-Baina ez al dago subkontzientziaren baitan ala?
zioen psikologia ikasleak
-Ergelkeria da mugak jartzea, definitzea
esan zuen hiztegi-egileak
-Nik egin dut ba!
erantzun zuen eskritoreak ausartki
Bekokia zimurtu zuten ikasle zein hiztegi-egileak
-Bada, subkontzientzia eta hiztegien arteko eremua da enea,
literaturarena
esan eta obalatu zuri bat irentsi zuen eskritoreak.
Doppler efektuaren...
Stockholm sindromearen...
eiakulazio goiztiarraren...
aitzin agerpena.
Poema baten...
tatuaje bateko...
hiztun izandako mutuaren...
gibel hitza.
Ilargiko alde ilunaren argi izpiak
alde argitsuaren geriza bakanak
artean zulo beltz ez den supernoba
Ezerk ez ei du axola
angeluak ganbilak direla eskuarki
eta ahurrak irribarre egitean,
ez ei du axola.
Ez du axola
ortzi eta lur muga
geu garen
ezta hutsa eta infinitua
biak bat diren ere
Ozeano zabalean
heavy metal kantuak abesten ditu
diote marinelek
haatik negar dute egin baleek
haatik desagertzear
Eta arratsero whisky baso bi edanik
kokaina lerro bi esnifatuz
afari begetarianoa prestatzen du
bere senarrarentzat,
herioarentzat
Finean « zu » bat
dela ohartu
izenak aldatzen direla
baina izenordeak hor darraiela
Izenondo, izenlagun, aditzak...
soberan direla
hiztegi-egileak arrazoi zuela
eta psikologia ikaslea
egun injineru dela
Eta iraultza, aberri, bakea...
maite ditzadan diostate
nik badut nahiko lan,
aski sufrimendu
zu maitatzearekin
eskritore izatearekin.