IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Koldo Mitxelena Literatur Saria »  2002 - 13. edizioa: saritutako lanak »  Ipuina »  Hontzaren hegaldia

Hontzaren hegaldia




Hontzaren hegaldia

Jon Iraola Goiburu. Irahello
Ipuina. D kategoria (12-14 urte)



Ilargia zen nagusi gau argitsu eta fresko hartan. Izarrek inoiz baino distira indartsuagoa zeukaten eta oskarbi zegoen. Beno, tarteka-marteka hodei ñimiñoren batek argizagia estaltzen zuelako, ez zidan ongi ikusten uzten gau haren edertasuna. Nire anaia lo seko zegoen eta leihotik begiztatzen nuen hontzaren kantu indartsuek ere ez zuten bere atsedenalditik esnatzen. Ni, berriz, ikusmira horren aurrean, liluraturik nengoen.

Nahiz eta gaua izan, ederki ikusten zen nire gela osoa, ilargiaren izpi hotzek argitutakoa. Leiho zabaletik sartzen zen argi printzak zuzenki nire lan mahaiko ordenagailuaren pantailari distira aparta atxikitzen zion. Mahai horretan zeuden hainbeste buruhauste eta lan eman didaten gaztelania, matematika eta euskarako liburu eta koadernoak, bata bestearen gainean pilaturik, Aizkorri mendia baino altuagoa den dorre bat osatuz. Bazter batean nire aitona-amonen garaiko lanpara zegoen, zeharo zaharra, baina argi ugari ematen zuena. Lanpara horren argitan gauak eta gauak pasa ditut bertako ordenagailuan jolasten. Auskalo zenbat ordu “aprobetxatu” ditudan bere sekretuak argira ateratzen! Kontakizun honetan zerbait aitortu behar badut, ordenagailuaren menpe nagoela eta bere esklabo bihurtu naizela da. Baina atsegin dut. Agian futbola baino gutxiago, baina, hala ere, asko gustatzen zait.

Bertako aulkian esertzen naizen bakoitzean osabak oparitutako mapak munduan zehar bidaiatzera gonbidatzen nau. Momentu honetan dauden lurralde eta estatu guztiak irudikatzen ditu, bakoitza kolore ezberdinez. Hiriburuak kolore gorriz adierazita daude eta ibai handiak oso garbi ikusten dira. Familia utzi eta mundu honetako txoko eta bazter galduenak bisitatzeko grina askotan etortzen zitzaidan burura, baina itsulapikoan aurreztutako dirua ikusi bezain laster, bi hankak lurrean finkatu eta amets edo tentazio hori ziztu bizian deuseztatzen zitzaidan.

Horman barrena jarraituz, nire begirada argazki bikain baten aurrean geratu zen. Bertan, bi anaion aingeru aurpegi eta irribarrea atzealdean zeuden pago eta lore koloretsuen gainetik nagusitzen ziren. Iñigo eta ni, biok batera. Egiatan diotsut, ikaragarrizko argazkia zen. Horren gainean, berriz, mila liburu eta entziklopedia zeuden, apal ugariak jakinduriaz apaintzen zituztelarik. Batzuk hautsez horniturik zeuden eta hainbat urtez egon ziren egurrezko apal sendo horietan lo luze batean murgildurik; besteak, berriz, mila aldiz erabiliak eta ia-ia buruz ikasiak nituen. Horietako askok imajinazioa berpiztu zidaten abentura eta misterioekin. Inoiz pentsatu edo imajina ezinezko lurraldeak eta paisaiak aurkitu nituen, printzesa alai eta printze ausarten gaztelu eta basoz apainduak. Esan daiteke, nire bizitzako zaletasun edo hobbyak hiru direla: informatika, irakurketa eta futbola.

Azken honetaz orain arte txintik ere ez dut idatzi baina gauza asko aipa ditzaket: Adibidez, Beasain taldeko zaletu sutsua naiz, nahiz eta kostako herri batean bizi, Beasaindik oso urrun. Gelakoek eta nire lagunek erotuta nagoela uste dute, baina nire ustez bide okerretik doaz. Amak mila aldiz errepikatu didan bezala, “aldioro ibilbide berbera jarraitzen duten pertsonek, atzera pauso nabarmena egiten dute”. Futbolarenganako dudan zaletasuna aitonak itsatsia da. Bere garaian Beasaingo jokalari izandakoa zen eta gainera bertako bazkide da orain dela berrogeita hemeretzi urtez geroztik.

Nik, berriz, herriko taldean jokatzen nuen eta azkeneko urtean ligako “pitxitxi” izatera iritsi nintzen, hogeita hamaika dianekin. Talde trinkoa osatzen dugu futbolariok, eta ez ezazue uste kirolarenganako dugun grinak eta garrak bakarrik lotzen gaituenik. Guzti horren gainetik giro ona eta laguntasuna nagusitzen da eta, guk gehienok esan eta berresten dugun bezala, familia handi bat gara. Inork banandu ez gaitzakeen familia.

Nire pentsamenduek esna nindukaten. Gau horretan garrantzitsuena lo egitea zen, baina nire burua hurrengo eguneko lehian zeharo kontzentratuta zegoen eta pasatzen zen minutu bakoitzeko, partiduari buelta eta buelta gehiago ematen ari nintzaion, kaka lardaskatzen ariko banintz bezalaxe.

Ezin nuen lorik hartu. Betazalek irekita egon nahi zutela zirudien eta nire begiek gaua liluratu nahi zutela ematen zuen, lo egiteaz ahaztu balira bezala. Seguruenik hurrengo eguneko partiduak egonezina ekartzen zidan, bertan asko jokatzen bainuen. Herriko bi ikastolen arteko norgehiagoka oso garrantzitsua zen eta gainera irabazteko aukera handia izanda, esperantza eta autoestimua garagardoaren aparraren antzera gorantz joaten zitzaizkidan. Gainera irabaziko bagenu, gauza asko lortuko nituzke: daukadan golegile fama indartuko zen, ohorea herri mailan betirako konkistatuko nuen, atezainek beldur izango zidaten... eta garrantzitsuena: neska bat “poltsikoan sartzeko” aurrerapauso ikaragarria emango nuen.

Neska hura herriko lirain eta ederrena zen nire ustetan. Haren gorpuzkera bikain eta sentsualak edozein mutil erakartzeko “magia” bat zeukan. Magia arriskutsua, bere atzaparretan erorita fantasiazko lurralde batera eramaten zintuelako, bere ahots fin eta samurrak izugarri erakartzen zidan gisan. Gauza polit eta on asko esan zitezkeen berari buruz, baina txar gutxi. Nirekin betidanik izan da atsegina, bere izaera asko gustatzen zitzaidan. Oso lasaia zen, arduratsua eta nahiago zuen bakea borroka baino lehen (nahiz eta nire gelako astapotro batzuk bakezaletasunaren kontra egon). Begi marroi argiak zituen, udazkeneko orbelaren antzera. Ez pentsa konparazio hau egitean begi zimel eta zimurtuak zituela esan nahi dudanik, argi eta biziak zituela baizik. Masail gorri-gorriak zituen, sagar helduak baliran, eta horien azala baino leunagoa den aurpegia. Ilearen kolore marroixka eta horiaren arteko nahasketak zirrara handia eragiten zidan, konbinazio horrek ematen zion punttu bereziak izugarri liluratzen ninduen eta. Hain handia eta infinitua zen bere edertasuna, hain zen liraina... Ezin zitekeen hitz egokirik bilatu bere edertasuna deskribatzeko. Bai, bazegoen modu bat: gehien gustatzen zitzaidana, alegia. Neska puska hau hitz batean definitzeko bere izena aipatu beharko litzateke, izen marabiloso eta ederra, liluragarria, edertasunaren jainkosa, gaindiezina zen neska: Izarne.

Momentu batean pentsatzeari utzi nion, asko nekatuko banindu bezala. Milaka amets, beste hainbat desio... Nire burua edozein imajinaziotarako prest zegoen. Baina, dagoeneko, lo hartzeko ordua izango zen, ezta?

Ordulariari begirada bat bota bezain laster ikaragarri larritu eta kakaztu nintzen: goizeko hirurak! Ordu eta erdi nenbilen gaua begiztatu eta esna amesten! Baina, baina... hain lo gutxi eginda nolatan irabaziko nuen hurrengo eguneko lehia?

Erlojutik begirada baztertu eta jarraian azken gainbegiratua bota nion nire logelari. Bai, dena taxuz gorde eta kokatua zegoen. Hara! Esnatu ninduen hontza oraindik bere adarrean patxadaz ezarrita zegoela ikusi nuen. Zuhaitz gainean tinko, bere begi handi eta borobil-borobilak nire begirada bizi eta harrituarekin gurutzatu ziren eta gizaki arraro bat aurkitu balu bezala begiratzen ninduela iruditu zitzaidan, oraindik nire gorputz eta espresioari so baitzegoen. Bat-batean, burua jiratu eta urrutian harrapakin bat ikusi zuela iruditu zitzaidan, hegan egiteari ekin baitzion, hontzek duten modu berezi horretan: bi hegoak zabalki astinduz eta atmosfera misteriotsua utziz.

Bitartean, eta oraindik harriduratik atera gabe, ohera sartu eta lo egiten saiatu nintzen. Hiru segundo oraindik pasa ez zirelarik ametsen itsasoan murgildu nintzen, hontzaren begiradak anestesiatu banindu bezala.

Hurrengo goiza oso gogorra izan zen. Iratzargailuak jo bezain laster (egunen batean leihotik behera botako dut) komunera joan eta ispiluan nire aurpegia ikusi nuen. Negargarri nengoen. Orrazia hartu eta ile beltz lardaskatua zuzentzen saiatu nintzen, baina alferrik. Luze samarra uztea erabaki nuenetik kontrolatu ezinda nenbilen.

Partiduko poltsari errepaso bat eman orduko, zapatilak falta nituela ohartu nintzen eta hauek hartu eta poltsan sartzearekin batera, bion gosaria prestatu nuen.

Aurpegia eta eskuak ongi garbitu eta nire gurasoak oraindik ohean zeudela konturatu nintzen.

Iñigo ere ohean zegoen, gozo-gozo. Eskuekin astindu bat eman nion esna zedin, ikastolara joateko juxtu samar genbiltzala jakinik.


