|

VALENTZIARA JOAN NINTZENEKOA

I. KAPITULUA
Treneko bidaia
Gogoan dut zein pozik nengoen uda hartan, Valentziako aiton- amonengana joateko. Lehengusu Martinekin elkartuko nintzen han, hura ni baino zertxobait lehenago joan zen nik beranduago hartzen nituen oporrak eta.
Amarekin joan nintzen tren geltokira, triste zegoen hilabete bat kanpoan izango nintzelako eta pozik ni horren alai ikusita.
- Hemen duzu txartela, - esan zidan irribarretsu- . Hamargarren bagoia eta hirugarren litera, gogoratu.
- Bai!
- Mugi! Txistua laster joko dute eta!
Nik denbora gehiago egon nahi nuen amarekin, behar bezala agurtu nahi nuen eta ez korrika eta presaka. Ama nirekin etorri zedin ere nahi nuen, min ematen zidan beragandik urruntzeak, ondotxo nekien baina hori ezinezkoa izango zela. Amak aiton- amonen etxera bidaltzen ninduen aitarekin zuen arazoa lasai konpontzeko, izan ere, etxean ez geneukan giro ona, gurasoak aspaldidanik ez ziren ondo moldatzen. Aita lanetik bota zuten, beraz, pentsa dezakezue nola genbiltzan ekonomi aldetik, horrek ez zuen batere lagundu gurasoen arteko harremanean.
- Mugi! - Amak berriro- . Eta ondo ibili!
- Agur ama!.
Eta besarkatu egin nuen, nire orgatxoa trenerantz zuzentzen nuen bitartean. Treneko atera iritsi nintzenean, hemeretzi bat urteko mutil batek lagundu zidan ekipaia igotzen, ondoren bera igo zen, eta aldi berean txistu hotsa entzun nuen eta geroago trenak egiten zuen zarata, mugimendu motel batekin batera. Abiatu ginen jada. Ondoan nuen leiho batera hurbildu nintzen eta ama ikusi nuen niri agur egiten, nik ere agur egin nion eskuaz, eta oharkabean, malkoak masailetan behera irristatzen nituela konturatu nintzen eta ezpainak ukitu eta beraien zapore gazia nabaritu nuenean, irribarre egin nuen gogotsu. Valentziara nindoan eta malkoen zapore gaziak, bertako itsasoa ekarri zidan gogora.
Hamargarren bagoira iritsi nintzen. Atea erdi zabalik zegoen eta argi motel bat ageri zen. Gaueko bederatziak ziren eta egun guztian ez nintzen bagoira sartu, treneko kafetegian egon bainintzen aleman xelebre batekin berriketan eta kartetara jokatzen. Konpartimentuan sartu nintzenean, lau litera ikusi nituen, horietako bi okupatuak. Batean, tatuaia mordoa zituen gizon bat zegoen, lerdea zeriola lo. Bestean, itxura atsegineko amona ile- zuri bat zegoen. Bere ekipaia ateratzen ari zen.
- Gabon - esan nuen hirugarren literarantz hurbilduz.
- Gabon, mutiko - erantzun zidan ahots xamurrez- . Oraintxe ari nintzen nire maleta desegiten eta begira zer aurkitu dudan. Bonboi kaxa dotore bat erakutsi zidan.
- Nahi duzu bat?
Tapa ireki eta bereziki txokolate asko zuen bat hartu nuen. Amak behin baino gehiagotan esana zidan ez hartzeko ezezagun baten ezer, baina noizean behin, horrelako momentu tentagarrietan bezala, ez nuen esana betetzen...
- Nola deitzen zara, txiki?
- Kepa, eta zu?
- Ni, Julia. Nora zoaz zu bakarrik?
- Aiton- amonen etxera noa Valentziara.
- Ze kasualitate! Ni ere Valentziara noa!
Ondoren, egunerokoa eta axota hartu eta ohera bota nintzen idazteko.
- Zer ari zara idazten? - Galdetu zidan Juliak jakin- minez, nigana hurbilduz.
- Egunerokoan idazten ari naiz. Egunero gertatzen zaizkidan gauzak idazten ditut hemen.
- Mm... interesgarria!
Ezin nuen lorik egin! Ezin nuen! Etsi- etsian ari nintzen ohean batetik bestera, lo hartu nahian baina bai gizon tatuatuaren zurrungek eta bai trenaren mugimendu bortitz eta hots desatseginek loa galarazten zidaten.
Azkenean, denbora asko igaro ondoren, aurkitu nuen kontua zertxobait lasaitzeko irtenbidea. Galtzerdi bat hartu eta etenik gabeko zurrungak egiten zituen gizonari ahora sartu nion. Horrela gutxienez, ahal izan nuen ordu betez jarraian lo egin, ordu betez esaten dut, denbora horren buruan, soinu arraro batek esnatu ninduelako, eta begiak ireki nituenean, tatuaiaz beteta zegoen gizonaren galtzerdia lurrean zegoela eta azken hau, zurrunga bizian ikusi nuen.
Hurrengo goizean, esnatu nintzenean, ni bakarrik nengoen bagoian. Ia bazkaltzeko ordua zen, izan ere, gau guztian ezin izan nuen begirik bildu eta goizaldean lokartu nintzen.
