|
|
Gora eskuak!
|
Pekas: Ez da inor ikusten... Jo, zein lorategi polita...! Pss, zu, Sudurluze! Atera burua!
Sudurluze: Zer? Inor ez, Pekas?
Pekas: Ezta sagurik ere, Sudurluze. Hau lorategia, e!
Sudurluze: Bai, motel! Eta ze etxea! Tipo horiek kategoriakoak dira, noski.
Pekas: Kategoriakoak direla? Ez al dizut, ba, esan "markesak" direla?. Eta Marmota, zertan ari da?
Sudurluze: E, Marmota! Loak hartu du berriz ere! E, aizu! Ireki begi horiek! Aupa gizona!
Marmotaren ahotsa: Banoa, banoa....
Pekas: Baina ze kide ekarri didazun, Sudurluze! Ez bada pixka bat ernetzen, ez dakit zertarako dagoen hemen!
Marmota: Zer, zer gertatzen da?
Pekas: Badela garaia begi horiek irekitzeko, lotitzar halakoa!
Marmota: Ama maitea, a ze parkea! Eta hau al da lapurreta egin behar dugun lekua?
Sudurluze: Ixo, baldar halakoa! Nork esan du lapurreta? Ezta lapurrak izango bagina ere!
Marmota: Ez al gara, ba?
Sudurluze: Ez gizona, ez. Esan nizun, hemengo lagun hau, Pekas, eta ni neu, oso jende fina eta zintzoa garela!
Marmota: Orduan, ez al zarete lapurrak?
Pekas: Ezta pentsatu ere! Guk desjabetu… espropiatu egiten dugu. Ea enteratzen zaren!
Marmota: Zeeeeer?
Sudurluze: Es-pro-pia-tu, burugor hori!
Marmota: A, bai! Eta espro..pio..pio edo espro..pitza... edo esaten den bezala egiten dutenak, ez al dira lapurrak?
Sudurluze: Bai, gizona, baina… esate baterako, lapur "finak".
Pekas: Nire ustez, beti aurkituko ditut "markesa" anderearen kaxoietan belarritako distiratsu batzuk eta perlazko lepoko bat.
Sudurluze: Zu beti ametsetan! Ni pozik jarriko nintzateke hozkailutik oilasko erre ederra espropiatuko banu, gosez amorratzen nago eta...
Marmota: Ba, niri markes jaunaren ohean lo kuluxka txiki bat egiten uzten didazuen bitartean, oso biguna izango da...
Markesaren ahotsa: Miss Barbara! Miss Barbara!
Pekas: Ixo, norbait dator eta...!
Sudurluze: Denok mutu!
Pekas: E! Zu. jaitsi lehenbailehen!
Markes Jauna: Berandu iritsiko gara, beti bezala. Eta non dago umezaina? Miss Barbara! Miss Barbara! A, oraintxe dator! Beti bezain inozoa! Noski, neska gajoa, berria da etxean eta oraindik ez ditu hemengo ohiturak ezagutzen. Jakinaren gainean jarriko dut.
Miss Barbara: Hello! Hello! Nork deitu ni?
Markes Jauna: Gora eskuak!
Miss Barbara: Help! Help!
Markes Jauna: Ixo, neska, ixo! Ez al duzu ikusten neu naizela?
Miss Barbara: A, zu izan! Zu atrakadorea?
Markesa: Ez, neska! Nik dudan ohitura bat da. Ulertzen! Hara, argitu egingo dizut. Baina jaitsi besoak. Etxe honetan bizi diren guztiak erne egotea nahi dut, beti erne edozein ezustetarako, ulertzen? Bastidako markesak oso familia ezaguna gara hiri osoan, oso aberatsa, eta ez da harrokeria, baina beti daukagu arriskua lapurrak etxean sartzeko, edo markesatxoren bat bahitzeko. Ulertzen? Horregatik, noizean behin, gutxien espero dutenean, petardo bat botatzen dut edo oihuren bat, orain bezala, langileak "forman" mantentzeko. Ulertzen, ezta? Ez al naiz oso tipo azkarra?
Miss Barbara: O, yes... Nik aurkitu markes jauna oso... Nola esan hemen... Oso... oso...
Markesa: Oso azkarra?
Miss Barbara: O, ez, ez... Oso... oso...
Markesa: Oso jatorra?
Miss Barbara: O, ez,ez... Oso astoa! Bai, hori.
Markesa: Kar-kar! Ingeles hauek! Beti dute irtenaldi bat!
Baina, Miss Barbara, orain ez pentsa zakarra eta zarpaila naizenik. Esate baterako, hain zuzen, ikusten nauzun honetan, intelektual bat, zientzialari bat, jakintsu bat naiz. Eta ez al dakizu zein den nire zientzia-espezialitatea?
Miss Barbara: Ez. Lehergailuak bota?