- Iñigo, mesedez! Altxa zaitez behingoz! Zenbat aldiz errepikatu behar dizut? Jaiki...


- Jo... Utzi bost minutu gehiago... –erantzun zidan logura aurpegiarekin.


- Ez dizut utziko ez bost minutu, ezta bat ere! Gosaldu eta ikastolara!


- Ondo da...

Anaia ohetik altxatzeko momentua beti izaten da zaila eta neketsua. Egun batzuetan ohean lo gehiago egiten uzten diot eta horren ondorioak desesperagarriak izaten ziren.

Egunero biok batera gosaltzen genuen eta ikastolara joateko momentuan esnatzen ziren nire gurasoak. Aita zen bietatik alfer eta gogaikarriena. Kamioiak gidatzen lan egiten zuen eta egun hauetan jai eman zioten, ia bi urtez jarraian Espainiako eta Euskal Herriko bide, errepide eta abar ia-ia geldialdirik gabe igaro ondoren. Ama berriz irakaslea nuen eta azken aldi horretan baja hartuta zebilen, depresio eta estresaren ondorioz. Historiako klaseak herriko beste ikastolan ematen zituen eta talde “punk” eta borrokalari bat tokatu zitzaionetik ikastolatik urrun egon nahi zuen. Hamazazpi urteko kankailuekin zebilen eta beste zenbait berritzailerekin. Bere esanetan, 1. batxilerreko talde hori jasangaitza eta oso gogorra zen. Gainera, bere klasea katxondeoan hartzen omen zuten eta horrela ezin zuela jarraitu zioen.

Biak berandu samar altxatzen ziren eta aita, erosketak egin ondoren, tabernan sartzen zen bere lagunekin eguerdiko ordu biak jo arte. Amak, berriz, erosketak ordenatu eta bazkaria prestatzeari ekiten zion. Bukatzen zuenean bere lagun eta bizilagunekin biltzen zen, kafetxo bat hartu eta atsedenik gabe auzoan barrena txutxumutxu eta esamesak zabaltzen, horretarako prestatutako makinak balira bezala.

Iñigo jantzi bezain laster motxila hartu, etxeko giltzak poltsikoan sartu, orain duela minutu gutxi esna zeuden gurasoei hamar bat muxu gozo eman eta anaiok eskaileren iluntasunean amaren begi bistatik aldendu ginen.

Seigarren pisutik dagoeneko lau jaitsita genituenean, “A” hizkia zuen ate marroia begiztatu eta bertako txirrina atsedenik gabe jo nuen, nire lagunaren amak burua ate ondotik azaldu zuen arte. Begirada lausoa zuen eta zirudienez gau osoa esna pasa zuen. Oso ile hori tindatu luzea eta hainbat operazioren ondorioz aurpegiko azala erabat leundu eta lisatuta zeukan. Bere aurrealde eta atzealde bikainak eta gorputz lirain eta argalak kirurgilari plastikoa eta bera ia-ia lagun minak zirela adierazten zidaten. Bere semea ere perfekzioaren pertsonifikazioa izatea nahi zuela zirudien, klaseko nota bikainenak atereaz, futbolean ongi jokatuz, kanpoko itxura bikaina edukiz eta abar. Baina gauza horiek guztiak alde batera utzita bere seme Xabi gehiago “mimatu” beharko luke.

Badirudi orain dela bi urtetatik hona herritarrek inbidiaz ikusten dutela familia hau, daukaten botere ekonomikoarengatik eta aitaren postu goraipatuarengatik. Baina alkatearen aurka ez neukan ezer, alderantziz baizik: oso pertsona jator eta eskuzabala zen eta herriari on handia egiten ari zen.

Gaur arratsaldeko partidurako behar-beharrezkoa zen gure atezaina. Xabi arduratuko zen beste ikastolako aurrelariek golik sar ez zezaten. Futbolari bikaina zen eta nirekin batera jokatzen zuen herriko taldean. Oraingoan, gure ikastolaren atea zaintzea tokatzen zitzaion eta niri aurkarien sarea zulatzea. Beraz, egun honetan Xabi oso garrantzitsua zen eta sasoi onean esna zedin nahi nuen.


- Zer, pareja; Xabiren zain? –galdetu zigun bere amak.


- Ai, Maribel, jeinua dirudizu: beti gure ideiak asmatzen dituzu –erantzun zion Iñigok, mesprezu kutsu batekin.


- Nabari da ikastolara gogo gutxirekin zoaztela –esan zigun.


- Nola dakizu? –itaundu nion Sherlock Homesen antzera.


- Aurpegian nabaritzen zaizue.


- Aaaa... –ihardetsi genion biok batera, koruan kantatuko bagenu bezala.

Bat-batean, gure elkarrizketa Xabiren oihu batek moztu zuen.


- Banoa! Itxaron pixka bat!


- Azkar Xabier. Orraztu al du ilea? Motxilan liburu guztiak al daramatzazu? Zorroa ere sartu duzu? Badakizu eguerdian bazkaltzera etxera etorriko zarela. Ongi al zaude? Musua garbitu al duzu? –galderen inbasioa zirudien. Geratu gabe ari zen Maribel, jo eta txiki bere semea itaunketa horrekin zapaldu nahian. Xabiren ahots nekatuak bakarrik geldiarazi zituen euria bezala jausten ziren galdera horiek.


- Bai ama... –erantzun zion Xabik.


- Ongi da.


- Agur, eta ongi pasa! –esan zigun Maribelek bigarren pisuko balkoitik agurka ari zitzaigula- eta asko ikasi!

Ikastolarako bidean hirurok isil-isilik joan ginen. Mingainari lana eman nahi nion, baina ez nintzen isiltasuna apurtzen ausartzen. Iñigo, berriz, bere gauzetan pentsatzen ari zen, hausnarketa sakonetan murgildurik zebilen. Banekien hitz egiteko irrikatan zegoela, zerbait ezkutatzen zuen.

Aurretik pentsatu bezala, isiltasunak gutxi iraun zuen eta bat-batean, Iñigok izotza hautsi eta hitz egiten hasi zen.


- Badakit gaur arratsaldeko partidua oso garrantzitsua dela. Irabazteko aukerarik ba al duzue?


- Noski baietz! –erantzun nion oso ziur.


- A, hain ziur baldin bazaudete... Zergatik egon zarete biok gauean esna? Zerbait gordetzeko al daukazue?


- Eta zuk nola dakizu esna egon garela! –ihardetsi genion biok haserretuta.


- Ez al duzue ispilua begiratu? Niri behintzat horrelako itxurarekin esnatzeak beldurra emango lidake. Zuei ez?


- Beno... –hasi zen Xabi– ni kezkatu samarra nago partiduarekin. Galtzen badugu, hurrengo urtera arte itxaron beharko dugu. Gainera datorren urtean talde hobea izango dutenez oso zaila izango zaigu garaitzea. Baina aurten... aukerak handiak dira eta irabazteko gai garela jakinda, huts egiteak ez liguke onik egingo...


- Arrazoi duzu, Xabi –jarraitu nuen nik– Ugariak dira irabazteko aukera edo ahalbideak, eta ezin dugu huts egin. Irabaztera joango gara!


- Bai, horixe! Gora Ikasbideta ikastola!


- GORA! –oihu egin genuen hirurok. Emozioak gure bihotzak gailendu eta ikastolako bidea asko erraztu zigun. Horrela, hosto berdeko zuhaitz ederren artean paseatuz, ikastolaraino salto eta barrezka joan ginen.

Bertara iritsi bezain laster nire lagun Ugaitz, Unai, Egoitz eta Aitorrekin elkartu ginen eta eguneko elkarrizketa gai bakarra arratsaldeko dema zen: gure neskak etorriko ziren, denok moralki ongi egongo ginen... Dena zen zoriontasun; denok zoriontsu. Gaur gauean lo lasai egingo nuela espero nuen.

Eta horrela egon ginen, denok alai, txirrinaren hotsak ikastolarako bidea adierazi zigun arte. Lehenengo orduan matematikako klase zail eta neketsua geneukan. Gure gurasoen ehorzketara gindoazela zirudien: mutil guztiok geunden burumakur. Klaserainoko eskailerak igotzeak ere neke handia ematen zigun. Agian gure motxiletan genuen liburu pilagatik izango zen, agian buruak gehiegi pisatzen zigulako edo seguruenik matematikako klaseak gorputza zeharo txikiarazten zigulako.

Nire lagunak eta ni klasera sartzerako, Margari arbelari begira tente zegoen, azalpen garrantzitsu horietako bat ematen, klerarekin x eta y-ak idazten zituen bitartean. Gu isil-isilik eta ikusiko ez bagintu bezala gure aulkietan eseri, axota eta arkatzez betetako zorroa atera, matematikako koaderno eta liburuak mahaian irekita utzi eta Margariren hitzak atentzioz entzuten hasi ginen berak buelta eman zuen arte.


- Beno, ulertuko zenuten, ezta?


- Baai –erantzun genion.


- Gauza bat esan behar dizuet: ordua bukatu eta gero Ugaitz, Unai, Xabier, Egoitz, Josu eta Aitor nirekin hitz egitera etorriko dira. Ongi iruditzen zaizue, ezta?


- Bai, andereño –ihardetsi genion gogo gutxiz.

Kaka! Berriz ere orduz kanpo harrapatu ninduten!! Bere hitzaldi horietako bat entzun beharko nuen! Ez zegoen eskubiderik!

Andereño honen klaseak gogorrak eta gogaikarriak izaten ziren. Beti lanean, ariketak egiten jo eta txiki, ikasleak erabat ito nahi balitu bezala. Orain ematen ari ginen gaia “ekuazioena” zen. Niri asko gustatzen zitzaidan, baina Margarik zeharo pisutsua egiten zidan ordu osoa. Momentu haietan buruketa luze bat ari ginen egiten eta ni trabatuta nengoen problemaren erdian, hainbeste X eta Y-k oztopatuko banindute bezala.

Hura zuzendu bezain laster arbelean beste ekuazio luze bat idatzi zigun. Kopiatze hutsak izugarrizko esfortzua zekarren eta goiz horretan neukan eskumutur loak nire lana bikoiztu egiten zuen, azkenik kalbario bihurtu arte.

