz. Bagdadeko merkatari batek eman duen festa izugarri batetik nator. Jan eta edan egin dut, eta gehiegi. Uaah...!

ALI BABA.- Zu bai ongi bizi, Kassim!

KASSIM.- Eta zer egingo diot nik?

ALI BABA.- Ea noiz etortzen zaren gure etxera, anaia.

KASSIM.- Zure etxera? (Mespretxuz) Alak gorde zaitzala! (Eta alde egingo du)

ALI BABA.- Zorionez nire anaiak nik baino zorte hobea du. Egurragatik ia ez didate ezer ordaintzen eta arbola gutxi dago. Hau bizitza kaxkarra!

XEREZADE.-Ali Baba joatekotan zen, baina bat-batean zarata handia entzun zuen, zaldien hotsa eta jendea oihuka eta zalapartaka. Eta arbusto batzuen atzean ezkutatu zen.

(Lapurrak zaldietan azalduko dira)

BEN AMI.- Heldu gara! Inork ez gaitu jarraitu.

AL-LIMON.- Bai, baina badaezpada... Al-Mongi kendu oinatzak.

AL-MONGI.-Lasai, aztarnarik ere ez dut utziko! (Izkina batetik eskuzko aspiradore bat aterako du. Denak barrez Al-Limón izan ezik)

AL-LIMON.-Entzun!

DENAK.- Bai nagusi.

AL-LIMON.- Ez duzue entzun behar esango dudana; beraz, estali belarriak. (Belarrietan galtzerdiak jarriko dituzte) Oso ondo, orain hitz magikoak: Sesamo, open! (Kobazuloa irekiko da)

AL PIL-PIL.- Sar gaitezen!

AL-KATEL.- Bitxiak, urrezko txanponak, esmeraldak, eta era guztietako harribitxiak!

AL-BALAB.- A ze dirutza daukagun!

AL-ARMA.- Aberatsak gara!

AL-LIMON.- Zuek aberatsak? Nirea da guztia!

DENAK.- Ez, nagusi...

AL-LIMON.- Ezetz esaten duenari, zast! Lepoa moztuko diot! Argi dago?

AL-EX.- Inoiz ez dizugu traiziorik egingo!

AL-LIMON.- Oso ondo, Al-Ex! Eta orain Goazen. Sesamo itxi!

XEREZADE.-Eta atea itxi egin zen. Berrogei lapurrak basotik joan zirenean, Ali Baba ezkutalekutik atera eta pentsatzen hasi zen.

ALI BABA.- Badoaz, eta nik esan ezkero hitz magikoak... Nola izan da? A, bai! Sesamo open!

XEREZADE.-Eta lurrikara baten moduan ireki zen atea. Dardarka sartu zenean, han ikusi zuena... inork ez zuen ametsetan ere ikusi. Lurra urre eta zilarrez egindako alfonbra zen. Paretak jantzi eder, bitxi distiratsu eta arma exotikoez beterik zegoen. Eta pitxer eta kutxa ederrak nonahi, harribitxiz beteak.

ALI-BABA.- Hau ezinezkoa da, inoiz ez dut horrenbesteko aberastasunik ikusi! Txanpon batzuk eramaten baditut, inor ez da konturatuko. (Irteten ari dela) Nola ziren hitz magikoak? (Jendeari galdezka. Azkenean) Sesamo Itxi!

XEREZADE.-Ali Baba etxera itzuli zen, dardarka oraindik, baina oso pozik aurkitu zuenarekin.

(Ali-Babaren etxean)

ALI-BABA.- Non zaude, maitea?

XALIMA.- Hemen, eltzeari estalkia kendu nahian.

ALI-BABA.- Utzidazu niri. Sesamo ireki!

XALIMA.- Oooh! Nola egin duzu?

XEREZADE.-Ali-Babak gertatutako guztia kontatu zion emazteari. Xalima liluratuta geratu zen eta Ali-Babaren inguruan dantzan hasi zen, behin eta berriro musu emanez. Bat-batean gelditu eta esan zuen:

XALIMA.- Txanpon guztiak zenbatu beharko genituzke. Zure anaiaren etxera joango naiz.

