|

UDAZKENEKO EURIA
INTZA ODRIA ESNAL
Ipuina. F kategoria (16-18 urte)
Irailak 23
Autobuseko aulki hauek benetan deserosoak dira. Fakultatera joateko eguneroko bidaia aspergarria burutzen dudan bitartean, leihotik, “salida de socorro” hitzen atzetik, jendea presaka dabil. Goizeko sei eta erdiak besterik ez izan arren, kale ilunak jendeztaturik daude. Gustura jakingo nuke zigarroa hortzetan daraman emakume lerden hori zertan pentsatzen ari den. Eta agure hori? Nora ote doa? Egunkaria eta ogia erostera ziurrenik. Jendea azkar pasatzen da nire begien aurrean, ala azkar pasatzen dena neu naiz? Geltokiko bikoteaz gogoratzen naiz. Benetan maite ote dute elkar? Moto bat bizkor igarotzen da autobusaren ezkerraldetik. Aritzekin gogoratu naiz bat-batean. Atsegin dut motoan bere gerri zabalari helduta bidaiatzea. Bat-batean abesti aski ezaguna entzuten da irratitik... “Begiak itxi eta desagertu nahi nuke eta inork nire falta sumatzen duen jakin...”. Abesti honek beti pentsakor jartzen nau. Inor ohartuko al litzateke hemen ez banengo? Gurasoek nahiago lukete horrela balitz. Eta lagunak? Lagunik ez badut, ezin konturatuko dira. Baina Aritz bai. Aritz konturatuko litzateke. Asko maite dut. Berarekin egon nahi nuke. Soilik bera eta ni, inoren begiradarik gabe. Baina herri “puta” honetan ezinezkoa da. Bilbo bezalako hiri batean biziko bagina ez litzateke halakorik izango. Hemen jendea paseatzen dabil, ez dutela arazorik dirudi, baina 325 biztanleko herrixka batean dena ezberdina da.
Irailak 25
Gaur, Aritz eta biok, herritik bostehun bat metrora dagoen basotxo batera joan gara. Oso toki polita da. Zuhaitz asko egon arren, hauek ez dute eguzki izpien sarrera oztopatzen. Paisaia zoragarria da, batik bat udazkenean. Mila kolore nahasten dira zerua eta lurraren bitartean. Eroritako enbor baten gainean eseri gara eskutik helduta. Hotz egiten du. Gauden lekutik ez da motoa ikusten, asko urrundu gara bidexkatik. Haize hotzak bortitz astintzen ditu hostoak eta hauek adarrei eutsi ezinik lurrera erortzen dira. Bi txantxangorri pausatu dira adarretako batean, beraiek ere maiteminduta dirudite. Aritzi begiratu diot orduan, isilik dago. Begirada lurreko geruza gorrian finko du eta helduta diodan eskua etengabe mugitzen du. Kezkaturik dirudi. Hitzik egin gabe besarkatu nau. Denboraldi luze batean egon gara biok besarkatuta, ezertxo ere esan gabe. Ondoren, maite nauela errepikatu dit behin eta berriz. Gure ezpainak elkartzean, hotzikara batek zeharkatu nau, soinean neraman nikia eranzten zidan bitartean.
Iluntzerako etxera itzuli gara. Geroago zinemara joatea erabaki dugu, film ona omen dago. Agurtzean, musu bizkor bat pausatu dit ezpainetan eta “gero arte” esanez motoan urrundu da.
Urriak 7
Hondartzan izan gara gaurkoan paseatzen. Laino ilunek zerua estali arren, itsasertzean ez gara horretaz ohartu ere egin. Bikote gehiago ere bazebiltzan goxo eskutik helduta. Ustekabean, olatutxo bat apurtu zaigu hanka artean. Oinetakoak blai eginda gelditu zaizkigu bioi. Barreari eutsi ezinik, hondar gainean eseri gara. Zaharkituriko emakume bat pasatu zaigu albotik. Begirik kendu gabe ibili da paseatzen denboraldi luze batean, gure maitasuna ulertezina egingo balitzaio bezala. Badakit horrelakoetan Aritz urduri jartzen dela. Lasaitzeko edo, musu azkar bat eman diot masailean, baina nire harridurarako “Hemen ez!” bortitz batekin erantzun dit.
Denboraldi luze batean zer esan ez nekiela gelditu naiz. Negarrari eman nahi izan diot, baina ez dut horrelakorik egin. Ez dut ulertzen ia zortzi hilabete elkarrekin ibili ondoren, nolatan axola zaion horrenbeste besteek gutaz pentsatzen dutena. Itsasoari begira gelditu naiz. Udazkenean itsasoak haserre dirudi. Uhinek jostari dantzatzen dute itsas azalean. Duela urte batzuk mutu gelditutako portua ilun ikusten da hodei lodien azpian. Izarren paradisuak Van Gogh-en pinturetako bat dirudi, koloreak elkarrekin baina nahastu gabe, arte eskolan ikasi nuen bezala.
Eguzkia zerutik erortzearekin batera altxatu gara. Afaltzera joatea proposatu dit ahots geldoz. Buruarekin baiezkoa eman diot. Jatetxerako bidean ez dugu hitzik ere egin eta egoera hau jasanezina egiten zait. Afaltzean ez dugu hondartzan gertatutakoa aipatu ere egin.