Pixka bat lasaitzearren leihotik kanpora begiratu bat bota nuen, bertako zuhaitz eta belar berdeek nire estresa lasaituko zuten esperantzarekin. Bertako animalia eta txoriak begiztatzean, berezi batekin egin nuen topo: hontz marroia. Aurreko gauean ikusi nuen berbera. Nire harridura izugarria zen, hontzak gauean bakarrik ibil zitezkeela uste bainuen. Bere begi handi borobil-borobilek eta lumaje bizi bezain erakargarriak aurreko egunean bisita egin zidana zela egiaztatzen zidaten. Biok gurutzatutako begiradek elkarren arteko gerla ezohizko bat zeukatela zirudien, ea zein lehenago erretiratu. Oraingoan, eta minutu batzuk igaro ondoren, bera izan zen garaile, nekearen nekez begiak beste norabide baterantz biratu behar izan nituelako. Berriz ere hontza zegoen adarrera begiratzean, hostoak besterik ez nituen ikusi, haizearekin jolasten zebiltzan hosto berdeak.

Berriro ere arbelera itzuli nituen nire begi berdeak, eta ekuazioa kopiatzen jarraitu nuen. Segundu gutxitara, sentsazio arraro eta berri batek nire gorputza inbaditu zuen. Kleraz idatzitako ekuazioa behe-laino artean bezala ikusten nuen, oso gaizki. Begiak lausotu egin zitzaizkidan eta pixkanaka-pixkanaka ixten joan ziren betazalak, indar ezezagun batek aginduta.


- Josu, esna zaitez! –xuxurlatu zidan nire ondoan zegoen Aitorrek- Esnatuuuu! –errepikatu zidan. Baina ni lozorroan nengoen, lasai-lasai.


- Josu jauna! –hasi zen Margari– Gaur ez al duzu lorik egin, ala? –bat-batean, eta salto handi batez, zutik eta tente jarri nintzen, soldaduskan banengo bezala.


- E, e? A, a! Bai, bai. Beno, ez –zeharo galduta nenbilen. Lozorrotik atera ondorengo minutua oso gogorra egin zitzaidan eta ez nekien ongi non nengoen eta zer ari nintzen egiten.


- Hara! Orain ez tuntun plantarik egin, e? Ni zuk uste baino argiagoa bainaiz! –gaizki esnatu banintzen, orain atso horren erretolika entzun beharrak geroz eta okerrago sentiarazten ninduen. Baina ez ezazue pentsa bere hitzaldia minutu batekoa izan zenik! Ez horixe! Ordua bukatu arte bere bizitzako desgrazia guztiak kontatu zizkigun, lagun bati lo egotearren pasa zitzaizkion ezbeharrak azaldu zizkigun, eta abar. Hura bai goiz ederra!

Azkenik, eta ordua bukatu zenean, klase hasieran aipatutako lagunak kanpora atera gintuen. Nire loari buruzko txiste txar bat entzun ondoren, bere ezpainetatik inoiz atera zaizkion hitzik ederrenak aipatu zituen.


- Zer, gaur arratsaldean partidua duzuela badakit (beste gelako bere semeak ere jokatzen baitzuen) eta zorte ona opa dizuet. Urtero jokatu den bi ikastolen arteko partidua oso zaila izaten da, baina aurten irabaziko duzuelakoan nago, ziur.


- Zeeer? –atera zitzaigun denoi.


- Ba horixe. Zorte on eta ongi jokatu! A! Mesedez, hurrengoan klasera puntual etortzea nahi dut. Ez ahaztu gero, e?


- Bai, Margari –eta hitz horiek ahoskatzearekin batera, gelara sartu eta klase-tartean normalki egoten den desmadrean barneratu ginen.

Handik aurrerako klase eta orduak oso azkar pasa zitzaizkidan, nire pentsamenduetan murgilduta ibili bainintzen. Batez ere buruari buelta asko ematen nizkion hontz horren agerpena zela eta. Zergatik partiduaren bezperan? Eta zergatik orain klasean? Bietan bere begiradak ametsen mundura garraiatu ninduen eta azken aldian oso azkar desagertu zen nire begi-bistatik. Gainera arraroa egin zitzaidan hontz bat eguzkiaren argipean ikustea...

Horrelakoa nintzen ni. Arazo edo gauza bereziren bat aurkitzean, burua martxan jartzen nuen, eta burmuina hainbeste pentsatzeaz guztiz erre arte, temati, nire arazoan kontzentratzen nintzen, irtenbidea atera nahian.

Kanpotik begiratuta mutil arrunta ematen nuela zioten, baina barnetik ezagutu beharko nindukete esaten dutena oker dagoela ziurtatzeko. Begi berdeak, belarri normal baina adiak eta bekain iletsuak nituen. Altueraz mutil handia nintzen, txikitan jaten nituen jogurt pilaren ondorioz. Nire beso indartsu eta hanka gihartsuek enbor tente baina argal bati tinko eusten zioten. Futbola izan zen gorputz indartsu honen egile. Baloiari hamabi urtez ostikoak geratu gabe emateak ondorio bat ekarri behar zuen nahi eta nahi ez eta etekin edo fruitu hori (futbolean jokatzeko abilezia alde batera utziz) nire gorputza zen.

Izaera lasaia eta egonkorra nuen, baina hori istant batean alda zitekeen futbol partidu borrokatu eta gogorra nuenean. Aurkariren batek “marra pasako balu”, oso gaizki moldatuko zen nirekin. Norgehiagoka bat ikusi orduko konturatuko zinateketen futbol-zelai barruan neukan izaeraz. Azkenekoan, esate baterako, beste taldeko batek izugarrizko sarrera egin zidan. Epaileak falta pitatu eta gainera lurrera bota nintzela protestatzera joan zenean, sartu zitzaidan eromenak bertan txikitzea agindu zidan. Eta horrela egingo nukeen, herren egon izan ez banintz. Hurrengo jokaldian, biok baloiaren bila gindoazela eta borroka sutsu batean sartuta geundelarik, disimulu pixka batekin izugarrizko ukabilkada eman eta lurrean etzanda utzi nuen. Epaileak (eta oso zori ona eduki nuen) jokaldia aurrera jarraitzen utzi zuen, aurkaria “antzerki emanaldi bat” egiten ari zela uste zuelarik. Jokaldi horren ondorioz, eta nire erdiraketa ongi aprobetxatuz, garaipenaren gola sartu genuen, talde on eta gogor bat garaituz.

Futbol zelaietatik kanpora lasaia eta lagunkorra izaten saiatzen nintzen. Beti gustatzen zitzaidan lagunen artean giro ona egotea eta elkarren artean ahal den gehiena komunikatzea. Koadrilako lagun guztiek ile beltz luzea zeramaten eta gauza hau gure lagun-taldearen sinbolo izatera iritsi zela uste nuen. Horretaz aparte, astapotro samarrak ziren, baina halaber, maitagarriak.

Gainera, beti joaten ginen jertse beltz eta bakeroekin. Gehienetan alkoholari tragotxo bat edo beste ematen genion, baina muga pasa barik. Festetan, ordea, ia denek hartzen genuen kozkor galantarekin auzotarren beldur eragileak izaten ginen, erakusleiho bateko kristala hautsi eta bertako neska arropa jantzita atera ginenetik. Baina horrelako pasadizoak alde batera utziz, lagun talde bikain eta ona ginen.

Horrela gindoazen etxera, denok batera eta modako kanta bat kaleetan zehar biziki kantatutzen. Karrikak pasatzen genituen heinean, gero eta lagun gutxiago geratzen ginen, azkenik Xabi eta ni geratu ginen arte. Gu bizi gara ikastolatik urrutien eta etxea hain urrun edukitzeak amorrua ematen dit, beste batzuk ikastolaren parean bizi direla jakinik.

Istant batean bazkalduta nengoen eta betazalak itxi eta berriz ireki nituenean Xabi eta nire anaiarekin ikastolako bidean geunden. Ia bertara iritsiak ginen, elkarrizketa luze batean sartu ginenean.


- Zer, Xabi, arratsalderako gauza guztiak prest, ezta?


- Noski baietz. Herriko taldeko eskularruak hartu ditut, zori ona eman diezaguten.


- Hori da! Zuk zer deritzozu, Iñigo? Irabazi ala galdu egingo dugu?


- Nire ustez, eta zuen taldeko jokalariek nola jokatzen duten ikusi eta gero, oso partidu borrokatua izango dela iruditzen zait.


- Aaa... Eguerdian ikastolatik lehenago ateratzen direnetik pentsatzeko denbora gehiago daukalako izango da –esan nion Xabiri.

Eta partiduari buruzko pentsamenduetan murgildurik sartu ginen hirurok gure ikastolara, arratsaldea noiz iritsiko zain.

Bi ikasgaiak ziztu batean pasa zitzaizkidan eta bietan ez nuen denborarik izan nire burmuina ireki eta irakasleen ikasgaiak bertan sar zitezen uzteko. Burua oso lanpetua zegoen gure taldeko jokaldiak bata bestearen atzetik ongi errepasatu eta barneratzen. Genuen presioa hain zen handia, non gorputz hezkuntzan neska poxpolinek egiten zituzten mugimendu sentsualak ikusteko ere betarik ez zigun eman. Mutil guztiok geunden klasetik kanpo, alegia, beste galaxia batean barneraturik genbiltzan.

Esan bezala, bi orduak agudo igaro ziren. Ikastolatik atera bezain pronto, mutilok elkartu eta partiduari buruzko elkarrizketak izan ziren futbol zelaira iritsi bitartean gure atentzio nagusi. Zelaira iritsi eta segituan isildu ginen. Arnasa sakonki hartu eta izugarrizko heroiak bagina bezala sartu ginen aldageletara.

Futbol zelaia herriko bazter batean zegoen, abandonatuta bezala. Herriko fabrika “zerri” guztien hondakinez betetako ibaiak kirats ia jasanezin batekin hornitzen zuen zelaia. Ibaia eta zelaiaren artean autopistatik zetorren errepide bat zegoen, zubi luze batek bertatik pasatzen ziren autoak industrialdera eramaten zituelarik. Normalean bide horretatik pisu askoko kamioi handiak eta negozioren batera doan luxuzko Mercedesak tartekatzen ziren.

