 |
|
 |
 |

HEMEN ZAUDE:
Sarrera »
Hezkuntza »
Eskola antzerkia »
Antzezlanak »
Antzezlanak 05-06 »
Aldamioak, zuhaitzak...
|
|
|
Aldamioak, zuhaitzak, zaborra
eta bestelako etxebizitzak
|
Gauez gorriz janztearekin amets egiten duten haur guztientzat
|
|
1982ko martxoaren 22an jaio nintzen Gurutzetako Ospitalean. Hamarkia naiz. Bi urte bete arte Bilboko Iturribide kalean bizi izan nintzen, eta ondoren amarekin Mungiara joan nintzen bizitzera. 3 urtetatik 18ra arte ikastolan ibili nintzen eta urte horietan Bilbo eta Bakio artean bizi izan nintzen. Selektibitatea egin ondoren BAIn hasi nintzen. Orain etxebizitza argitsu batean bizi naiz. Hori da dena. Muxu bat.
|
Pertsonaiak:
Neskatila: goitik behera gorriz jantzia.
Tonk: pirata zaharra, zurezko zangoa eta begia estalita dabil, ahots sakon eta urratua dauka, marinelen hiztegia darabil.
Mia: adineko emakumea, larruazal zuria, dantzari jantziak, saltoka ibiltzen da.
Lyla: mantal zuria erabiltzen du, urduria da... “sasijakintsu” tonuan hitz egiten du.
Mutikoa: nahi bezala.
Zabor andrea: plastikozko poltsa beltzekin jantzita, hainbat jantzirekin... alkandora, gona, etab.
Zuhaitz jauna: berde eta marroiz janzten da, arropa gutxirekin, oinutsik.
Teilatu jauna: arropetan aluminio-paper zatiak ditu.
Off ahotsa: Gizon edo emakumea, kolore bizidun txaketa eta pajarita, aurpegi zuria, begiak beltzez nabarmenduta, oso orraztuta. Eszenatokiaren txoko batean, atril batekin.
|
1. Ekitaldia
|
Aldamioak eszenatoki osoan jarrita daude, altuera askotan, eskailera, soka, kulunka eta txirrista batekin. Hainbat gela daude. Batean, sukaldean, gorriz jantzitako neskatila bat gosaltzen ari da, mahai batean eserita, jendea aurrez aurre duela.
Off ahotsa: Bazen behin neskatila bat... gutxi gora behera zuen adineko neskatila bat... beti gorriz janzten zen, (Indarra emanez) ikaragarri gustatzen zitzaion kolore gorria. Kamiseta gorria, gona gorria, zapata gorriak, galtzerdi gorriak... buruko zinta bera ere gorria zuen. Orube bateko aldamio batean bizi zen, hiri erdian. Azken solairutik zintzilik, koloretako zinta luuuuuze batzuk eta piraten bandera zeuzkan. Bakarrik jaio zen... bai, bai, bakar-bakarrik... eta berak oroitzen zuela betidanik Tonk, Mia eta Lylarekin bizi izan zen, bere lagun minekin.
Tonk goiko solairuetako batean esnatu eta sukaldera jaitsiko da. Pirata zaharra da bera.
Neskatila: Egunon Tonk, zer dakarkigu gaur egunak?
Tonk: Iepa, eder hori! Bart itsasoak olagarro bat ekarri eta esan dit iparraldean hodei beltz-beltzak daudela eta hiri aldera datozela.
Neskatila: Euria izango dugu gaur orduan, Tonk?
Tonk: Hori da, printzesa.
Neskatila: Orduan Miari esango diot ea nirekin etorri nahi duen espaloietako putzuetan saltoka ibiltzera...
Tonk: Badator, bere dantzarako zapatak entzuten ditut.
Mia agertuko da, gela batetik sukaldera jaisten ikusiko dugu. MIA dantzari ohia da.
