ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO


Noraezean




Noraezean

Maitane Diez Urruzola
Ipuina. C kategoria (10-12 urte)



Udako egun hori besteak bezain aspergarria izango dela ematen du. Goizero bezala lo geratu zara eta ahizpa Norak etorri behar izan du zeure gorputzera itsatsiak ziruditen maindire haiek gainetik kentzera. Berak zu baino bi urte gehiago ditu, hau da, 17. Ilea ikatza baino ere beltzagoa dauka eta begiak etxe inguruko mendi altuetako belarrarena bezain berde eta distiratsua; herriko mutil guztiak lerdea dariela dauzka berarekin irten nahian. Zuk, Ederik, aldiz, ilea horixka kolorekoa daukazu, amonak esaten zuen lez, Eguzkiaren kolore berdinekoa. Begiak ere, ahizparen antzera, berdeak dituzu, baina ez berauetan agertzen den zelai zabal horren tankerakoak.

Biek logela berean egiten duzue lo, eta hori alde batetik nahiko gogaikarria da zuretzat, gauero bere bizitzako istorio guztiak kontatzen baitizkizu, atsegin ala ez. Dagoeneko hamaika entzunak dituzu, bakoitza bere kontatzeko era xelebrearekin. Noizbehinka, hauetakoren bat interesatzen zitzaizunean, gau osoa eman zenezaketen hitz eta pitz, amak gelako atea isiltasun handiz ireki eta ordurako hontzak ere lotan zeudela esaten zuen arte, bere ezpainetatik irribarre goxo bat atereaz. Kasu egitea beste erremediorik ez zitzaizuen geratzen, eta askotan istorioen amaiera, batzuetan jakitea desiratu zenuen hura, jakin gabe geratu behar izaten zenuen.

Herri osoak esaten duenez, bi ahizpak amaren ispilu zarete eta hitz horiek belarrietatik sartzean, pozez betetzen da zure gorputz hori. Ama, gaztetan, inoiz ikusi duzun emakumerik ederrena iruditzen zaizu eta ez duzu sekula ulertu, eta sekula jakingo ere, nola sar litekeen gorputz txiki hartan, egunero islatzen zuen poza eta maite zuen jendearekiko adeitasun hura. Beti jakin izan du nola hitz egin behar zuen pertsona bakoitzarekin; nahiz eta bere bizitzako momenturik latzena igaro, alaitzeko modu bat edo beste aurkitzen du.

Aita, aldiz, gizon hotz eta nahiko gogorra da. Bere sentimendu guztiak kartzela batean preso daudela dirudi eta ez daukala haiek bertatik irteten uzteko inolako asmorik. Loteria egokituko balitzaio ere, ziur zaude ez lukeela bere poza aditzera emango. Amak orain dela gutxi kontatu zizuenez, ezagutu zuenean ez zen horrelakoa, gazte maitekor eta bere barneko sentimenduak libreki erakusten zituena baizik. Zu jaio eta denbora gutxira, aita zendu zitzaion, bihotzeko gaixotasun kroniko batek eraginda, eta horrek itsasoko kobazulorik sakon eta ezkutuenean barneratu zuen.

Tira, hasitakoarekin jarraituz. Ahizpa zu esnatzen saiatu da eta hori lortu eta berehala, handik 15 minutu inguru, biok gosaltzera joan zarete. Amak, egunero bezala, ekarriak ditu okindegitik, labetik atera berriak ogiak eta baita opilak ere. Berehala amaitu duzue gosaria eta berriz gelara igo zarete janztera, gero kalera lagunekin irteteko asmoz. Nahiz eta ahizpa zu baino zaharragoa izan, herri txikia da eta biak elkarrekin irten ohi zarete.

Koadrila, beti bezala, herriko enparantzan dago zain. Eguneroko ohiturekin jarraitzeko asmoz edo, zuek biok izan zarete azkenak bertara heltzen eta betiko erretolika entzun behar izan duzue, errua beti ere zuk jaso behar izaten duzularik, zu zeu izan baitzara hartzen antzera lo geratu dena. Liskarrak alde batera utzita, betiko ibilalditxoa egitera joan zarete herri osoko kaleak mutur batetik bestera zeharkatuz eta zuen ahots-kordei gelditu barik eraginez. Nekaturik, plazako banku zahar horietako batean eseri zarete zuen mingainak oraindik ere franko lan egitera behartuz.

