IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Eskola antzerkia »  Antzezlanak »  Antzezlanak 06-07 »  Gurasoak nork nahi ditu

Gurasoak nork nahi ditu
Gurasoak nork nahi ditu?


Kathryn Lamb

Itzultzailea: Saroi Jauregi



Gurasoek kezkatzeko joera dute. Horregatik behin eta berriz galderak egiten dituzte, erantzuteko zailak edo, besterik gabe, zentzugabeak.

Esaterako, “dena ondo?”(Ez), “Zertan ari zara?”(Ezertan ez), “Zer egingo duzu eskola bukatutakoan?”(Oraindik ez dut pentsatu), “Nora zoaz?”(Kalera), Nor da mutil/neska hori?”(Zein mutil/neska), “Zer da hori?”(Ezer ez), “Egin al dituzu eskolako lanak?”(Oraindik ez), “Txukundu al duzu gela?”(Bai) (Orain hilabete batzuk), eta abar, eta abar.

Zer egin galdera andana amaigabe horren aurrean?

Erantzun onak eta negargarriak daude. Erantzun onek “aita edo ama setatiaren arazoa”gainditzen lagunduko digute. Erantzun desegokiek, berriz, ezinegona sortuko dute, eta beste galdera maltzur batzuk ekarriko dituzte. Beraz, bakean eta harmonian bizi nahi baduzue, aukeratu ondo erantzuna.

1 galdera: Dena ondo?

Egoera: Ana Normaletxek egun negargarria izan du. Angela Betibikain bere lagunik onenarekin haserretu da. Izan ere, Angelak esan du Anari atsegin zaion mutilak hats nazkagarria botatzen duela, sei enpaste edo gehiago dauzkala, hortz bat puskatuta, baba bat mingainean eta amigdalak hazi-hazi eginda. Ana eta Angela eztabaida bizian aritu dira, eta orain, Ana etxean dago, sofan botata telebistaren aurrean, nekatuegi mugitu eta mahai gainean dagoen zorrotik patata frijituak hartzeko.

Normaletxe andre-gizonak egongelan sartu dira Gaur Egun ikusteko, alaba ikusi eta biek batera esan dute “Dena ondo?”

Nola erantzun behar du berak?

Erantzun negargarria: “Ez”Erantzun zuzena hori da, baina ez da egokia bakean uztea nahi baduzu, ziurrenik erantzun nahiko ez diezun galdera sorta ekarriko baitu. Benetan azaldu nahi al die Anak Normaletxe andre-gizonei Angelak nola arraio jakin duen eskolako mutil batek baba bat daukala mingainean, eta amigdalak hazi-hazi eginda? Edo hori zergatik den garrantzitsua?

Erantzun ona: “Ez, nire lagunik onenarekin haserretu naiz”. Horrelako azalpen labur batek galdera gehiago egitea saihesten du. Baliteke gurasoek galdetzea “Zergatik”, Baina esan diezaiekezu oso haserre zaudela eta ez duzula horretaz hitz egin nahi. Orduan amak, elkartasuna adierazteko, esaldi goxoren bat esango du (akaso, eztarria libratzeko egingo du, baina nork jakin)

Erantzun hobea: “Bai, oso ondo”. Ez dago beste galderarik, gorentasun (oso nabarmena ez bada erantzuna gezurra dela).

2 galdera: Zertan ari zara?

Egoera: Federiko sofan eserita dago. X espedientea ikusten. Amak galdetu dio: Zertan ari zara?

Erantzun negargarria-1: “Ezertan ez”. Askotan bistakoa dena erantzutea erantzun okerra ematea da. Ez dago hori baino gauza mingarriagorik gurasoentzat, seme-alabak “ezertan ez”ikustea. Hau da, konstruktiboa edo garrantzitsua den ezertan ez. Gurasoentzat erabilgarria edo burutsua den “zerbaitetan”aritu behar duzu.