ALI-BABA.- Zertara joango zara Kassimen etxera?

XALIMA.- Neurtzeko balio duen pitxer bat eskatzera. Horrela jakingo dugu zenbat txanpon dugun. Egin zulo bat lorategian, bertan ezkutatuko dugu eta urrea. Isilpean gorde behar dugu.

XEREZADE.- Eta korrika joan zen Kassimen etxera.

(Kassimen etxean)

XALIMA.- Kaixo polita. Zuri mesede bat eskatzera nator. Pisua utziko al didazu Azufaifa?

AZUFAIFA.- Pisua? Eta zertarako nahi duzu zuk pisua?

XALIMA.- Beste egun batean esango dizut Azufaifa.

AZUFAIFA.- Beno, une bat. (Izkina batera doa pisuaren bila) Harritzekoa da. Ez naiz berarekin fio, zerbait ezkutatu nahian dabil. Pitxer barruan gurina jarri eta hala jakingo dut zer neurtuko duen. Hemen duzu. Balioko zaizu?

XALIMA.- Bai polita, primerakoa da. Agur!

XEREZADE.- Ali-Babak eta bere emazteak, gau osoa dirua zenbatzen igaro zuten. Goizean, neurtzeko pitxerra Kassimen emazteari bueltatu zion; azken honek urrezko txanpon bat aurkitu zuen gurinari itsatsirik pitxerraren barruan.

AZUFAIFA.- Kassim!

KASSIM.- Hemen naiz!

AZUFAIFA.- Begira honi!

KASSIM.- Urrezko txanpona, anaiarengana joango naiz.

AZUFAIFA.- Ondo da.

XEREZADE.- Arrapaladan joan zen Kassim bere anaiarengana.

(Ali-babaren etxean)

KASSIM.- Ali-baba, anaiatxo, zuri bisita egitera nator, zu hain pobre izanda, esango al didazu nondik atera duzun dirua?

ALI-BABA.- Ze diru?

KASSIM.- (Urrezko txanpona erakutsiz) Zer da hau?

ALI-BABA.- Ez da zuk uste duzuna, baina.....

KASSIM.- Baina, baina, esaidazu anaiatxo.

ALI-BABA.- Bla, bla, bla, joan zaitez zuzen hirugarren palmondoraino iritsi arte eta gero, bla, bla, bla...

XEREZADE.- Kassim bakarrik abiatu zen kobazulora, eta haren parera iritsi zenean, hitz magikoak esan zituen.

KASSIM.- (Kobazuloaren aurrean dagoela) Sesamo open! (Kobazuloa irekiko da) Egia da, zabaldu egin da. Oh! Hau izugarria da! Ja, ja, ja! Hau bai aberastasuna! Babiloniako erregea bezain aberatsa izango naiz! Eta orain esaldi magikoa: Sisamo open! (Ez da irekiko) Ba ez! Ez al zen Sisamo? Open Sesame? Open Sesame! Open Sisemo! Open Sisame! Harri madarikatu hori! Irten egin nahi dut!

XEREZADE.- Kassim gizajoak ez zekien berrogei lapurrak kobazulorantz zihoazela.... eta ez adiskide bezala, noski.

KASSIM.- Ezin dut gogoratu! Lapurrak etortzen baldin badira, lepoa moztuko didate! Buaaaa! Zer da zarata hori? Zabaldu da azkenik atea! (Atea zabaldu eta lapurrak sartuko dira) Nortzuk zarete zuek? Beno... nik hobe dut joatea.

ALI-MON.- Zu ez zara inora joango.

KASSIM.- Lapurrak! Ez nazazue hil, mesedez! Basoan paseoan nenbilen eta kasualitatez kobazuloko sarrera zabalik ikusi dut... ez nabil gezurretan, sinestu. Ai ene! Egia da! Ala lagundu! Zin dagit ez dudala ezer esango! Ezertxo ere ez!