Halako batean, zuek baino zaharragoa den herriko neska bat hurbildu zaizue. Bere etxean festa bat egiteko asmoa duela azaldu eta zuei ere bertan egoteko gonbidapena zabaldu dizue. Ondoren hara sartzeko sarrera itxurako batzuk jarri ditu zuen eskuetan eta joan aurretik herriko gazte gehienak bertara doazelako berria eman dizue. Gonbidapenean, bere izena, helbidea eta festaren ordua jartzen ditu. Hemendik aste betera ospatuko da, baina nahiko berandu, gaueko 00:00ak aldera edo eta ziur zaudete gurasoek ez dizuetela festa horretara joateko baimenik emango. Baina nola edo hala lortu beharra daukazue bertara joatea, herrian inoiz egin den festarik handiena izango dela pentsatzen baituzue denek ere.

Korrika joan da bakoitza bere etxerantz, gorputza zirraraz beterik, gurasoen baiezkoa eskuratzeko asmoz. Zuek ere lasterka abiatu zarete ea nor iritsiko lehenago amarengana.

Etxera oso aztoraturik sartu zarete biak eta amaren bila hasi zarete zoroen antzera, etxe osoan miatuz eta gelditu barik oihukatuz. Ama bere logelatik irten da orduan eta berak ere aztoraturik zer gertatzen den galdetu dizue. Biak batera hasi zarete hizketan eta zuen hitzek batak bestea jan behar zutela ematen zuen, gero eta intentsitate handiagoa hartzen ari baitziren. Amaitzean, amak zuen albisteaz hasieran beste zekiela adierazi dizue eta bietako batek bakarrik konta zezan jakin beharreko guztia eskatu dizue. Orduan, zeu hasi zara berriaren inguruan solasean eta istorio guztia aditzera eman diozu. Noizbehinka, zure hitzak trabatu egiten ziren zure ezpainen artetik irteteko lehian, inor baino lehenago atera izango balute bezala eta momentu horietan zure ahizpak laguntzen zizun kontaketan. Oraingo honetan amak dena ulertu duela adierazi dizue, irribarre baten bidez, eta proposamena aztertuko duela jakinarazi ondoren, ez baititu horrelako festak oso gogoko. Baina hala ere, ziur zarete baimena emango dizuela. Eta horrelaxe izan da: afalorduan, amak festa horretara joaten utziko zaituztetela iragarri dizue, baina 05:00etarako etxean egoteko baldintzapean.

Gau horretan, zirrararen zirraraz, ez duzue ia lorik egin beste egunetakoa kontrajarriz, gau hura nolako izango den zuen buru barneetan irudikatuz, nor joango zen eta nor ez, zer musika jarriko zen, janaria... eta horren ondorioz hurrengo goizean begietatik kendu ezin daitezkeen begi zuloak dituzue, hala zuk nola zure ahizpak ere. Lagunengana joan zarete albiste onaren berri lehenbailehen ematera. Beraiek ere lortu omen zuten gurasoek baimena ematea eta berriz ere festari buruz pentsatzen hasi zarete.

Hurrengo egunak inoiz baino alaiago igaro dituzu, baina inoiz baino motelagoak ere iruditu zaizkizu. Erlojuaren pilak gastatu egin direla ere pentsatu duzu behin baino gehiagotan. Baina azkenean iritsi da festaren eguna eta kirioak azterketa garaian baino dantzaldi handiagoetan murgildurik daude.

Goiz hartan ez duzu ia gosaldu eta ahizparen dastamenak ere ez zuen lan handirik izan. Gaua iristea desiratzen duzue momentu oro eta egonezinak jota, 6 ordu lehenago hasten zarete prestatzen.

Herriko kanpandorreak 23:30 jotzean, lasterka bizian atera zarete enparantzarantz, lehenengo lagunekin gelditu baitzarete, ondoren festara denok elkarrekin joan ahal izateko. Harrigarria badirudi ere, zuek izan zarete lehenak bertara iristen; baina bakardade hark oso gutxi iraun du, berehala iritsi baitira gainontzekoak. Denen aurpegietan zegoen ezinegona oso nabarmena zen eta bide osoan zehar inork ezin zuen hitzik atera bere ezpainetatik. Isiltasun hark gorputzean daramatzazuen nerbioak areagotu besterik ez ditu egin, baina jada gutxi falta da iristeko eta musikaren burrunba entzuten hasi zarete.

Ate aurrera iritsi zaretenean, inor ez da ausartu txirrina jotzen eta zuk eman behar izan duzu azkenean. Berehala ireki dute atea eta barrura sartu zarete berehala. Bertan dagoen giroa asko gustatu zaizue, eta neskak esan zizuen legez, ia herri osoko gazteak bildu dira bertan. Ezagun guztiak agurtzen ari zara eta ezagutzen ez dituzunak azkar hurbiltzen dira izenaz galdezka. Ahizpari ere mutil mordoa inguratu zaizkio ohikoa den moduan.

