IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Koldo Mitxelena Literatur Saria »  2002 - 13. edizioa: saritutako lanak »  Gutuna »  Agur Axular

Agur Axular





Lierni Esnaola Aldanondo
D kategoria (12-14 urte)


1998/11/04 Donostian.


Agur Axular:


Gero eta zailagoa egiten zait orri zuri bat hartu eta hain urrun zauden horri idaztea. Gure maitasuna hiltzen ari da, gure maitasunak jada ez du hasierako indarrik, hura joan zen. Galdutakoa aurki daiteke, baina gure artekoa ez dago galdua, desagertu egin da, izateari utzi dio eta halakorik ez dago inon bilatzerik. Ez elkar ezagutu genuen hondartza, eta ez hitz goxoak elkarri belarrira esaten genizkion parke berde hura ere; ez telefonoz eta ez idatziz, ez, ezingo da gure artekoa lehen zenera itzuli. Baina, errua nori leporatu? Hain ilunabar goxoak eta aldi berean horren momentu latzak elkarrekin igaro ondoren, nork pentsa zezakeen gu biok horrela, distantziak bananduta, bukatuko genuela? Eta orain, begira, seguruenik gure azken gutuna izango den hau idazten. Zuk ez duzu errurik, ezta nik ere. Gauzak gertatu egin behar dutelako gertatzen dira, eta horren aurka ez dago ezer egiterik.

Honezkero ziur naiz koadrila berria, ohitura berriak…izango dituzula, sei hilabete ez dira errez pasatzen eta gutaz oroitu ere, ez zara oroituko. Nahiz eta zuk ukatu, nire senak zure bizitzan beste emakume bat dagoela esaten dit. Ni beti fidela izan naiz gure harremanean, zu ere bai, baina niri ez bezala, emakume lirainen atzetik joaten zitzaizkizun begiak, maite ninduzun, baina harreman askeago bat nahi izan zenuen beti, ni zuretzat lotura bat banintz bezala sentiaraztera iritsi nintzen. Alde batetik hala zen, baina nik ez zintudan galdu nahi, eta banekien bihotzaren sakon-sakonean maite ninduzula. Nik orain ere maite zaitut, asko maite ere, baina lagun on bezala, ez gehiago.

Zure lanean asko irabazten dela entzun dut eta gazte ederra zarenez gero, neskak barra-barra izango dituzu, eta zuk, maiteminduta egon ez arren, egoeraz aprobetxatu eta neskaren bat hartuko duzu zure besoetan, guztien artean lirainena, eta maite duzula sinestaraziko diozu. Baina aspertzean, beste hainbat eta hainbat bezala, bide bazterrean botata utziko duzu. Zure bizitza osoan emakume bakar bat maitatzeko gai izan zara. Ni. Baina orain, distantziak banandu egin gaitu, betiko.

Koadrilako lagunek zure helbidea eskatzen didate zurekin harremanetan jartzeko, baina ez diet orain arte eman, ezta emango ere. Gutun hau igortzean zurekin zer ikusia duten gauza guztietaz desegingo naiz, zure helbidea barne, hala zure aldetik ez dut buruhauste gehiago jasan behar izango. Zu ez saiatu niri idatzi edo deitzen. Jada ez naiz gurasoenean bizi, Iñaki eta Maiterekin baizik, ikasle pisu batean. Ez dakit gogoratuko zaren nor diren, zure, jada gure, koadrilako bi lagin on dira.

Zenbat malko isuri ote nituen zu hemendik urrundu zinenean! Jakin izan banu etorkizunak hau ekarriko zigula, ez nukeen horrenbeste negar eginen. Ala agian bai? Hori ez dago jakiterik. Ez horixe. Momentu honetan begiak dir-dirka ditut, eta masailean behera eskutitz honetan isuriko den tanta bat doakit. Maitasuna, sentipenak, harremanak… bizirik irauten duten bitartean, zoriontsu sentitzen gara; baina ezer ez da betiko. Gauza onak noizean behin bakarrik etortzen dira eta oharkabean joaten ; txarrak, berriz, maiz agertu eta oso-oso mantso aldentzen dira.

Orain, ahalik eta bizi aberats eta zoriontsuena opa dizut. Ni ikasketak amaitzen ari naiz eta dagoeneko jaso dut lan eskaintzaren bat edo beste, baina hori bai, nik ez dut nire Euskal Herri maitea atzean utziko, ezta lagunak eta maite ditudan pertsona guztiak ere. Egunen batean aurkitu behar izango baninduzu, ni Euskal Herrian egongo naiz, oraingo etxean ez bada, beste batean; baina nire jatorrizko aberria ez dut atzean utziko.

Gaur izebak Taroteko kartak bota dizkit, eta honela esan dit: “Pasatakoak atzean utzi behar dituzu, bizitzak aurrera dirau eta maitasunean etorkizun oparoa datorkizu.” Honek zu alde batera uzten eta pertsona berriekin erlazionatzen hastea hobe izango dudala ulertzen lagundu dit. Ziur naiz urte pare bat barru bizitzaren bideko oztopoak gainditzen ikasia izango dugula, bai zuk eta bai nik.

Esan beharrekoak esan dizkizut. Hemendik aurrera nire bihotza eta Tarota izango ditut bizitzako bidai lagun eta gidari, eta espero dut zuk ere zure bihotzari jaramon egitea. Besterik gabe, inoiz ahaztuko ez dudan lagun berezi horri nire azken agurra.



Besarkada bat. Aiora