![]() ![]() |
![]() |
| ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO |

Maddalen Acero Alustiza
E kategoria (14-16 urte)
Nik zuri:
Zergatik idazten dizudan? Historia luze batengatik da, lau urte dituen historia batengatik. Ah! Historia horrek izena du, Aitor. Nik, ez nuen eskutitz hau idazteko asmorik, baina, gaur bost urte bete ditu eta berak eskatu dit. Badakizu zein izan zen esan zuen lehenengo hitza? “aita”, paradoxikoa, ezta?. Etxe osoa dago zu agertzen zaren marrazkiez josita, egia esan nik zutaz ahaztu nahi nuen, baina, ezin nion horrelako desilusiorik eman. Nire eskutitzarekin jarraitu aurretik berak zuri idatzi zizun gutuntxo bat irakurtzea nahi dut:
Kaixo Aita!
Ez dakit non zauden, baina amak beti esaten dit laster etorriko zarela. Esaten dit, lanaren erruz joan zinela eta behin baino gehiagotan etorri zarela, baina lo nengoenez ez ninduzula esnatu. Baita ere esan dit nire gelan sartu zinela, ohe ertzean eseri zinela eta muxu eman zenidala. Ni ez nintzen esnatu, baina badakizu zer? Konturatu nintzen. Ametsetan ari nintzen eta ametsean ere muxu ematen zenidan. Jo! Baina zu ametsean agertu arren, hurrengo goizean ez nintzen zure aurpegiaz gogoratzen. Espero dut laster itzultzea berriro, baina gauza bat! Ahal baduzu ez etorri gauean ezta ikastola orduetan ere, ikusi nahi baitzaitut. Gogo handia daukat zurekin egoteko eta futboleko partiduak ikusteko, edo txirringan ibiltzeko, edo edozer gauza egiteko!
Ezin baduzu egunez etorri ez ahaztu lo banago muxu ematea, ados? Ah, baina gera zaitez nire ohearen ertzean denbora gehiago, horrela denbora gehiago izango dut zure aurpegia ikusteko eta hurrengo goizean ziur gogoratuko dudala.
Agur!!!
Aitor
Ikusi duzu, ez? Zurekin egon nahi du.
Badakit hogeita hiru urte bakarrik dituzula eta horrelako konpromiso bat handiegia dela, baina zure semea da. Ez dizut eskatzen gurekin etortzeko betiko, baina noizean behin agertuko bazina sikiera... Ni ere gaztea naiz, ez dakit gogoratzen duzun, hogeita bi urte ditut eta hementxe nago. Baina, egia esan behar badizut Aitor niretzat ez da konpromiso bat, bera “ni” da.
Gauzak asko aldatu dira zu joan zinenetik, suposatzen dut zuretzat ere ugari aldatuko zirela. Oraindik gogoan dut joan zinen eguna: duela ia sei urte, abuztuaren 29, sekulako egun ona, hondartzara joateko asmoa nuen zure arrebak deitu zidan arte. Oraindik ez dakit zeri edo zeini eman behar dizkiodan eskerrak momentu horretan eserita egoteagatik, eserita egon izan ez banintz, sekulako kolpea hartuko nuen. Nola esperoko nuen horrelakorik? Bazenekien zein zen nire egoera! bazenekien haurdun nengoela! Baina hala ere alde egin zenuen. Baliteke hori ezin saihestu izana, hori zure gurasoen erabaki bat izan baitzen, baina gutxienez agur esan izan bazenit, edo bazindoazela esan sikiera. Hemen utzi ninduzun, bakarrik eta nire barnean bion haur bat nuela. Urte hartan hasi nintzen unibertsitatean enpresaritza ikasten. Hasiera batean ez nuen balorerik inora joateko, nire barnean zegoenaz ezin lotsa nintekeela konturatu nintzen arte, “ni” baitzen, eta baita “zu” ere. Eta, gaur bezalako egun batean jaio zen, egun eguzkitsua hura ere. Faltan bota nuen zure berotasuna.
Umea izan baino lehenago beti egiten nuen amets umea jaioko zen egunean, erietxean agertuko zinela, eskua emango zenidala eta umea ikustean zure malkoek nireei oihartzun egingo zietela. Baina ez zen hala izan, zure eskua beharrean nire aitarena nuen alboan, eta nire malkoen oihartzuna nire amarenek egin zuten. Inongo zalantzarik gabe nire bizitzako unerik onena izan zen, baina zaila da aitortzea zure bizitzako momenturik onena tristuraz beterik dagoela. Huts egin zenidan, ez zinen agertu, ez zenuen deitu, ez zinen gogoratu. Ala bai? Benetan zure semea ez zaizu axola, ala beldurra ematen dizu seme bat duzula onartzeak? Aita zarela esan behar nuen, baina, aita biologikoki bakarrik zara. Aitak ez du abizena bakarrik ematen (zure abizena mantentzea erabaki nuen, egunen batean zu bilatzea otuko balitzaio nondik hasi jakin dezan), aita batek maitasuna, laguntza, eta beste gauza asko ematen ditu. Badakizu zer esaten dien bere lagunei? Berak, handia izatean, bere aita bezalakoa izan nahi duela, munduan zehar lanean baina bere familia ahaztu gabe. Malkoak erortzen zaizkit hori entzutean. Pena ematen dit zein engainatua bizi den. Baina historia honetan ere, Olentzeroren istorioan bezalaxe, heltzen da momentu bat non egia esan behar den. Olentzero aipatu dudanez, badakizu zein opari den urtero bere urtemugan gehien gustatzen zaiona? Bere aitak bidaltzen diona. Horretan ere engainatua... Berdin du beste inork egindakoa politagoa baldin bada, politena beti zeurea da, ez opariarengatik, baizik eta zeurea delako. Hortaz ere ez zara gogoratzen, ez diozu oparitxo bat ere egiten. Baina gaur ere zure opari bat jaso du, eta ikaragarri gustatu zaio, auto teledirijitu bat zen. Baina oraindik eman ez dioten opari bat badago, eta guztietan ilusio gehien egingo liokeena da. Zu etortzea eskatzen darama duela bi hilabete: nire urtemugarako nire aitatxo etortzea nahi dut! Emango al diozu poz hori?
Badakit kolore arrosa ez dela oso polita eskutitz baten orriarentzat, baina haurdunaldi testak kolore hori adierazi zuen, eta kolore horrek bizitza aldatu zidan, beraz, espero dut zuri ere aldatzea. Mesedez, zure semea maite baduzu eta zorioneko egin nahi baduzu, zatoz laster; espero dut gogoratzea non bizi garen, nire gurasoen etxean jarraitzen dugu.
Agurtzen da
Alazne
P.D- Aitorren argazki bat bidaltzen dizut, zuk ikusi nahi ez baduzu, agian zure gurasoek jakin nahiko dute izugarri polita den biloba bat dutela.