ALI-MON.- Zast! (Kassim hil egingo du)

ALI-MON.- Ez dadila berriro halakorik gertatu. Ea tipo honi gertatu zaiona besteentzat eskarmentua den. AL-ARMA bukatu al duzu zure lana?

AL-ARMA- Noski, sei zati egin ditut.

ALI-MON.- Ederki orain jarri bere zatiak haitzuloaren sarreran. (Denak barrez hasiko dira) Ez egin barrerik eta bete nire aginduak. Azkar! (Aginduak bete ondoren) Ez dezagun denborarik gal! Itzul gaitezen herrira, agudo!

XEREZADE.- Gau beltz hartan Kassimen gamelua bakarrik itzuli zen bere jabearen herrira.

AZUFAIFA.- Zerbait gertatuko zitzaion Kassimi. Ali-Babari deituko diot. (Ali-Babaren etxera joanik) Esna zaitez azkar, Azufaifa naiz!

ALI-BABA.- Zer egiten duzu hemen ordu hauetan, koinata maitea?

XEREZADE.- Azufaifak bere kezka azaldu zion, eta Ali-Baba berehala abiatu zen kobazulora bere anaiaren bila.

XEREZADE.- Bere anaia zatitan banaturik ikusi zuenean, izua sentitu zuen, eta hotzikara batek bere gorputza goitik behera zeharkatu zuen. Beldurra gainditu ondoren, Ali-Babak bere anaiaren zatiak batu, eta herrira joan zen albiste tristearekin.

AZUFAIFA.- Nire senar gizarajoa!

ALI-BABA.- Lasai egon, Azufaifa eta izan konfiantza Alarengan!

AZUFAIFA.- Hau bai zoritxarra, zer egingo dut nik orain?

ALI-BABA.- Ezin dugu Kassim egoera honetan lurperatu.

XALIMA.- Arrazoi daukazu Ali! Baina ez zaitezte kezkatu, badakit zer egingo dugun. (Mustafa zapatariarengana joan zen. Bere tailer aurrean kartel handi bat zeukan: MUSTAFA ZAPATARIA, JOSI, SARETU ETA EHUNDU EGITEN DUT ZUK ITXOITEN DUZUN BITARTEAN.) Alak zaindu zaitzala Mustafa! Zu altxatu eta nirekin etortzea baino ez dut nahi, baina begiak estalirik eraman behar dituzu.

MUSTAFA.- Ados.

XALIMA.- Baldintza hau bete gabe, ez dago akordiorik.

MUSTAFA.- Berrogeita hamar dinare! Eta ez dut bat ere jaitsiko! Ados?

XALIMA.- Konforme!

MUSTAFA.- Eta kontuan izan oso gutxi dela edozein lan egiteko, baina... Aldez aurretik ordaindu beharko duzu!

XALIMA.- Ados. Begiak estaliko dizkizut. Badakizu hori dela baldintza. Ezer ikusten duzu?

MUSTAFA.- Alaren izenean zin dagit ez dudala tutik ere ikusten.

XALIMA.- Lasai, berehala iritsiko gara.

XEREZADE.- Eskutik heldu eta herrian zehar eraman zuen Ali-Babaren etxearen sotoraino, han estalkia kendu zion eta gorpuaren zatiak erakutsi zituen. Mustafa lanean jarri zen. Handik urruti, lapurrak haitzulora itzuli ziren, eta harriturik ikusi zuten Kassimen zatiak desagertu egin zirela.

ALI-MON.- Kaka zaharra!

AL-KANPO.- Lapurtu egin digute!

AL-BAL.- Hau gero eta okerragoa da.

AL-PIL-PIL.- Ez zait batere gustatzen.

AL-KORTA.- Hoberena, gu ere desagertzea izango da.

ALI-MON.- Zer? Koldar eta ergel horiek! Aurkitu egin behar dugu gorpua eraman duena...... baina ez dakit nola.

AL-EX.- Ez zaitez estutu, nagusi. Neuk aurkituko dut!

ALI-MON.- Ondo, zoaz herrira eta kontu handiz ikertu, baina kontu handiz esan dut.

AL-EX.- Bai jauna.

