ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO


Gaitzaren hedapena





Saioa Rezabal Arozena
F kategoria (16-18 urte)


Ene lagun maiteari hitz bi:


Denbora luzea daramagu elkar ikusi gabe, orain bi urte Gran Hermano deituriko telesail hura (hala deitu badaiteke behintzat) agertu zen udaberriaz geroztik, hain zuzen ere. Lerro hauek irakurtzean asko izango dira zure kaskezurrean biraka ibiliko diren pentsamenduak, eta aitortu beharra daukat ni neu ere harritu egin naizela zuri idazteko erabakia hartu izanarekin.

Bai, badakit, beharbada ez nuen zuzen jokatu eta ez zen jokaera ulerterraza izan... baliteke, baina nire hobe beharrez egin nuen, benetan diotsut. Ez nizun inongo argibiderik eskaini. Martxoaren azken aldea zen, ongi dut gordea nire buruan, orduantxe utzi zintudan, orduan eten nuen urteetan zehar sendotutako laguntasun estua, aulkitik altxa eta egongelako atea zeharkatu nuen une hartan bertan.

Hala ere ezin esan dezaket zure berri ez dudanik, izan ere semea dut berri igorle sutsu eta fidelen. Bere begi inozenteek garai batean ni neu nintzenaren adierazle dira, orain 20 urte gordetzen nizun errespetu eta mirespena suma baitezaket euretan. Berari entzuna diot une gozoa bizitzen ari zarela, emazteak, ordea, ez dio gauza bera.

Gaztetan zenuen aurpegiko distira, bizitasuna azken finean, galdua omen duzu azken boladan. Gaixo zaude, ahul, indarra galduz zoaz, baina ez duzu egoera onartzen ez eta pairatzen ari zaren gaitzaren aurkako neurririk hartzen ere. Zu zeu ari zara, lagun maitea, zeure hilobia aitzurtzen.

Gogoan al duzu gurera etorri zinen eguna? Gure aita zenak askotan kontatu izan zigun nola heldu zinen Urrestillara ni jaio baino bizpahiru hilabete lehenago. Hasiera-hasieratik utzi zenuen aita txundituta; liluraturik, zora-zora eginda zegoen atzerritarrarekin eta zoramen horrek eragin eta bultzatuta gonbidatu zintuen gurera bizitzera. Berehala izan omen zinen onartua sendian eta beste gainontzekoekin batera zeu ere hortxe omen zinen niri mundu honetara ongietorria emateko zain hilabete batzuk beranduago.

Sekula santan ez nuen zalantzan jarri gure familian zenuen tokia, eginkizuna, zeregina nolabait esateko. Gaztea izaki, familiako partaide bakoitzak bere betebeharra zuela pentsatzearen aldekoa nintzen. Honela, nire anaia zaharrena beti ikusi izan nuen jarraitu beharreko eredu modura. Arrebak, ni baino gazteagoa izaki, neba helduaren papera betetzeko aukera luzatu zidan eta honekin batera adarra jotzeko artea ere garatu ahal izan nuen. Bestetik gurasoak bata bestearekiko osagarri ziren bi irakasle izan ditut: amak Jainkoaren hitza maitatzen erakutsi zidan eta aitak, berriz, esana egiten.

Zu gure ipuin kontalaria zinen. Arras harrigarriak ziren istorioak ehotzeko gai zinen. Eguneroko hizketa gai izaten genituen zurekin abentura, misterioa eta komedia; eta berba egiteko gaitasun paregabe hark, zenuen erraztasunak, askotan lortu izan zuen sendi osoa zeure inguruan biltzea.Politika, historia edota zientziak jakiteko grina baneukan, zuk dena zenekien.

Iraganaren berri zenuen, oraina ulertzeko gai zinen eta bazirudien hein handi batean etorkizunari antzemateko gai zinela. Marrazten zenituen koadroek bizia bera bezain errealak ziruditen eta beraiekin askotan egin nuen barre, baina baita malko ugari isuri ere.Lagun bat bezalakoxea zinen denontzat. Zuk eraman ninduzun Errege Kopako final bat ikustera lehen aldiz eta zuk piztu zenuen gugan filmak ikusteko desira.

Hizlari amorratua zinen eta aitari axola ez zitzaion arren, amak behin baino gehiagotan alde egin zuen bere gelara errezatzera. Neure buruari galdetzen diot ea noizbait errezatu ote zuen zuk alde egin zenezan.

Gurean aita zen agintari baina zuk ez zenituen, hala ere, berak ezarritako hainbat arau errespetatzen. Biraoak ez ziren onartzen baina zuk gure belarriak erretzen zituzten hitzak erabili ohi zenituen eta nik dakidala behintzat, inoiz ez zizun inork aurre egin. Alkoholdun edariak debekatuak zeuden etxean baina zuk hala ere garagardoa bezalako edariak eskaini zenizkigun pizgarri modura. Zigarroak erakargarri eta gustagarri bilakatzen zenituen eta sexuaz askatasun osoz jarduten zinen eta orain, jakin badakit, zuk eragindakoak izan zirela gizon eta emakumeen arteko harremanen inguruan nituen kontzeptu goiztiarrak.

Arazo pertsonal edota gaixotasunei buruz hasi zinen hitz egiten, zure jarduna entzuten egon zitezkeen belarri finak kontutan hartu gabe.

Atzera begirada bat botatzen dudan bakoitzean Jainkoari eskerrak ematen dizkiot nigan gehiago eragin ez izanagatik. Behin eta berriro agertzen zenuen gurasoek erakutsitako baloreen aurkako jarrera eta hala eta guztiz ere ez ziren asko izan errieta egin zizuten egunak; eta inoiz ez zizuten alde egiteko eskatu.

Hogeita hamar bat urte igaro dira Ibai Eder errekak bustitako lurretara iritsi zinenetik eta gure aita zena duela bi urte joan bazitzaigun ere, esan liteke hasiera bateko zirrara hura galdua zuela gizajoak . Aspaldian ez naiz baserrira hurbildu baina hantxe omen zaude sukaldeko txoko batean, su ondoan eserita zure kontuak entzungo dituen eta zure margolanak mirestuko dituen norbait etorri zain. Jendea gerturatu gerturatzen zaizu, ez dut hori ukatuko, begi bistakoa baita; baina gaitza barren-barreneraino hedatua duzu dagoeneko eta hilzorian zaude. Beraz, aski argi dago harremana eten izana zure gaixotasunak eragin duela, izan ere, gaixotasun kutsakorra baita zurea.

Gehiago luzatu gabe eman nahiko nioke amaiera gutunari baina ez aldez aurretik zure osasunak hobera egin dezan desiratu gabe, ez baita gaurik zugan pentsatzen ez dudanik, ene telebista maitea.


Arraitasunez,
Ikusle ohi bat.