Kafetegira iritsi nintzenean, Julia begiztatu nuen zerbitzariari hartuko zuena eskatzen eta ikusi ninduenean, beraren ondoan esertzeko keinu egin zidan.
- Zer, esnatu zara azkenean? Loti ederra ematen zenuen, lo zorro- zorro!
- Bai? Ba gau osoa esna eman dudalako da hori!
Erantzun nion zakar samar, gaueko giroa gogoratuz. Banekien ez zela bere errua, baina...
- Tira, zer hartuko duzu? Gonbidatuko zaitut.
- Eskerrik asko! Lehenengo..., makarroiak!
- Ziur nengoen hori eskatuko zenuela!
- Eta gero..., kroketak!
- Aizu, mesedez! - Juliak ondotik pasatzen zen zerbitzari bati- . Umeak..., makarroiak eta kroketak hartuko ditu...
Egia esan, treneko bidaia oso atsegina egin zitzaidan. Juliarekin ematen nuen denbora gehiena, edo bestela leiho baten ondoan eseri eta inguruko paisaiei so geratzen nintzen, hodeien forma arraroei begira egotea ere gustatzen zitzaidan, “laino honek untxi bat dirudi! Eta beste honek kotxe bat!” Eta noski, ez nuen inoiz nire egunerokoa ahazten eta eguneko gertakari guztiak idazten nituen bere horri zuri, fin eta leunetan. Baina horrek guztiak ere bukatu behar zuen noizbait, eta momentu hori iritsia zen.
- Nahi duzunean etorri - esan zidan Juliak bere bilobaren etxeko zuzenbidea emanez.
Valentziako tren geltokian geunden. Jendez beteta zegoen, guztiak maleta astunez kargatuak gainera. - Ez dut bakarrik egotea atsegin.
- Eta zure biloba? - galdetu nion harrituta- . Ez al zara berarekin egongo?
- Ui! Nahi bai! Lanean dago baina, eta tamalez, ez du etxea zapaldu ere
egingo!
Une hartan bertan, niri deika, ahots batzuk entzun nituen.
- Kepa! Kepa!
Bira eman eta zazpi bat metrora gutxi gora behera, Martin lehengusua ikusi nuen. Haren ondoan, adineko gizon burusoil bat zegoen, gelditzen zitzaizkion ile apurrak zuriak ziren eta pastazko betaurreko urdin karratu batzuk zeramatzan.
- Aitona! - oihukatu nuen pozez zoratzen, (urte bete ikusten ez nuela)- . Julia, joan egin behar dut, zain ditut eta! - esan nion aztoratuta.
- Bai, zoaz!
Lasterka bizian abiatu nintzen haiengana, orgatxoa atzetik tiraka neramala.
- Zenbat hazi zaren mutiko! Gelditu beharko duzu noizbait, ez? - esan zidan aitonak isekari. Estaziotik irten ginenean, TAXI gorri bat zegoen gure zain eta belarritik belarrirainoko irribarre zabal batekin sartu nintzen.

II. KAPITULUA
Aiton- amonen etxea
- Amonak ere etorri nahi zuen zure bila baina lanpetuta dabilela esan du - esan zidan aitonak aurreko eserlekutik.
- Ziur pasteltxoak ari dela egiten zuri ongietorria emateko! - xuxurlatu zidan nire ondoan Martinek.
Begiak maltzurki dizdiz egin zioten eta banekien zergatik; Martini izugarri gustatzen zitzaion jatea, eta bereziki amonak prestatzen zituen pasteltxoak. Martinek, gaztaina koloreko ile motz kizkurra zeukan, begiak, ilearen kolore berekoak eta urtsuak, oreztatsua zen eta nahiko baxua eta lodia, (orain espageti bat baino argalagoa dago). Ni berriz, guztiz kontrakoa; ile horia eta begi berdeak neuzkan. Azala, pixka bat beltzarana eta altua nintzen. Nire lehengusu potzoloaren parean, igarri ere ez nintzen egiten, oso argala bainengoen.
- Bazkaldu ondoren hondartzara joan gaitezke, Kepa - esan zidan Martinek irrikaz- . Bikaina da! Arroketan ibiltzea gustatzen zait niri!
Ezin nuen lehengusua arroketan ibiltzen imajinatu, lurrean ere kostata ibiltzen baitzen estropezu egin gabe.
- Hondartza etxe ondoan al dago?
- Berrogeita hamar metrora edo... begira! Iritsi gara!
Eta errebuelta baten ostean, aitona eta amona bizi ziren etxea ikusi nuen. Amona, autoaren zarata entzutean, kanpora irten zen.
- Zenbat denbora ikusi gabe! - esan zidan estu- estu besarkatuz, ia itotzeraino- . Pasteltxoak egiten aritu naiz! - gaineratu zuen ni etxe barrura bultzatuz- . Fruitu lehor eta txokolatezkoak daude.