Mia: Ummmmmh... egunon, badirudi gaur euria izango dugula. Inork ikusi al ditu nire katiuskak? Egun aproposa hauxe hiriko putzuetan saltoka eta dantzan ibiltzeko! (Neskatilari) Etorri nahi?
Neskatila: Baaaaaaiii, ja ja ja ja ja! (Pozarren)
Mia: Putzuetara!
Neskatila: Urmaeletara! Handiagoak dira eta.
Mia: Urtegietara!
Neskatila: Aintziretara!
Mia: Lakuetara!
Neskatila: Itsasoetara!
Mia: Ozeanoetara!
Neskatila: Beno, ba ozeanoetara.
Lyla jaitsiko da, esnatu berritan. Zientzialari ero samarra da bera.
Lyla: Ez da posible, ez da posible (Bere onetik aterata), nire kalkuluen arabera, lau egun barru arte ez zuen euririk egin behar... ai, ai, ai, eta orain zer... etxea plastikoz estali beharko dugu busti ez dadin (Oso kezkatuta).
Tonk: Ze plastiko!
Neskatila: Oihala!
Mia: Karpa!
Neskatila: Baaaaiiii, zirkuko karpa!
Lyla: (Urduri) Ixo! Hasi lanean berehala, ez dago denbora galtzerik. (Zarata mekaniko bat entzungo da). Ikusten? Ordua da.
Neskatila: Ordua?
Mia: Ordua?
Tonk: Arrr, ordua?
Neskatila: Ze ordu baina!
Lyla: (Pentsakor). Ummmm... ez dakit ba... Zerbaiterako ordua izango da ba, ezta? Ordua da! Mugi!
Aztoratu eta korrika eta oihuka hasiko dira.
Denak: Ordua da!!!!!!!
Batak bestearekin talka egingo dute, geldi geratuko dira, aldamioan gora oihuka abiatuko dira. Argia itzaliko da.
|
2. Ekitaldia
|
|
1. Agerraldia
|
Off ahotsa: Tonk, Mia, Lyla eta gorriz janzten zen neskatilaren etxean ezustekoak gertatzen ziren beti. Batzuetan gauza zoragarriak, ipuinetatik ateratakoak bezalakoak, besteetan… ez hain zoragarriak…, baaa... egunkari batetik ateratakoak bezalakoak. Batzuetan barre egiten zuten, barre egiten zuten sabelak min ematen zien arte, eta bestetan, berriz, negar batean aritzen ziren; eta halakoetan pastel bana jan behar izaten zuten. Batzuetan, gaurkoan bezala, euria egiten zuen, eta beste batzuetan, eguzkia ateratzen zenean, begiak ziztatu eta esnarazi egiten zituen. Egun hura ez zen zoragarri haietakoa izan, beste… bestelako egun haietakoa izan zen.
Laurak agertuko dira, etxearen goiko partea plastiko batekin estaltzen. Mutiko bat korrika batean iritsiko da, etxea inguratu eta gora begira hasiko da, saltoka, norbaiten bila.
Tonk: Hemen gaude.
Mia: Bai.
Lyla: Hemen.
Neskatila: Hemen gaude.
Mutikoa: Jaitsi, jaitsi berehala! Albiste bat dakart zuentzat, albiste txarra, albiste txar-txarra, albiste txar-txarra guztiz, ezin txarragoa… (Eten egiten dute)
Tonk: Esaguzu, marinela, zer da ba, hain txarra den hori?
Mutikoa: Ikaragarria da, ez zaizue batere gustatuko… (Etena egingo dute)
Mia: Esan motel!!
Mutikoa: Izugarria da, ikaragarria, lazgarria benetan...!! (Berriz etena egingo dute)
Lyla: (Bere onetik aterata) Mesedez!! Esan behingoz!!
Mutikoa: Ondo da. Hiriaren kanpoaldeko zubitik natorkizue. Hantxe ari nintzen arrantzan, alkatea eta hiri handiko gizon bat zirudiena gerturatu zaizkidanean. Alkateak esan du dena prest dagoela larunbaterako makinak ekarri eta orubea botatzeko.