Hala ere, gazte talde bat begiztatu ahal izan duzu egongelako bazterretako batean. Ez zaizkizu kasta onekoak iruditu eta lapur itxura edo hartu diezu; denak jantzi beltz ilunak eta aurpegia ile luze bezain narratzez estalirik daramate gehienek. Ez dute gainontzeko guztiekin elkarrizketarik mantentzen eta beraien artean bakarrik dabiltza mintzatzen. Norari eta beste neska batzuei disimulurik gabe begiratzen ari direla ere ohartu zara. Lagunei galdetu diezu ea ezagutzen dituzten eta denen ahotik ezezko biribila jaso duzu, baina haietaz ahazteko eta giroaz goza dezazula aholkatu dizute. Zuk gomendio hura jarraitu duzu eta ez diezu kasu gehiagorik egin hurrengo orduetan. Bostak ia heltzear daude eta etxeratzeko ordua ere bai.

Izugarri ondo igaro duzu bertan, zure lagunekin berbetan eta baita lehendik beraien berri ez zenuen jende anitzekin. Ez zara gehiago izkinako mutil ez ohiko haietaz gehiago kezkatu festak iraun duen bitartean eta joan aurretik azken begirada bat eman diozu izkina hari, baina jada ez zeuden han.

Orduan zure ahizparen bila hasi zara etxe osoan zehar. Gela guztietan begiratu eta gero, ez duzu lortu ahizpa aurkitzea eta gonbidatuei galdezka hasi zara. Galdetutako guztiek ezezkoa eman dizute eta ikusi dutenek diote orain dela ordubete edo egon direla berarekin eta orduz gero ez dutela bere berri gehiagorik izan. Jadanik larritzen hasia zara eta behin eta berriro galdetzen diozu zeure buruari non sartu ote den. Ordu erdi batez aritu zara haren bila etxearen inguruan eta baita herrian zehar ere, baina ez duzu haren arrastorik izan eta etxerantz abiatu zara negarrez hasteko zorian.

Etxeko sarrerako atea gurutzatu bezain laster, ama ikusi duzu sofan eserita eta berehala altxa da zaratak entzutean. Kezkaturik zegoela esan dizu ia goizeko 06.00ak baitira eta ordu bete lehenago egon behar baitzenuten etxean. Zu, zer egin ez zenekiela, isil-isilik geratu zara ate ondoan. Bakarrik ikusi zaituenean, Noraz galdetu dizu eta ez duzu jakin nola erantzun, burura etorri zaizun gauza bakarra negarrez hasi eta ama besarkatzea izan da. Amak berriro galdetu dizu, oraingo honetan ia garrasika, ea non sartu den zure ahizpa eta negar zotinka non dagoen ez dakizula esan diozu ahal izan duzun moduan, malkoek zure hitzei irteera oztopatzen baitzieten. Ama ere negarrez hasi da une horretan zer egin edo esan ez zekiela. Aita, amaren oihuak entzutean, ohetik jaiki eta, larriturik, zer gertatu den galdetzen hasi da hau ere. Amak zugandik jakin ahal izan zuen apurra kontatu eta berehala telefonoa hartu eta larrialdi zerbitzuetara deitu du. Ez duzu aita sekula hain kezkaturik ikusi.

Polizia goizaldeko zortziak aldera iritsi da herrira eta zuen etxerantz abiatu. Atea jo eta aurkezpenak egin ondoren, Noraren argazki bat eskatu dizue eta berehala hasi zarete horren bila. Egongelan jarria zegoen hura eman diozu gizon handikote eta hotz hari. Eta, besterik gabe, beraien eskuetan dagoen guztia egingo dutela jakinarazi eta gero, etxetik irten eta hirirantz joan dira kotxe zaratatsu hartan.

Eguerdi alderako, amak herri osoari galdeturik dio jada ea norbaitek bere alaba ikusi ote duen baina erantzun guztiak berdinak izan dira; inork ez du ikusi festaz geroztik eta honek guztiak ama kobazulo ilun eta sakon batean barneratzen du.

Egunak joan eta egunak etorri, ez zegoen nire ahizparen arrasto ñimiñoenik ere. Denak saiatu dira bere bilaketetan laguntzen baina inork ez du argi-izpirik txikiena ere aurkitzen arazo handi honi irtenbidea eman ahal izateko. Poliziak ere ez du aurrerapausorik eman. Inguru guztiak miatu zituzten hiru bat aldiz behintzat, arropa zati ziztrinen bat, poltsa edota txarrenera jota, gorpua aurkitzeko asmoz.