Markesa: O, ez. Nire espezialitatea txoritxoen ahotsen bilduma egitea da. Txoritxoak. Txio, txio...
Miss Barbara: A, bai, “txorratxoak”
Markesa: Horixe! Begira, beti eramaten dudan libreta honetan entzuten ditudan txori-ahots guztiak apuntatzen ditut. Dagoeneko baditut hirurogeita hiru. Begira, begira: batzuk zoragarriak dira. Begira, ikusten? Priu-tiu-tiu...Tec-te-ke -tec-tec... Piuk, piuk, piuk... E! zer iruditzen zaizu?
Miss Barbara: Niri iruditu oso...oso... Nola esan hemen?
Markesa: Oso harrigarria?
Miss Barbara: O, ez, ez… Oso... oso...
Markesa: Oso interesgarria?
Miss Barbara: O, ez, ez... Oso basatia! Bai, hori.
Markesa: Kar-kar, ingeles hauek! Baina ez zaitut gehiago entretenitu nahi. Markesa anderea prest al dago?
Miss Barbara: Markesa andereak aurpegia apaindu nahi eta nik pentsatu apaintzeko denbora asko behar.
Markesa: Ba, itxaroten dudan bitartean, entzudazu,
Miss Barbara: Orain, markesa anderea eta biok irten egingo gara, markesa andereak ordua duelako dentistarengana joateko. Zu bakarrik geratuko zara etxean, neskatilekin, markesatxoekin. Zain egon! A, eta iragarkiarengatik norbait etorriko balitz, itxaron gaitzala!
Miss Barbara: Iragarkia?
Markesa: Bai, neska! Badakizu iragarki bat jarri dugula etxerako langileak eskatuz: lorazain bat, sukaldari bat eta atezain bat. Genituenek ez zituzten agoantatzen beldur aldiak. Beraz, berriek ausartak izan beharko dute, edozertarako prest. Hasieran, probak egingo dizkiet. Baina ez dut uste inor etorriko denik oraingoz, gaur baita iragarkia atera den lehen eguna. Badaezpada ere, esan dizut, itxaron dezatela! Batez ere, ez utzi alde egiten, gaur egun oso zaila da zerbitzaririk aurkitzea...
Miss Barbara: Markes jaunak ez sufritu. Nik ez utzi inor joaten. Nik eskuak eta oinak lotu mundu guztiari.
Markesa: Baina ez dadila inor sartu etxean. Pentsa ezazu etxe barruan balio handiko gauzak ditugula. Markesa anderearen lepokoak bakarrik bi milioi eta erdi pezetako balioa du.
Pekas: Jobar!
Markesa: Ixo! Ez al duzu entzun? Sekula entzun ez dudan txoritxo-ahotsa... Eta oso argi... Zuk entzun al duzu Miss Barbara? Nolakoa zela iruditu zaizu?
Miss Barbara: Ni ez izan zientzialari! Niri iruditu txoritxoak esan “jobar”
Markesa: Horixe! Gauza bera entzun dut nik ere! Hirurogeita lau! Hirurogeita lau ditut, dagoeneko! Jobar, jobar! Hamaseiak eta hamabost minutu direnean, etxeko lorategian. Badut beste bat! Ongi da; ba, esaten nizun bezala, Miss Barbara, erne, ongi entzuten al didazu?
Miss Barbara: Markes jaunak ez sufritu.
Markesa: A, prest al zaude?
Markesa anderea: Nahi duzunean, Eufemiano. Ongi al nago, Miss Barbara?
Miss Barbara –O, yes, markesa anderea... Nik aurkitu markesa anderea oso... oso... nola esaten da hemen?
Markesa anderea: Oso dotore?
Miss Barbara: O, ez,ez. Oso... oso...
Markesa: Lasai, lasai, Miss Barbara, ez du axola, beranduago esango diozu. Aizu, Romualda, hitz egin duzu sukaldariarekin gaurko afariaz?
Markesa andrea : Ai! Eufemiano, barkatu baina zeharo ahaztuta nengoen, a zer burua! Oraintxe bertan deituko diot; zu, bitartean, zoaz kotxearen bila.
Markesa: Ederki. Segituan hartuko zaitut. Agur Miss Barbara, eta gogoratu: etxe honetan bizi diren guztiak erne egotea nahi dut.
Miss Barbara: OK, OK. Markes jauna. (Markesak alde egiten du) Markesa anderea, zuk ezer ez agintzen, ni joan...
Markesa anderea: Ez, ez, zu itxoin hemen! (oihuka) Katalina! Katalina! (Sukaldaria azaltzen da. Oso narrasa da, eta azenarioa jaten ari da)
Sukaldaria: Zer dela-eta horrenbeste garrasi?
Markesa anderea: Begira, Katalina, gaur oso afaria garrantzitsua daukagu Mendizabal kondearekin, eta afari berezi bat prestatzea nahiko genuke.
