IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Koldo Mitxelena Literatur Saria »  2007 - 18. edizioa: saritutako lanak »  Bertsoa »  Ane Labaka

Ane Labaka
BOULEVARDEAN ZEHAR


Ane Labaka Mayoz
Antigua Luberri BHI
E kategoria



Neurria: bederatziko handia
Doinua: Nere gorputza dardarka daukat

1.-Boulevard-ean zehar nijoa
erlojuaren ondora
orratz txikia aurrerantz doa
6-a utziaz albora
haundia, berriz, erlojuaren
marretan gora ta gora
tik-tak artean, erdi galduta,
noraezean gustora
norabait joan nahi nuke baina
ez dut heldu nahi inora
begiratuz edonora
jakin-mina dut polbora
hau dut arratsa bakar-bakarrik
pasatzeko lehen aproba
jakin dezadan jubilatuta
nola igaro denbora.

2.-Pausoa azkartu dut aurrerantza
zuzen nijoan heinean
elkar maitatzen duen bikote
bat daukat aldamenean
elkarri begi zelatariz so
daude garai onenean
nahiz su bizia txinparta izan
denboraren joanean
maitasuna da gauza ederra
benetakoa denean
bihozkadak barrenean
muxuka zorionean.
Orduak egun bihurtzen dira
batera ez daudenean
eta orduak berriz segundu
besarkatzen direnean.

3.-Kale amaieran pertsona bera
egon ohi da egunero
zilar kolorez jantzita dago
erlojuaren bezero
bere irudia ume guztien
irri txikien borrero
bihurtu da ta, bere inguruan
dabiltz hainbat extranjero
aurrean duen txapela bete
besterik ez du espero
irmo-irmo, sendo-sendo
luzaroan hala bego;
gorputz atalik ez du mugitzen
izan hotza, izan bero
begiak soilik mugitzen ditu
txanpona bota ezkero.

4.-Ezker aldera begiratuta
dago autobus parada
nabarmena da jende multzoak
osatzen duen ilara
maleta eta poltsa ugari
dituen neska bat bada
amona zahar bat, ume txiki bat
daude bertatik bertara
batek begiak umelak ditu
besteak barrez algara
Anoeta ta Amara
Ibaeta ta Igara
hogeita bosta hartu ezkero
joango da Añorgara
baina agian nahiz ta ez jakin
bere azken bidaia da.

5.-Zerua estali dute lainoek
ez oskarbi, ez eguzki
errepidean zehar datozte
pertsona aina aterki
holakoetan eguraldia
ez da izaten aitzaki
presoak eta iheslariak
gogoan dauzkate beti
pauso bat eta gero beste bat
errepidean tristeki
nahiz eta aurkitu gaizki
baietz etxeratu aurki
barrote artean orduak beti
pasatzen dira poliki
ordulariak behar denean
azkar joaten baleki...

6.-Ohartzerako gorri kolorez
jantzi da ilunabarra
doinu eder bat entzun dezaket
tirri-tarra, tirri-tarra
ahots gozoko gizon bat dago
leun jotzen du gitarra
umea zela amets bat zuen:
izan nahi zuen izarra
baina gerora ametsa zena
bihurtu zaio beharra
soberan dauka indarra
argitzeko Boulevard-a
bera da bere kantu sakonez
batu ditzakeen bakarra
kaleko putzu txiki hauskorrak
ta zeruko ortzadarra.

7.-Gaueko hamaikak eta nik hala
nahita oraindik galduta
zoriontasun betean nago
ondora begiratuta
pausorik pauso gerturatu naiz
umil, apurka-apurka
“Don Simon”-ekin eskale batzuk
badute nahiko disputa
ardo txarrena izanagatik
pena kentzen omen du ta
erotuta, lelotuta
gau hotzaren xarmak nauka.
Mila izarreko aterpe hutsa
eskaleek dute hauta
goizez “Farola” saldu nahian ta
gauez farolei helduta.

8.-Itsas aldeko haize hezeak
girotu du kioskoa
zaila da hitzez adieraztea
orain sentitutakoa
erlojuari begira nago
bihurtu da ohikoa
laister izango dira hamabiak
orratza aurrerantz dijoa
Santa Marian laister hasiko
dute kanpaiek jokoa.
Zein egun nostaljikoa
asebete naiz, nahikoa!
langile ohiak orduari so
nahiz ta igaro gaurkoa
presa gabeko egunsentia
izango da biharkoa.