Aita ere inoiz baino hondoratuago sumatu duzu eta tristura bere koba, ustez aurki ezina zen hartan, sartua zen barru-barruraino. Gau anitzetan entzun duzu gajoa sutondoan negarrez, zure ahizparen hutsune itzel hartan murgildurik.

Zuk ere gau ugari igaro dituzu lorik egin barik eta Morfeoren besoetara iristea lortu baduzu, ez zenituen oso amets atseginak irudikatuko buru barnean. Egunero errepikatzen dituzu zurekiko, non egongo den, zelan, norekin... bezalako hamaika galdera eta, batez ere, nork eraman ote zuen festa hartatik. Zoritxarrez, inoiz ez duzu erantzunik lortzen. Bere ohea ikusten duzu begien aurrean eta gauero kontatzen zizkizun istorio amaitu gabe haiek, bidaia motz bat egiten dute oroimenean. Ezin duzu burutik kendu gau hura, une oroz gogoratzen zara.

Bat-batean, festan zeuden mutil arraro horiek sartu dira zure pentsamendu saminetan; Norari ez zioten begirik kentzen eta beraien artean xuxurlatuz hitz egiten zuten, inork entzun ezin zezakeen zerbait izango balitz bezala. Hasieran, ideia ero eta burugabe horietako bat dela pentsatzen duzu, zure ahizpa desagertu izanari arrazoi bat aurkitzeko modu bat besterik. Baina nork jakin beraiek izan ziren ala ez, oso susmagarriak iruditzen baitzaizkizu gazte horiek.

Hurrengo goizean, esnatu bezain laster, komisariara joan zara ziztu bizian zure susmoa jakinaren gainean jartzeko asmoz. Arreta handiz aditu dute zuk esan beharreko guztia eta, amaitzean, ustezko bahitzaileak zehaztasun osoz deskribatzeko eskatu dizute. Zuk halaxe egin duzu: bakoitzaren janzkera nolakoa zen esan, aurpegiko nabardurez gogoratzen ere saiatu zara, beren jokamolde bitxiaz hitz egiten diezu eta haiek, azkenik, zure laguntza eskertu eta edozer egingo dutela zure ahizpa bizirik itzultzeko esaten dizute, lasai zaitezen edo. Halere, egoera horretan oso zaila da baretzea.

Egunak gibelean gelditu ahala, geroz eta zailagoa ikusten duzu Nora agertzea. Inoiz baino luzeagoa egiten ari zaizu denboraldi hau, denboraren hareazko erloju geldiezin horretan, minutuak, orduak, egunak, trabatu egin izan bailiran, igarotzeko behar duten bidea hertsi egin izan balute bezala. Geroz eta uzkurtasun handiagoa sentitzen duzu.

Barnetik kiskaltzen zintuen ezinegon hark ez zeukan zerikusirik festara joan baino lehenago gorputzean zeneraman harekin. Eztarrian korapilo askaezin eta gogor bat sentitzen duzu eta honek jatea bera ere galarazten dizu. Ez zara ia etxetik irteten, egun osoa zure logelan pasatzen duzu, ahizpa ate zaharkitu horretatik noiz sartuko zain, bere ahots leunarekin eguna –eta bihotza- alaitzeko asmoz. Nahiz eta ezer baino gehiago desiratu, momentu hori ez da sekula iristen. Gau ilun eta beltzena baino ere beltzagoa ikusten duzu etorkizuna eta ez duzu hau argitu dezakeen ilargi izpirik inondik ere ikusten. Egunsentian ateratzen diren eguzki printzek ez dute zure bihotzean sentitzen duzun zulo hotz eta samin hori berotzeko adina bero eta argitasun ematen.

Jadanik bi hilabete daramatzazue Noraren berririk jakin gabe eta egun batzuen buruan, eskolako klase jasangaitz eta aspergarrietara itzuli behar duzu. Honek are eta deitoragarriagoa egiten du egoera. Lagunak zu alaitzen saiatzen dira, irtenaldiak proposatuz, baina beraiek ez dute ideia zipitzik zer-nolako oinazea jasaten ari zareten, eta bakean uzteko besterik ez diezu eskatzen. Hizkuntza berean hitz egingo ez bazenu bezala da, ia egunero jarraitzen baitute sermoi berarekin, ibilaldia gora, hirira joan-etorria behera...