Sukaldaria: Afari berezia? Erosketak egiteko ematen didazuen diruarekin ez baditut txerri hanka batzuk erosten…
Miss Barbara: Txerri hankak? My “goonnes” (Nazka keinuekin) Txerriak beti kaka artean ibili, eta hankak...
Sukaldaria: Aibala! Baina zuk zer uste duzu? Nahi baduzu, txerri bat erosiko dugu eta zurekin ohean sartuko dugu, horrela ez da zikinduko.
Miss Barbara: Txerri bat nirekin lo, o!
Markesa anderea: Bueno nahikoa da, Mendizabal kondeari ez dizkiogu txerri hankak jarriko... Pentsa ezazu beste gauza bat!
Sukaldaria: Ba, dirua ematen badidazu, (mukiak hatzekin kentzen) txangurro batzuk erosiko ditut, eta gero ireki eta kaka plater batean jarrita... (Miss Barbara zorabiatu egingo da)
Markesa anderea: Baina Miss Barbara, Miss Barbara, zer gertatzen zaizu?
Miss Barbara: Kaka esan du, kaka esan du, hori broma ez, Markesa anderea?
Markesa anderea: Ez, Miss Barbara, ez, txangurroaren kaka oso goxoa da. (Miss Barbara berriro zorabiatuko da) Utz ezazu lurrean, andrea, ingeles hauek ez dute ezertarako balio. Ea Katalina, beste ideia bat.
Sukaldaria: Beste ideia… beste ideia… (ipurdia igurtziz) badakit, zezenaren buztana saltsan.
Markesa anderea: (Haserre) Katalina, mesedez!
Sukaldaria: Ba, orduan, oilaskoa beti bezala.
Markesa anderea: Ba, oilaskoa, nahiago dut hori, aipatu dituzun gauzak baino. A, eta dena garbia eta txukuna egotea espero dut.
Sukaldaria: (Belarrian hatza sartuz) Zergatik esan didazu hori Markesa anderea?
Markesa anderea: Ezergatik ez, Katalina, ezergatik ez.
Markesa: (Barrutik ahotsa entzuten zaio) Goazen, goazen Romualda, dentista gure zain dago...
Markesa anderea: A, bai, goazen! Gero arte, Katalina! (Alde egingo du)
Sukaldaria: Miss Barbara, esnatu, esnatu, tira! (Bestea ez da esnatzen) Ideia bat daukat. Miss Barbara… Antonio Banderas, Antonio Banderas.
Miss Barbara: (Esnatu egin da) Where? Where? Antonio… Antonio…
Sukaldaria: Ez, Katalina, ni Katalina naiz....(Eta joan egin da)
Miss Barbara: Uffff! Ni kopetaraino egon sukaldari, markesa, markesa andrea eta markesatxoekin! Ni gora igo, lo kuluxka egin, eta denbora puska batean lasai egon!
Pekas: Aurrera, mutilak! Hauxe da momentua!
Sudurluze: Eta Barbara izeneko hori?
Pekas: Siesta egitera joan dela esan du. Marmotaren senidea da, nonbait, andre hori. E, Marmota, badela garaia!
Marmota: Banoa... banoa...
Pekas: Ni, aurrena!
Sudurluze: Ni, orain!
Pekas: Zu eta biok etxean sartuko gara, Sudurluze, Marmota zelatan dagoen bitartean. Entzuten al duzu, Marmota?
Sudurluze: Aupa, gizona! Saltatu behingoz!
Marmota: Banoa, motel, banoa...
Pekas: Esaten ari ginen Sudurluze eta biok etxean sartuko garela eta zu hemen geldituko zarela zelatan. Eta nagusia etortzen bada...
Marmota: A, bai, badakit: “Otsoa!”
Sudurluze: Ixo, astakirtena, entzungo digute bestela!
Pekas: Nik goiko aldea begiratuko dut eta zuk behekoa, Sudurluze...
Sudurluze: Eta neskatilak irteten badira?
Pekas: Hau mutil ausarta! Neska txiki batzuek beldurtzen zaituzte? Neskatilak irteten badira... ñaka!
Sudurluze: Eta Barbara ateratzen bazaizu?
Pekas: A, gaixoa, Barbara! Barbara ateratzen bazait...
Sudurluze: Zer? Ñaka?
Pekas: Ñaka!
Sudurluze: Arranopola! Zu ez zabiltza ur txikitan...
Pekas: Ba, zer pentsatzen zenuen zuk!
Rosinaren Ahotsa: Ezkutatzen ez denak, prenda! Hamar arte kontatuko dut! Bat... bi... hiru...
Sudurluze: Ixo! Ez al duzu entzun?
Rosinaren Ahotsa: Lau...
Pekas: Ezkutatu gaitezen!
Rosinaren Ahotsa: Sei... zazpi...
Pekas: Ni hemen ezkutatuko naiz!
Rosinaren Ahotsa: Zortzi... bederatzi...