ALI-MON.- Baina hanka sartzen baduzu, badakizu zer daukazun, zast!

AL-EX.- Ez dut hankarik sartuko, jauna! (Eta hanka ontzi batean sartuko du)

XEREZADE.- Eta herrira sartu zen, etxe guztiak itxita zeuden, Mustafa zapatariarena izan ezik. Eta han...

AL-EX.- Esango didazu mesedez zergatik ez dagoen inor kalean?

MUSTAFA.- Herri guztia lutoz dago, herriko bat hil da.

AL-EX.- Sinestezina da nola erabiltzen dituzun haria eta orratza, eta zure adinarekin...

MUSTAFA.- Gorpu baten zatiak ere josiko nituzke nahi izan ezkero... argirik gabe dagoen soto batean. (Hanka sartu duela konturatuko da) Alak mingaina ebaki diezadala!

AL-EX.- Esan duzun hori oso interesgarria da. Nor da hildakoa?

MUSTAFA.- Hildakoa? Ze hildako?

AL-EX.- Eta dinare batzuekin gogoratuko al zenuke?

MUSTAFA.- Ba agian, nork daki?

AL-EX.- Hogei dinare?

MUSTAFA.- Ehun eta berrogeita hamar!

AL-EX.- Berrogeita hamar.

MUSTAFA.- Oso gutxi da!

AL-EX.- Ehun!

MUSTAFA.- Ados!

XEREZADE.- Mustafak begiak estaltzeko esan zion, eta usaimenak eramanda joan zen kaleetatik. Atea aurkitu zuenean...

MUSTAFA.- Hemen da, ziur! Eta orain dirua! (Mustafak alde egingo du)

AL-EX.- Eta nola gogoratu ze ate den? Hau bai arazo larria! Jakina, gurutze bat jarriko dut! Niri bakarrik bururatzen zaizkit horrelako ideia bikainak.

XALIMA.- (Izkina batetik aterako da) Zergatik egin du tipo horrek gurutze bat gure atean? Badaezpada, berdin egingo dut herriko ate guztietan.

(Lapurrak herrira bueltatuko dira)

ALI-MON.- Eta orain gurutze bat duen atea bilatu behar dugu.

AL-PIL-PIL.- Ea ba, aurrera!

BEN-AMI.- Nagusi, hemen dago!

AL-KORTA.- Ate honek gurutze bat du.

AL-BAL.- Honek ere bai.

AL-ARMA.- Eta honek!

AL-KANPO.- Ba hemen gurutzea duen beste bat dago.

AL-MONGI- Eta gurutzerik ez duen aterik bilatuko bagenu? (Denak barrez)

ALI-MON.- Zer gertatu da hemen?

AL-EX.- Hau... nik...

ALI-MON.- Ba al dakizu zein den zure saria?

AL-EX.- Nik... nik...

ALI-MON.- Zast!

ALI-MON.- Nola egon daiteke hain pertsona ergelik? Orain norbaitek badu gure sekretuaren berri. Gureak egin du.

BEN-AMI.- Badakit zer egin!

ALI-MON.- Ziur?

BEN-AMI.- Ziur!

ALI-MON.- Ba saia zaitez, ea zorte gehiago daukagun oraingoan.

BEN-AMI.- Bai jauna. (Iluna)

XEREZADE 3.- Gauean lapurrak berriro itzuli ziren herrira, eta hurbil zeudenean...

BEN-AMI.- Oraingoan ez dugu hankarik sartuko; gurutze gorria margotu dut...

ALI-MON.- Gorria! Asko atsegin dut kolore hori.

AL-KATEL- Ate guztietan daude gurutze gorriak.

AL-ARMA.- Hemen beste bat dago

AL-BAL.- Egia da, pila bat dago.

ALI-MON.- Pepelerdo alu bat baino ez zara! Garbi dago nik egin beharko dudala... hauek ez dute arrautza bat egiteko ere balio!

XEREZADE.- Lapurren nagusiak ez zuen amore emateko asmorik. Mustafa zapatariarengana joan zen.

