|

Gero arte, bai, gero arte!
Honezkero jakingo duzu, ongi jakin ere, ez dakidala “agur” esaten; eta ezin oraingoz “kaixo” esan… Esan al dakioke bada, “agur, agur!” haitzik gogorrenak bere baitan duen orbainik sakonenari?
Behin amets bat izan nuen, gogoratzen? Nirekin zeunden, eta zein zoriontsu izan nintzen esnatu eta ametsa egia zela ikustean! Gaur ametsak bere horretan dirau, eta errealitatearekin borrokan dabil eguzkia eta ilargia, zuria eta beltza, ni eta neu bezala. Eta nire baitako borrokaren erotasunean, eguzkia eta ilargia keinuka ari direnean, eta ni neu grisa besterik ez naizenean, begiak itxi eta bertan sentitzen zaitut, bezperako maitasunezko begiradaz itotzen nauzula. Ito, bai, ito, eta erre, eta torturatu, eta leherrarazi… Baina sobera dakizu honela bakarrik merezi duela benetan Egunerok. Ezagutzen al duzu? Egunero ongi portatzen da nirekin, baina, egia esan, nazkatu naiz oraintxe! Ez bere erruz, noski, baina badakizu, ezin naiz berarekin (ez beste inorekin) ongi moldatu barrutik erreta banago. Dena den, benetako laguna bada, ekarriko du nire kostaldera zure altxorraren kutxa, inguruko haitzak zauritu gabe, zu zeu aldatu gabe, zure orbain zaharrak bere hats berritzaileaz sakonduaz. Ekar beza nire altxorra, ez baitaukat hura eskuratzeko maparik. Galduta nago… Ezin dut nire Ipar Izarra aurkitu, zerua nire bihotza bezain goibel dago eta. Orientatu nahian begiak irekitzeko esan didate, baina errealitatea delakoak kaligrama dirudi. Begiak itxiz gero, berriz, zure gorputza besterik ez dut ikusten, eta segundo batez hilik uzten nauen zerbait (zure esentzia izango da).
Bai, orain argi ikusten dut, nire itsutasun zoro honetan, hain ergela izango ez bazina ez zintuzkedala hainbeste maiteko. Eta maite zaitudala diodanean, ez itzazu nire hitzak plastikozko maitasun kanta merke horietako hitzekin nahastu, mesedez. Nireak ordua galdetu duen bati arratseko bostak eta bost direla erantzuten dioenarenak bezalakoak dira, arratseko bostak eta bost direnean, noski. Baina zozoak beleari ipurbeltz esango balio sikiera…!
Faroarekin gogoratu naiz, aizu! Piztu eta itzali, piztu eta itzali, itxaropena dirudi; eta nire Ipar Izarra; eta zu, batzutan nire bidea argitzen duen hori. (Tentuz ibili behar da, ez ahaztu, iluntasunak iluntasun gehiago dakar). Nire itsasargiak argitzen nauenean, olatuek kutxatxoa dakartela iruditzen zait, ez dut arrokarik ikusten, eta oso pozik jartzen naiz. Baina guztia belzten denean, nire altxorra galtzen dut, galdu egiten naiz, behin eta berriz. Askotan pentsatu dut ihes egitea gustatuko litzaidakeela. Baina bada burbuila ikusezin bat korrika egin arren preso mantentzen nauena. Ez al dakizu zer den? Jakingo duzu ba! Hobe aske bagina… Edo gutxienez zoriontsu, maitasunean eta osasunean. Hainbeste eskatzea al da guztia eskatzea? Hemen denbora gutxirako gaudenez gero, merezi al du ilunpetan estropezuka ibiltzeak? Argi nazazu bada! Ez dut uste bakarrik ibiltzeko gauza naizenik…
Bai? Ziur Egunerok sendatuko nauela? Hau gaztaroko ajea besterik ez dela? Beharbada bai… Baina ni gaurko euriak bustitzen nau; eta okerrena da ez zaidala atzokoa lehortzen… Ez dudala lehortu nahi. Esan dizut lehen ere, zugan itota bizi nahi dut!
Maitia, badakizu zu gabe martxan dabilen gorpua naizela, bizitza denboraren orratzen zurrunbilo iluna dela… Baina ezin dizut ezer esan, hondatuta dagoena hondatuko nuke. Eta zer? Ba asko, deus ez. Ez, nik ez dizut nirekin itzultzeko erregutuko, ez eta beste aukerarik eskatuko; nik “gero arte” esango dizut.
NI
|
Izaro Arroita Azkarate
F kategoria
16 - 18 urte
|
|