Berta: Horrela, ilunpetan, Rosinak ez nau ikusiko.
Rosinaren Ahotsa: Eta hamar! Ezkutatzen ez denak, prenda!
Berta: Ezetz ikusi! Ezetz ikusi!
Rosina: Harrapatu zaitut!
Berta: Tranpa! Ezin ninduzun ikusi, begiak estalita nituen-eta!
Rosina: Zuk bai, baina nik ez! Prenda bete behar duzu!
Berta –Ba, ni ez naiz gehiago jolastuko, neska! (Harresiaren atzetik, ertzain bar azalduko da)
Ertzaina: Kaixo, neskatoak! Dena ondo al dago?
Berta: Bai, ertzain jauna.
Rosina: Zer gertatzen da, ba?
Ertzaina: (Lorategian sartzen) Lapur talde arriskutsu bat hemendik dabilela abisatu digute. Eta Markesen etxean dena ondo zegoen begiratzea bururatu zait. Badakizue, badaezpada ere…
Berta: Lapur talde bat hemen?
Rosina: Zer interesgarria!
Ertzaina: Baina zuek lasai, hemen nago ni, eta ni nagoen tokian ez dago lapurrik. (Lapur baten gainean esertzen da) Gainera oso ongi armaturik gaude. (Bere makila erakusten du) Makila honekin harriek ere abestu egingo lukete! (Makila bota, eta lapur bat joko du)
Pekas: Ai!
Ertzaina: Ikusten. Kar-kar...
Berta: Baina makilak mina ematen du?
Rosina: Ez, ez, jende gaiztoari bakarrik. Kar-kar...
Berta: Orduan, utzi probatzen. (Eta ertzainari buruan emango dio)
Ertzaina: (Erdi zorabiatua) Ikusten, jende gaiztoari bakarrik.
Rosina: Ze txapela polita! (Kendu egingo dio)
Berta: Bai, bai, goazen jolastera.
Ertzaina: Ez, ez, mesedez, ez jolastu txapelarekin.
Rosina: (Txapela airean botatzen) Baloi bat dirudi.
Ertzaina: (Gero eta haserretuago) Ez jolasteko! Ez jolasteko! Ez jolasteko! Ez jolasteko!
Berta: Jobar, bai jenioa!
Ertzaina: Zer esan duzu? Ez dira hitz itsusiak esaten.
Rosina: Jobar esan du, ez da larria.
Ertzaina: Horrexegatik. Ez dira hitz itsusiak esan behar.
Berta: Ba, orduan, goazen jolastera. (Makila kendu dio)
Ertzaina: Ekarri hori! (Haserretzen) Ekarri hori! Ekarri hori! Ekarri hori! Mekaguenlaletxe! Ekartzeko!
Rosina: Hitz itsusia esan duzu.
Berta: Eta ez dira hitz itsusiak esan behar.
Ertzaina: Nik ez dut hitz itsusirik esan.
Rosina: Bai, esan duzu.
Berta: Eta zigorra merezi duzu.
Ertzaina: (Urduri) Ondo da, baina ez esan inori ezer.
Rosina: Tira, jarri hemen ipurdia. (Lapur baten ondoan jarriko da, eta makilarekin ipurdian jotzen hasiko dira)
Berta: Tori! Tori! (Huts egingo du, eta lapurra jo)
Lapurra: Ai!
Rosina: Isilik, ez kexatu!
Ertzaina: Baina nik ez dut-eta ezer esan!
Berta: Isilik! (Bukatuko dute)
Rosina: Bueno, nahikoa da. Orain ospa!
Ertzaina: Bai, bai, nahiago dut hemendik joan. Nahiago dut lapurrekin topatu neska hauekin baino.
Berta: Oso aspergarria da biok bakarrik jolastea!
Rosina: Ez dugu anai-arrebarik eta...
Berta: Gure gurasoak oso zikoitzak dira eta, neska!, horren aberatsak direnez… bazuten erostea, ba, hamar edo hamabi seme-alaba gehiago, ezta?
Rosina: Amak beti esaten du haurrak ez direla erosten, Jainko gure Jaunak bidaltzen dituela!
Berta: Ba, eska diezaiogun bat bidaltzeko, ados?
Rosina: A, bai, bai! Neska polit-polit bat!
Berta: Ez, neska! Nahiko neska politak gaude hemen! Nik mutiko bat nahi dut!
Rosina: Tira, ba, mutiko bat! Erabakita dago! Nork eskatuko du, zuk ala nik?
Berta: Biok! Zuk errepikatu nik esango dudana: Gure Jainko Jauna...
Rosina: Gure Jainko Jauna...
Berta: Rosinak eta nik, Berta naizenak,...
Rosina: Rosinak eta nik, Berta naizenak,... Ai, ez! Bertak eta nik, Rosina naizenak,...
Berta: Anaiatxo bat bidaltzea eskatzen dizugu…
Rosina: Mutikoa izan dadila...
