IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Koldo Mitxelena Literatur Saria »  2003 - 14. edizioa: saritutako lanak »  Bertsoa »  Infernutik infernura

Infernutik infernura




INFERNUTIK INFERNURA




Doinua: Maitasuna da bizi izateko...


-1-
Haizeak eman zidan bizitza
eta haizeak daroa,
oso gogorra daukat oraina
gogorrago haurtzaroa,
Kolonbiako Cali herrian
pobrezian igaroa,
latza baino latzagoa,
zoriaren esklaboa. (Bis)
Nire izena eta izana:
Jose Lopez de Ganboa,
jendea munduz besteratzeko
sortutako pikaroa. (bis)

-2-
Oroimenean dut nire ama
iaz joan zitzaidana,
semea hezten hartu zuena
ikaragarrizko lana.
Nahiz eta asko zuritu zidan
beltza nuen panorama,
gorroto dut nire ama,
bizitza eman zidana, (Bis)
hauxe delako sekula santan
barka ezin diodana:
ni bezalako seme zitala
mundura sortu izana. (Bis)

-3-
Telefonoz dei egin zidaten
ama hil ta berehala.
Ezezaguna nuen ahotsak
hitza eman zidan hala:
gizon batzuek hiltzeagatik
dirua emango zidala...
Bide luze ta zabala,
amets batean bezala: (bis)
“miseriatik aterako naiz
nork egingo dit itzala”.
Zergatik inork ez zidan esan
Kontra eskutik nindoala? (Bis)

-4-
Beraz bi aldiz pentsatu gabe
errugabeen lekura
pistola hartu ta hil nituen
hau, bestea eta hura.
Pozik nengoen, aberats nintzen,
bala batzuen kontura.
Han ez nuen egin duda:
“zoritxarra bukatu da”. (Bis)
Handik ihesi nindoalarik
hauxe zitzaidan burura:
haiek zerura zihoazela
ta ni, berriz, infernura. (Bis)

-5-
Hiru polizi etorri ziren
beren pistola ta porra
auzitegira eramateko
hartuaz bidezidorra.
Han zen nire zain beltzez jantzirik
epaile zahar lehorra,
ordainarazteko zorra,
bere sententzia horra: (Bis)
bizia kendu behar didate
nahiz dirudien gogorra,
hori da nire moduko batek
merezi duen zigorra. (Bis)

-6-
Laster batean heriotza dut
bizitzaren errelebo,
nahiago nuke dagoeneko
beste munduan banengo.
Jezarri naute guztiz loturik,
arnasestu, bero-bero,
aulkia nire borrero,
bost, lau, hiru, bi, bat, zero... (bis)
Nire begiez ikusi gabe
ezingo nuen espero
biziak salba zitezkeenik
pertsona bat hil ta gero. (Bis)




Unai Gaztelumendi Arandia

E kategoria

14 - 16 urte