ERANTZUN NEGARGARRIA-2: “ATSEDEN HARTZEN ARI NAIZ”. OSO LITEKEENA DA, HORI ERANTZUNEZ GERO, HASERRETZEA. HORRELAKOETAN GURASOAK KEZKATU EGITEN DIRA, BEHAR EZ ZENUEN ZERBAIT EGIN DUZULA EDO GRIPEA DAUKAZULA PENTSATZEN DUTE ETA. ORDUAN POLTSA BEROA ETA LIMOI-URA IRAKITEN EKARTZEN DIZUTE AZKAR. EGITEN DUZUNA EGITEN DUZULA, EZ DITUZU ONDOTIK UXATUKO.

Erdi-purdiko erantzuna: “Pentsatzen ari naiz”. Aitak edo Amak atsegin handiz entzungo du zure burmuina jardunean ari dela eta pentsatzeko gauza zarela. Hala ere, erantzunean zehaztasunik ez emateak “Zertan”galdetzea ekarriko du ziurrenik. “Zertan pentsatzen ari zara?”galderari erantzutea “Zertan ari zara?”galderari erantzutea bezain zaila da.

Erantzun ona: “Pentsatzen ari naiz, txakurrak ziberespaziora bidaltzeak dakartzan ondorio sozio-ekonomikoei buruz egin behar dudan lanean erabiliko ditudan argudioen gainean. Ostegunerako bukatu behar dut, eta saio hau oso lagungarri zait”. Erantzun horrek mutu utziko ditu. Bestela esanda, emaiezu gurasoei erantzun bat zure garuna badabilela adierazteaz gain, oso-oso argia zarela eta guraso normalen adimenak jaso ezin dituen kontzeptuak menderatzen dituzula pentsaraziko diena. Orduan esango dute “A!”eta buruarekin baiezko keinua egingo dute, lasai pentsatzen utziko dizute, hanka puntetan isil-isilik aterako dira, eta X espedientea ikusten jarraituko ahal izango duzu.

3 galdera: Zer egingo duzu eskola bukatutakoan?

Egoera: Betibikain andre-gizonak eztabaidan ari dira. Jon semeak nazioarteko bankuen alorrean hastea erabaki duen ibilbide oparoari buruz. Betibikain gizonak Angela alabari galdetu dio oso atsegin: “Eta zuk zer egingo duzu?”(Mingainari kosk egin dio hau galdetu aurretik: Noiz utziko diozu ume izateari eta behingoz heldutasunera iritsi?”).

Erantzun negargarria-1:”Oraindik ez dut pentsatu”. Aita arrunt batek berehala erantzungo dizu: “Ba, baduzu garaia”.

Erantzun negargarria-2: “Estebanek dio komuna zoragarri bat dagoela Galesen. Oihalak egiten omen dituzte, behar dituzten barazkiak erein eta dena guztien artean banatu. Ezer ez da inorena eta... zoragarria da.. Gustura joango nintzateke”. Gurasoei ez zaie batere gustatzen bizimodu “alternatiboa”izatea, are gutxiago begiko ez duten lagun batek gomendatua bada.

Erantzun negargarria-3: “Gauza bat behintzat garbi daukat: ez dut piszzzzikulturan jardungo”. Erantzun burutsuagoa litzateke hau: “Ez daukat grina berezirik piszikulturako. Gainera, ez daukat behar adina pazientzia horretan jarduteko, zuek bezala”. Eta ez saiatu egin nahi ez dituzun gauzen zerrenda amaigabea botatzen. Astun samarra izan liteke”.

Erantzun negargarria-4: “Aktore/artista/rock talde bateko abeslari izan nahi dut”. Talentu handikoa ez bazara, arte dramatikoko eskolan dagoeneko lekua izan edo arte-merkatari estatubatuar bati zure koadroak saltzeko beste, seguru asko, zure gurasoak kezkatu egingo dira segurtasun ekonomikorik ekarriko ez dizun lanbidea hautatu duzulako. “Rock talde bateko abeslari”izateari buruz, berehala bururatuko zaizkie “sexua, drogak, alkohola, ile-orrazkera xelebreak...”eta alarmaren txirrinak oso ozen joko du haien barruan... auzoko guztiek entzungo dute.