Biharamunean, klaseetara sartzeko ordua gertu dago eta ez duzu ohetik altxatzeko indarrik aurkitzen. Ez duzu logurarik, beti bezala Noragan jarria baituzu pentsamendu oro. Amak etorri behar izan du ohetik altxa eta eskolara joan zaitezen erregutzera, hark ere ez baitu jasaten zu modu horretan ikustea. Amari gustua emateko soilik ez bada ere, jantzi eta eskolara itzuli zara.

Etxera iristeaz batera, zure logelan sartu zara isiltasun sakonean. Ez duzu deus gehiago egin; horrekin nahikoa eta soberan baituzu. Hala igaro dituzu arratsaldeak eta gau luze amaigabeak; hurrengo goizean berriz eskolara itzuli behar izan duzun arte.

Handik astebetera, etxerantz itzultzeko bidean, zure oroitzapen galduetan zindoazen bitartean, ama ikusi duzu kaleko beste muturrean zuri garrasika. Konturatu orduko, lasterka bizian hasi zara eta ama gero eta hurbilago ikusten duzun heinean, bere aurpegiak orain dela hilabete gutxi zeraman alaitasun hura, armairuko zokorik ezkutuenetik atera duela ohartu zara. Oraindik eta azkarrago hasi zara arineketan, amaren poztasunaren arrazoiaren jakin minez beterik.

Arnasestuka iritsi zara kalearen beste aldera, eta iritsi eta berehala, amak indarrez besarkatu zaitu eta sekula entzun duzun albisterik onena eman: zure ahizpa Bartzelonako ospitale batean ei dago ingresaturik, edo oso antzekoa den neskaren bat bederen. Orain dela astebete edo aurkitu omen zuen ume batek Rosas inguruko baso batean, bere gurasoekin jolasten zebilela. Konorte barik zegoen eta aitak berehala deitu zuen eskuko telefonoz anbulantzia bat etor zedin eskatuz. Bere egoera oso larria zen eta horregatik eraman zuten Bartzelonako ospitale hartara. Jadanik etorri zaio konortea eta osasun egoera onean aurkitzen da, hasierako larritasuna gelako leihotik sartutako aireak urrun eraman duelarik.

Momentu hartan, aspaldi joana zen irribarre zabala, jada ahantzia, berriro itzuli da, hortzak guztiz agerian utziz. Eztarriko korapilo sendo hura poliki-poliki nola askatzen den ere sentitu duzu zure barnean eta lehenengo burutapena ahizpa lehenbailehen ikustea izan da. Amak, berriro ere pozez gainezka, bihar bertan joan behar duzuela argitu dizu eta berehala joan zara etxera zure maleta prestatzeko asmoz.

Etxera iritsitakoan, aita besarkatzea besterik ez duzu buruan, baina hau ustekabea!, aita izan baita zugana hurbildu eta amaigabea dirudien besarkada hunkigarria bere beso handi eta luzeekin eman dizuna. Banandu zaretenean, aitaren begi distiratsu horietatik, bere masailetan behera erortzen ziren malkoak behatu dituzu. Zuk ere orduan negarrari eman diozu, aitari irribarre gozo batek nola alde egiten dion ikusten duzun bitartean.

Une liluragarri horrek, gainontzeko guztiek bezala, bere amaiera izan du eta aitarekin momentu hori igaro ondoren, telefonoa esku artean hartu duzu dardarka eta lagunei deitu diezu albiste ona emateko. Haiek hagitz poztu dira, bai zu gurasoengatik eta baita ahizpa beragatik ere. Bihar bertan beragana zoaztena ere azaldu diezu eta oraindik eta alaiago jarri dira; zorionak eman dizkizute behin eta berriz eta, azkenerako, eskegi egin behar izan duzu maleta bete ahal izateko.

Hau prestatzen amaitu duzunerako, erlojuko orratzak gaueko ordu txikiak adierazten zituzten. Dirudienez, orain dela gutxi denboraren erloju hartan ez atzera ez aurrera zeuden harea pikor horiek aurkitu dute jarraitzeko behar duten bidea; eta gau hartan bidea ez ezik, bidezidorra ere bai.

Ilargi betea zegoen bere edertasunik handiena erakutsi nahian lainoen artetik eta ez duzu batere lorik egin, baina oraingo honetan, arrazoia askoz ere pozgarriagoa da.

Goizeko seietan kotxean sartu zarete Bartzelonarako bidean abiatzeko, eta nahiz eta ia bidaia osoan isiltasuna nagusitu, denok zaudete Nora ikustean zer egingo duzuen behin eta berriz pentsatzen, zer esan, nola jokatu...

Bidaiak bost bat ordu iraun ditu, aita azeleragailua bere indar guztiekin zanpatuz joan baita ia bidaia osoan zehar.