Berta: Eta oso ederra...
Rosina: Eta jakin dezala jolasten…
Berta: Eta ilehoria izan dadila, ahal bada...
Rosina: Eta oraingoan egiatan eskatzen dizugu eta ez gure izebari lunbagoa kentzeko eskatu genizunean bezala.
Berta: Ea, egina dago! Eta orain… laster izan dadila!
Rosina: Laster izan dadila!
Berta: Eta oso eskertuak... Amen.
Rosina: Eta oso eskertuak... Amen.
Berta: Eta, orain, belaunikatu egingo gara eta ea!, itxaron dezagun!
Rosina: Ai! Berta!
Berta: Zer gertatzen zaizu, Rosina?
Rosina: Ba iruditzen zait... iruditzen zait, Jainko Gure Jaunak bidali digula bat... Ez al dituzu oin batzuk ikusten… han atzean?
Berta: A, bai!.O!, bai oin txiki eta politak! Norenak ote dira oin txiki horiek? Norenak ote dira?
Pekas: Ni... nireak dira!
Rosina: Ze handia den!
Berta: Eta ze iletsua!
Rosina: Zenbat gustatzen zaidan!
Berta: Niri ere bai! Parkeko animalia hura bezalakoa da… hain dibertigarria, ezta, Rosina?
Rosina: A, bai, esan nahi duzu arengu... oreganu...
Pekas: Esan nahiko duzu orangutana, anderetxo!
Berta: Hori, hori! O, eta badaki hizketan! Jolasten ere ba al dakizu?
Pekas: Bai, motel!... neska esan nahi dut… neskatoa esan nahi dut... horixe dakidala.
Rosina: Eta zertan dakizu zuk jolasten?
Pekas: Ba… zertan esango nizuke? Musean, tutean, baita pokerrean ere, baina ez asko.
Berta: Eta besterik ez? Ba, guk erakutsiko dizugu ezkutaketan jolasten! Eta panpinekin! Eta polizia eta lapurretan!
Rosina: Ai, Berta! Begira,begira! Hemen beste bat dago! Eta lotan, gizajoa!
Berta: O, zein majoa den! Ea gehiago ote dagoen! Begira, begira, beste bat!
Rosina: Neska! Hiru! Ez al zaizu iruditzen... ez al zaizu iruditzen gehiegi errezatu dugula?
Berta: Ui, zein ongi jolastuko garen taldean! Zertan jolastuko gara aurrena?
Sudurluze: Ni korrika eta geldika!
Rosina: Ez, ez, kanpotik ez du balio!
Berta: Aizu, esna zaitez eta panpinekin jolastuko gara!
Marmota: E, nola?, panpinekin?
Berta: Bai, baina aurrena aurkeztu egingo gara! Ongi hezitako neska-mutilak ezin dira jolastu, ez badute elkar ezagutzen. Ni Berta naiz.
Rosina: Eta ni Rosina. Eta hau Natatxa da. Ez zaitez beldurtu, ez da haragizkoa, ez!
Hirurak: A, ez?
Berta: -Begira, ikusten? Natatxak gaixo du hanka, zu sendagile izango zara eta sendatu egingo duzu.
Pekas: Nik? Nik? Aizue, zergatik egiten duzue barre?
Rosina: A, sendagile jauna, ez al duzu zuk sendatuko?
Pekas: Ea... Ea... Atera mingaina... Egin eztula. Ui, ui, ui! Hau oso gaizki dago. Espezialistarengana eraman beharko dugu. Hartu, doktorea!
Sudurluze: Motel!...
Pekas: Sudurluze!
Sudurluze: Ejem, ejem... Ea... Bai, bai, hau oso larria da...
Berta: Bai, doktore?
Rosina: O, salba ezazu, salba ezazu!
Sudurluze: Munduko zirujau onenak bakarrik salba dezake. Zure eskuetan uzten dut, Marmota doktorea!
Marmota: Nik? Eta zer egingo dut nik orain?
Pekas: Edozer, gizona! Ez zaitez izan horren leloa!
Marmota: Ba... ken... ken... kenduko diogu... a, badakit… amigdalak kenduko dizkiogu! Bat, bi, hiru... Egina dago! Sendatu da!
Berta: O, eskerrik asko, doktore jauna!
Rosina: A, bai, eskerrik asko!
Marmota: Ze esker eta zer esker ondo! Hogeita bost mila duro, andere, eta on egin!
Rosina: O, zein ederki jolasten garen!
Berta: Orain, panpina eskolara joango da, eta zu maisu gaiztoa izango zara...
Pekas: Ez, ez, nahikoa da panpina jolas horrekin... (Sukaldariaren ahotsa entzuten da)
Sukaldaria: Berta! Rosina!
Sudurluze: Ezkuta gaitezen!