Zementuzko lurra zuen zelaiak eta “korner” guztiak argitzen zituzten lau foku handi. Ateko sareak egoera bikainean zeuden, orain dela bi egun udaletxeak berritu zituenetik.

Bi taldeek lehenago erabakita eta araututa bezala, ez zen gurasorik azaldu eta ikusle bakarrak gure gelakideak ziren (gehienak neskak).

Denok geunden prest. Epailea herriko taldeko entrenatzaile fisikoa zen, Ramontxu. Gurutze egin nuen, norgehiagoka guztietan egiten nuen bezalaxe eta txistua entzun bezain laster, Lagoia ikastolako mutilek baloia martxan jarri zuten. Ikusleen artera begirada azkar bat bota eta segituan begiztatu nuen Izarne, gogotsu animatzen. Egia esateko bihotza zeharo berpiztu zidan, bizipoz izugarria emanez eta gogotsu hasi nintzen baloiaren atzetik lasterka.

Aukera asko ari ginen sortzen. Gola gertu zegoela ematen zuen, baina ez genuen azkeneko pausoa lortzen. Bat-batean, baloia zuen beste taldeko jokalari betaurrekoduna begiztatu eta tximista baino azkarrago bere bila joan nintzen. Erreflexu gutxiko mutila zirudien eta ondorioz, “di-da” batean kendu nion baloia, atezainaren aurrean bakarrik geratuz. Nire bizitzako aukera zen, atezaina aurreratuta zegoen eta. Oina palanka bezala erabiliz baloia aireratu eta... Kanpora zihoan, o ez! Ez! Bat-batean beherako bidea hartu, langan jo eta... GOOOOOL!!!!!!!!!! Bai, baaai!!!!

Taldekoek saltoka eta oihuka zanpatu ninduten, bata bestearen gainean jarrita, ia ito nintzen arte. Zaletuak txaloka eta builaka entzuten nituen “piña”ren azpitik. Izugarria zen, beste edozein partidutan baino hobeto sentitzen nintzen. “Piña”tik atera bezain laster nire lagunen aurpegi alaiak ikusi eta jarraitzaileek ekarri zituzten pankartak ilusio handiz astintzeaz batera egiten zituzten oihu gogotsuak entzun nituen.

Horrela bukatu zen lehen zatia. Markagailu estu eta gogorrean pentsatzeko betarik ez zigula eman zirudien talde guztia inbaditu zuen pozak.


- E, mutilak! Lasai, oraindik ez dugu irabazi eta.


- Ugaitzek arrazoi du –hau esatearekin batera denen gainetik nabarmendu nintzen koska batera igota eta taldekoen begiradak konkistatu nituen– Badakizue partidua gogorra doala. Gol bateko diferentziaz bakarrik goaz aurretik eta buruan darabilzkigun garaipenaren ametsak guztiz borratu edo bota behar ditugu. Beti bezala lanean jarraituz eta kontzentrazio handiz, ziur nago gurea izango dela norgehiagoka.


- Hori da, Josu!


- Apa Josu! Gora Josu!

Alabantzak entzun bezain laster Ramontxu azaldu zitzaigun atsedenaldirako denbora bukatu zela esanez eta baloia jokoan jartzeko ordua zela gehituz.


- Ramontxu, Ramontxu! –hasi ziren koruan denok. “Hau ero-koadrila” pentsatu nuen nire baitan. Ez dakit nola bururatu zaidan hauekin jolastea. “Ramontxu” ozenki errepikatzen jarraitu zuten, honek buelta eman eta begirada batekin geldiarazteko agindu zien arte.

Baloia jokoan jarri genuen momentutik aurrera, kalbario bat bihurtu zen bi ikastolen arteko lehia. Nire taldekideek kontzentrazioa nonbait galdu zutela ematen zuen, eta Xabi bera ere galduta zirudien. Ez dakit galduta ala kolokatuta. Auskalo. Horren ondorioz, aurkariak gure atera inguratzen hasi ziren eta gol-aukerak bata bestearen atzetik zetozen beste ikastolakoen partetik. Nigan egonezina gero eta handiagoa zen eta nire mutilak bata bestearen artean istiluka hasiak ziren, batak gaizki defenditzen zuelako eta besteak baloi asko galtzen zituelako. Minutuak aurrera zihoazen eta markagailuak berdin jarraitzen zuen, mugitu gabe, gure taldearen joko penagarria begiztatuko balu bezala, harrituta.

Berdinketako gola jokaldi tuntun bezain inozoan sartu ziguten. Nik jokaldi ezin hobe bat egin ondoren jaurtiketa bikain bat bota nuen. Golerako bidean zihoala ikusi nuenean, ospatzeko prest jarri nintzen. Baina bat-batean, Lagoiako atezainak bere bizitzako geldiketa egin zuen: salto ikusgarria egin ondoren bi eskuekin harrapatu zuen baloia (beno, geldiketa izugarri ona izan zen, nahiz eta ondoren ia-ia zutoinaren aurka burua txikitu). Errekuperatu bezain laster, eta tximista baten modura, atezainak sake luzea atera zuen. Despistatuta harrapatu gintuen, bere kolpeari buruzko txiste txarrak egiten hasiak baikinen. Eta konturatu gabe, beste taldeko lehen mutil argiak baloia bere hanketan hartu eta jaurtiketa normal eta xume batekin Xabi gainditu zuen.

Talde osoaren hutsa zen. Bakoitzaren aurpegian ikus nezakeen harridurazko ikur bat, baita penazko ikurra ere. Orain behintzat ernatu zirela zirudien, baina beranduegi zela pentsatu nuen eta epaileari partidua bukatzeko zenbat minutu falta ziren galdetzean baieztatu nuen hori: bost minutu.

Jokaldi azkar batek erabaki zezakeen partidu latz eta gogorra. Gure defentsa bikain ari zen gola jaso ondoren eta erdilariek jokaldi ederrak egiten zituzten. Horietako batean, Aitorren pase luze bat jaso nuen. Bularrarekin kontrola egin bezain laster Ugaitzi pasa nion. Honek, “bi pareta” eginez berriro ere niri pasa zidan eta atezainaren aurrean bakarrik suertatu nintzen. Hori “ilusioa”! Nire bizitzako jaurtiketa egitera nindoanean, lurrera bota ninduen ostikada jaso nuen atzealdetik eta “juramenduak” bata bestearen atzetik esaten nituelarik, penaltya adierazten zuen epailearen txistua entzun nuen.

Une horretan, zelaitik altxa eta zuzenean ostikada eman zidan nazkagarriari zuzendu nintzaion.


- Hi, zer uste duk, gomazkoa naizela, ala?


- Utzidak bake santuan. Ez diat hire hitzik entzun nahi –eta hau gehitu zuenean joateko keinua egin zuen.


- Kabroi hutsa haiz –hori esatearekin batera, nire aurpegia berearen ondo-ondoan jarri nuen– eta kontuz ibili.


- Hik ez didak esan behar nola ibili behar dudan. Orduan, isilik.


- E! Hik gutxiago, txo. Zer, hostiaka hasi nahi al duk? E? Erantzun!


- Joan hadi popatik hartzera! –ordurako, eta hainbeste hitz ezegokien artean, Ramontxuren atentzioa erakarria genuen eta keinu bat egin zigun. Baina guk gurean jarraitzen genuen, eta ez zegoen amatik jaiotako umerik gu banatuko gintuenik.


- Emaiok, Josu! Eman indartsu!


- Hori da, ez haiz eta hutsaren hurrengo! Eman lasai! –entzuten nuen nire taldekideen ahoetatik.

Azkenean, bata besteari bultzaka hasi ginenean, epailea etorri eta banandu egin gintuen. Ondoren, eskua poltsikora eramaten zuela ikusirik izugarrizko kakalarria sartu zitzaidan. Poltsikotik txartel gorria atera zuenean bihotzak salto ikaragarria eman zidan. Lehenengo niri erakutsi zidan txartela, eta ondoren, beste taldeko inozoari.


- Lasaiago portatzen ikas dezazuen –gehitu zuen Ramontxuk.

Penagarria zen, horrelako partidua jolastu eta gero aldageletan bukatu behar izana. Baina ez nintzen aldatzera joan, eta nire bizilagun Xabiren ondora joan nintzen penalty jaurtiketa ikustera.


- Hau ez badute sartzen, hamar minutu gehiago gehituko dizkigute, ezta?


- Horrela dela uste dut. Baina errezatu dezagun Ugaitzek penaltya gol bihur dezan eta horrela ez ditugu jolastu beharko hamar minutu horiek.


- Hori izango da egin dezakegun gauzarik hoberena.

Begiratu bat bota nion atzean zegoen errepideari eta baita gure ibai eder baina kutsatuari ere. Ur gainean lasai zebiltzan arrain ustel eta hilek, gehi industriek botatako hondakin nazkagarriek, gure ibaiari usain berezia ematen zioten; ziur, beste edozein ibaik ez zeukan usaina. Ibaiak ez zeukan altuera handirik. Uraren altuera handiena erdialdean zegoen eta nire altuera edukiko zuen gutxi gorabehera: 1,80 m.

Ugaitz, tipo altu eta sendoa; herriko taldean jolasten zuen nirekin batera. Betidanik izan gara lagun onak eta batez ere futbolak elkartu gaitu. Momentu horietan pena edo inbidia ematen zidan bera botatzea zihoan penaltyaren jaurtitzailea ni ez izateak. Prest zegoen nire laguna: korrika hasi zen, jaurti eta GOOOL!!!!!!!! Barruraino! Bai! Esan zitekeen leia bukatutzat jotzen zela, Ugaitzen gol hori eta gero.

Jarraitzaile eta ikaskide guztiak Ugaitzengana joan ziren korrika, bi ikastolen arteko dema teorikoki oraindik bukatuta egon ez arren. Momentu alai hura gertaera nazkagarri batek zapuztu zuen. Izarne izan zen zelaira salto egin zuen lehena eta goleatzaileari bi musu eman zizkion. Ez dakizue nolako beherakada jasan nuen segundo batzuen bitartean. Autoestimua mugarik gabeko ur putzu batean hondoratu zitzaidan eta nire esperantza guztiak pikutara joan ziren. Hodei lirain batean nituen ametsak zerutik behera kazkabar moduan erori zitzaizkidan, oso gogor. Izarnek egin zuen mugimendu horrek (nahiz eta liraina izan) nire azkena suposatzen zuen, esperantzatik etsipenera eraman ninduen zubia ziren bi musu horiek.