Etxe barrura sartu nintzenean, sarrera handi batean aurkitu nintzen. Gustu handiz dekoratuta zegoen. Paretak urdin kolorekoak ziren eta zegoen alfonbra bakarra, gorria zen! Egongela batera ematen zuen korridore kurbatu motz bat zegoen. Egongela, etxeko bihotza zela esan zitekeen, bertatik joaten baitzen etxeko beste geletara eta baita ganbara bat zen goiko solairura ere. Egongela eta jangela tabike batek banantzen zituen eta sukaldera, jangelatik sartzen zen. Sorpresa hartu nuen, egongelara sartu eta butaka batean eserita, beste norbait zegoela ikustean. Gizon gazte bat zen. Esku artean zeukan liburu batean murgildurik zegoen buru belarri irakurtzen, bere inguruan gertatzen ziren gauzez ohartu gabe.
- Xabier! - deitu zuen amonak atentzioa eskatuz, eta orduan bakarrik altxa zuen burua horri artetik- . Hau Kepa da, nire biloba.
Xabier edo dena delakoa, altxatu egin zen. Altua zen, oso altua, eta handikotea. Begi beltzak zituela ohartu nintzen, ilea ere ikatza bezain beltza, eta hiru bat eguneko bizarra, nahita utzita baina. Betaurreko biribil batzuk zeramatzan eta nigana hurbilduz egin zuen mugimendu baten ondorioz, sudur puntaraino jaitsi zitzaizkion.
- A! - esan zuen alai- . Zenbat gehiago dituzue ba? Martin biloba bakarra zela uste nuen!
- Ba, ikusten duzu! - esan zuen aitonak. Eta erlojuari begiratuz gehitu zuen:
- Ui, Xabier... uste dut gaur ere berandu iritsiko zarela, bostak laurden gutxi dira.
- Zer? Bostak laurden gutxi? Ai ama! Nagusiak akabatu egingo nau! Gero arte!
Eta lasterka alde egin zuen.
- Gure lagun bat da - zuzendu zitzaidan aitona- . Maiz etortzen da bisitan, eta hori hemendik urruti bizi dela! Polizia da eta sarritan iristen da berandu lanera! Oso despistatua da!
- Amona, non daude pasteltxoak? - entzun nuen galdetzen zuela Martinek.
- A, bai! Etorri! Etor zaitezte sukaldera! - eta bat- batean gelditu egin zen zerbait gogoratu izan balu bezala- , lastima lehenago ez gogoratu izana! Xabierri asko gustatzen zaizkio! - nik banekien amonak asko estimatzen zituela bere pasteltxoak eta penatu egiten zuela jendeak ez jatea eta bere iritzia eman gabe uztea.
Xabier eserita egon zen butakaren paretik pasatzean, irakurtzen egon zen liburuan erreparatu nuen, han utzi baitzuen. “11 kasu eta 1000 erantzun” zuen izena eta arraroa iruditu zitzaidan 11 erantzunen ordez, 1000 izatea.
- Mm...- esan nuen txokolatezko pasteltxo bat dastatu ondoren. Benetan goxoak zeudela!
- Hon...dartz...ara,...bizikletaz jo...an gaitezke - esan zidan Martinek ahoa pasteltxoz beteta, eta irentsi ondoren:
- Eta pastel batzuk eraman ditzakegu askaritarako.
Beraz, bazkalostean, hondartzara abiatu ginen bizikletaz. Primeran pasa genuen! Ura oso garbia eta epela zegoen. Karrerak egin genituen igerian, ur azpian ahalik eta denbora gehien egotera jolastu genuen eta arroketan ibiltzen, lehengusua uste izan nuena baino trebeagoa zen nahiz eta ia- ia erori eta atzetik zeukan jende guztia bota.
- Ez, gaur ezin dut zurekin joan, Martin. Lagun bat ikustera noa.
- Lagun bat? - harrituta lehengusuak- . Noiztik daukazu lagun bat hemen?
- Treneko bidaian ezagutu nuen eta noizbehinka bisita egitera joateko esan zidan. Nahi baduzu, etorri zu ere!
- Bueno, bale! - Martini ez zitzaion gustatzen ezagutzen ez zuen pertsona bat ikustera joatearen ideia baina bakarrik egotea baino hobe zen.
III. KAPITULUA
Drogen kasua
Bizikletaz joan ginen Julia bizi zen etxeraino.
DIN- DON!!!
Jo nuen txirrina, baina atean azaldu zena ez zen Julia, ezta gutxiago ere! Xabier zen! Aiton- amonen etxean ezagutu nuen gaztea. Bera ere txunditu egin zen gu han ikustean.
- Martin, Kepa! Sartu! Sartu! - baina ni ez nintzen mugitu. Dudarik gabe, etxez nahastu nintzen.
- Barkatu, Xabier. Beste etxe batera gindoazen - baina orduan zerbait piztu zen nire buruan, eta pentsatzen ari nintzena galdetu nion:
- Zu ez zara Juliaren biloba izango, ez?
- Ba, bai! - erantzun zidan are harrituago- . Bera ikustera al zatozte?
Barrura sartu ginenean, Xabierrek, Juliak trenean eskaini zizkidan bonboiak atera zizkigun eta Martinek irribarre zabal- zabalarekin onartu zituen.
- Ba, orain momentuan ez da etxean, erosketa batzuk egitera atera da baina berehala etorriko da! - eta Xabier ere, gure parean eseri zen. - Nondik ezagutzen duzu ba, Kepa?