Sukaldaria: Ezetz asmatu bisitan nor etorri diren? (Bi neskarekin sartzen ari da) Zuen lehengusinak Vanessa eta Karolina.
Berta: Ze ondo jolastuko garen!
Rosina: Bai, bai, ze ederki!
Sukaldaria: Ez, ez, zuek merienda jan behar duzue, ez da hala!
Berta: Bueno, baina itxoin pixka batean.
Rosina: Bai, lehengusinei jokoa esplikatu, eta bagoaz.
Sukaldaria: Bi minutu, e? (Badoa)
Berta: Hiru anaia berri ditugu.
Vanessa: Hiru anaia?
Rosina: Bai, eta ez dakizue zein ongi dakiten jolasten!
Karolina: Benetan?
Sukaldaria: (Barrutik ozenki) Merienda! Merienda!
Berta: Hor daude. Oso atseginak dira.
Rosina: Bueno, gero arte. (Eta joan egingo dira)
Sudurluze- Arituko al gara gonbidatuen jolasean?
Vanessa: Gonbidatuen jolasa?
Karolina: Nola jolasten da?
Pekas: Oso jolas polita da, ez al da hala? Gu, hirurok gonbidatuak izango ginateke eta zuek etxekoandreak, eta gu bazkari on batera gonbidatuko gaituzue, e?
Sudurluze: Ideia ona!
Marmota: Ongi pentsatua!
Karolina: Zein dibertigarri izango den, ezta, Vanessa?
Vanessa: A, bai! Eseri, eseri jaunak... Hartu, hartu… A, jauna, sukaldari hauek penagarriak dira... Begira, txuleta guztiak erreta...
Karolina: Ez dakizue jolas egiten. Hau esan behar duzue: “Txuleta hauek goxo-goxoak daude, etxekoandrea!”
Sudurluze: Hemen ez dago txuletarik eta!
Vanessa: Zer axola dio horrek! Jolasten ari gara!
Pekas: Guk ez dakigu horrela jolasten! Ongi jolasteko, benetan jan behar da. Guk bai behintzat, ezta mutilak? Gu beti jolasten gara horrela. Ez al duzue ezer sukaldean, ala?
Vanessa: Ikustera joango gara.
Karolina: Baina itxaron, e? Berehala itzuliko gara.
Pekas: Eta alde egiteko aprobetxatuko bagenu?
Sudurluze: Hara bestea, arrantxoa ekarri behar digutenean! Eta gainera, hain dibertigarria da...
Pekas: Ikusi, ikusi… janari-jolasean.
Sudurluze: Eta zu, zer? Beti harroputzena… orain ñaka, gero ñaka...
Pekas: Arrazoia duzu, baina hain... hain txikiak dira, ezta?
Marmota: A, bai... (Harresiaren atzetik Tita azalduko da.)
Tita: E, Pekas, ertzain bat zure atzetik dabil, andregaiak lehenbailehen gordelekuan ezkutatzeko esan dit.
Pekas: Ai ene! Ni banoa. Etorri hona eta jar zaitez hemen nire ordez. Zerbait lapurtzen baduzue, erdia niretzat, e? (Badoa)
Marmota: Kontuz, badatoz!
Karolina: Ez dugu ezer onik aurkitu; ez erregalizik, ez txiklerik...
Vanessa: Oilasko eder hau eta haragi zahar hau bakarrik...
Sudurluze: Lastima! Zer egingo diogu, ba! Ez da hain dibertigarria izango...
Marmota: Eta edateko... ez al dakarzue ezer?
Karolina: Xanpaina edango bagenu bezala egingo dugu, e?
Tita: Hori, hori, ekarri xanpaina! A, eta mahai-tresnak...
Sudurluze: Zilarrezkoak, ahal bada; politago izango da eta egiazkoa emango du.
Vanessa: A, bai, korrika noa!
Karolina: Nik mahai-tresnak ekarriko ditut.
Sudurluze: Arraioa! Ze goxoa dagoen!
Tita: Aprobetxatu egin behar dugu!
Marmota: A ze siesta ederra egingo dudan oturuntza honen ondoren!
Karolina: Hemen dituzue mahai-tresnak!
Vanessa: Eta xanpaina!
Karolina: Jan, jan, ez egin konplimendurik...
Vanessa: Behar bada, gogor samarra aurkituko duzue oilaskoa, baina sukaldari hauekin...
Karolina: Tira, ez al zarete jolastuko? Ez duzue ezer esaten, ala?
Tita: Zer esango dugu, ba?
Karolina: Zera esan behar duzue “Anderea, oilaskoa goxo-goxoa dago...”
Tita: “Anderea, oilaskoa primerakoa da...”
Vanessa: Nola esan duzu?
Tita: Primerakoa! Ez al da hala, mutilak?
Vanessa: Ez dakizu jolasten!
Tita: Zergatik?
Vanessa: “Primerakoa” esan duzulako, eta “oso goxoa” esan behar zenuen!