Tonk: Itsas legoa guztiak…!!
Mia: (Esku bat kopetan duelarik, poliki-poliki lurrera eroriko da) Ohhh… zorabiatzen ari naizela uste dut… (inork ez dio jaramonik egingo)
Lyla: Baina hori teknikoki ezinezkoa da. Gaur ostirala da; beraz, bihar larunbata. Kaleratze jakinaraztea duela 18 egun bidali behar ziguten. (Erlojurik gabeko eskumuturrari begira) 18 egun eta 3 ordu hain zuzen ere... nire kalkuluetan zuzen banabil, noski.
Neskatila: (Haserre) Ez da posible, ezin digute halakorik egin, ezin dute gure etxea bota, gustuko dudan munduko leku bakarra da, ez naiz sekula beste inon bizi izan… ezin dute horrelakorik egin.
Mutikoa: Bai, bai, egin dezakete. Lurrak saldu dituzte zapata-denda handi bat jartzeko.
Tonk: Zer edo zer egin beharra daukagu. Itsas hondoko harririk txikiena ere irauliko dugu arazo honi irtenbidea aurkitu arte.
Mia: Nik ez daukat gehiagorako indarrik, hain nago goibel… hain nago goibel, ezin izango naizela nire bizitza osoan berriz dantzatu. (Oraingoan ere, inork ez dio jaramonik egingo)
Lyla: Banandu gaitezen (MIA seinalatuz) zu zuhaitz-etxeetan bizi diren bizilagunengana joango zara, (TONK seinalatuz) zu zabor artean bizi direnengana, eta gu biok (MUTIKOARI zuzenduz) teilatuetako bizilagunengana joango gara.
Korrika hasi eta desagertu egingo dira denak. Bat eszenatokiaren eskuinetara, bestea ezkerretara eta azken biak besaulki arteko pasilloan zehar.
Neskatila: (Etxeari egingo dio hitz, eta tarteka bertatik zintzilika jarri eta besarkatu ere egingo du) Nik ezin dut hemendik alde egin, ez dut hemendik alde egin nahi, ez ditut nire lagunak utzi nahi, ezta zure metalezko barrak ere, ezta begiak ziztatu eta esnarazten nauen eguzkia ere, gauero jaten nauen ilargia, nirekin jolasten duten armiarmak, putzuetako zomorroak, hemendik pasatzen diren autoen kea, argazkiak egiten dizkizuten atzerritarrak, zuregan hazka eta zaunka egiten duten txakurrak,… hiriaren beste aldetik botatzen dituzten freskagarri-latak, zure inguruan hegaka dabiltzan milaka milioi hauts partikulak… hanketan katramilatzen zaizkizun kanpoko ile eta belarrak… nik printzesa izan nahi dut… ezin dut hemendik alde egin, ez dut hemendik alde egin nahi. Kaxoi eta pertxarik ez duen munduko etxe bakarra. Eta Lola katua, munduko katurik ederrena, iletsuena, izuena, azkarrena, mimosoena eta garbiena, egun osoa hankak miazkatzen pasatzen duena, bere iletxoak irentsiz…
Argiak itzali.
|
|
2. Agerraldia
|
Off ahotsa: (Xuxurlatuz) Zuhaitz-etxeetan bizi diren bizilagunengana joan dira. Haiek diote, han goian bizi direla inoiz ez dutelako lurra berriz ukitu nahi, zikin-zikina baitago, eta hemen behean bizitzea atsegin ez zutenez, betiko zuhaitzetara igotzea erabaki zuten. Zabor artean bizi den jendearengana ere joan dira albistea ematera. Hauek, lehen irudimenez betetako etxeetan bizi ziren, dena kristalezkoa balitz bezala; baina hiriaren bestaldeko jendeak ez zituen ulertzen, eta beren etxeak zaborraz betetzen hasi ziren, zaborra etxean gordetzea ez baitzitzaien gustatzen. Horretara ohitu ziren eta azkenean beren kristalezko etxeak kartoizko eta plastikozko poltsa bihurtu ziren. Azkenik, teilatuetako jendeari ere eman diete albistearen berri. Horiek berriz, han goian bizi dira, horrela, itxaroten duten hori errazago ikusiko dutelakoan, baina noski, itxaroten duten hura ez da inoiz iristen.