- Trenean elkarrekin etorri ginen.
- Oso goxoak! - esan zuen Martinek bere bonboiekin.
Minutu batzuk geroago, sarrailaren hotsa entzun genuen eta egongelan Julia agertu zen poltsaz kargatuta.
- Kaixo Xabier! - esan zuen aurrera begiratu gabe, eta sukaldera joan zen segituan.
Bueltatu zenean, ez zekarren poltsarik eta orduan erreparatu zigun Martini eta niri.
- Kepa! Barkatu, e! Ez naiz ohartu hemen zeundetela! Zenbat pozten naizen zuek etorri izanaz!
Denbora luzez egon ginen hizketan. Nik Martin aurkeztu nion. Ordubete- edo iragan ondoren, txirrinak jo zuen eta Xabier joan zen zabaltzera esanez:
- Maite da, etorriko zela esan dit.
- Maite bere lankide bat da - azaldu zigun Juliak.
Xabier, hain zuzen, Maiterekin bueltatu zen eta elkarrekin eseri ziren paper batzuk begiratzera. Maite oso neska jatorra zen eta Xabier eta bera oso ondo konpontzen ziren.
- Drogen trafikoko kasu batean gaude sartuta - esan zigun Maitek- . Drogen trafikoa eta kontsumoa asko igo da azken aldian eta badakigu, hemen, Valentzian, droga kontrabandoko sare garrantzitsu bat dagoela. Horren atzetik gabiltza orain, taldeko buru nor den jakin ahal izateko.
- Pistaren bat ba al duzue? - galdetu nien arretaz.
- Taldekide batzuk nortzuk diren badakigu - esan zidan Xabierrek- , baina ez diegu ezer ateratzea lortu, ez dute ezertxo ere esaten. Atxilotzeko froga nahikorik ere ez dugu. Kontu latza.
- Nola dakizue orduan pertsona horiek taldeko kide direla?
- Beno - hartu zuen ildoa Maitek- , hasieran susmagarritzat genituen, badakigulako aurrez ere horrelako kontuetan nahastuta egon direla, baina gero, gauzak aldatuz joan ziren. Informazio anonimoa bidaltzen hasi ziren, pertsona susmagarri horiek droga kontrabando sareko partaide zirela frogatuz.
Geldiune bat egin zuen, arnasa ondo hartu eta kontakizunari ekin zion berriro:
- Baina nola jakin genezakeen mezu anonimo haiek egia ziotela? Dirudienez, igorleak ere hori bera pentsatu zuen eta orain, sinadura antzeko batekin bidaltzen dizkigu: ASDO.
Arraroa iruditu zitzaigun, bi pertsonek idazten ote ziguten? Eta badaezpada, ASDO hori ikertzen hasi ginen, eta zer esan nahi duen asmatu genuen: “Agente sekretuen departamentu orokorra”. Beraiekin kontaktuan jartzen saiatu ginen eta baita lortu ere! Gu ere beraien kasu bera aztertzen ari ginela jakin zuten eta laguntza pixka bat ematea pentsatu zuten.
- Beraz, esan daiteke elkarrekin ari zaretela ikertzen - esan nien.
- Esan daiteke - jarraitu zuen Maitek Xabierrek buruarekin baieztatzen zuen bitartean- . ASDOko bi kide, susmagarriekin, edo hobeto esanda, droga kontrabando sareko kide horiekin egoten dira euren lokalean, beraietakoak balira bezala. Baina dirudienez, errudun horiek ere ez dakite nor den nagusia, hori bai, P.G. sinatzen du.
Etxera iritsi ginenean, Maitek kontatutako guztia zehatz- mehatz apuntatu nuen egunerokoan, eta orri batzuk apartatu nituen kasu hartatik nekizkien gauzak idazteko, sentsibilitate berezi batez erakartzen baininduen. Martin ere nahiko aztoratuta utzi zuen entzundako hark eta pasadizo zirraragarriak asmatzen genituen gu protagonistak ginela. Ez genekien egun batzuk barru, soilik imajina genitzakeen kontu horiek bete- betean biziko genituela.
IV. KAPITULUA
Auzoko berria
Pixkanaka, Martin eta ni lagun egiten hasi ginen auzoko gure adineko neska- mutilekin. Haien bitartez, jende gehiago ezagutzen joan ginen. Nik, adibidez, harreman ona neukan okinarekin, eta Martinek, berriz, estankoko saltzailearekin. Horrek bere zergatia ere bazuen; nik ogia erosten nuen eta Martinek berriz, egunkaria. Eta eskerrak! Ogia berak erosiko balu, kapaz izango litzateke etxera heldu baino lehen barra osoa jateko.
Arratsalde hartan, etxe atzeko parkean geunden lagun- talde guztia, eta momentu hartan, Jose Gomez, mutiko altu eta handi bat, (Erraldoi Gomez), hizketan ari zen:
- Entzun duzue azken berria? - galdetu zigun handiustez- . Gure adineko neska berri bat etorri da auzora! Nire etxe parean bizi da, gaur goizean iritsi dela uste dut...
- Bere lagun egin beharko ginateke. Gajoa! Oso bakarrik eta aspertuta egongo da! - proposatu zuen Nataliak, Nati Pinpirinek alegia.