Tita: A, ba, oso goxoa dago!
Karolina: Beste kopa bat xanpain?
Sudurluze: Eskerrik asko, anderea, xanpaina goxo-goxoa dago!
Vanessa: Eta zer, zer? Ez al zaizu iruditzen uda honetan bero handia egiten duela, jauna?
Marmota: Ez, ba, anderea! Iruditzen zait... oso uda goxoa dugula. Zure baimenaz, xanpain gehiago zerbitzatuko dut.
Karolina: Ez dakizu jolasten! Itxaron egin behar duzu zu gonbidatu arte, motel!
Vanessa: Beste kopa bat, konplimendurik gabe...
Karolina: Eta zuk, gehiago jan...
Tita: Jada ez naiz gose, benetan!
Karolina: Ez duzu ezer probatu, ordea!
Tita: Ezetz? Abere baten modura jan dut eta!
Vanessa: A ze arlotea! Esan behar duzu: "Eskerrik asko, anderea, ase naiz. Utziko al didazu zigarro bat erretzen?"
Tita: Ongi da, ongi da. Okerrena da ez dudala zigarrorik!
Karolina: Ez? Ba… itxaron!
Sudurluze: Marmota, ez lorik hartu!
Marmota: Nork, nik?
Tita: Edukazio pixka bat, gonbidatuta gaude, motel!
Karolina: Asko sentitzen dut, baina ez dut zigarrorik. Parisen erositako habanar puru hauek bakarrik ditut.
Tita: O, eskerrik asko!
Sudurluze: Oso atsegina. Nahikoa dut hirurekin.
Marmota: Nik gordeko dut kaxa, ez zaitez molestatu.
Tita: A,a,a,a!
Marmota: Ederrak zigarroak!
Sudurluze: Hau bizimodua!
Vanessa: Eta orain zertan jolas gaitezke?
Marmota: Orain, siesta on bat egiten jolastu gaitezke. Ni izango naiz...
Karolina: A, ez, bai aspergarria! Ba al dakizu zertan jolas gaitezkeen, Vanessa? Joan zaitez musika-kaxa bila.
Vanessa: A, bai! Banoa korrika!
Karolina: Jaun eta andreek, bazkal ondoan, beti egiten dute dantza pixka bat.
Tita: Ba, konponduta gaude!
Sudurluze: Dantzatzen al duzue? Guk ez dakigu dantza egiten!
Karolina: Ez du axolarik! Erakutsi egingo dizuegu!
Karolina: Ekarri! Ekarri! Tori, zuk lasaiena dirudizu eta musika egingo duzu. Kirtenari birak eman besterik ez duzu.
Marmota: Honela?
Vanessa: Ongi, ongi! Asko dakizu, maitea!
Karolina: Eta orain erne egon, gero zuek egin beharko duzue eta.
Karolina: Ez al duzue txalorik egiten, ala?
Tita: A, bai, bai, noski!
Karolina eta Vanessa : Eskerrik asko, eskerrik asko, oso atseginak...
Karolina: Orain laurok!
Vanessa: Aizu, prest gaudela!
Sudurluze: Hau ez da ateratzen, ezta txantxetan ere!
Karolina: Ikasiko duzue… poliki…poliki…
Tita: Uf! Hau nekea!
Sudurluze: Lehertuta nago!
Karolina: Agudo nekatzen zarete, ba!
Vanessa: Eta orain zer egin genezake?
Tita: Ideia... ideia bat dut. Eta jolastuko bagina… polizia eta lapurretan?
Vanessa: Bai, bai, ni lapurra naiz!
Karolina: Ni ere bai!
Sudurluze: Bueno, hobeto geldituko litzateke lapurrak geu izango bagina, ezta, mutilak?
Vanessa: Txandaka!
Tita: Baina gu aurrenak. Tira, hasi egingo gara!
Karolina: Baina, guk ez dugu ezer, zuek guri lapurtu ahal izateko!
Sudurluze: Barrura joan eta ipini... adibidez... Izebaren belarritako batzuk...
Tita: Eta lepoko bat...
Marmota: Hori, hori, bitxi asko, bitxi asko...
Tita: Eta guk itxurak egingo ditugu... espropiatu egingo dizkizuegu... e, mutilak?
Karolina: A, bai, bai, nik lepoko ona!
Vanessa: Eta nik belarritako luzeak!
Tita: Aizue, mutilak, hau primeran doa!
Sudurluze: Eta ñaka gabe, e? Tira, Marmota! Ireki begiak!
Marmota: E, e?
Sudurluze: Badatozela!
Karolina: Hemen gaude!
Tita: Arranopola, a ze lepokoa!
Sudurluze: Eta ze belarritakoak!
Vanessa: Eta orain zer egingo dugu?
Tita: Orain... bide honetatik pasatuko diren bi neskato aberats izango zarete... eta gu hemen ezkutatuko gara...eta zuek pasatzean... Bitxiak ala bizia!