Erantzun ona-1: “Enpresa-ikasketak egin nahi ditut”. Beste edozer izan liteke (erizaintza, medikuntza, albaitaritza, igeltserotza, etab); garrantzitsuena “ikasketak egin nahi”dituzula adieraztea da. Zure gurasoek urteak daramate ikasteko esan eta esan, gizateriako espezie normal eta burutsuko adibide izan zaitezen. Eta bide horri jarraitu nahi diozula jakiteak lasaituko ditu.

Erantzun ona-2: “Bankuen munduan lan egin nahi dut/ zu bezalako negozio gizon/emakume arrakastatsua izan nahi dut, aita/ama”. Erantzun hori losintxa ederra da. Aitaren edo amaren bideari jarraituko diozula jakitea gustatuko zaie.

Erantzun ona-3:”Lay-out Active-X html-ren esparruan lan egin nahi dut”. Inork ez daki zer esan nahi duen, baina itxura ona ematen du.

4 galdera: Nora zoaz?

Egoera: Angelak paseo bat egitera joan nahi du. Esteban, gustuko duen mutila, ikustea espero baitu. Badaki gurasoek ez dutela gogoko Esteban, eta eurak konturatu gabe ateratzen saiatu da. Baina, jakina denez, atean topatu dute.

“Nora zoaz?”

Erantzun negargarria: “Kalera”. Beste behin ere, erantzun argiena ez da zuzena. Dena dela, errezeloa eta ezinegona eragiten duena, batez ere, zehaztasunik eza da.

Erantzun ona: “Paseatzera noa. Aire pixka bat behar dut eskolako lanak bukatzeko”. Azalpen labur horrek gurasoak lasaitu egiten ditu, ateratzeko arrazoia sanoa eta benetakoa delako. Gainera, laster itzuliko zarela uste dute, arrazoi on bategatik (eskolako lanak bukatzea).

Erantzun hobexeagoa: “Paper-dendara noa. Koaderno bat behar dut historiako lana egiteko. Nahi al duzue zerbait ekartzea?”. Erantzun hori, zalantzarik gabe, ezin hobea da, gurasoek ateratzen utziko ez dizutela uste baduzu, batez ere. Hodei bana ikusiko duzu euren buruen gainean. Beraz, erosteko eskatuko dizute, dirua emango dizute eta baliteke bueltak zeuretzat gordetzeko esatea.

Erantzun ona, ezusteko emaitza: “paseatzera noa... Txakurra aterako al dut?”Angelak hori erantzutean, amak ezustean hauxe esango du: “Ideia bikaina! Zurekin noa”. Mundial!.

Erantzun engainagarria:”Robertaren etxera noa sobre bat eskatzera”. Onargarria dirudi , baina gurasoak begira geratuko zaizkizu eta esango dute “Baina etxean sobreak nahikoa eta gehiago dauzkagu eta!”. Erantzun horren aurrean, xehetasunak ematera behartuta egongo zara, eta zure esana gero eta sinesgaitzago izango da: “Sobre berezia behar dut, Robertak bakarrik dauzkan horietakoa”.

Erantzun lotsagabe samarra:”Ni eta Ana ligatzera goaz”. Ez da komenigarria; hobe da kontua leuntzea ondo uler dezaten, adibidez honela: “Anak eta nik ( zuzen eta edukazioz hitz egiteak heldu eta arduratsu itxura emango dizu) paisaia/leku zoragarria hura/ izarrak ikustera joan nahi dugu”. Teleskopioa edo prismatikoak hartzea ez legoke gaizki “ganadua”(herriko edertasunak) ikusteko. Bestela esanda, hobe da egiazko erantzuna ematea, margen pixka bat ematen duena.

5 galdera: Non ibili zara?

Egoera: Angelak lortu du etxetik ateratzea, txakurrik gabe eta amarik gabe, baina ez du Esteban ikusi, normalean ibiltzen den leku guztietan bila ibili den arren. Beraz, etsita, eta behar baino askoz beranduago, etxera itzuli da. Isil-isilik gelan sartzen saiatuko da, inor konturatu gabe.

