|

ZORIONTASUNAREN ATEA
Isiltasuna da nagusi. Urteetan zehar lo egon izan banintz bezala sentitzen naiz. Ezohiko usain batek bete dit barrena, ez dakit non nagoen. Bata zuri bat soinean duen gizon garai eta ilegorri bat begira daukat. Kezkatu aurpegia du baina ez dut ezagutzen. Mugitzen saiatu naiz baina nekatuegia nago horretarako. Gizonak ea minik sentitzen dudan galdegin dit, istripu bat izan omen nuen duela hiru hilabete eta koman egon naiz. Benetako miraria izan dela ziurtatu dit medikuak, esperantza guztiz galdua zutela. Istripuaren aurretik gertatutakoaz gogoratzen saiatu naiz, baina esnatu naizen momentua besterik ez dut oroitzen, aspiragailu batek nire oroitzapen guztiak xurgatu izan balizkit bezala. Hotzikara bortitza sentitu dut hanketatik eskuetaraino; nire izena zein den ez dakit, ez dakit nor naizen, familia eta lagunak ezin ditzaket gogoratu.
Atea ireki eta mutil bat sartu da gelan. Itxura xelebrea du galtza gorri horiekin. Begiak nigan iltzatu eta irribarre handi bat luzatu dit. Oherantz hurbildu eta ea gogoratzen dudan itaundu dit. Nik ezetz. Markel da, gaztetako laguna. Ikastetxe berean ikasi omen genuen eta elkarrekin bizi ginen Donostiako ikasle-pisu batean. Umeak biziki atsegin nituela, futbolean aritzen nintzela....
Bat-batean, sekulako buruko mina piztu zait, milaka pertsona buruan jotzen ariko balitzaizkit bezala. Medikuak Markel gelatik atera du.
Astebete igaro da baina nik berdin jarraitzen dut, ohe honetako maindireetara lotuta. Eguzkitsu esnatu da gaurkoan eguna, nik gogoko ditudanen antzera. Leihotik sartzen den aire epelak gorputza laztantzen dit, neska lirain batek egingo zukeen moduan. Ea noizbait norbaitek era horretan laztandu ote nauen galdetu diot neure buruari, baina ez dut uste, lagun eta familia salbu beste inor ez baita bisita egitera hurbildu.
Markel ia egunero etortzen da ospitalera. Ordu luzeak igarotzen ditu hemen, egiteko ezer hoberik izango ez balu bezala. Lagun ona da, jatorra eta leiala. Maiz hitz egiten dugu istripu aurreko gertakariez baina nik ezer gogoratu gabe jarraitzen dut. Medikuek lasai hartu behar dudala diote baina jadanik pazientzia amaitzen hasia zait, oraindik ere, oroitzapen guztiak zurian baititut.
Gutun arraro bat iritsi zait gaur. Atzealdean “Maite zaitut” hitzak irakur daitezke, besterik ez. Erizainari ea niretzat den galdetu diot, harriturik. Hala omen da. Nor ote? Irakurtzen hasi naiz:
“ Dena utzi eta joan egin naiz. Egun bakoitza bizitzeak zentzua guztiz galdu du niretzat, iluntasuna besterik ez dut ikusten; zu gabe. Arnasa hartzea, soilik, lan izugarria da zu alboan ez zaitudanetik. Ama eta neba nire atzetik dabiltza uneoro, animatzeko, irribarre egiteko... Telefonoa berriz, lehertu beharrean, lagunak deika. Jendez inguratuta egon eta bakarrik sentitu; zu gabe.
Hala ere, oroitzapenak beti doaz nirekin, zakur fidelen antzera. Gogoan al duzu egun hura? Klasean nengoen eta zu atzeko atetik pasa zinen. Idazten hasi nintzen: “Oraintxe pasa da gelako atetik. Gure begiradek topo egin dute eta une batez bederen, denbora izoztu, gelditu egin dela sentitu dut. Ez, ordea, nire bihotza... oraindik ere maratoi batean parte hartu ostean bezala sentitzen dut, kolpeka, azkar, bularretik ateratzear. Irribarre gozo horrek alaitu du nire goiza eta jadanik beste baten gogoz nabil. Eta begirada hori... hain da sakona... sumendi bat izozteko lain indar badu. Ezin dut burutik kendu. Begiak itxi eta bera ikusten dut, jertsea sorbaldan daramala, niri begira, irribarretsu... Zoramena da niretzat, zoramen hutsa, eta ni, zoratuta nabil bere atzetik”.