Guztiak ados azaldu ginen, Gomez Erraldoia barne, zeina beti kontrara azaltzen baitzen. Ana eta Joana bikiak ere ados azaldu ziren eta hori oso buru gogorrak zirela, beti aurkara azaltzen ziren bereziak izan nahi zutelako; bakarrak! Pentsaera desberdinekin, ze tontakeria!
Felipe Ipurterrek ere ez zuen aurka egin eta Laura Negartiri oso dibertigarria iruditu zitzaion lagun berri bat egitearena, eta horrenbeste hunkitu zen talde guztia behingoagatik ados ginela ikustean, negarrari eman baitzion egun hartan hirugarren aldiz.
Konturatuko zinen segur aski taldeko guztiak geneukala izengoiti bat Anak eta Joanak izan ezik, ez? Beno, nirea, Kepa Fideo zen eta lehengusuarena, Martin Tripontzi. Sarari, gure taldekide laster izango zen lagun berriari, aurrerago ikusiko duzu zein eman genion.
Berrien etxerantz hurbildu ginen bada, baina txirrina jotzean, ez zuen inortxok ere ireki eta auzotik buelta bat ematera joan ginenean, ez genuen ezezagunik ikusi.
Ogia erostera joan nintzenean ordea, aldatu egin zen gure zortea. Dendatik ateratzean, sartzen, inoiz ikusi gabeko neska batekin egin nuen topo. Begi urdinak zituen, itsasoaren kolore berekoak, eta ilea gaztaina kolore ilun batekoa eta ondulatua. Argala zen eta irri egiterakoan, masailetan, elutxa xarmangarri batzuk ateratzen zitzaizkion. Ibilera liraina zuen oso. Polita iruditu zitzaidan. Nire adinekoa zirudien. Dudarik gabe, bera zen etorri zen berria. Hurbildu egin nintzaion eta galdetu nion:
- Zu zara auzora etorri den neska berria?
- Ez bada inor gehiago etorri bai... - erantzun zidan, nire ustez lotsatu samar, noski, ez nekien ze berritsua den une hartan- . Sara dut izena.
- Nik Kepa. Baina hemengoek Kepa Fideo deitzen didate.
- Ez naiz harritzen! - esan zuen barrez.
- Ba zu ere ez zara koipe bola bat esaten dena!
- Beraz, zu ere ez zara hemengoa - Sarak gaia aldatuz.
- Ez. Aiton- amonen etxean nago orain lehengusuarekin batera uda pasatzen- Eta gaineratu nuen aukera aprobetxatuz:
- Aizu, gero, laurak eta erdietan parkean gelditu naiz lagunekin, etorri nahi baduzu...
- Beno, bale! Baina zure lagunei ez zaie axolako?
- Bai zera!

Eta laurak eta erdietan hantxe nengoen lagunei Sararekin izan nuen elkarrizketatxoa kontatzen. Oso pozik zeuden guztiak neska ikustean izan nuen zorteagatik. Baina, itxoin eta itxoin eta Sara ez zen agertzen. Zazpietan oraindik ez zegoen han eta bere etxera joan ginenean ere, bertan ez zegoen inor.
- Bai jende arraroa! - komentatu zuen Erraldoi Gomezek- . Inoiz ez dira etxean egoten!
- Zuk zer dakizu? - galdetu zion Joanak.
- Parean bizi naiz eta ez ditut inoiz ikusi ez etxera sartzen eta ez irteten.
- Adi egon ez zarelako da hori! - aurka egin zion Anak bere ahizparen alde jarriz. Ikusten? Beti biak iritzi bera baina besteen kontrakoa!
- Gezurra esan diguzu, Fideo! - esan zidan Felipe Ipurterrek. Eta Laura Negartik negarrari emateko zorian balego bezala, izugarrizko tragedia bat gertatu zelakoaren ahotsa jarriz:
- Zuk ez duzu neska hori ikusi!
- Benetan ikusi dudala!
- Orduan, zergatik ez da etorri? - galdegin zidan Martinek.
Bazirudien zazpiak nire aurka zeudela eta ez nuen ezer esan, alferrik zen eta.
Hurrengo eguerdian, okindegian berriro aurkitu nintzen Sararekin. Bazirudien ni saihestu nahian zebilela, baina ni beragana joan nintzen eta galdetu nion gogor:
- Eta? Atzo zer? Lagunei ere esan nien etorriko zinela eta gero gezurra esan niela pentsatu zuten!
- Sentitzen dut, Kepa! Baina ezin izan nuen joan! Gurasoei zeregin bat sortu zitzaien azken unean eta kanpora joan behar izan genuen!
Benetan triste zirudien.
- Gaur ahalko duzu? - galdetu nion lehengo haserrea ahaztuz.
- Bai! Gaur ziur!
- Atzoko ordu eta leku berean!