“Non ibili zara?”

Erantzun negargarria: “Kalean”. Hain da erantzun zehaztugabea... arazoak izango dituzu berriz, zure portaera susmagarria bada batez ere. Gurasoek ezkutatzeko zerbait duzula pentsatuko dute.

Erantzun ona: “Paseo luuuze-luuuuuuzea egin dut. Eguraldi zoragarria dago, txoriak kantari ari dira eta basa-ahate saldo bat ikusi dut paseoan nenbilela. Orain ondo baino hobeto nago, eta eskolako lanak bukatzeko prest”. Bueno bai, erantzun hori gehiegizkoa da akaso, baina edozein erantzun alai eta barregarrik lortuko du helburu garrantzitsuena: beste galderarik ez egitea.

6 galdera: Nor da mutil/neska hori?

Egoera: Normaletxe jauna Anaren bila joan da eskolara. Gustuko mutilarekin hizketan aurkitu du (Angelak dioena egia ote den argitu nahian dabil, alegia, sei enpaste, mingainean baba bat eta amigdalak hazi-hazita ote dituen). Etxera bidean, autoan, Normaletxe gizonak galdera: “Nor da mutil hori?”.

Erantzun negargarria: “Zein mutil?”. Galdera batekin erantzuteak euren onetik ateratzen ditu gurasoak beti. Eurek erantzuna nahi dute eta, zuk euren kontua ez dela uste izan arren, ez da oso zuhurra ergelak bailiran jokatzea. Nabarmena da badakizula zein mutili buruz ari diren, oraintsu (azken hamabost minutuetan edo) eskolako patioan zeuden mutil guztiekin hizketan egon ez bazara behintzat. Zer ezkutatu nahi duzu?

Erantzun ona: “Markos da”. Oro har, gurasoak ez dira konformatuko erantzun horrekin, eta Markosi buruz zerbait jakin nahiko dute. Beraz, saia zaitez honela:

Erantzun hobea: “Markos da bere izena eta nire gelan dabil. Geografiako lanei buruz galdetu diot”. Erantzun hori aspergarria da, eta eztabaida alferrekoa da horren aurrean. Beraz, bakean utziko zaituzte eta amets goxoak egin ahal izango dituzu Markosekin.

7 galdera: Zer da hori?

Egoera: Federikori neska-lagunak bihotz formako kutxatxo bat oparitu dio, bere ile zati bat barruan duela. Federiko etxera iritsi berria da eta egongelan telebistaren aurrean eserita dago, ilunpean. Kutxatxoa ireki eta itxi, jolasean dabil. Ixten duen bakoitzean kirrika zaratatsua entzuten da. Bat-batean, ama agertu da atean. “Zer da hori?”galdetu du.

Erantzun negargarria: “Ezer ez”. Argi baino argiago dago-eta zerbait daukazula eskuan/bizkar atzean/alkandoraren azpian. Hobe izango duzu itxurarik ez egitea.

Erantzun ona: “Kutxatxo bat da”Ageri-ageriko erantzuna eta benetakoa gainera: guraso dena-jakin-gurak asetzeko nahikoa behar luke. Baliteke galdetzea (eta Federikoren amak hala egin du). “Zer dago barruan?”Gurasoek barrukoa ikusterik nahi ez baduzu, dena dela , saiatu aldentzen hau esanda:

“Armiarma berezi-berezi bat gorde dut hemen barruan”. Erantzun hori bereziki pentsatuta dago ama gehienei galdera gehiago egiteko gogoa kentzeko. Pentsatu zerbait beldurgarria baina kaltegarria ez dena, edo aspergarri-aspergarria, gurasoei interes zipitzik ere eragingo ez diena.

8 galdera: Egin al dituzu eskolako lanak?

Egoera: Ana Normaletxe ohean etzanda dago, musika talde kutunari buruzko artikulu bat irakurtzen. Normaletxe andreak kuku egin du atetik eta galdetu du: “Egin al dituzu eskolako lanak?”