Urriak 16
Gaur Aritzen dei bat jaso dut eta bere etxera joateko eskatu dit. Urduri zirudien, horregatik denborarik galdu gabe irten naiz etxetik. Zerbait larria gertatu ote zaion galdetu diot neure buruari. Euria ari du. Ateko txirrina jo bezain laster agertu da Aritz. Zurbil dago eta begiak malkoz beteak ditu. Argi dago negar egin duena. Horrek asko kezkatu nau, Aritz ez baita edozer txorakeriagatik negar egiten duen horietakoa. Ezer esateko astirik izan gabe besarkatu nau. Logelaraino zuzendu nau eta ohe ertzean eseri gara biok eskutik gogor helduta. Negarrari eman dio eta bere malkoek nire sorbalda gainetik irrist egin dute, euri tantek leihoan egiten duten bezala. Lasaitu denean mahaiko kaxoitxoa zabaldu eta gutun bat luzatu dit. Kartazalean ez dago ezertxo ere idatzita. Kontu handiz zabaldu dut eta boligrafo urdinez idatziriko orri koadrikulatu bat atera dut bertatik. +Herriaren lotsagarri zarete. Ez zaituztegu hemen nahi. Lehenago ere heriotza mehatxuak jaso dituela esan dit. Zeharo harrituta gelditu naiz paper zatia eskuan nuela. Lehenago zergatik ez didan ezer esan galdetu diot. Lurrera begira gelditu da unetxo batez, gero erantzun dit: Ez nuen uste ezer serioa zenik. Norbait txantxetan ibiliko zela uste nuen, baina badirudi ez dela horrela. Agian hemendik alde egitea izango dut onena. Horrelakorik ez pentsatzeko esan diot eta Ertzaintzarekin hitz egitea proposatu diot. Badakizu legeak ere ez gaituela gogoko* erantzun dit eta zoritxarrez arrazoia du. Logelako hormetan pausatu dut begirada, ordura arte ez nintzen ohartu gure argazkiz josirik daudela. Iruñean izan ginenekoak, Mallorkara bidaiakoak, Igeldokoak... Lasaitzeko esan diot eta berriro horrelakorik gertatzen bada, Ertzaintzara joko dugula erabaki dugu.
Urriak 22
Gaur ospitaletik dei bat jaso dut. Aritz bertan dagoela esan didate, baina ez didate gauza askorik argitu. Berehala ospitalerako bidea hartu dut. Oso kezkaturik nago, ez baitakit zer gertatu zaion, baina ez da zaila suposatzen, mehatxu haien ondorioz. Bertara iristean oker nenbilela ohartu naiz. Motorreko istripua izan du, antza. Ez du ezer larririk ordea, ubeldura batzuk soilik. Motorra, ostera, kamioiaren azpian gelditu omen da guztiz txikituta. Eskutik heldu dit eta beldurturik dagoela esan dit, medikuek ez baitiote esan zer gertatu zaion. Nik ez duela ezer larririk zin egin diot eta bekokian musutxo bat eman diot. Ondoren loak hartu du eta esnatu bitartean bere ondoan egon naiz irratitxo kaskar bateko baladak entzuten.
Azaroak 2
Ertzaintzaren deia jaso dut gaurkoan. Herri ondoko basotxoan gorpu bat aurkitu dutela esan didate eta Aritz izan daitekeelakoan daude. Ezin dela bera izan esan diet, atzo bertan egon nintzela berarekin ere komentatu diet. Baina badaezpada ere joateko esan didate.
Bertara iritsi naizenean ezin izan dut ikusitakoa sinetsi. 23 urteko mutil beltzaran baten gorpua, euriak bustitako udazkeneko hostoen gainean etzanda dago. Aurpegia odolduta du eta galtzak belaun azpitik ditu. Nik oparitutako galtzak, hain zuzen ere. Euriak bustitako ile luzea aurpegia besarkatzen saiatzen da, baina ez da begirada galdu hori estaltzeko gai. Zuhaitzetako hostoak gorpu gainean erortzen jarraitzen dute, nire malkoen antzera. Garrasi bat egingo nukeen, baina nire eztarrian ito da. Ez naiz zutik egoteko gauza eta eroritako enbor gainean eseri naiz burua belaun artean sartzen dudalarik. Elkarrekin igarotako bederatzi hilabeteak gogoratu ditut minutu gutxi batzuetan. Ertzainetako batek bere lepokoa luzatu dit. “Agian zuk gorde nahiko duzula pentsatu dut” esan dit eta urrundu egin da ni gorpuarekin bakarrik utzita. Aritz izena urrez marraztutako pergamino itxurako lepokoa esku artean dudalarik azkeneko musua ematea desiratzen dut. Ezpainak zuri ditu eta gibel inguruko labankadei oraindik odola darie. Begiak itxi eta bere ezpainak nireen artean estutzen ditut azken aldiz.
Azaroak 4
Bi egun pasatu dira Aritz hil zenetik. Ezin ditut mina, gorrotoa eta nahigabea jasan. Honekin guztiarekin behin betiko amaitu nahi nuke eta pertsonen sentimenduek inporta ez duten leku batera joan, Aritzen ondora, betiko. Baina ez, beragatik geldituko naiz hemen, lotsa gabe, harro, gure sentimenduez eta batez ere gure maitasuna zena eta bortitz lapurtu digutena defendatzeko. Oraindik gogoan dut, duela bi egun gorpu bat basoan, euripean, zurbil zegoen leku berean, hilabete batzuk lehenago nola bi pertsonak elkar maitatu zuten. Ez dut inoiz egun hura ahaztuko, ez bizi naizen artean behintzat. Ezta bere ezpainek nire belarrietara hurbiltzean esandakoa ere: “Maite haut, Josu”.
|