IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Koldo Mitxelena Literatur Saria »  2002 - 13. edizioa: saritutako lanak »  Ipuina »  Portzelanazko panpina

Portzelanazko panpina




PORTZELANAZKO PANPINA

Naroa Zurutuza Dorronsoro. TXANTXANGORRI
Ipuina. D kategoria. (12-14 urte). DBH. 1. zikloa

Nire armairuan neukan soinekorik dotoreena, berarekin bat datozen zapata garesti batzuk, eta egun berezietarako besterik erabiltzen ez dudan txaketa bat jantzi ondoren, koilare, pultsera eta belarritakoak hartuz, komunera joan nintzen hauek jartzera eta baita nire adina pixka bat disimulatzen didan makillajea ematera ere. Nire hirurogeigarren urtebetetze eguna zen, primeran egon nahi nuen; hori zela eta, nire burua aztertu nuen: urteen ondorioz zuritutako ilea ile-apaindegitik irten berria zegoen, ikatz koloreko nire begiek alai ziruditen, eta ia inoiz itxita egoten ez den aho fina, gorri kolorez zegoen margotuta. Dena zegoen ongi, baina belarrira iritsi nintzenean, eta duela urte batzuk, nire senarrak oparitu zizkidan urrezko belarritako polit batzuen gainean, orbain bat ikusi nuenean, nire urtebetetze festak, burutik alde egin zidan. Lehen aipatutako ile zuria, beltz bihurtua zen, eta batere gustatzen ez zitzaidan azal zimurtua leun.

Parean neukan ispiluan, ipuinetan agertu ohi diren herri txiki bat ikusi nuen islaturik. Inork atsegin ez dituen errepide estu eta harritsu horietako batetan zehar bidaiatu ondoren iristen zara bertara. Begirada batez osorik ikus dezakezula esan daitekeen herri bat zen. Iturri batek eta, herrixkako denda bakarra besterik ez zegoen plaza baten inguruan sakabanaturik aurkitzen ziren hamar bat etxek osatzen zuten. Egurrezko etxe hauek, berriz, zuhaitzez beteriko mendi eta baso berdeek inguratzen zituzten. Kale bat bakarrik zeukan, nahiz eta pasealekua zela esan ohi zen, baina kale bat besterik ez zen. Honek, herria bitan banatzen zuen. Bertan bizi nintzen ni. Garai haietan, sei urteko neskato baten bizitza lasaia neraman. Ez zitzaidan ezer berezirik gertatzen, beti amak esaten zidana betetzen nuen, ez nintzen kexatzen.

Txikia nintzenean, hau da, hiru urte bete bitartean, etxean pasatzen nuen denbora, neuzkan jostailu gutxi haiekin jolastuz, amari lanak egiten lagunduz (ez nion gehiegi laguntzen) eta nire hiru anaien burlak jasanez. Zoriontsu nintzen, nahiz eta bestelako ezer ez egin. Baina are zoriontsuago egin nintzen, eskolara joatea tokatu zitzaidanean. Zoratuta nengoen, handia nintzela iruditzen zitzaidan, baita eskola munduko tokirik hoberena zela ere. Egia esan, ez genuen gauza handirik egiten; jolastu besterik ez genuela egiten esan daiteke. Baina, izugarri ongi pasatzen nuen, gela zabal baten barruan egonda.

Eskolarekin batera, lagunak iritsi ziren, lagun asko. Garai haietan, gela bakoitzean adin ezberdineko neska-mutikoak egoten zirenez, egin nituen lagunak ere horrelakoak izan ziren, adin ezberdinetakoak. Baina hori bai, beharrezkoa ez bazen, ez nintzen mutilekin erlazionatzen, ez ni eta ez gainontzeko neskak ere. Mutilak, estralurtar antzeko batzuk iruditzen zaizkizun garai hartan nengoen.

Mutilak egon ala ez egon, lagunak egin nituen. Arratsaldero, zoragarria iruditzen zitzaigun gure herriko plazan elkartzen ginen eta bertan igarotzen genuen denbora, soka saltoan, goman eta antzeko jolasetan ibiliz, ia arnasa hartu ezinik geratu arte.

