ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO


Doktor DoReMi eta benedizebra CDa

“doktor do re mi eta benedizebra”

Oskorriren disko Fisiko, Kimiko eta Magiko berria Umeentzat eta heldu argientzat

2005eko urtarrilan zehar Elkar estudioan grabatu eta nahastua / Teknikoa: Jean Phocas / Produkzioa: Oskorri Diseinua: Paradox / Erretratoak: Mikel Alonso



OSKORRI, umeentzako aspaldi egin beste bi disko arrakastatsuren esperientzia izanik (“Katuen testamentua”-1993, eta “Marijane kanta zan”-1997), eta ordutik urte mordoa pasatu direla, berriz ere haurrentzako lan berri bat prestatuta bueltatzen zaigu.

Eta OSKORRIk aurrekoetan Bizkaiko eta Iparraldeko kantuak bildu bazituen ere, oraingoan Gipuzkoan ikasitako 23 kantu errejistratu ditu, gehienak gipuzkeraz, nahiz haietan ere zenbait bizkaieraz izan (Eibar-Bergara aldekoak), beste batzuk nafarreraz (Irun-Oiartzun aldekoak) eta baten bat, zantzo guztien arabera, Iparraldetik inportatua den dudarik gabe.

DOKTOR DO RE MI ETA BENEDIZEBRA disko Fisiko, Kimiko eta Magikoa dela diogu, eta behin entzunda egia diogula ulertuko da erraz:

Fisikoa- Ariketa fisikoa eskatzen duten hainbat joku izkuturen bitartez. Arraunean beharko dute umeek (“Ale arraunean”), zapatak atera eta airera bota (“Hakio, hakio Miren gogotik”), arropak jantzi eta erantzi (“Nik baditut zapatillak”)...

Kimikoa- Kimika berezia sortzen duten heldu eta umeen arteko jolas interaktiboen bitartez. Atzamarrak deskubritu (“Honek ta honek”), lehen pausuak eman (“Ttunkurrun ttunkurrunera”), numeroak ikasi
(“Bat, bi, hiru, lau”), kontuak egin (“Zaldibiko plazan”)...

Magikoa- Haur errepertorioan hain ohizkoak izaten diren hizkera kriptiko eta magikozko kantu zoragarrietan. Sehaska kantu moduan nahiz panpinekin jolasteko balio dutenak (“Runkuttunku Ttun”), hitz magikoak dakarzkigutenak (“Benedizebra”)...

DOKTOR DO RE MI ETA BENEDIZEBRA umeentzat, eta heldu argientzat dela diogu, eta hori ere behin entzunda ulertuko da:

Umeentzat- Belaunaldiz belaunaldi, aspaldi haundian, euskal neska-mutilek erabili izan dituzten kantuak ditugulako, gure eskema estetikoetan, gure ohizko soinuetan errotuak, eta orain, egungo haurrentzat, OSKORRIk moldaketa modernoez itzultzen dizkigutenak.

Heldu argientzat- Heldu tentelek ez bezala, heldu argiek, kantu hauen bidez, haien haurtzaroa gogoratzen eta berpizten jakingo dutelako eta, batez ere, haien inguruko haurrek kantu hauetatik xurgatuko duten plazeraz gozamen berezi bat aterako dutelako.

Hitz bitan, OSKORRIren disko berri hau umeak bezalakoxea da, gozoa eta harrigarria, freskoa eta beroa, poesia eta dinamita.