ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO


Kepa Matxain

EGURRAREN MINTZOA


Kepa Matxain Iztueta
Antigua Luberri BHI
E kategoria
Sari nagusia



Doinua: Habanera

1.- Egur puska txiki bat naiz
zaharra eta zimurra
duela urte dexente
ezagutu nuen lurra.
Ordutik bizitu ditut
mina, gosea, beldurra,
bekaizkeria, ezina,
gudua eta gezurra.
Gizakia dut borrero,
gizakia dut lapurra,
kendu baitit aspaldian
nuen zorion apurra,
hona nire bizitzaren
biografia ziurra:
gizakiak egurtuta
amaitu duen egurra .

2.- Umetako garai haiek
oroitzen ditut gustura
Amazonia oihana
hura zen etxea hura!
Txoriak etortzen ziren
adarretara kantura
doinu eder haren lagun
zen ibaietako ura.
Baina behin erori nintzen
motozerraren amura,
dirua lortzen dutenez
gure bizitzen kontura,
ez dira jabetzen edo
ez dute jabetu gura
umeek akabatuko
dutela ama natura.

3.- Oihanari bota nion
nire azken begirada
laster iritsia nintzen
lantegi zahar batetara.
Barruan sentitu nuen
izugarrizko zartada,
pentsatu nuen: “etxean
adina hemen bagara”.
Mahai bihurtu ninduten
eurek nahi zuten erara,
ikasleen euskarria
bihurtu nintzen hartara,
baina banuen pena bat,
ezin esan gabe laga,
tamalez ez nintzen heldu
eskola guztietara.

4.- Palestinan atera da
eguzkiaren lehen printza
gerran bizi den herria
da pobrea eta hitsa.
Handiek jartzen dituzte
nahi duten hainbat baldintza,
inork entzuten ote du
herri xumearen hitza?
Tiragoma bihurtu naiz
lehen nintzena haritza
gazte baten poltsikoan
aurkitu nuen geriza
nahiz eta hark ez aurkitu
askatasunaren giltza,
hiltzear zen herriari
eskaini zion bizitza.

5.- Bihurtu naute Kristoren
gurutzearen pusketa
elizari jartzen diot
momentu oro arreta,
azken boladan sekula
ez da egoten beteta
gizartearen alboan
eraiki baitu pareta,
gizarteak onartua
elizak nahi du debeka
nahiz eta batzuek egin
hain dotore berriketa,
hobe egingo balute
egoeraz gogoeta,
gurutzea gurutzbide
bilakatu zaie eta.

6.- Egurrezko patera naiz
exkaxa baina egizko,
nahiz eta gainezka noan
ez da inor eroriko,
badaude agure zaharrak
eta pare bat mutiko,
pertsona hauen bizia
defendatuko dut tinko.
Bizitza hobetu nahaian
aldegin dute betiko,
seguruenik ez dira
inoiz ere itzuliko.
Lehorra zapaldu arte
ez dut inola etsiko,
itxaropenaren sua
ez dadin uretan ito.

7.- Gitarra bihurtu naute
xumea baina lerdena,
sokak jotzean sortzen dut
jendearen gozamena,
musikariak jartzen du
noten arteko ordena
eta nik doinua sortu
ahal izateko baimena.
Batzuek sartu ohi dute
droga zainetan barrena,
eta esan nahi nieke
ematen didala pena,
garrantzitsuena dela
beraiek sortzen dutena,
musika baita bizitzak
duen drogarik onena.

8.- Jadanik isildu dira
mailuen azken kolpeak
jarri dizkidate leiho,
teilatu eta ateak,
etxola egin nahiean
eman dituzte asteak
baina merezi izan du
hainbeste lan egiteak.
Zailtasunak dituenez
gaur egungo gizarteak,
etorkizuna prestatzen
dabiltza ume maiteak,
gaur ume direnak bihar
bilakatzean gazteak,
betiko lotu ez ditzan
hipotekaren kateak.

9.- Izan dut Euskal Herria
ezagutzeko parada
negoziazio mahaia
nintzela joan nintzen hara
bizi zuten egoera
egin nuen errepara,
eta ez dabiltza oso
lasai egia esanda:
nonbait batzuk azkarregi
pasa dira ekintzara
eta besteak mugatzen
dira soilik hitzetara,
arazoak konponbide
oso erraza du, hara:
herriari hitza eman
dena konpondu nahi bada.

10.- Euskararen egoera
da latza eta krudela
gutxik erabiltzen dute
itzaltzen doa kandela
jakin dut Ertzaintzan ere
lautik batek dakiela.
Euskal makila naiz orain
benetan makil itzela,
lehendakariz lehendakari
pasatzea erregela.
Bada zuek jakizue
alferrik dela honela,
euskara bultzatzen zerbait
gehiago egin leikeela,
euskara maite dutenek
soilik merezi nautela.

11.- Berrogeita hamar urte
joan dira dagoeneko
denbora asko ganbaran
hautsa hartuz egoteko,
txalapartaren makilak
ezerezaren pareko,
gaur egun alferrik gaude
telefonoa tarteko.
Teknologia bihurtu
da gizartearen lepo,
gizartea hazi denez
oso zaila da hezteko,
aholku bat: ez bihurtu
aparatuen menpeko
aurrerapenak ez dira
beti aurrera joateko.

12.- Taberna bateko barra
izan nintzenez luzaro
mozkorrek nire gainean
edan zuten nahiko trago
beraien tristeziekin
tristetu nintzen zeharo
nagusiak barra berri
bat izan zuen nahiago
eta orain zaharturik
zaborren artean nago.
bizitza pasa dudanez
gizakiaren esklabo,
uretara botako naiz
hau bukatu da, akabo
gehiago sufritzekotan
ez dut bizi nahi gehiago.