Xabi eta ni ere Ugaitz zoriontzera joango ginatekeen, gure atzean pasa zen furgoneta ibaira erori ez balitz. “KRAS!” egin bezain agudo jaitsi genuen ibairako malda. Beste inor ez zen konturatu furgonetaren erorketaz, denak Ugaitz “zanpatzen” baitzeuden. Ondorioz, gu biok izan ginen istripua ikusi genuen bakarrak.

Maldan behera jaitsi eta bertan ikusi genuen furgoia, zubiaren zutabe baten aurka zanpatuta, zeharo txikituta. Kasik ez zen bereizten furgoneta bat zen ala txatartegi batetik ateratako burdin pusketa handi bat. Pixka bat ibaian murgildu behar izan genuen furgonetara iristeko eta zuzenean barrura sartzen saiatu ginen, barneko pertsonak atera zitezen laguntzeko.

Leihotik burua zakur baten antzera sartu nuenean, bi gizon ikusi nituen. Batak burua odoletan zuen eta autoaren burdin zati batek gorputza alde batetik bestera gurutzatzen zion. Hilda zegoen. Besteak oraindik bizirik zirauen nahiz eta aurpegia odolez betea, ezkerreko besoa erdi aterata eta bular aldean istripuaren ondorioz sortutako zauri luze bezain sakona eduki.

Furgoira hurbildu ginenean, ezer ez ukitzeko esan zigun, eta mesedez, bere hil-aurreko desioa bete genezan nahi zuen.


- Baina gu ez gara gai edozein desio betetzeko. Bi mutiko besterik ez gara!


- Bi gizontxo, esango nuke nik! Polizia laster etorriko da, gure bila dabil eta –erantzun zigun ahots baxu eta lazgarri batekin. Ondoren, hitz egiten jarraitu zuen.


- Beno, entzun diezadazuen nahi dut –pausaldi luze zein deseroso bat gauzatzean, mihia berriz ere dantzan jarri zuen. Hori bai, zailtasun handiz– Mesedez, har itzazue eskuan daukadan mukizapi hau eta axota hau –zirkinik egin gabe, eta ezer ukitu barik hartu nituen bi gauzak. Hauek zituzten marrazkiak harritu ninduen: benetako beltxarga zirudien bertan zegoen marrazkiak. Ondoren hegazti hau borobil gorri batek inguratzen zuen, erakargarritasuna gehituz. Aizto baten antzera, gizonaren ahotsak nire pentsamenduak moztu zituen- eta ondoren... Zu, atezain!


- Bai? –itaundu zion Xabik.


- Hartu kaxatxo hau eta gorde, mesedez. Hil zorian dagoen gizon bati zin egingo diezaiozuelakoan nago. Bitxi hau oso baliotsua da eta beste pertsona batek bakarrik daki honen izateaz eta non gordeta dagoen. Polizia ere ez da atzean geratzen, noski –orain ahots nekatu eta mingarria zeukan– ondo gorde ditzazuen espero dut, inori erakutsi gabe, zuei ere ordua iritsiko zaizue eta.


- Bai, gure hitza beteko dugu, gizon. Ez diogu inori erakutsiko. Zin egiten dizugu.

Ondoren, niri keinu antzeko bat egin zidan eta ziplo geratu zen bertan, txintik esan gabe. Xabik kaxa ireki zuenean, bertatik atera zen argi distiratsu batek itsutu egin gintuen. Begi-niniak ongi egokitu zirenean, munduko bitxirik polit eta ederrena ikusteko beta eduki genuen. Diamante itxura zuen eta txiki-txikia zen. Bitxiaren edertasun, distira eta edukiko zuen balioak harridura eta jakin min aurpegiarekin utzi gintuen bi auzokideok.


- E, Xabi. Honi buruz inortxori txintik ere ez, e? Gogoratu hildakoaren azken desioa: gorde egin behar ditugu objektu hauek, inori erakutsi gabe...


- ...gure ordua iritsi arte –jarraitu zidan.


- Hil zorian dagoen gizon baten desioa sakratua dela dio aitak. Orduan badakizu, oraingoz ahoa itxita eduki behar dugu. Ados?


- Bai, ados.


- Orain joan gaitezen beste guztiei abisatzera. Baina gogoratu: ez dugu inoiz ere hitz egin tipo hauekin. Hilda zeuden. O.K?


- O.K.


- Mugi gaitezen, inguru hauetatik txapelgorriak azaldu aurretik.

Adostu bezala, inori ez genion txintik ere esango. Aldapa ziztu bizian korrika igo genuen eta garrasika hasi ginen laguntza eskatuz. Kosta zitzaigun jende artean atentzioa erakartzea, baina azkenean ikasle, lagun, aurkari eta bertan zegoen arima guztien begiak furgoneta txikituarenganantz biratzea lortu genituen.

Bat-batean, eta sirena hotsa entzun bezain laster, jendetzak ibaitik urruntzeari ekin zion. Mundu guztia zen pasako zen beldur zen eta badaezpada ere Xabik eta nik bertatik ospa egin genuen. Oso ikaratuta geunden eta nire erresistentziari eskerrak ematen ari nintzaion, bestela dagoeneko galtzontziloak kakaz zikinduta edukiko nituen eta. Xabierren egoera ere ez zen oso desberdina eta biok larrituta egin genuen etxerako bidea.


- Hi, Xabi... Ongi egongo ote duk egin diaguna?


- Beno... Nire amak horrelako mila zeuzkak. Baina ez dituk hain argitsu eta ikusgarriak.


- Arrazoi duk. Inoiz ez nian ikusi horrelako bitxirik.


- Gure gurasoei zerbait esango al diegu? Ala gure arteko sekretua izango duk?


- Mmmm... Egokiena nire anaiari esatea izango duk. Beti zebilek misteriozko eleberriak irakurtzen eta nire ustez, zerbaitetan lagun diezaguke.


- Beno, baina hire anaia arriskutsuegia duk. Gainera oso argia. Egokia izango al da gertatu zaiguna berari kontatzea?


- Lasai motel! Konfiantzazkoa duk. Ez digu huts egingo, ziur nago.


- Ongi, baina berari bakarrik. Entzun duk, ezta?


- Bai...

Hortik aurrera, nire etxeko aterainoko bidea oso luze eta neketsua egin zitzaidan, bi karga pisutsu eraman behar nituelako: bat, nire Izarneren galtzea; eta bi, bitxiak zekarren errespontsabilitate handia.


- E, Xabi... Bitxia hik gordeko duk, ezta?


- Bai, lasai egon hadi. Hik badaezpada ere gorde hitzak ongi eman dizkian axota eta mukizapia.


- Trankil, txo! –ihardetsi nion. Ondoren, gu bion artean minutu pare bat iraun zuen isilune deseroso bat gertatu zen, Xabik izotza hautsi zuen arte.


- Josu... edozeinek aurpegia ikusiko balik, familia osoa hil zaiala pentsatuko likek. Gora animu hori motel!


- Zer, ama baino okerrago hasia al hago?


- Hi, Ugaitzi Izarnek eman dizkion bi musuek ez haute hondoratu behar, herriko itsasontzirik trinkoena izanik.


- Izarne galtzeak bizitza honetako itsasontzi gogor, handi eta trinkoena ere hautsiko likek. Esan iezadazu baietz.


- Beno... beragana sentitzen duan maitasuna oso handi eta sakona baduk, bai. Bestela ez diat uste.

Azkenean gure eraikuntzara iritsi eta elkarrengandik banandu ginen. Etxerako eskailerak ikaragarri luze eta astunak egin zitzaizkidan. Moralak tona bat pisatzen zidala zirudien eta ondorioz ezin nuen lurretik altxa. Etxeko atea ireki eta barrura sartzeko ere ez nuen adorerik izan eta eskaileretan eserita geratu nintzen, zotinka eta erdi negarrez. Burua hanka tartean jarri eta mamu baten antzera mundu honetatik desagertu nahi nuen, hori zen nire nahi bakarra momentu horretan eta inoiz baino gogorrago desio nuen.

Lagun bat behar nuen ni kontsolatzeko, mundua bertan ez zela amaitzen esateko, bizitza aurrera doala esanez animatzeko. Baina momentu horietan ez neukan inor alboan; agian nahi ez nuelako... auskalo. Bat-batean eskaileretan behera etorri zen haize bolada biziak esnatu eta berritu egin ninduen. Goitik etortzen zen freskurak nire bizkarra, burua, bihotza eta arima guztia “leundu” zidan. Gauza magikoa zirudien, inoiz sentitu ez nuen aztikeria batek nire gorputza menperatu zidan, xarma emanez, seguru setiaraziz. Sorbaldan esku bat ezarri zela sentitu nuen, lagunkiro animatu eta “Josu, eutsi goiari!” esaten zidan esku berezi bezain maitagarria. Eskua sorbaldan jarri zidan pertsona aurkitu nahian begirada sorbaldara biratu eta harriduraz bete ninduen eszena ikusi edo amestu nuen. Hontz marroia zen nire penak putzutik atera eta bizipoz bihur zitezen lagundu zidana eta bera zen berriz nire alaitasunak hegan egin zezan ahalbidetu zuen izakia. Ahal nuen esker oneko aurpegia jarri eta nire barnetik atera zen ahots edo hobeki esanda zurrumurruak “mila-esker” esan zion ahots hunkigarri batekin.

Etorri zen bezala desagertu zen hontza. Ametsetan ez nengoela ziurtatzeko atximurka egin nion nire buruari. Esna nengoela jakin eta gero, etxeko txirrina jo nuen, nire anaiari gertatutako guztia kontatzeko asmoz. Amak ireki zidan atea eta segituan hasi zen bata bestearen atzetik galderak egiten. Itaunketa hori entzuteko denborarik ez nuela esanez eta ezikusiarena eginez, Iñigorengana joan nintzen zuzenean. Hildako gizonek emandako mukizapia eta axota nire mahai gainean utzi nituen eta aulki batean eseri nintzen. Espero nuen itaunketa nik uste baino lehenago hasi zen.