Sudurluze: Tira, belarritakoak!
Vanessa: A ze izua!
Tita: Azkar, lepokoa!
Karolina: Ai, zorabiatzen ari naiz!
Marmota: Eraztunak niretzat!
Neskak: Lapurrak! Lapurrak! Lagundu!
Tita: Isildu, tuntunak!
Sudurluze: Ixo, astakirtenak!
Marmota: Ni banoa!
Neskak: Lagundu, lapurtu nahi digute-eta!
Karolina: Bai dibertigarria!
Vanessa: Zatozte, lagundu!
Miss Barbara: Zer izan hainbeste zarata, neskatxak? Nortzuk izan zuek?
Karolina- Lehengusutxo batzuk dira... Jainko gure Jaunak!
Miss Barbara: Zuek isildu! Zuek iragarkiarengatik etorri...?
Tita: Ba... bai... hori esan nahi dut... ez da hala, mutilak?
Miss Barbara: Zu, nik ikusten, lorazain izan. Eta zu sukaldari, ezta? Eta zu atezain. Markes jauna berehala etorri, zuek itxaron.
Tita: Ez dago beharrik. Beste egun batean itzuliko gara.
Sudurluze: Hori... beste egun batean...
Miss Barbara: Zuek ez mugitu hemendik! Markes jaunak ongi ordainduko zuei; ongi bizi eta lan gutxi. Markes jauna asto samarra izan, baina asto ona. Zuek hemen itxaron, lorategian. Neskatxak, barrura, eta ez molestatu gehiago jaun hauek.
Tita: Zer, mutilak? Zer... iruditzen zaizue?
Sudurluze: Motel, sukaldari izatea... ez pentsa... ez nuke inoiz goserik izango...
Marmota: Eta ni atezain izatea... oso lan lasaia da...
Tita: Polita izango litzateke, bai... Baina... baina ez al zarete konturatzen ez gaituztela nahi izango? Nahiz eta markes hori oso astakilo izan, sudur puntan ere ikusiko liguke lapurrak garela.
Sudurluze: Ba, horrela...
Tita: Orain badugu nahi genuena! Hanka egin dezagun, mutilak! Eta azkar!
Rosina: E! Ihes egiteko asmoa duzue, ala?
Berta: Nora zoazte?
Rosina: Ba al dakizue Missengandik ihes egin dugula?
Berta: Ez al duzue gelditu nahi gurekin jolasten?
Tita: Ba, honek... ba, honek...
Sudurluze: Bai... eta honek...
Marmota: Eta... honek...
Tita: Lana dugu, hori!
Sudurluze: Hori... lana... Beste... beste egun batean itzuliko gara...
Rosina: Ez dago eskubiderik! Txandaka egitea esan dugu! Lehengusinek jolastu dira, baina gu ez.
Berta: Eta orain guri tokatzen zaigu lapurrarena egitea!
Rosina: Tira, zuek diligentzia batean doazen jaun batzuk izango zarete. Horrela... Eta bat-batean guk salto egongo dugu eta...
Berta: Gora eskuak! Poltsa ala bizia!
Rosina: Begira, zer lepokoa! A, amarena da eta... Ia ez nintzen gogoratzen beraiek zutela! Eta belarritakoak! Eta eraztunak! Eta pipa bat! Baina ez da amarena! Eta... zer da hau?
Tita: Metxero... metxero bat, markesa...
Rosina: O, eta mahai-tresna batzuk... eta mahai-tresna gehiago... Etxekoak bezalakoak!
Sudurluze: Neskatoak, garbi utziko gaituzue!
Tita: Larrugorrian utziko gaituzue!
Rosina: O, zein ongi egiten duzuen! Hain mutil onak izateagatik!
Markesa: A, baditugu hemen iragarkiaren erantzuleak! Ikusiko duzu zer ezustea! Gora eskuak!
Tita: Berriz! Gora, lagunok!
Sudurluze: Korrika!
Marmota: Itxaron!
Rosina: Ez ihes egin!
Berta: Aita da eta! Ez ihes egin!
Rosina: Itzuliko zarete, ezta?
Berta: O, aita, gaiztoa! Beldurtu egin dituzu gizajoak!
Rosina: Hain ederki ari ginen pasatzen eta...!
Markesa anderea: Baina, neskatxak, zertan ari zarete lepoko onarekin eta belarritakoekin, eta eraztunekin...?
Markesa: Baina, baina... nortzuk ziren gizon horiek? Lapurrak ziren! Lapurrak! Lapurrak!
Miss Barbara: Markes jaunak ni deitu?
Rosina: O, aita. Ez zaitez umea izan!
Berta: Ez al duzu entzun, Rosina? Lapurrak! Lapurrak direla dio!
Biak batera: Jakingo bazenute zein ziren!
|
|
Zurriola ikastola
|
|
| |
 |
 |
|