Hiri honetako kaleetan barna noa oinez. Jende asko dabil gaur. Bai, merkealdiak direla dirudi. Oraintxe pasa dut “%50eko beherapena” zioen karteltxoa. Guztiek dute zerbait egiteko, orain denda honetara, gero ondokora... ni ere halakoa nintzen ate astun hori nire aurrean itxi baino lehen.
“Eta zuk zer emango didazu bueltan?” “Nahi duzuna, zer nahi duzu ematea?”- galdetu zenidan-. Xinplea, ezta? “Nahi dudana...” erantzun errazeko galdera dirudi. “Musu bat”. Aise erantzun nuen egun hartan, eta kaletik dabilen edonork ez du arazorik izango itaunketa berberaren konponbidea asmatzeko, ez izan zalantzarik. Baina orain, galdera horrekiko isiltasuna beste arraposturik ez dut. Noraezean nabil, itsaso zabalean ontzi baten antzera. Olatuen bultzadaz mugitzen naiz, baina ez da bere besoetan onartuko nauen porturik izanen, zu baitzara nire portu bakarra.
Maite ninduzun eta nik zu. Nire begiek distira harrigarria zuten, irribarrea berez sortzen zen nire ezpainetan zutaz hitz egitean, zu ikustean, zu laztantzean. Denek esaten zuten bikote polita egiten genuela. Begirada bat nahikoa zen bestea pentsatzen ari zena zer zen jakiteko, hitz bat ondorengoa asmatzeko. Geure burua bezain ongi ezagutzen genuen ondokoa. Bai, egia esan bikote polita osatzen genuen. Zure ondoan seguru sentitzen nintzen, babesturik. Nire bizitzak zentzua zuen eta ez nintzen geroaren beldur, nire alboan egongo zinela bainekien.
Ezin izango dut inoiz elkarrekin igarotako azken gaua ahantzi. Afaltzeko geratuak ginen Markel eta haren neskarekin. Etxera etorri zinen nire bila. Zure betiko bakeroak eta nik oparitutako kamiseta beltza zeneramatzan jantzita. Inoiz baino erakargarriago zeunden. Kotxera sartu eta musu ezti hura eman zenidanean, zure lehenengo musua jasotzean sentitutako su berbera jabetu zen nire bihotzaz. Orduan konturatu nintzen nire bizitzan zu zinela garrantzitsuena, nire bizitzaren arrazoia, eguneroko indarra... “ Nola liteke zu bezalako mutil bat nirekin maiteminduta egotea?” “Egunero galdera berbera luzatzen diot neure buruari” –erantzun zenuen-. Jatetxera iritsi eta laurok mahaian eseri ginen. Gogotik egin genuen barre gau hartan, zure eta Markelen irtenaldiak zirela medio batez ere. Etxera itzultzen ari ginela ere, oraindik barre algara biziak bota genituen biok hura gogoratzean. Erdi lo nengoen eta, bat-batean, kamioi handi baten argiek bete-betean eman zidaten aurpegian. Ondoren, sekulako hotsa entzun nuen eta zure ahotsa, “lasai maitea”.
Ospitalean esnatu nintzen. Markel zen nire ondoan. Zer gertatu zen galdegin nion baina ez nuen erantzunik jaso. Malkotan blai zituen begiak. Zu non zeunden galdetu nion, baina ez zen nire begietara begiratzera ere ausartu.
Kristalez inguraturiko gela batean zinen, hodi lodiz inguraturik. Zaila da momentu horretan sentitutakoa hitzez azaltzea. Mundua bat- batean gelditu zen niretzat. Ez zidaten zure alboan bost egun luzez egoten utzi. Medikuak argiak izan ziren eta hileta prestatzen hasteko esan ziguten, komatik suspertzen bazinen ere, kalte larriak jasango zenituela. “Zergatik zu eta ez ni?” behin eta berriz etortzen zen galdera hori nire burura.
Bi hilabete eman nituen ospitalean, ia mugitu gabe, zure ohe ondoan, zurekin. Egunak aurrera zihoazen baina zuk, ordea, ez zenuen aurrera egiten. Ohe zuri horretan, geldirik, isilik... Lo zeundela zirudien, orduan bakarrik egoten baitzinen horren lasai, baina zure loa iraunkorra zen orain, bukaerarik gabekoa.
Zure ohe ondoko eserlekuan eseri nintzen zure aurpegi zuriari so, azal leuna laztanduaz. Burua leihotik atera nuen. Ilargirik ez zen gau hartan... itsasoa haserre zebilen, nonbait ilargiak bizkarra eman eta gau luze hartan bakarrik utzi baitzuen. Olatuak ikusi nituen, hauek ere haserre, harkaitz gogorrekin lehia geldiezinean. Eta hantxe, zutik, jertsea aldean eta eskuak poltsikoetan, niri begira ikusi zintudan. Hitzik gabe geratu nintzen, arnasa barik. Korrika, eskailerak jaitsi nituen. Haize hotzak laztandu zituen nire masailak, kresal usain hark bete nire birikak. Zu ikusi zintudan lekurantz joan nintzen, baina han ez zen inor ageri, kalea hutsik zegoen... edo ez? Urrutian, pasealekuaren bukaeran, zure gorputza ezagutzea iruditu zitzaidan. Lasterka hurbildu nintzen, baina gero eta urrutiago zegoen, gero eta urrutiago... “Iosu!” hots egin nizun. Bai, zu zinen. Burua bueltatu eta zure betiko irribarre gozoa ikusi nuen. Begiak lainotzen hasi zitzaizkidan. “Maite zaitut!” “Behar zaitut!” “Ez nazazu bakarrik utz!”. Desagertu egin zinen. Ospitaleko aulkian esnatu nintzen, izerditan blai, aurpegia malkoz bustirik. Amets bat, amets gaizto bat besterik ez zen izan.
Ezin nuen zu ohean ikustea jasan, berriro inoiz begiak zabalduko ez zenituela jakiteak pixkanaka-pixkanaka hiltzen ninduen. Min izugarri hark jaten zizkidan erraiak, eta horregatik joan nintzen.
Hiriko beste muturrean dagoen hondartza bakarti honetan nago orain. Eguzkia mendebaldetik sartzen ari da eta zeruak kolore gorrixka hartu du. Ilunabar asko ikusitakoak gara gu. Gogoratzen? Mendi haren magalean eseri, eta besarkaturik, elkarrekin igarotako egun zoragarri hura agurtzen genuen, bihar etorriko zenaz kezkatu gabe, batera baikeunden.
Nire barnean dudan etsipenarekin bukatzea erabaki dut, geroa zu gabe ez baitut imajinatzen. Betirako agur esaten dizut eta noizbait hau irakurtzen baduzu, ez pentsa maite ez zaitudanik, betidanik maite izan baitzaitut, eta betirako maiteko.
Bihotzez,
"Eki-Eder ”
Markel sartu da gelan, eguneroko legez. Asaldaturik dator, pozik, baina berehala isildu da nire begietan behera, ur jauzi baten antzera, datozen malkoak ikustean. “ Eki-Eder gogoratu dut, Markel, oroitzen naiz!”. Gutuneko hitzek, esaldi bakoitzak, oroitzapen alaiak piztu dituzte nire barnean. Eskerrak eman nahi nizkioke maitasuna zer den oroitarazteagatik, pozik bizitzea zer den erakutsi izanagatik. Maite ninduen bai, eta nik ere betirako maiteko dut, ezingo dut inoiz ahaztu.
“Zoriontasunaren atea ixten denean, beste bat zabaltzen da, baina zenbaitetan hainbeste denboraz begiratzen diogu itxitako ate horri, non ez dugun gure aurrean ireki dena ikusten”.
|
Lorena Orozko Andonegi
F kategoria
16 - 18 urte
|
|