Aurreko egunean bezala, lagunei Sara etorriko zela esan nien. Ez zidaten sinistu noski, eta zur eta lur gelditu ziren denak Sara iritsi zenean. Berehala hasi zen azken hau animatzen eta koadrilako guztiak azkar hasi zitzaizkion galderak egiten. Asko egin genizkion baina Sara ez zen aspertzen. Galdera horien artean, bere gurasoek ze ogibide zeukaten galdetu genion baina bera gaiz aldatzera mugatu zen. Ezagutu nuenean, lotsatia iruditu zitzaidan baina berehala antzeman nuen huts egin nuela, oso hiztuna eta irekia baitzen. Ez zen inoiz isiltzen eta agian, dagoeneko asmatu duzu bere izengoitia, Sara Berritsu! Horrela deitu genuen egun hartatik aurrera eta Martin eta biok hala jarraitzen dugu deitzen.
V. KAPITULUA
Sara Berritsuk ezkutatzen ziguna
Martin Tripontzi eta ni, sarriago joaten ginen Julia bisitatzera. Hark niri esan bezala, bilobak ez zuen etxea zapaldu ere egiten. Inoiz ez genuen Xabier etxean topatzen, beno, inoiz, inoiz... bai, baina gutxitan eta beti laneko kontuetan murgildurik. Zerbait esan eta bere kontzentrazioa eteten bagenuen, izugarri haserretzen zen. Juliak zioen bezala, “Bere txirikordetatik kanpo” jartzen zen. Baina joan ginen batean, egongela jendez beteta zegoen. Lau pertsona ezagun eta hiru ezezagun. Xabier, Maite, Julia, erretzen zegoen gizon bat eta bikote bat. Azken hauen artean eserita, gehien harritu gintuena, eta Martin eta nik oihukatu genuen aho batez:
- Sara!
Sara Berritsuk, bere izena entzutean, guganantz begiratu zuen eta ahoa txundiduraz zabalik zuela esan zuen:
- Zer egiten duzue zuek hemen? - Baina ez zuen tonu desatsegin batean esan, han soberan bageunde bezala, gehiago izan zen ezusteko hutsa.
Xabierren etxea sorpresaz betea zegoen, lehenengo, Xabier bera eta orain Sara.
- Elkar ezagutzen duzue edo? - galdetu zigun Juliak ezustekoagatik ondo pasatzen ari balitz bezala, eta haren ondoan eseri ginen.
Lehen aipatu dudan gizon ezezaguna, gure parean zegoen, burusoila zen eta begirada sarkorra zuen.
- Hau gure nagusia da - esan zidan Xabierrek hari begira nengoela ohartuz- , Pedro Garzia - eta gaineratu zuen Pedrori begira- , Kepa.
- Urte askotarako! - esan zidan adeitsu bostekoa eskainiz eta estutu egin nion.
- Hauek - hasi zen Xabier Sararen alde banatan eserita zeuden biak adieraziz, baina gelditu egin zen- , esan dezaket?
- Fidatzeko mutilak dira! - esan zuen Juliak.
Xabierrek bikoteari begiratu zion eta hauek buruarekin baieztatu zuten.
- Baina ez diete inori ezer ere esan behar,- gaineratu zuen emakumeak.
- Ba... - hartu zuen hitza Xabierrek- Sararen gurasoak duela egun batzuk aipatu nizkizuen agente sekretuak dira...
Beraz hori zen! Horregatik Sarak ez zien erantzuten egiten genizkion gurasoei buruzko galderei! Horregatik pasatzen zuten horren denbora gutxi etxean!
- Nik, joan egin behar dut...,- esan zuen Pedro Garziak, erretzen bukatu zuen zigarroa hautsontzian utziz.
- Baina Pedro! - esan zion Maitek- orain dator onena! Pista gehiago ditugu!
- Sentitzen dut - erantzun zion Pedrok pazientziarik gabe- . Hau gainera, zuen kasua da! Ni zuen nagusia naiz baina ez nago kasuan sartuta!
Etxetik atera zenean atea danbateko indartsu batez itxi zuen eta etxeak dar- dar egin zuela iruditu zitzaidan.
- Nabari da kasu hau ez zaiola batere gustatzen - esan zuen Maitek atsekabez.
- Bai, beste batzuetan oso interesatua egoten da... - azpimarratu zuen Xabierrek lagunaren atsekabe berarekin.
Isilune bat egon zen Sararen aitak hautsi zuena.
- Pista gehiago dituzuela esan duzue...
- Bai... bai! - esan zuen bat- batean Xabierrek amets batetik esnatuko balitz bezala- . Erretzailea da, hori zuek esan zeniguten.
- Bai, taldeko kideen listan jartzen zuen.
- Baina ez zenuten marka zein zen jakiterik izan - Maitek.
- Ez.
- Beno, ba guk bai. Egoten zareten lokal hartara joan ginen ea aztarnaren bat aurkitzen genuen. Gauza asko bildu genituen, horien artean tabako pakete bat. Hatzen markak aztertzera joan ginenean, ez genituen bere datuak aurkitu, borratuak zeuden. Hartu genituen beste gauzekin ordea, izen batek ere ez zuen ematen P.G. inizialekin.
- Nola jakin zenuten orduan ze zigarro marka erretzen duen? - galdetu zion Martinek gogo biziz.
- Lasai... lasai... horretara noa eta. Ez ginen errenditu eta non aurkitu genuen tabako paketearen barrualdean P.G. idatzita.
- Baina pertsona asko egongo dira inizial horiekin! - esan nuen- . Beste edonoren paketea izan daiteke!