- Irabazi ala galdu? –izan zen bere lehenengo galdera.


- Ez naiz orain galdera horiek erantzutera etorri, gauza garrantzitsuago bat esatera baizik.


- Jesus, motel! Edozeinek esango luke galdu duzuela. Ala ez?


- Irabazi egin dugu.


- Zenbat gol? Batere ez, ezta? Nola amaitu duzue? Zenbat gol sartu dituzue? Erantzun!


- Ez dut amarengandik ihes egin orain zuk bere “txapada” berbera konta diezadazun. Beraz, mokoa itxi eta entzun. 2-1 irabazi dugu eta gol bat sartu dut. Garaipenaren penaltya nik eragin eta falta egin didanarekin borroka batean sartu naizelako zelaitik bota egin naute. Badakizu, epaileak txartel gorria atera dit.


- Inuzentea, mutila –esan zidan– Josu, horrela jarraitzen baduzu, ez duzu lagun askorik egingo. Alderantziz, aurkariak gehituko zaizkizu!


- Beno, isilik! Begira, gauza oso garrantzitsu bat kontatuko dizut. Sinetsiko didazulakoan nago –orduan, furgonetaren istripuarena kontatu nion, axota eta mukizapia erakusten nion bitartean. Arreta handiz entzun zidan eta kontakizuna bukatu ondoren, galdera batzuk egin zizkidan.


- Orduan, Xabik du harribitxia, ezta?


- Halaxe da.


- Eta honi buruz hitzik ere ez.


- Ongi ulertzen ari zara. Oso ongi.


- Badakizu, Agatha Christi irakurtzearen ondorioak. A! Bihar Xabirekin hitz egin beharko dugu. Ikastolarako bidean gauza asko aitatu beharrean gaude. Ziur nago.

Gurasoei afaltzerakoan kontatu nizkien edukitako gorabeherak, eman zizkiguten objektuak aipatu gabe, noski. Hauek harrituta geratu ziren istripuaren gertakizunak eta betiko gisan, gertaera horri garrantzi handiagoa eman zioten nire partiduari baino.

Nekatua nengoen eta ez neukan jateko gogorik. Afaria pikutara bidaltzea erabaki nuen. Nire gurasoek ez zidaten ezer esan, alderantziz, aita nire afaria jateko prest zegoela esan eta “ri-rau” batean bukatu zuen platerean zegoen arrautza frijitua eta baita erdi jana nuen arroza ere.


- Ama, ni Interneten nabigatzera noa. Badakizu, informazio bila.


- Ongi da, baina ez asko ibili.


- Lasai.

Ohean goxo-goxo nengoela Iñigok esnatu ninduen. Zalaparta batean zebilen, dozena bat orrialde eskuan zituelarik.


- Baina, baina... zer da hau? –galdetu nion.


- Interneten informazioa aurkitu dut!


- Zeri buruz?


- Ikusi eta ikasi –orduan hamar orrialde jarri zituen nire buru gainean. Bi eskuez altxa eta irakurtzen hasi nintzen. “Lapurreta Landhaim museoan”, “Harribitxiaren desagertzea”, “Lapurrak istripu baten ondorioz hilda aurkitu dituzte, baina harribitxiaren arrastorik ez dago”, “Bilioika eurotan kotizatutako bitxiak hegan egin duela dirudi”, “Poliziak dena kontrolpean duela dio, nahiz eta ez jakin bitxia non dagoen” ...


- Zer, harrituta al zaude? –itaundu zidan.


- Ez, espero nuen eta. Orain, utzi lo egiten, mesedez. Bihar hitz egingo dugu.


- Nahi duzun bezala.

Ohera sartu eta ume txikitxoen antzera egin nuen lo: gozo eta sakon, ametsik gabe. Goizean harritu egin nintzen nire anaiak esnatu izanaz. Oso goiz jaiki zela adierazi zidan eta informazio gehiago aurkitu zuela. Dagoeneko gosalduta omen zegoen eta mugitzeko oihukatu zidan. Momentu horretan anaiarik zaharrena bera zela zirudien eta ni txikiena. Aginduak geratu gabe ematen zizkidan eta ni “bere desioak errealitate” bihurtzen saiatzen nintzen.


- Iñigo –galdetu nion bat-batean– emozioak ez al zaitu jan? Lasaitu zaitez pixka bat, motel!


- Lasaitu? Bilioiak balio dituen bitxi bat esku artean edukita? Ez horixe!


- Alde batetik arrazoi duzu, baina...


- Baina?


- Ez dakit. Agian arriskutsuegia iruditzen zait bitxia gure eskuetan egotea. Ertzaintzari eraman beharko genioke.


- Ezta pentsatu ere! Oraindik ez behintzat... Beno, denborak esango digu.

Orduan, gosaldu, jantzi, zorroa eta liburuak motxilan sartu, furgonetako gizonek emandako axota eta mukizapia leku seguru batean gorde eta Iñigori deika hasi nintzaion. Bere informazioko orriak motxilan sartu zituen eta niregana etorri zen ziztu bizian.


- Xabiri erakutsi behar dizkiot –esan zidan– Gainera, gaurko “Gaur Egun”, egunkari eta irratietan derrigorrez aterako den gaia da. Aldez aurretik abisatuta ez du ustekaberik hartuko.


- Eta zuk zer uste duzu, harritu egingo dela?


- Oraintxe ikusiko dugu –esan zuen, Xabiren etxeko txirrina jotzearekin batera. Bere ama azaldu zitzaigun eta betiko galderak egin eta gero, bere semea mugi zedin oihuka hasi zen.


- Xabi, azkar!! Josu eta Iñigo zain dituzu eta!! Mugi zaitez! –eta ondoren, guregana hurbildu eta zera esan zigun– Badakizue nolakoa den nire Xabi: beti berandu!


- Noski, Maribel, bai horixe –erantzun nion tonu isekari batean.


- Aizu, mutiko: nirekin txantxa gutxi, e?


- Bai...

Ezingo nuke hau bezalako ama etxean jasan. Hura gurutzea nire lagun Xabierrentzat, erruki nion. Hain mutiko jatorra zen...

Nire lagunarengan pentsatzearekin batera, segituan azaldu zen. Orduan, eta egunero amak egiten zion itaunketa pasa ondoren, gure gauzetaz hitz egiteko aukera ezin hobea genuen.


- Xabi, Iñigori esan diot atzokoa. Bitxia ongi gordeta edukiko duzu, ezta?


- Hementxe daukat. Nahi baldin baduzue oraintxe erakuts diezazueket.


- Erakutsi azkar! –esan zuen Iñigok. Bitxia gordetzen zuen kaxaren tapa ireki bezain laster denok harrituta eta liluratuta geratu ginen gure aurrean genuen edertasuna ikustean. Ilunpean argitan baino distira gehiago zuen eta zerutik eroritako altxorra zela ematen zuen. Hirurok eskaileretan zutik geratu ginen minutu pare batez edo, eta ondoren, ikastolako bideari ekin genion.


- Badakizue meteorito batetik ateratako minerala dela? Eta espazioan bakarrik aurki daitekeela?


- A bai? –esan zuen Xabik jakin minez.


- Bai, eta gauza gehiago esan ditzaket harribitxi honi buruz –eta orduan Iñigok gehien itxaron zuen momentu gozagarria iritsi zen: motxilatik informazioa atera eta Xabiri mineral berezi horri buruzko ikastaro luze bat eman zion (nik ere atentzioz jarraitu nuena) eta ikastolarainoko bidea “mirari-harri” (hala baitzuen izen originala) horri buruzko hitzaldi bikain bat aipatuz pasa zuen.

Eskuko ordulariari begirada bat bota bezain laster larritu egin nintzen. Hogei minutuz atzeratu ginen eta matematikako ordua nuen! Xabi eta Iñigori abisatu ondoren ziztu bizian korrika ikastolaraino iritsi ginen. Nire harridurarako, klasean ez zegoen irakaslerik eta nire gelakideak borragoma eta arkatzen gerla egiten ari ziren bata besteari indartsu boteaz. Horretaz aparte, neskak eguneko gai nagusia jorratzen ari ziren: txapel gorriak gora, lapurreta behera, istripua alde batetik, bitxiaren balioa bestetik...

Izarneren bila joan ziren nire bi begiak, eta hobe aurkitu ez balute. Ugaitzekin zebilen txutxu-mutxuka. Sentitu nuen gorrotoa ezin daiteke deskribatu eta gutxiago bikote hari nion nazka. Neska, fama bila zebilen horietako maripertxenta iruditu zitzaidan (singer-mornings, guk esaten dugun bezala) eta Ugaitz, berriz, lelotutako mutil ñañarra. (Eta ni berriz, bekaizti huts bat besterik ez).

Festa zuzendariaren sarrerak geldiarazi zuen eta istant batean bakoitza bere lekuan eser zedin agindu zigun. Geratzen zitzaizkion ileekin bere soilgune distiratsua tapatzen saiatzen zen gizon horietakoa zen gure nagusia. Bere begi beltz eta sudur luzeak izugarrizko errespetua ezartzen zuten. Zeukan aurpegiak maitasuna borborka isurtzen zuen, baina bere bulegoa birritan bisitatuz gero, bere beste aurpegi bat ezagutzeko beta ematen zigun: beldurgarria eta hiltzailea. Orduan, gutxi fida gintezkeen guregan edukiko zuen jarrerarekin.


- Kaixo eta egunon, ikasleok. Lehenengoz, barkaidazue atzeratu izana. Badakizue oso lanpetuta ibiltzen garela zuzendariok eta ezin izan dut lehenago etorri. Margari andereñoa oso gaixorik omen dago eta bi hilabete inguruz ohean egon beharko du. Ondorioz, irakasle berri bat etorriko da matematikako klasea ematera –dagoeneko nire lagunak “iupi”ka hasiak ziren, baina zuzendariaren begirada hilgarri batek isildu zituen azken hauen ospakizunak– Mikel du izena eta berari harrera ona eman diezaiozuen espero dut. Mikel, aurrera.

