|

ZERURA GUTUNA
Zeruko zaindari agurgarria:
Manueltxo dut izena, artzain izandako gizon bat naiz eta infernutik idazten dizut. Suposatzen dut jakingo duzula zertarako idazten dizudan, ez dut uste jende askok idatziko dizunik beste zerbaitetarako, ba.... bai, zeruan sartzeko idazten dizut eta nahiko arrazoi dauzkat. Horietako bat infernuko medikuak (izaki arraro bat) dioenez, nire azala oso sentsiblea da eta kalte egiten dio infernuko tenperaturak, erraz erretzen baita, horregatik orezta asko ateratzen zaizkit eta nagusiaren ustez oreztak jende zintzoaren ezaugarriak dira eta ez ditu atsegin. Horiek osasun aldetik ditudan arrazoiak dira baina jarrera aldetik ere izan ditut aldaketa batzuk. Hau oso gogorra da asko lan egiten dugu nagusiarentzat. Horregatik nire jarrerak aurrerapen handiak ezagutu ditu: laguntzailea naiz, eskuzabala... Nire nagusiak dioenez, laguntzaileenetako bat naiz, baina nik uste irrikatan dagoela ni bere begien bistatik kentzeko, hala eta guztiz ere, zeruan hartzen banauzue faltan botako nauela pentsatzen dut.
Kontatzen dena ez bada ere, infernua nahiko dibertigarria da, kirol asko ditugu (horietako batzuk lurrean ez dira praktikatzen), zelai eta parke asko, bide-erreak (hemen honela deitzen zaie bide-gorriei, bizikletaz ibiltzekoei) eta liburutegi batzuk eta guzti daude, hori bai liburu guztiak bereziak dira: badaude infernuko mitologiari buruzkoak, beldurrezkoak, maitasunezkoak (hauek ez dira oso gomendagarriak maiteminduentzat, liburu bakoitzaren amaieran bi edo hiru pertsonak hilik amaitzen baitute)... Liburutegiko sistema oso berezia da. Liburu bat irakurri ondoren fitxa bat betetzen duzu gustukoa izan duzun edo ez adierazten dena, eta egunero liburuak itzultzeko epea amaitzen denean bertako emakumeak (umore txarreko andre itsusi bat) fitxak irakurri eta gelako mahai guztien atzean egunean zehar eserita egoten den deabru bati ematen dizkio kritika txarra dutenak. Deabru honek jan egiten ditu eta hurrengo egunerako jan dituen liburu guztietatik ideiak hartu, hobetu eta irentsitako liburu kopuru bera itzultzen ditu apaletara. Deabru hauek "Letragile" izena hartzen dute eta ez dira oso adiskidetsuak.
Infernuan badaude herri desberdinak eta ni Laikitz izeneko herri polit, txiki eta atsegin batean bizi naiz. Auzo desberdinak ditu eta auzo bakoitzak sumendi bat. Sumendi hauek hiru hilero jartzen dira erupzioan. Askatzen duten laba ongarriz beterik dago eta asko laguntzen digute nekazaritzan. Ni lurrean nengoenean artzaina nintzen, eta nagusiak hemen ardi-deabruen zaintzaile jarri nau. Animalia bitxiak dira eta nahiko zailak zaintzen ez baitute zerikusirik lurreko ardi arruntekin. Ugaztun hauek sua botatzen dute ahotik eta haserretzen direnean lo hartzen dute, horregatik gordetzen ditudan zelai guztia iratzargailuz beteta dago, minuturo programaturik daudenak.
Lurretik hainbat gauza botatzen ditut faltan: hemen ez du euririk egiten (nire ustez oso atsegina zen), nire emazteak egiten zizkidan txokolatezko gailetak, nire ardi arruntak (batez ere Anttoni eta Txomin)... Gainera nire familia zeruan dago (denak oso zintzoak ziren) eta hura (zerua) ezagutzeko gogo handi eta biziak ditut. Hemen baditugu gidaliburuxka batzuk eta han goiko paisaia eder batzuk agertzen dira eta bertan dioenez, laino urtsuen zati batzuk jaten dituzue eta probatzeko irrikatan nago hemen haragia besterik jaten ez baitugu.
Zuk, zaindari agurgarri, azkar eta argi horrek pentsatuko duzu: gizon honek gutunaren hasieran esan didanez, zerura joan behar duenaren arrazoiak esan behar zizkidan eta azkenean infernuaren deskripzio bat egiten bukatu du. Ba, bai, hala da (esango nizuke nik) eta hau egitearen arrazoia zera da (oso arrazoizalea naiz): gutuna idazten ari nintzen bitartean gauza bitxi eta polit bat bururatu zait, eta nagusiarekin hizketaldi serio eta luze bat eduki ondoren, proposamen bat egin nahi nizuke: zergatik ez zara infernura etortzen bisitalditxo bat egitera? Horrela nire hobekuntza epaituko duzu eta zerura joatea merezi dudan edo ez erabakiko zenuke, gainera nire ustez gustatuko zaizu hau. Pentsatu ondo, mesedez!
Etortzea erabakiko duzulakoan:
MANUELTXO
|
Uxue Arzelus Lasa
D kategoria
12 - 14 urte
|
|