Erantzun negargarria: “Oraindik ez”. Erantzun hori bereziki okerra da gaueko hamaikak badira eta mundu guztia ohera badoa.

Erdipurdiko erantzuna: “Oraindik ez, baina ez dira biharko. Ostegunera arte ez ditut eraman behar. Berehala/ bihar/ ahal dudanean egingo ditut”.

Erantzun hobexeagoa:”“Bai”. Egia esan, oro har gurasoak aseko dituen erantzun bakarra hori da.

Erantzun bikaina-1 “Bai. Irakurri nahi al duzu delako fast-food-aren eragin sozio-ekologikoei buruz egin dudan lana?”

Erantzun bikaina-2 “Oraindik ez. Angela eta biok geografiako lan bat egiten ari gara, eta bihar bere etxera joan behar dut bukatzera”. Erantzun hori primerakoa da. Anak Angelaren etxera joateko aitzakia izan dezan, elkarrekin aldizkariak irakurtzeko (eta eskolako lanak egiteko).

9 galdera: Txukundu al duzu gela?

Galdera hori egiteko era bat baino gehiago dago: “Ikusi al duzu zure gela azken aldian? (A zer ergelkeria. Jakina ikusi duzula. Baina ez da komeni gurasoen prozesu mentalen logikarik eza agerian jartzea).

Egoera: Angela ukuilu itxurako gela batetik atera da, alegia, bere gelatik. Betibikain andreak galdetu du: Txukundu al duzu gela?”

Hona hemen galdera zentzugabe horri emateko moduko erantzun batzuk:

Erantzun negargarria: “Nik dagoen bezala atsegin dut. Gainera, nik badakit nire gauzak non dauden”. Erantzun hori bereziki okerra da, gauzak sarritan galtzen badituzu behintzat.

Erdi-purdiko erantzuna: “Nire gelako narraskeria axalekoa da. Nire izaera konplexuaren adierazgarri da, eta begirada poetikoarekin soilik ikusi daitekeen barne edertasuna eta egitura islatzen ditu. Espiritu librea da nirea, basatia, sormen handikoa, eguneroko bizitzaren hutsalkeriak gorroto dituena, gela txukuntzea esaterako”. Erantzun hori zail samarra da gogoan hartzeko, eta gurasoak asaldatuko ditu. Zeure onerako, hau erantzutea komeni zaizu:

Erantzun benetan ona: (Bakarra) “Bai, badakit narras samar dagoela, baina lehendabizi eskolako lanak amaitu nahi ditut”. Gehienez hiru egunerako balioko dizu.

10 galdera/keza: Ez zara ba, horrela aterako, ezta? Eskalea ematen duzu!

Akaso egia izango da, baina ez da oso zuzena gurasoek hori esatea. Zer irudituko litzaieke norbaitek eurei esango balie bi eskale ematen dutela?

Dena dela, zeure onetik aterata, ez duzu ezer lortuko. Horren ordez, zenbatu hamar arte, eta aukeratu erantzun hauetako bat:

Erantzun nahiko ona: “Baina, ama, hauxe dago modan-modan! Orduak eman ditut prestatzen. Horrela joaten ez banaiz, lagunek barre egingo didate, eta kursi hutsa naizela esango dute”.

Erantzun ez oso ona: “Nik eskalea ematen dudala uste baduzu, lagunak ikusi behar zenituzke!”.

Erantzun guztiz okerra: “Bai, baina zure itxura ez da askoz hobea”:

Erantzun benetan argia: “Bai, badakit eskalea ematen dudala. Soineko guztiak txikiegi geratu zaizkit, eta sutan nago, ez daukat zer jantzi eta. Ile-apaindegira ere ezin naiz joan. Lagunek iseka egingo didate ez badidazu…..(segundo batzuetako etena, ahalik eta eragin handiena lortzeko), ez badidazu diru pixka bat ematen arropa erostera joateko”.
Usandizaga-Peńaflorida-Amara ikastetxea.