Arratsaldean zehar, bi joan-etorri egiten genituen plaza ondoko dendara. Bertan, apalategi desordenatu batzuetan, ezinbestekoak diren gauzak egoten ziren, hau da, janaria eta etxerako beste zenbait gauza. Baina, horien guztien artean, gure bidaiaren zergatia zegoen: goxokiak. Ez zegoen aukera handirik, baina guk nahikoa genuen zenbait karamelurekin eta pipa pakete handi batekin. Beti goxoki berdinak hartzen genituen, ez baitzen beste ezer egoten, baina harritzekoa izan arren, ez ginen haiek jateaz aspertzen. Dendaria berehala haserretzen zen emakume horietako bat zen. Honek, tripako mina jarriko zitzaigula esaten zigun, baina guk ez genion kasurik egiten.

Garai hartan, nire adineko neskato guztien ametsa dendako eskaparatean egon ohi zen ilehori, polit eta elurra bezain larruazal zuria zuen portzelanazko panpina zen. Goxokiak erostera joaten ginen bakoitzean, honi begira igarotzen genituen bost minutu. Zoragarria zen, inoiz ikusi genuen panpinarik zoragarriena. Hura eskuratu ahal izateko, zorte handia behar zen, pipa pakete guztietan zetorren bolatxo gorriaren ordez, txuri kolorekoa tokatu behar zitzaizun, ia ezinezkoa. Nire lagunak eta ni, pipak janez ibiltzen ginen, panpina tokatuko zitzaigun esperantzaz.

Halako batean, panpina lortzeko behar zen zorte ona izan nuen, niri tokatu baitzitzaidan. Nire pipa poltsan, bola zuria ikusi nuenean, pozez zoratzen saltoka hasteko zorian egon nintzen, ezin nuen sinetsi gertatu berri zitzaidana. Batere denborarik galdu gabe, berehala, korrika bizian, dendara joan nintzen, ordurako nirea zen panpinari begiratu gabe sartuz. Dendariak, bolatxoa erakutsi nionean, harridura aurpegia jarri zidan, seguruenik, ume guztien ametsak, denbora gehiagoz iraungo ziola pentsatuko zuen. Horren ondorioz, ea ziur nahi al nuen galdetu zidan, eta nik, bitan pentsatu gabe, baietz erantzun nion.

Munduko jostailurik politena eskutan eduki nuenean, alaitasunez gainezka nengoen. Korrika batean, etxera joan nahi nuen, berarekin jolastu ahal izateko. Baina, saltoka nindoala, nire lagun batekin egin nuen topo, haserre aurpegia zuen, segituan ohartu nintzen, ez zuela ezer onik nahi. Honetan pentsatzen ari nintzela, panpina hori berea zela garrasi egin eta nire gainera etorri zen, eskuetatik kentzeko asmoz. Ni, ez nengoen prest, hainbeste denboran zehar desiratu nuen gauzari alde egiten uzteko. Hori dela eta, borrokan hasi ginen, batek bestearena zen zerbait hartu nahi zuen, eta besteak, berea zena babestu nahi zuen.

Normala den bezala, horrelako borroka baten ondorioz, panpina apurtu egin zen bukaerarako zuen, baita nire belarriko zuloak ere, belarritakotik tira egitean, apurtu egin baitzidan. Han geratu nintzen, kale erdian eserita, belarria odolez eta nire inguruan portzelana zatiak nituela.

Auskalo zenbat denbora igaro zen, bizilagun bat niregana etorri, portzelana zatiak jasotzen lagundu eta amarengana eraman ninduen arte. Amak, odolez eta negarrez ikusi ninduenean, herriko sendagilearengana eraman ninduen. Honek, puntuak eman zizkidan, baina nik negarrez jarraitzen nuen, panpina galdu nuelako.

  • Riiinggg riiinggg !!!

Telefono hotsarekin batera, nire ile beltza zuri bihurtu zen eta azal leuna, zimur. Herri txikia, bainugela zuri, garbi eta txiki bilakatu zen.

Telefonoa hartu nuen, nire alaba zen, berandu nenbilela adierazi zidan. Etxetik irten aurretik, logelara joan, eta kolaz itsatsitako portzelana zatizko panpina ilehori eta polit bati begiratu nion. Nahiz eta erdi apurtuta egon, hura, niretzako, munduan inoiz egon den eta egongo den panpinarik ederrena da.

Presa nuen, nire hirurogeigarren urtebetetze festara nindoan eta. Hori zela eta, nire armairuan neukan soinekorik dotoreena, berarekin bat datozen zapata garesti batzuk, egun berezietarako besterik erabiltzen ez dudan txaketa bat eta duela urte batzuk nire senarrak oparitutako urrezko belarritako polit batzuk neramatzan jantzirik.

AMAIERA