Irakasle berria nahiko jatorra iruditu zitzaidan, nahiz eta bere aurkezpena inoren barreak lortu ez zituen txiste txar batekin hasi. Atsegina zen eta gu bezalako astazakil koadrila menperatzen bazekien.

Segituan hasi ginen ekuazioekin. Irakasle honek esplikazioak ongi ematen zituela konturatu nintzen eta bere hitz egiteko era lasaia eta formala iruditu zitzaidan. Horrelako irakaslea behar genuen guk: jatorra eta langilea, gauzak ongi azaltzen zekiena eta taldeko giroa eta laguntasuna hausten ez zuena.

Ordua igarri gabe pasa zitzaidan. Nire gorputzak aspaldidanik eskatzen zidan horrelako irakaslea eta luze itxaron izanak bere fruituak eman zituela zirudien. Maisua atera bezain laster, berriro ere gure gela ukuilu bihurtu zen eta dena zen istilu, borroka eta festa.

Bat-batean, hontza ikusi nuen. Amets horietako bat izango zen, baina nire begien aurrean zegoen. Gu bion begiradak topatu ondoren, tximista batek gurutzatu ninduela sentitu nuen. Ez dakit zergatik, baina nire hanka sendoek irakaslearen mahaiarenganaino eraman nahi nindutela ziruditen. Kostata, eta misilen abiaduran zihoazen objektuak saihesten nituelarik, irakaslearen mahairaino goma batek buruan eman gabe iristea lortu nuen. Bertan karpeta laranja bat zegoen eta norena zen jakiteak denbora asko ez zidan eman, beronen azpialdean “Mikel” izeneko itsatsi bat ezarria baitzuen. Beste egitekorik ez eta karpeta inork ikusi aurretik nire motxilan sartu nuen. Ez dakit zergatik egin nuen erokeria hori, baina bertan informazio ugari zegoela esaten zidan nire barneko arimak. Azterketak, ariketak edo agian bere bizitza pribatuko objekturen bat... edozein ikaslek preziatutako altxorra.

Hurrengo ordu guztiak Xabi eta nirea zen bitxian pentsatzen eta amesten eman nituen. Bizitza guztian behin izaten zen horrelako mirari bat ukitu eta ikusteko aukera; egia esateko, bitxia ikustea droga bezala zen: birritan ukituz gero, hirugarrengo bat itxaroten geratzen nintzen izugarrizko gogoarekin. Hain zen handia “mirari-harriaren” edertasuna...

Baina orduak pasa ahala, harri horrek zuen dotoretasuna, galantasuna, gardentasuna, bikaintasuna eta xarma ahazten joan zitzaizkidan eta nire pentsamenduak beste gauza beldurgarri batek eraso zituen: bitxi hori poltsikoan eramateak zekarren arriskuaz jabetzen hasi nintzen. Poliziak lapurtutako bitxia furgonetan aurkitu ez bazuen, beraientzat bi posibilitate zeuden: edo ibaiaren korronteak berarekin eraman zuen –nahiz eta herriko ibaiak ia korronterik ez eduki– edo partiduan zegoen mutilen batek hartu zuen istripua gertatu ondoren. Gainera, polizia ez zen bitxiaren bila zebilen bakarra: hau lapurtu zuen lapur taldeak ere adi egon beharko zuen, hildakoaren esanetan beste ebasle batek ere bitxiaren izateaz bazekielako.

Katramila handi batean sartuta geunden eta irteera bakarra txapelgorrietara joatea zen. Ala ez? Harribitxi horren enkantua ikaragarria zen, droga bat izateraino iritsi arte. Xabirekin serioski hitz egin beharrean nengoen eta laster gainera.

Buruan ideiak nahasten zitzaizkidan, itsaso bukaezin bateko olatuen antzera. Alde batetik, oraindik istripuko irudia burmuinean neukan; baita haiek esandako hitzak ere. Ondoren, eta misterio gehiago gehituz, hontz harrigarri hori zegoen. Leku guztietan azaltzen zitzaidan. Beste bi kezka edo ardurek biziki larritzen ninduten: bata, irakasle berriari kendutako karpeta zen. Bestea, bihotzean hain sakonki sartuta nuen iltzea ateratzea zen. Iltze gogaikarri eta mingarria, Ugaitz eta Izarnek sarturikoa.

Azkenean, eta asko kostata, kalera ateratzeko txirrina zabunka hasi zen eta askatasunaren sentimenduak nire gorputz osoa inbaditu zuen. Bitan pentsatu gabe Xabi bilatzen hasi nintzen eta minutu pare bat igaro ondoren biok nire kezkak eztabaidatzen ari ginen jo eta ke.


- Azken finean, logikoa da Ertzaintzara joatea. Gurea ez da bitxia eta zuk oraintxe esan didazun bezala, arrisku bizian gaude –erantzun zidan Xabik nire kezkak entzun ondoren-– baina...


- Baina?


- Denbora emaidazu, mesedez! Utzi gutxienez ordu batzuk gure bitxia azken aldiz ikusteko!


- Noski. Ni ere irrikatan nago. Poltsikoan edukiko duzu, ezta?


- Bai horixe! Hementxe daukat...


- Orain ez erakutsi, pertsona gehiegi dabil kalean. Ondoren, etxeko eskaileretan edo ezkaratzean erakutsiko didazu.


- O.K.

Ezkaratzeko txoko ilun batean jarri eta bitxiari begirada bat bota genion. Hain zen ederra eta xarmangarria... pena ematen zidan horrelako miloi edo bilioi pila harrika botatzea. Edo berbera zena: poliziari ematea. Eskailerak igo bitartean, arratsaldean ikastolatik atera bezain pronto polizia-etxera joango ginela antolatu eta baieztatu genuen. “Beno, iraun duen bitartean oso polita izan da” pentsatu nuen nire golkorako. Xabik, nire pentsamenduak irakurriko balitu bezala zera esan zidan.


- Goibelduta nago. Bitxi horrek gurea izan beharko luke betiko. Beno, gutxienez esperientzia bikaina izan da. Agur, Josu!


- Agur Xabi! –eta hori esatearekin batera nire lagunaren etxea eta nirea bereizten zituzten bi pisuak igo nituen. Ateko txirrina jo eta amari bi musu eman ondoren, Iñigo bazkalduta zegoela ikusi nuen, nire esperoan.


- Aupa, Josu! Ba al dakizu bitxiari buruzko misterioari buruz aritu direla gaur telekomunikabide guztiak?


- Bitxiaren kezka eta ikerketa guztiak istant batean bukatuko direlakoan nago –erantzun zion amak nire ordez– Horrelako gauzak segituan ateratzen dira argitara.


- Arrazoia daukazu, ama –erantzun nion nik.


- Azkar bazkaldu, Josu! Eta txorakeriarik gabe. Komunak garbitzera noa eta ez ezazue iskanbilarik sortu.


- Lasai joan zaitezke, ama –esan zion Iñigok.


- Ez kezkatu, dena nire ardurapean utz dezazun eskatzen dizut –gehitu nuen nik.


- Ongi da. Oraintxe nator!

Bizkarra eman eta atea itxi bezain laster motxilatik irakasle berriari lapurtutako karpeta atera nuen.


- Zer da hori? –itaundu zidan anaiak kuriositate handiz.


- Edozein ikaslek amestutako altxorra! –erantzun nion.

Pixkanaka-pixkanaka gomak kendu nizkion. Airearen pisuak burua eta arima zanpatzen zizkidan. Nire anaiaren oihuak ametsetik atera ninduen (“mugitu zaitez!”) eta paper-zorroa arakatzen hasi ginen. Itxura normala zeukan. Bertan zeuden etxeko lan modura bidali zizkigun orriak, beste ariketa mordoa...

Baina egin nuen miaketa sakonak orri pare batekin topo egitea behartu ninduen. Orri bereziak, beste guztietatik errez bereiz zitezkeenak. Arrosak ziren eta material gogor batez eginak zeuden.


- Banekien zerbait berezia zegoela hemen...


- ...eta interesgarria –jarraitu zuen Iñigok– Bista ona baldin badaukazu, segituan ohartuko zinen sinbolo ezagun honetaz.


- Harrigarria! Marrazki hauxe beste leku batean ikusia daukadala iruditzen zait...


- Harrigarria? Argi dagoela iruditzen zait, txo! Ez al zara gogoratzen partidutik ekarri zenituen axota eta mukizapiak zeuzkaten marrazkiak? Azkarragoa zinela uste nuen–aipatu zidan nire anaia argiak. Minutu pare batez eta hausnarketa sakon bezain ugariak egin eta gero, Iñigok esaten zidanaz ohartu nintzen.


- Arrazoia zure alde dago, Iñigo maitea. Esaten nuen ba, borobil gorri batean inguratutako zisne errealista hau beste nonbait ikusia nuela! Hildako lapurrak emandako mukizapi eta axotan azaltzen den sinbolo berbera! Errazegia dirudi...


- ...ala ez. Honek konklusio batetaraino eramaten gaitu: Mikel edo delako hori, lapur talde horretako kide da. Zailena orain dator: Xabi eta zu arrisku bizian zaudete. Mikelek karpeta galdu duela konturatzen denean, sutan jarriko da eta bere altxor preziatua bilatzen saiatuko da nekerik gabe. Bere esfortzua alferrikakoa dela konturatzean eta paper-zorroa beste norbaiten eskuetan dagoela jakinik, itsu-itsuan zuengana joango da, alegia, bitxiaren bila.


- Lehenbailehen poliziari hots egitea izango da egokiena.


- Josu, burua pixka bat erabiliko bazenu... Zu polizia bazina, bi gazte abenturazaleen kontakizunak entzuteko prest egongo al zinateke? Ala txantxetan dabilen umemoko bati esaten duena sinisteko gai izango al zinateke?


- Arrazoi duzu, Iñigo. Orduan zer egingo dugu?


- Ez dakit... Erabakirik sendoena ikastolatik atera eta gero polizia-etxera joatea eta gau hartan hartutako objektuak itzultzea da.


- Ongi da, horrela egingo dugu. Polizia-etxera zurekin joango gara, eragozpenik ez baldin badauzkazu, noski.


- Ados nago –erantzun zidan, umore bikain batekin. Ondoren, eta aurpegi serioa jarriaz, honako hauxe gehitu zuen– Ez zaitez ahaztu oraingo hau guztia Xabiri kontatzeaz, e?