Hala ere, beste pentsamendu bat ere zure buruan biraka dabil gelditu ere egin gabe, zaldiko-maldiko bat izango balitz bezala: festako gazte haiek izan ote ziren Nora bahitu zutenak? Gurasoei ez zenien ezer esan bere garaian, gehiago ardura ez zitezen, baina poliziak ere ez dizu gai horretaz gehiago hitz egin. Ahizpari berari galdetzea izango dela onena pentsatu duzu eta berarekin bakarrik geratzean egingo duzun lehenengo gauza izango da, gogoratzen bada, noski, edota aurpegia ikusi badie behintzat.

Iritsi zarete ospitalera eta arrapalada batean atera zarete kotxetik. Harrera gelara joan zarete zuzenean Noraren gelaren zenbakia jakiteko asmoz. Bertan dagoen neskak bigarren solairuan dagoela esan dizue, 758. gelan. Eskaileretarantz jo eta hauek binaka igo dituzue bigarren solairura iritsi arte. Bertan berriro galdetu diozue berdez jantzitako erizain bati 758. gela zein den eta bere ate aurrean, sabelean tximeletak izango bazenitu bezala sentitu zara.

Atea ireki duzu eta denok barrurantz sartu zarete. Bertan zegoen Nora, aurpegia neguko elurra bera baino ere zuriagoa dauka eta inoiz baino argalago dago –lehen ere argal bazegoen, orain hezurra eta azala besterik ez ditu-. Hala ere, betiko irribarre hura du eta berak ere ezin izan du ekidin negarra. Indar guztiekin besarkatu duzue elkar, nahiz eta ahizpak indar gutxiago eduki momentu horietan, eta barkamena eskatu diozu festan bakarrik uzteagatik, oso errudun sentitzen baitzara gertatutakoagatik eta zeure buruari egozten diozu gertatu zen guztia. Berak, orduan, zure errua ez zela izan argitu dizu, zu hobeto senti zaitezen.

Aita eta ama ere irrikatan zeuden alabarekin hitz egiteko txanda noiz iritsiko zain. Zuk amaitzean, beraiek hasi ziren segituan alabarekin hitz egiten. Honek oso nekatuta zegoela esan die goxotasun handiarekin, baina lasai egoteko, denbora izango dutela dena kontatzeko. Orduan, beste erizain bat sartu da gelan eta pertsona bakarra egon daitekeela argitu dizue. Ea gera zaitezkeen eskatu diozu amari begietara zuzen-zuzen begiratuz, eta bertan egoteko baimena eman dizu aitzakiarik jarri gabe.

Nora berehala murgildu da ametsetan, nekearen eskuez lagunduta, eta bitartean leihorantz hurbildu zara, gaixoak sendatzeko kartzela horretatik beha zitekeen paisaia goibela ikusteko.

Bertara hurreratu zarenean, eguneroko bat edo horrelako zerbait ikusi duzu prentsa arrosako zenbait aldizkariren gainean kokaturik. Oso zaharkiturik dago, bere orrialdeek kolore horixka dute, eta zenbait lekutan zuloak eta erredurak ditu, beste hainbat zikinkeriaren artean. Orriak trakeski grapatuak zituen eta bat baino gehiago falta zirela ere ohartu zara.

Orduan, liburuxka hori zure eskuen artean hartu duzu barruan jartzen duena irakurtzeko jakin min handiarekin. Irakurtzen hasi baino lehen, zure ahizparen letra dela konturatu zara eta harriturik begiratu diezu berriz ere orrialde horituei eta ondoren ahizpari, lotan jarraitzen zuen ikusteko. Ondoren, hitzak, esaldiak, bata bestearen gibeletik irakurtzen hasten zara:

*Ez dakit nola demontre iritsi ote naizen hona, gogoratzen dudan azken gauza da festa batetik irten nintzela aire pixka bat hartzeko asmoarekin, han barruan gogaiturik bainengoen eta kanpora ateratzean, mutil batzuk hurbildu zitzaizkidala. Hasieran ez nien itxura txarrik hartu, adeitsuki agurtu baininduten eta solasaldi entretenigarri bati hasiera eman zioten; baina bat-batean, horietako batek ahoa estali zidan bere esku handi eta zikinduekin. Bere lagunetako bik hanketatik heldu zidaten eta gainontzeko biek besoetatik. Ezin nuen ezer esan ezta mugitu ere, gogor heltzen zidaten. Beldurrak airean nengoen, hezurretaraino izuturik. Gero kotxe baten barruan sartu ninduten eta honaino ekarri. Gorputzean nuen ezinegon hark, izugarrizko berotasuna sentiarazi zidan eta, azkenean, konortea galdu nuen. Esnatu naizenean, gela honen barruan aurkitu dut neure burua, ohe zikin honen gainean. Ez dakit zenbat denbora eman dudan lozorroan murgildurik, baina nahiago nuke inoiz esnatu ez banintz, amesgaizto hau ikusi beharrik ez izateko.

