|

Lurreko biztanle eta nire kreazio maiteak:
Zuen jainko agurgarria naiz eta gutun honen bitartez, zuekiko dudan atsekabea erakutsi nahi dizuet. Hemen goitik ikusten dudana ez zait batere gustatzen. Imajina dezakezue
zeruko santu eta jainko guztiok nola sentitzen garen gure sorrerak egoera honetan ikustean: zaldi depresio galant batekin. Hain da handia gure pena eta sufrimendua, lehengo astean San Martzelinok bere buruaz beste egin zuela, eta San Pedro ere hortxe-hortxe dabil, gaixoa, sekulako beherakada jasaten ari baita. Eta ez da gutxiagorako! Ba al dakizue zer den zuk sortuak ergel hutsak bihurtzea? Bada, hori da zuei gertatzen ari zaizuena! Zuen mundu kutsatu hori gero eta txepelagoa bihurtzen ari da. Inoiz esan ez dizuedan gauza bat esango dizuet. Orain dela urte batzuk, egun euritsu eta ilun batean, zuen munduaren historia alda zezakeen desgrazia bat gertatu zen. Gaua zen eta ume fabrika ixtear geunden. Baina lurrera bidaltzeko zenbait ume genituen oraindik, hortaz, nekeari eutsiz lanari ekin genion. Korrika eta presaka, ume batzuk sortu genituen (hauetako zenbaiti, presarekin, garuna jartzea ahaztu zitzaigun, adibidez Tamara delako “abeslari” bati ) eta hauen artean, deskuiduan, deabruak bere sorrera bat sartu zigun. Izaki gaizkile horrek giza itxura hartu zuen eta bere hiltzaile senak gidatua, sekulako gaiztakeriak egin zituen txikitatik, eta mundua bere baitan eduki nahi zuen, niri lana kendu hain zuzen! Eta hara gaur egun non dagoen, Estatu Batuetako buru omen da eta gerrate bat noiz egingo zain dago, irrikatan! Bere sortzailearen aginduak jasotzen zituen lehen, baina orain deabrua ere mehatxatu du gerrate batekin. Lehengo egunean Satanas jauna etorri zitzaidan bere sortzearekin zer egin behar zuen galdetuz. Gizajoa momentu txar bat pasatzen ari da eta aspaldiko kideak garenez (nahiz eta jendeak kontrakoa esan) nire erreinura etortzen da kontsolazio bila. Heriotza bere bila bidaltzea erabaki genuen, baina bere etxeko atarian armadak hil zuen, kamikaze horietako bat ote zen beldurrez. Orain, Bush bezala ezagutua den sortze madarikatuak inoiz baino indar handiagoa du eta edozein momentutan erasotzeko prest dago. Nor erasotzeko? Hori berari bost axola! Hasiera batean, Espainia erasotzea erabaki zuen, baina bertako biztanleek duten estatuburu txepelaz errukitu zen eta Irak hautatu zuen. Zergatik? Agian ez zitzaion izena gustatzen, edota bertako agintariak ez zion urdaiazpiko eder bat bidali gabonetan. Dena dela, erabakia hartu du dagoeneko.
Baina ez da hau, zuen munduko arazo bakarra. Nire etxetik munduaren oso ikusmira ona dut, eta zin degizuet zuen askoren etxean ikusten dudan biolentzia ez dela nik sortutako zerbait. Egunero ikusten dut nola munduko txoko ezberdinetan, gizon eta emakumeek, sekulako jipoiak jasotzen dituzte beraien bikoteengandik. Batzuek plazeragatik egiten dute, beste batzuek gorrotoagatik eta badira batzuk, telebista puskatua izan eta konpondu artean denbora pasatzeko egiten dutenak ere. Ohitura hau aspalditik dator, egia esan. Esan nion, bada, nik Adani: “ez jipoitu Eva gaixoa, bestela hurrengo belaunaldiek zure urratsak jarraituko dituzte”. Eta berak kasurik ere ez, gau eta egun pasa zuen Eva gajoa gaizki tratatzen.
Eta azkenik beste faktore bat dugu: dirua. Ene, dirua! Zenbat bidaia egin behar izan ditu heriotza jaunak (benetako heriotzaren ordezkaria, hau Bushen armadak hil baitzuen) dirua dela medio. Dirua da mundu honen motorea eta ardatza, munduak diruaren inguruan birak ematen ditu. Gaur egun dena eros daiteke diruarekin, dena! Txakur batetik gozoki batera. Eta maitasuna? Ez nintzateke harrituko, pare bat urte barru azokan maitasun poteak salduko balira 3, 99 eurotan.
Beno, nire kreazio maiteak, gogoratu bizitza hau ahal den neurrian gozatu behar dela eta ez duzuela gauza txarrik egin behar. Nik dena ikusten baitut, ni naiz botere absolutua duena eta gogoan izan zuen bizitza “Gran Hermano” delako telebista saioaren antzekoa dela, baina hemen, nik hartzen dut inor eliminatzeko erabakia. Hurrengo zu izan zaitezke.
Ondo izan,
Zuen jainko agurgarria
P.D: loteria irabazteko eskatzen didazuen guztioi, mesedez, otoitz egiteari uzteko eskatu nahi nizueke. Ez al zarete oraindik konturatu hori “tongo” hutsa dela? Ai... Inuxenteak!
|
Alex Merino Aspiazu
E kategoria
14 - 16 urte
|
|