Denak joandako bidetik itzuliko dira, etxe bakoitzeko bizilagun bat lagun dutela.
Neskatila: Etorri al dira denak?
Lyla: Ez, etxe bakoitzetik ordezkari bat etorri da.
Zabor andrea: manifestazio itzela egingo dugu, lelo honekin: ALDAMIO ETXEA... (zalantza egin, eta berriz saiatuko da) ALDAMIO ETXEA...
Neskatila: … ez da kendu eta jartzeko jertsea?
Mia: … etorri eta ikusi gure portxea?
Tonk: …da gure kotxea?
Lyla: …izango da gurea!!!!
Zabor andrea: Bai, bai!!!!! ALDAMIO ETXEA IZANGO DA GUREA!!!!!! Hori da, koloretako pankartak egingo ditugu... abestu egingo dugu...
Zuhaitz jauna: Ez da ideia txarra, baina guk beste zerbait geneukan buruan...
Hirurak jakin-minez.
Neskatila: Zer?
Tonk: Arrr, zer?
Mia: Zeeeer?
Lyla: (Bere onetik aterata) Zer zeneukaten pentsatuta? Esan ba!
Zuhaitz jauna: Ez-gose greba egitea bururatu zaigu.
Neskatila: Eta nola egiten da hori?
Zuhaitz jauna: Ba oso erraz, eseri eta jatean datza. Jan eta jan, jan eta jan, eta jan, eta jan, eta gehiago jan, gehiago eta gehiago, eta gehiago, eta oraindik gehiago, eta jaten jarraitu, eta jarraitu, arroza, oilaskoa, letxuga, ogia, ogia mahaspasa eta intxaurrekin, sesamo-ogia, ogi zuria, hazidun ogia, ogi integrala, moldeko ogia, dilistak, espagetiak, xerrak, berenjenak, piper berdeak, gorriak, urdinak, zopa... (Eten egingo dute)
Neskatila: Fideo zopa.
Mia: Izartxo zopa.
Neskatila: Letra zopa.
Mia: Tximeleta zopa.
Neskatila: Marigorringo zopa.
Mia: Kriskitin zopa.
Neskatila: Ummmmh... Kriskitin zopa?? Primeran!!
Zuhaitz jauna: Babarrunak, patata frijituak, erreak, txuletatxoak, madalenak, marrubiak, kiwiak, izozkia, urdaiazpikoa...
Lyla: Bai, baina gero zer?
Zuhaitz jauna: Zer izango da ba, postreak! Limoizko pastela, txokolatezkoa, esnegainezkoa, sagar pastela...
Lyla: (Eten eginez) Jan eta gero diot!!
Zuhaitz jauna: (Pentsakor) Gero... ba... ba horixe..., gure sufrimendu latzak gogoeta eginarazi eta arrazoia daukagula aitortzen diguten arte itxaron.
Tonk: Beno, nik uste tripulazio osoaren izenean diodala, guk bilatzen genuena irtenbide zera... zera... zerago... bat zela.
Lyla: Bai, zerago... zerago... nola esan?
Tonk: A ze amorrazioa! zera... zerago....
Mia: Zera... zerago... ba...
Teilatu jauna: ZERAGOA!
Denak: Baaaiii!
Tonk: ZERAGOA den irtenbidea!
Teilatu jauna: Gure proposamena halaxe da, ZERAGOA. Antzezlan bat egitea geneukan pentsatuta, eta guk nahi duguna zer den antzerki bidez erakutsi. Erakutsi nahi dugu DENA dela posible eta dena egin daitekeela, eszenatoki gainean behintzat... denok ez dugu eta etxe batean bizi nahi, eskola batean ikasi nahi, dendetan erosi nahi, eta lanera joateko goizeko zazpietan jaiki nahi!