- Hori orain egiaztatuko dugu - esan zuen Xabierrek- . Karlos, hemen daukazu taldeko kideen zerrenda, ez?
- Bai.
Eta paper zimurtu bat eman zion Xabierri.
- Begira! P.G.! Hemen jartzen du, eta bakarra da inizial horiek dituena!
Martinek nahastua zirudien.
- Ezin da lokalera beste inor sartu edo?
- Ez noski.
- Orduan, nola sartu zineten zuek?
- Karlos eta Mariari esker, beraiek izango bagina bezala. Taldekide balira bezala daude eta.
Maitek tabako paketea atera zuen, plastikozko poltsa garden batean zegoen gordeta. LUCKY markakoa zen.
- Lista honetan ere, bakoitzaren NANa ere badator - esan zuen Xabierrek papera poltsikoratuz.
VI. KAPITULUA
Kafetegian P.G.rekin
Xabierrek esan zigun polizia- etxera joateko. Maite ordenagailuan ari zen pista guztiak pasatzen, gu berriz, Xabierrekin hizketan, txokolate beroa edaten.
- Kasu gogorra da hau - zioen berak- . Oso pista gutxi ditugu...
Orduan, Maite azaldu zen, eskuan erretako paper bat eta diskete apurtu bat zekartzala.
- Bukatu duzu, Maite? - galdetu zion Xabierrek.
- Bukatu? - Maitek histeriko jarriz- . Bukatu, diozu? Bai! Komunera joan naiz eta lehenago disketea poltsan sartu dut, eta bueltatu naizenean! Begira! - diskete hautsia eta paper errea erakutsi zituen, amorruaren amorruz eskuak dardarka zeuzkala- . Diskete honetan neukan gordeta guztia! Eta...eta, paper hau, droga kontrabando sareko lista da! NANa hemen zetorren! NANa Xabier! NANa!
- Eta ordenagailuan? Ez al zenuen hor ere gordeta?
- Borratu egin du norbaitek!
Xabier zurbildu egin zen. Azkenean, bere aurpegiak paperaren kolore bera hartu zuen.
- Datu guztiak... ezabatuak...
Oso isilune luze eta desatsegin bat egon zen une hartan ni gauza batez oroitu arte.
- Ei! Nire egunerokoa!
- Ze, zer ikusi dauka zure egunerokoak honekin? - galdetu zidan Martinek lur jota.
- Ni hor egon naiz idazten guztia! Kasuari buruz argitzen zenuten guztia alegia!
Lauroi aurpegia argitu zitzaigun itxaropen horrekin eta nik egunerokoa atera nuen motxilatik.
- G. sinatzen du. LUCKY zigarroak erretzen ditu. Bere hatz markak ezabatuak ez dira identifikatuak. NAN:81754692- M
Horiek ziren balio zizkiguten pistak.
- Primeran! - esan zuen Maitek.
- Nor izan ote da disketea puskatu, orria erre eta ordenagailukoa borratu duena?
- Hemengo bat, dudarik gabe, Martin...
Arratsalde hartan, erosketak egitera joan nintzen. Kaxara iritsi nintzenean, Pedro Garzia zegoen nire aurretik.
- Iepa! - agurtu ninduen- . Kepa, ez?
- Bai.
Orduan, dendariak esan zion:
- Erakutsiko didazu nortasun agiria, mesedez?
- Bai, bai...- esan zuen Pedrok diru- zorroa irekiz. Nortasun agiriko argazkian, zena baino are itsusiagoa agertzen zela iruditu zitzaidan.
Hurrengo biharamunean, Juliaren etxean geunden, bai Sara eta bere gurasoak ere.
- Nola jakin zenuen Pedro zela P.G.?
- Beno - hasi nintzen- , susmoa baneukan. Pedrok ere LUCKY erretzen du, hemen egon ginen azkenekoan egiaztatu nuen. Eta kasuagatik zergatik zuen horren interes gutxi? Inizialak ere bat zetozen eta ordenagailuan pista guztiak borratu zituena, polizia- etxeko norbait izan behar derrigorrez. Super merkatuan, NANko zenbakia ikusi nuen. Egunerokoan nuenarekin alderatzea besterik ez nuen egin eta berdinak zirela ikusi nuen.
- Bikain!
Guztiek goraipatu ninduten eta polizia- etxean ere mota askotako lausenguak entzun nituen. Orduan, Pedro atxilotzea besterik ez zen falta eta hori kontu handiz pentsatu beharreko gauza zen. Guztiok izango genuen gure papera atxiloketan.
- Sarak, Martinek eta Kepak, kafetegira gonbidatuko dute, elkarrizketa bat mantenduko dute susmo txarrik har ez dezan eta guk gauzak prestatzeko denbora izan dezagun. Seinalea ematen dudanean, atera egingo dira eta hor sartzen gara gu - zioen Xabierrek hogei bat pertsonari zuzenduz- . Kafetegi kanpoan egongo gara itxoiten une horretara arte; irtetean, inguratu egingo dugu Pedro eta atxilotuko dugu.
Beraz, Martin, Sara eta ni, P.G. egunero egoten zen parkera joan ginen eta banku batean eserita egunkaria irakurtzen topatu genuenean, kasualitatez aurkitu izan bagenu bezala jokatu genuen.