- Lasai, txo! Normaltasun guztiarekin kontatuko diot gertatutakoa.

Mahai gainean neukan zopa harraskara isuri eta arrautza frijitua zabor poltsara bota nuen sukaldeko ordulariko bi orratzek nire gelakoak ikastolara sartzen ari zirela esan bezain laster. Etxeko zapatilak eta mantala erantzi ondoren, ziztu bizian motxila hutsak hartu eta Xabiren etxeko txirrina jo genuen. Gure harridurarako, oraindik bertan zegoen. Bitxia hartu, pixka bat orraztu eta gurekin batera ikastola eta gure etxea banatzen zuen bidea korrika igaro genuen, azkenik ikastolarako atera arnasestuka eta hesteak botatzekotan iritsi ginelarik. Nola hala, lasterka gindoazen bitartean, Xabiri karpetarena kontatu nion. Argibide edo azalpen guztiak eman ondoren, nire lagunaren hitz bakarrak “Mikel lapurra al da? Ezin dut sinistu” izan ziren. Ikastolara sartzeko atean, Iñigo agurtu genuen.


- Iñigo, gero kanpoan itxaron, e? –esan genion.


- Lasai, bikote! Aio!


- Agur!

Hori esatearekin batera, eta ikastolako korridoretan zehar “sprint” gogotsuak lasterkatuz, gure gelaraino iritsi eta bertako atea ireki genuen. Bakoitza bere aulkian eserita eta maisuaren mahaia hutsa zegoela konturatu ginenean, gure aulkietan eseri ginen zirkinik egin gabe. Unairi zer gertatzen zen galdetu bezain laster, honek horrela erantzun zidan:


- Ez duk “natur”eko irakaslea etorri. Bere ordez Mikelek emango ziguk klasea.


- Zeeer?


- Entzun duana, txo! Ez al dakik maisu bat gaixo dagoenean ordezko bat jartzen dutela, ala?


- Bai, noski... –orduan, nire begiradarekin Xabi aurkitu nahi izan nuen, baina irakaslearen sarrerak nire lagunarekin hitz batzuk tartekatzea eragotzi zidan.


- Aibala! –esan zuen Mikelek– Nolatan etorri zarete hain berandu, bikote? –galdetu zigun bioi.


- Atzeratu egin gara –erantzun zion Xabik.


- Ez al zaizue aitzakia hobeagorik burura etortzen?


- Aizu, egia besterik ez dizu esan –erantzun nion ahots sendo batekin.


- Ongi da, lasai egon zaitezte mutilok... arratsaldeko bi ordu hauek bukatu eta gero arazo hau sakonkiago eztabaidatuko dugu eta.


- Ez dago eskubiderik –erantzun nion nik.


- Hurrengoan berandu etorri aurretik bi aldiz pentsatu, eta seguru nago puntual iritsiko zaretela.

Arratsaldeko bi orduak ez nituen beste ezertan pentsatzen pasatu. Mikel gora, Mikel behera. Horren atzean zerbait ezkutatzen zela susmatzen hasia nintzen. Lapur hau zuzenki guregana zihoan, gure baitan genituen objektuak kentzera zetorren. Ziur nengoen. Nire bizitzako bi ordu luzeenak egin zitzaizkidan, baita gogorrenak ere. Huts egindako aktorea sentitzen nintzen, erabat zapuztua. Txirrinak jo bezain laster, nire lagun guztiak, aulkian iltze edo txintxeta bat balute bezala, aulkitik aupatu eta pozezko garrasi artean klasetik korrika atera ziren. Xabi eta ni ordea, burumakur eta gure ordua iritsi zela jakinik, aulkian jesarrita geratu ginen txintxo-txintxo.


- Beno, beno, lagunok –hasi zen Mikel– eguraldi bikaina, e? –momentu horretan leiho irekitik jotzen zuen haize leunak nire ile txukun eta orraztua erabat harrotu zidan.


- Agian, eta argi samarrak bazarete (ez dut uste, baina) jakingo duzue gelan gerarazteko arrazoia, ezta?


- E? –galdetu zion Xabik.


- E? E? –errepikatu zuen– pentsatzekoa zen, ume mukizu hauen burmuina inurri batena baino txikiagoa zela. Badakit zuen menpean dagoela bitxi preziatua, ala “mirari-harria”, nahi duzuen izenarekin dei diezaiokezue.


- Ez dizut ulertzen –erantzun nion nik. Leihoaren beste aldean nire anaia zain zegoen, zuhaitz baten atzean eserita. Gure elkarrizketa entzuteko gai zela espero nuen.


- Zuek eta nik bakarrik dakigu bitxi horren kokalekuaz. Eta daukadan informazioa okerra ez bada, zuen eskuetan dago –segundo pare batzuetan itxoin ondoren, sakelatik pistola atera zuen– Onez ala txarrez, zuek aukeratzen duzue. Emaidazue bitxia, azkar! Ez ezazue pentsa eskuan dudan arma jostailuzkoa denik.


- Har ezazu eta utz gaitzazu bakean! –esan zion Xabik bitxiaren kaxa hankazpira botatzen ziolarik.


- Ez ezazue pentsa tuntuna naizenik! Emaidazue bitxia, bestela tiro egingo dut! –baina une horretan eta ezustean, Iñigo leiho irekitik gelara sartu eta lapurraren bizkar gainera salto egin zuen. Orduan, eta desesperazioak jota, lapurrak tiro bat bota eta nire eskua erdiz erdi zeharkatu zuen. Beste bat bota zuen, oraingoa bere buruari. Bista lainotu egin zitzaidan eta buruak mila buelta ematen zizkidala sentitu nuen. Segundo gutxi barru, konortea galdu nuen.

Josu ospitalean egon ziren egunak Iñigori oso gogorrak egin zitzaizkion. Zergatik sartu ote ziren bitxiaren nahaspila edo mordoilo horretan? Bere anaiaren mahai gainean ikusten zituen axota eta mukizapiak arima, gorputza eta adorea bukaerarik gabeko itsaso batean hondoratzen zizkion. Egun horietan ez zen ikastolatik azaldu, ekartzen zizkion oroitzapen gogorrak kolpe izugarriak ematen baitzizkion. Jateko gogoa uxatu egin zitzaion eta egun osoa telebistaren aurrean pasatzen zuen. Horietako egun batean, telefonoa deika hasi zen, Iñigo lozorrotik atera zuelarik.


- Bai? Nor da?


- Iñigo, ama naiz.


- Zer moduz dago Josu? Ongi? Gaizki? Hobetzen ari al da?


- Dagoeneko arriskutik kanpo dagoela diote medikuek.


- Aupa! Gora! BAAAAAAI! –saltoka hasi bezain laster telefonoaren aurikularra pikutara bota, irratia piztu eta musika bolumen izugarri altu batean jarri zuen, zentzurik gabeko hitzak bata bestearen atzetik oihukatzen zituelarik.

Bisitaren batzuk ere eduki zituen Iñigok. Adibidez, Izarnerena.


- Kaixo, Josu ongi al dagoen galdetzera etorri naiz eta bitartean bisita bat egitera.


- Hain neskatxa liraina ate aurrean edukita orain esan behar dudana erokeria irudituko litzaioke edozeini: zoaz pikutara –eta hitz horiek aipatu ondoren atea bere mutur aurrean itxi zion.

Postariaren bisita atsegina ere izan zuen. Honek, Ertzaintzaren zigilu bat zeukan eskutitz bat ekarri zion. Postariari eskerrak eman ondoren, bitan pentsatu gabe ireki zuen.

Kaixo Xabi, Josu eta Iñigo:

Lehenik eta behin, besarkadarik handiena bidaltzen dizuet. Eskutitz hau ez dizuet nire partetik bakarrik bidaltzen, mundu guztiaren partetik baizik. Oso ausartak izan zarete eta bidaltzen dizuedan karta hau ez da merezi dituzuen laudorioak kabitzeko adinakoa. Ertzaintza eta nire partetik zorionik beroenak.

Jakin nahiko duzue nola bukatu den misterio guzti hau, ezta? Zuen eskuetan zegoen bitxia ez zen egiazkoa, faltsua baizik. Benetakoak non dauden seguruenik ez dugu inoiz jakingo. Gure ustez, lapurren batek edukiko du, baina harrapatu ditugun guztiek ezezkoa diote.

Zuei esker, “Zisne” delako lapur talde osoa harrapatu dugu. Lapur hauek droga, prostituzio, lapurreta eta abarren munduan sartuta zeuden eta merkatu beltz honi emandako kolpea izugarria izan delakoan nago. Gutxi gorabehera urtero milaka miloi euro maneiatzen zituen taldea desartikulatu dugu.

Mesedez, guk bidalitako opari guztiak onartu ditzazuen nahi dut eta biziki gozatuko dituzuelakoan nago.

Besterik gabe, eta gu denon izenean, mila besarkada eta horrela jarraitu

Ertzaintzaren burua

Eskutitza bukatzean, berau Josuren mahai gainean utzi zuen. Momentu horretan sortutako sabeleko dardara eta mugimenduek begirada leihorantz zuzenarazi zioten. Haritzaren adar gainean kokaturik hontz bitxi bat aurkitzen zen. Hegazti honen eta Iñigoren begirada biziak elkartu egin ziren, nork gehiago eutsiko. Iñigok bere gorputzaren tentsioa handitzen zihoala sentitu zuenean begiak beste nonbaitera biratu zituen. Berriz ere kaleko zuhaitza eta bertan ezarrita zegoen animalia ikusi nahi izan zuenean, dagoeneko desagertua zegoela konturatu zen.

Sabeleko dardarak handiagotzen zihoazen eta goitik behera indar misteriotsu batek inbaditu zuela konturatu zen. Hain zen handia indar misteriotsuak Iñigoren gorputzean zuen boterea, ezen umeari ezinezkoa zitzaion bere mugimenduak kontrolatzea.

Beste norbaitek bere gorputza menperatuko balu bezala, mahaira zuzendu zen eta bertako axota desmuntatzen hasi zen. Bat-batean, boligrafotik bere begiak eskuekin estaltzera behartu zuen bitxi distiratsu, eder eta miresgarria mahaira erori zen, “mirari-harria”.