Gela hau oso txikia da, ohe bat besterik ez dauka, nahiko gogorra gainera, eta komuna, ez gehiago. Goseak nago eta ez da inoren ahotsik entzuten, dena isiltasunean dago. Kanpoko animaliek ere lotan dirudite eta ez da errepideko soinurik ere iristen honaino. Leiho txiki bat dago ohearen gainean baina handik ezer gutxi ikusten da. Kartzeletan egoten diren bezalako burdinazko barrak ditu leihoak, eta dirudienez, logela hau soto antzeko batean dago kokaturik.

Momentu horretantxe kotxe baten soinua entzun dut honantz gerturatzen eta hemendik oso gertu gelditu dela iruditu zait. Ahotsak ere entzuten dira; 1, 2, 3, 4, 5 ahots!!! Beldurra daukat, hurreratzen ari direla esango nuke. Nire bihotzeko taupadak gero eta azkarrago doaz, une batetik bestera gorputzetik irtengo zaidala ematen du eta sabelean sekulako hutsunea nabaritzen dut.

Orduan mutilak gelan sartu dira supituki eta hizketan hasi zaizkit ezer gertatu ez balitz bezala, hasieran zeukaten normaltasun berberarekin. Ohean esertzeko agindu didate eta elkarrizketan jarraitu dute. Nik hitz jario hori moztu diet ahal bezain laster eta ea nortzuk diren, non nagoen, zergatik... galdetu. Hasieran, isilik geratu dira baina ondoren galderak erantzunez joan dira: atzo gaueko festan zeuden mutil batzuk direla argitu didate, niri begira igaro zutela gau osoa eta ezagutzeko gogo bizia ei zuten, baina ez zitzaiela nola hurbildu bururatzen eta hau besterik ez zitzaiela otu. Ez zidaten argitu non nengoen eta berriro galdetu nien. Oraingo honetan ere ez dut erantzunik jaso.

Gero goseak nagoela esan diet eta gelatik atera dira janari bila. Atea giltzarrapo handi batez zeukaten loturik eta irtetean hau ixteaz arduratu ziren, nik alde egin ez nezan. Berehala etorri ziren jateko zerbait eskuetan zeramatela eta berriro ireki zuten altzairuzko ate garaia.

Jan ondoren bakarrik utzi naute berriz ere eta gela txiki hartan bertatik alde egiten lagunduko lidakeen zerbaiten bila hasi naiz. Gelan zegoen apal batean bilaka idatzi gabeko eguneroko baten itxurako hau aurkitu dut. Hasieran ez diot kasu zipitzik egin, baina alde egiteko ezer aurkitzen ez nuela ikustean, berriro hartu dut eta ohe azpian aurkitutako boligrafoarekin idazten hasi naiz.

Ez da ezer handirik egoten idatzi ahal izateko, egun guztiak berdinak iruditzen baitzaizkit, eta nire etsipenaz hitz egiteko, nahiago dut ezer ez idatzi.

Egunero galdetzen diet mutil nazkagarri eta gupidagabe horiei ea noiz utzi behar didaten zulo kirasdun honetatik irteten.

Asko gogoratzen naiz nire ahizpaz, baita amaz eta aitaz ere. Inoiz ez nuen pentsatuko bakardadea hain zorigaiztokoa eta ahulgarria izan zitekeenik, barneko indar guztiak agortzen ari baitzaizkit. Ez dut sekula hau bezalako momentu txarrik igaro, familiagandik auskalo zenbat kilometrotara, baina agian uste baino gertuago nago. Berdin da, nire bihotzetik Lurra Eguzkitik bezain urruti sentitzen ditut nik nire familiako kide guztiak; eta Lurrak Eguzkiaren argi-izpiak bizitzeko behar dituen bezala, nik familiaren berotasun hori sentitu behar dut nire bihotzak taupadaka jarrai dezan.