MUSTAFA.- Oraingoan hogei dinare gehiago izango dira. Bizia gero eta zailagoa da.

ALI-MON.- Hau gehiegi da!

MUSTAFA.- Asko sentitzen dut, baina horrela da. Hartu, edo utzi. Eta momentuan ordaindu behar da.

ALI-MON.- Ondo da.

XEREZADE.- Horrela, Mustafak Ali-Babaren etxea zein zen erakutsi zion.

(Ali-Mon herrian azalduko da asto baten gainean eta kupelekin. Kupel bakoitza kortxoz egindakoa da, eta atzeko aldetik lapur bakoitzak ekarriko du )

ALI-MON.- Olioa, olioa salgai! (Ali-Baba ikusten duela..) Hau bai nekea! Gazte, esango al didazu, mesedez, non igaro dezakedan gaurko gaua?

ALI-BABA.- Nahi baduzu, nire etxe umila eskainiko dizut, jauna.

ALI-MON.- O, bai, eskerrik asko!

ALI-BABA.- Ongi etorri, sartu eta hartu atsedena.

ALI-MON.- (Pentsatuz) Gero ez zara hain atsegina izango. (Ali-Babari) Lagunduko al didazu nire kupelak zure patiora sartzen?

(Kupelak sartzen hasiko dira)

ALI-BABA.- Uff! Hau pisua!

ALI-MON.- Alak ordainduko dizu zure laguntza, gazte.

ALI-BABA.- Beno, hau azkena da, Alari esker. (Eta tina guztiak sartu zituztenean) Ea prestatu dizudan afaria zure gustukoa den.

ALI-MON.- Zuk uste baino lehenago ordainduko dizut nigatik egin duzun guztia.

XEREZADE.- Jateko eta edateko ugari egon zen.

ALI-BABA.- Gehiegi edan dugula uste dut.

ALI-MON.- Ni ere horretan nago. Haize pixka bat hartzera noa.

ALI-BABA.- Hemen izango nauzu zain.

ALI-MON.- Berehala nator. (Tinak dauden lekura joan, eta...) Prest egon! Laster izango da ordua.

AL-PROJA.- Bai jauna!

AL-KORTA.- Zure aginduetara!

AL-MONGI- Zure aginduen zain gaude.

ALI-MON.- Baina zer egiten duzue, aluok! Sartu barrura eta ixo! Eta ez mugitu nik agindu arte.

XALIMA.- (Dena ikusi duela) Baina zer gertatzen da hor? Kupelekin hizketan ari zela ematen zuen! Kriseilua! Oliozko kriseilu hau azkenetan dago. (Tinak dauden tokira joango da) Hemendik hartuko dut pixka bat. Ez dut uste merkataria haserretuko denik.

AL-KATE.L- Ze ordu da?

AL-PIL-PIL.- Ordua al da?

XALIMA.- Ez, lasai.

AL-KANPO.- Denok irteteko irrikan gaude.

XALIMA.- Denok? Beste lapurrak ere bai?

AL-PROJA.- Lepoak mozteko gogoa dut!

AL-BAL.- Eta nik ardo ugari edatekoa!

XALIMA.- Badirudi azken honetan benetako olioa dagoela. (Kupela irekiko du) Horrela da, olioz beterik dago, badakit zer egin behar dudan. (Olioa berotzen hasiko da) Olioa bera izango dute zigorra. Merkatariak ez du sinetsiko bere plana pikutara joan dela ikusten duenean! (Kupela guztietan olio beroa bota ondoren...) Bukatu da egin beharrekoa.

(Ali-Mon etorriko da eta...)

ALI-MON.- Azkar irten. (Ez diote erantzungo) Baina gor al zaudete? Irteteko esan dut! (Kupelak irekiko ditu) Ohhh! Hobe izango dut hanka egitea.

ALI-BABA.- Zer da patioan entzuten den zarata hori?

XALIMA.- Zure zerbitzariak dira, kupelak lurperatzen.

ALI-BABA.- Zer?

XALIMA.- Lasai, dena azalduko dizut, maitea.




AMAIERA