Tonk: Antzerkia? Ja, ja, ja, ja, horrek ez du ezertarako balio, marinela.
Mia: Antzerkia? Ez, antzerkia aspaldi hil zen.
Zarata metaliko gogor bat entzungo da.
Teilatu jauna: Zer izan da hori?
Neskatila: Zarata, zarata asko batera, baina ez dute ezer esan nahi, ez dute ez hasiera eta ez amaiera adierazten.
Lyla: Beno, egia esan, ordua iritsi dela diote...
Tonk: (Urduritzen hasita): Bai, ordua.
Mia: (Are urduriago): Ai ama! Ordua!
Lyla: Ene! (Erabat bere onetik irtenda): ORDUA!!!
Denak noraezean korrika eta garrasika hasiko dira: “Ordua!” NESKATILA eszenatokiaren erdian geldi geldituko da eta eszenatokiaren urrealdera abiatuko da poliki-poliki.
Neskatila: (Publikoari) Badakit!
Argiak itzali.
|
3. Ekitaldia
|
Zapatak hartuta datorren jendeaz lagunduta agertuko da neskatila.
Neskatila: Tonk, Mia, Lyla, lagundu hau etxean ipintzen.
Tonk: Printzesa, baina zer da hau guztia?
Neskatila: Lagundu makinak iritsi aurretik.
Denen artean kate bat egin eta zapatak aldamiotik zintzilikatuko dituzte.
Off ahotsa: Batzuetan badakizue zer? Zortea oharkabean etortzen da. Poliki-poliki gure atzetik etortzen da hanka puntetan, sorbalda ukitu eta... zasssst! Besteetan, zortea lanpetuta ibiltzen da beste norbaitekin. Aldi hartan beraiei egokitu zitzaien. Eta bai, beti gorriz janzten zen neskatilak, badakizue, kamiseta gorria, gona gorria, zapata gorriak, galtzerdi gorriak... eta buruan ere zinta gorria ibiltzen zuen neskatilak, auzoko jende guztia bildu eta bere zapata denda propioa jarri zuen. Eta horrela, gure neskatila eta bere hiru lagunak, Tonk, Mia eta Lyla, beren etxean geratu ziren. Airean eta burdin artean zegoen etxe sorginduan.
Ordezko Amaiera
Off ahotsa: Amaiera hau gustatu ez bazaizue, eta amaiera tristeak, erromantikoagoak, magikoagoak, misteriotsuagoak edo fantastikoagoak gustatzen bazaizkizue, hona hemen beste bat. Ea hau gustatzen zaizuen.
Foku batzuk etxea argituko dute. Etxeko lau bizilagunak lanpetuta dabiltza. NESKATILA sukaldean dago, gosaltzen ari da; solairu bat gorago, TONK, pirata zaharra, ezpata hartu eta irudimenean duen arerio baten aurka borrokan ari da; MIA dantzaria, dantzan ari da orubean, etxe atarian; eta LYLA zientzialari eroa, azken solairuan dabil batera eta bestera liburu bat irakurtzen duen bitartean. Off ahotsa aldamioetan gora eta behera ibiliko da, zintzilika eta kulunkatuz, lau etxekideak ukituz eta behatuz. Ez dute ikusiko, ordea.
Off ahotsa: Larunbat hartan, iluntzeko zortzietan, etxea botatzeko makinak agertzen hasi ziren... haienak egin zuen... halako batean... ikaragarrizko haize bolada bat etorri eta etxe osoa airean eraman zuen... elkarri gogor-gogor heldu eta ustekabean leku zoragarri batean agertu ziren... ez armiarma, ez zomorro, ez ke, ez argazki, ez zaunkaka aritzen den txakurrik, ez latarik, ez hauts edo belarrik, ezta katramilatzen zen ilerik ere. Lola katua ere ez zegoen han.
AMAIERA
|
|
Zurriola ikastola
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |