IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Koldo Mitxelena Literatur Saria »  2003 - 14. edizioa: saritutako lanak »  Bertsoa »  Israel vs. Palestina

Israel vs. Palestina



ISRAEL vs. PALESTINA




Doinua: Munduan libre bizi izatea



1.
Gerra batean bi alderdiek
nahiz egiten duten galdu,
Palestinako gerra urtero
egiten zaigu azaldu.
Basamortuko lur idorretan
odol errekak zabaldu.
Gerran inor ez da salbu
jende aberatsa salbu.
Arrazoiaren printzipioak
egin dituzte zapaldu:
gerrarik inork ez du nahi baina
bakerik inork nahi al du? (bis)

2.
Harri berean bi aldiz jausi
nahiz ta egon mila harri,
Naziek ere egin zituzten
hainbat gauza izugarri,
bizitza baino zerbait gehiago
kenduz hainbat judutarri.
Giza aberea sarri
denez mendeku egarri,
berriro ere faxismoaren
askatasuna ezarri,
holokaustoko errautsak dira
Israeldarren ongarri. (bis)



3.
Urte luzeak pasa dituzte
tunel beltzean barrena
eta argirik piztu nahi eza
erabakirik txarrena.
Pertsona denok hanka beretik
egiten dugu herrena,
beti berdina da dena
aurrez aurre dator trena,
nora begira ote zegoen,
guda hain da nabarmena,
ekaitza joanda barealdia
datorrela zioena. (bis)

4.
Trena aurretik datorrenaren
itxura du trenbideak,
bertan loturik ikus ditzaket
gaur giza eskubideak.
Gerrak baditu bi aliatu
ehiztari paregabeak,
arma saltzaile trebeak,
isil jokatzen hobeak.
Elkarlan honek ireki ditu
giza ehizaren bideak:
Amerikarren diruak eta
gure pasibidadeak. (bis)



5.
Basamortuko tren galdu horri
begira egin dut negar,
dirudun batzuk soilik dabiltza
lasai desertuan zehar.
Arrazoiaren balore oro
dago egarriz hiltzear,
nahiz ta bera zen lege zahar
dolarra gainetik ezar.
Bi alderdiek ezin hobeto
ezagutzen dute elkar
eta dirua duenak ez du
elkarrizketarik behar. (bis)

6.
Zenbat pertsona ikusten diren
odolezko malkotan blai,
bihurtu dira heriotzaren
itsasontzi beltzaren kai.
Mundua dugu ardi galdu bat
eta Amerika artzai.
Lehen izanagatik anai
gaur egun elkarren etsai.
Alfer-alferrik ez ote gaude
erantzun mutu baten zai,
inork ez daki pentsatzen edo
inork ez du pentsatu nahi. (bis)



7.
Ongi dakigu ez dugula nahi
guk besteren arazorik,
antza munduan jazotzen denak
ez du garrantzi handirik
eta inporta digunoi berriz
indarrak ihes ahotik.
Urruti egonagatik...
ez da laguntzen, zergatik?
Beste aldera begiratzea
erraza dela badakit,
baina ez esan tiro soinurik
entzuten ez duzuenik. (bis)

8.
Ezin da ahaztu basamortuan
gabiltzala egunero,
nahiago nuke guztiontzako
oasirikan balego,
baina aurkitzen diren guztiak
espejismo dira edo.
Heriotzaren bezero
garela ez ahaztu gero!
Etorkizunak ez ehorztea
inork ez beza espero
oraina dena iraganean
ehorzten hasi ezkero. (bis)




Agin Rezola Laburu

F kategoria

16 - 18 urte