Jada ez dakit zenbat egun igaro ditudan hemen barruan sarturik, hilabete inguru edo, eta gero eta zulo handiagoa sentitzen dut nire barnean. Gero eta itxura txarragoa dut, aurpegi zurbila, gorputz iharra... ezin dut horrela jarraitu. Gero eta janari gutxiago eta gero eta txarragoa ekartzen didate bihozgabe hauek. Nire indarrak agortzen ari dira eta horrela denbora asko egon behar badut, ez dut uste ez nire gorputzak ezta nire bihotzak, nekearen, gosearen, bakardadearen... pisua jasateko gai izango diren.

Ez da une bakar bat ere igarotzen nire familian pentsatu gabe, zer egiten ariko ote diren momentu honetantxe, ea nitaz kezkatuta egongo ote diren... Behin eta berriro erregutzen diet bahitzaileei aske utz nazaten, ez dutela ni bezalako zama baten beharra. Noizbait kasu egingo didaten alde errezatzen dut gauero, eta beti esan dut nik erlijio kontuetan ez dudala sinesmen izpirik ere. Baina zerbaiti eutsi beharra zegoen.

Burura etortzen zaidan guztia idazten dut, denbora azkarrago pasa dadin, baina dortoka baino mantsoago doala iruditzen zait.

Hemendik ateratzen naizenean egingo dudan bigarren gauza komisariara joatea izango da basapizti hauei behar duten eskarmentua emateko; lehenengo egingo dudan gauza, argi eta garbi, nire senitartekoengana joatea izango baita.

Bi hilabete igaro direla errango nuke, nahiz eta jada denboraren norabidea erabat galdurik eduki, baina gero eta beltzagoa ikusten dut nire etorkizuna, eta ni hemendik ateratzearen esperantzaren sugarra gero eta txikiagoa da, itzaliz doa poliki-poliki.

Ezin nuen egoera hori denbora gehiagoz jasan; nire burutik ez zen handik atera nintzakeen ideiarik igarotzen, eta egoera hark ez zuen askorik laguntzen.

Bat-batean, ideia bat otu zitzaidan: komuneko horman zintzilik zegoen ispilua apurtuko nuen, eta bahitzaileetako bat sartzean, ateko giltza kenduko nizkioke hemendik atera ahal izateko, kristal zatiaren laguntzaz.

Afalordua iristear zegoen eta jada banuen ispiluaren zati hura erasorako prest. Gizona sartzean, kristal zati zorrotz hura lepoan jarri nion eta giltzak emateko agindu. Berak honetaz damutuko nintzela mehatxu egin zidan, baina aldi berean giltzak nire eskuetan jarri zituen dardara izugarriaz.

Orduan, isiltasun handienarekin ibiltzen saiatu nintzen gainontzeko mutilak kontura ez zitezen.

Zorionez, dena ondo irten zitzaidan eta minutu gutxiren buruan etxearen kanpoaldean nintzen. Korrika hastean, oihuak entzun nituen etxe barnean eta zuhaitz baten atzean ezkutatu nintzen.

Gaua zenez, ezinezkoa egin zitzaien ni aurkitzea eta berehala itzuli ziren etxerantz. Orduan berriro hasi nintzen arineketan edonorantz, baina nekearen nekeaz lurrera erori nintzen eta konortea guztiz galdu nuen.

Hurrengo goizean haur bat inguratu zitzaidan eta beren familiak ekarri ninduen honaino.

Egunerokoa poltsikoan neraman eta hemen egon naizen bitartean idazten jarraitu dut kontakizuna. Orain arte. Jada guztia amaitu da eta bihar etorriko dira senitartekoak nire bila. Ezin naiz geldirik egon eta idatzi ere ezin dut gehiago idatzi. Honenbestez amaituko dut nire bizitzako pasarte hau, denborak bere arrastoak eramateko ilusioarekin.*

Hau zen egunerokoan jartzen zuen guztia. Harriturik geratu zara bertan kontatzen duena irakurtzerakoan eta esnatzean dena kontatzen diozu Norari.

Gurasoek irakurri dutenean ere zur eta lur geratu dira eta ahal bezain laster eraman diote poliziari. Honekin eta Norak bahitzaileei buruz egindako deskripzioekin, bazekiten nortzuk ziren gazte gupidagabe horiek, nik susmagarritzat jo nituen berberak ziren.

Asko kostatu zaio poliziari gazte horiek aurkitzea, baina lortu duenean, presondegian sartuko dituztela iragarri du epailean gutxienez 50 urteko espetxealdia betetzeko.

Herri guztiak sekulako harrera egin dio ahizpari eta guztion bizitzak berriz ere lehengoaren berdina izaten jarraitzen du, baina orain, gauero kontatzen dizkizun istorio horiek, arreta handiz sartzen zaizkizu belarrietatik, adituko dituzun azkenak izango bailiran.