IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   





HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Koldo Mitxelena Literatur Saria »  2002 - 13. edizioa: saritutako lanak »  Gutuna »  Inoiz bakean

Inoiz bakean




Amaia Mateos Valiente
E kategoria (14-16 urte)


Inoiz bakean atseden hartzen uzten ez didan horrentzat:


Ez dakit nola esan behar dudan. Joateko esaten dizut eta jarraika hasten zatzaizkit, nigandik urrun egoteko milatan eskatu badizut ere, zuk beste mila bider etorri zara, geroz eta gehiago hurbilduz.

Min egiten didazu eta hartutako erabakiak okerrak direla sinestarazi zenidan hamaika aldiz, baina oraingoan ez, ez nauzu nahastuko. Nire buruaz ziur nago eta egindako guztiaz damutzen ez banaiz ere, ez dut gogoratu nahi. Aurkakoa esaten badidazu ere, ez duzu nigan pentsatzen eta hau ez da zuretzat niretzat baino zailagoa zein mingarriagoa, bestela alde egingo zenuke betiko, etorri zaren tokitik itzuliko zinateke txintik ere esan gabe eta nire zorigaitzen errudun izateagatik damuturik.

Kalean noa eta zatozela nabarmentzen dut bihotza kristalezko arantzaz betetzen hasten zaidalako. Bakarrik bisita egitera zatozela xuxurlatzen didazu belarrira goxo-goxo, ni neuk soilik entzuteko (agian barrurago sartzeko zure hitzak). Eta bisita luzatu egiten da egunak udan luzatzen diren antzera, amaigaberaino. Orduan, betiko kontuak hasten dira eta dudatan jartzen nauzu zure trikimailuekin nire erabakiak gutxiesten.

Ongi baino hobeto eta inork baino sakonago ezagutzen nauzu eta baduzu nire akats larrienen berri, denboraren poderioz zuzentzen ikasi baditut ere, hauetaz gogoratzea ez zait eroso egiten. Baina ni baino azkarragoa zara, nire ekintzei aurreratzea lortzen duzu behin eta berriz, eta jaiotzetik, eguzki-izpiak lehen aldiz nire begiak ireki zituenetik, heriotza nire bila etortzen den arte, bere iluntasunak betirako bista itsutzen didan arte (edo agian gehiagoz, ilargi argiaren goxotasun infinituan ezkutatuz ere), izango dudan akats mingarrienaz baliatzen zara eta, deabru bilakatuz, arima bakean utzi gabe, zauritzen nauzu barreneko erraietatik zabaltzen zoazen heinean.

Benetan ez dakidala zer egin edo zer esan nire baitan zure arrastorik ez uzteko. Adiskideei laguntza eskatu diet, baina irtenbideak eman ordez, nitaz, nire egoeraz, errukitu dira, badakitelako zure presentzia nire alde ezkutuek erregutzen dutela, nire desioen isla besterik ez dela. Horregatik gutun hau idazten dizut Oroimen, behin betiko bakarrik utz nazazun. Nigan ohikoa ez bada ere, ezin dizut aurpegira esan joateko, alde egiteko betirako Infernuetara, ez baitakit zer egin.

Gertatu dena, egin nuena, bururatutako ekintzak... askatu eta neguko haize grisak eramatea utziko bazenitu, nire bihotza mintzen duten kateen askapenerako giltza emango zenidake, behin betiko ahaztuz; nire pentsamenduak eraman beharko zenituzke, ibaiak bere ur gezak oroimen galduen itsaso garratzera galtzeko eramaten dituen antzera. Bertan egon behar lukete, nigandik ahal den urrunen.

Noizbait, itsaso horren olatuek nire bihotzeko hondartzen harea laztanduko lukete, lehen musu gozoa, azken ezkututako laztana edo hainbeste oroitzen ditudan bere ezpain beroen ukipenak sorrarazitako sentimendua, hartu dudan erabaki zorrotz batengatik aspaldikoak iruditzen zaizkidanak, ekar zenizkidakeen, beraiekin jolasteko ume alai eta axolagabe baten modura. Horiek nire bizitzan gertatutako ekintza konpartituak direlako, ez ni neronek denborak ito baino lehen eta honek dakarren presioarekin hartutako erabakiak.

Badakizu hartu berri dudan erabaki hau oso zaila egin zaidala hartzen, baina egina dago eta ez diot barkamena eskatuko, ez naiz berarekin itzuliko eta ez diot maitasun gatazka honi buelta gehiago emango, nire oinazea handitu nahi ez dudalako. Gainera, horretarako, oker ez banago, zu zaude.

Izan ere, ongi dakizu bide bakar bat hartzea gorroto dudala, beste hainbat bideren ateak ixten dizkidalako, atzera bueltatzeko bidea ikusteko gai ez naizelako eta honek barrena erretzen didalako. Besterik ez dizut eskatzen joatea baino, nire izenaz ahaztea, nor naizen ez oroitzea eta egin ditudan gauzen ondorioak ezberdinak izango zirela beste erabaki bat hartu izan banu bezalako pentsamenduak poltsa batean sartu eta su emaiozu, bertan erre daitezen nire arima gaixotu duten deabruak.

Besterik gabe, agur esan behar dizut, espero betirako, kasu egingo didazun esperantzak besterik janzten nauelarik eta esker onekoa naizenez eta eskatutakoa beteko duzun ilusioa besterik ez dudala, dudatan jartze hori zakarrontzira botako dut atzera begiratu gabe, nahi duzuna zugatik egingo dut baldin eta behin betiko joaten bazara, ados?

Zuri buruzko berriak jasoko ez ditudan eta zorte pixka batekin nor izan zaren ahaztuko dudan esperantzaz,


ZURE ESKLABU IZANDAKO BAT