- Kaixo Pedro!
- Oraintxe gindoazen kafetegi hartara!
- Nahi duzu gurekin etorri?
Pedrok burua altxatu zuen.
- Benga! Ez diozu uko egingo kafesne bati, ezta?
- Tira! - esan zuen altxatuz- . Hala nahi baduzue!
Eta kafetegira bideratu ginen. Leihotik urruti zegoen mahai batean eseri ginen, txisteak kontatu genizkion, edozer gauza esan genion, kontua zera zen, besteei gauza guztiak prest edukitzeko denbora ematea.
- Beste bat, beste bat! - esan zuen Sarak- , badoa tomate bat eta gorritu egiten da!
Algara faltsuak egiten hasi ginen, eta Pedrok, barrez ari ginela ikusita, ez zuen beste erremediorik izan eta bera ere, barre egiten hasi zen. Martin, beste txiste zentzugabeko bat kontatzen hasi zen.
- Bi doaz eta erdikoa erortzen da!
Udan ateratzen dituzten abestiak baino entzunagoa zen txiste hori...
- Zergatik ez goaz kanpora? - esan nuen Xabierrek kafetegiko atetik burua sartzen zuela ikusita. Hori zen abisua- . Bero gehiegi egiten du hemen...
Aitzakia hori ez zen batere ona izan, Kafetegi barruan beroa egiten zuen bai, baina kanpoan askoz gehiago. Hala eta guztiz ere, altxa egin ginen, kontua pagatu eta aterantz hurbildu ginen. Atera ginenean, jende asko zegoen kanpoan hesi baten atzetik, eta barruan berriz, polizia mordoa, horien artean, Maite eta Xabier. Sara, Xabier eta ni, hesiaren beste aldera joan ginen lasterka.
Poliziek inguratuta zuten Pedro. Eta hau, ahoa bete hortz zegoen, zer egin ez zekiela.
- Zer gertatzen da hemen?
- Atxilotuta zaude, Pedro - esan zion Maitek hurbilduz. Eskuburdinak jarri zizkion eta Pedrok ez zuen zirkinik egin, soilik galdetu zuen:
- Jakin dezaket zergatik atxilotu nauzuen?
- Droga trafikatzeagatik.
- Droga trafikatu, nik?
- Bai Pedro. Harrapatu zaitugu. Froga dezente ditugu errudun zarela frogatzeko.
VII. KAPITULUA
Trenean berriz ere
Egunkari guztietan, lehenengo orrialdeetan ateratzen zen albistea. Honako titularrarekin:
PEDRO GARZIA POLIZI BURUA DROGA TRAFIKATZEAGATIK ATXILOTUTA
Martin eta bioi bi aste gelditzen zitzaizkigun oraindik Valentzian, eta lagunekin ibiltzeko aprobetxatu genuen. Behin eta berriz eskatzen ziguten kontatzeko nola atxilotu zuten P.G. Martinek horrenbeste exajeratzen zuen kontua, non neska gazte mordoa hurbiltzen baitzitzaizkion bere “abentura izugarriak” entzutera.
Gure azken eguna zen Valentzian. Lagunak jada agurtu genituen, orain, Julia falta zitzaigun.
DIN- DON!!!
Juliak ireki zuen atea. Maite eta Xabier ere han zeuden, baina ez lanean, ezta inolaz ere! Astebeterako oporrak hartu zituzten eta Kanarietara zihoazen biak. Juliak oraindik hilabete gehiago gelditu behar zuen han.
- Bazoazte, beraz.
- Bai, bihar goizean hartuko dugu trena.
- Oso tarte politak izan dira zuekin pasa ditudanak. Asko sumatuko dut zuen falta - esan zigun eta bakoitzari muxu bana eman zigun. Agur hori oso tristea izan zen bai Martinentzat eta bai niretzat, Juliak ere penatuta zirudien. Xabier eta Maite agurtu genituenean, esan zigun azken honek:
- Oso gustura egin dugu lan zuekin.
Amonak eta aitonak lagundu gintuzten geltokira. Goizeko 7:30ak ziren.
- Tori, - esan zigun amonak paperezko poltsa bat emanez- . Pasteltxoak daude barruan.
- Oi, ez! - esan zuen Martinek eta ni asko harritu nintzen- . Erregimena egiten hasi behar nintzen gaur!
Guztiek egin genuen barre, Martin berak ere, baina ez dakit egia zen erregimena egitea pentsatzen zuen ala grazia egiteko esan zuen hori.
Treneko bidaia oso- oso motza egin zitzaidan. Bai Martinekin nengoelako eta bai etxera bueltatzeko gogo handirik ez nuelako.
- Ia iritsi gara! - esan nion nire alboan nuen Martini.
Eta hamar minutu geroago, Bilboko tren geltokian geunden. Maletak hartu eta jaitsi ginenean, ezagunen baten bila hasi nintzen eta beste puntan, ama ikusi nuen, eta baita aita ere, ama maitekiro besoaz inguratuz. Horrek bai piztu zuela poza nire barnean.
|
Maialen Suarez Errekalde
C kategoria
10 - 12 urte
|
|