IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   





HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Koldo Mitxelena Literatur Saria »  2007 - 18. edizioa: saritutako lanak »  Ipuina »  Beņat Lusarreta

Beņat Lusarreta
A ZE OSTIRALA!


Beņat Lusarreta Ezkurdia
Santo Tomas lizeoa
D kategoria
Sari nagusia



- Esan iezaguzu mesedez ikusi duzun guztia. –mintzatu zait Donostiako udaltzaingoko detektibeetako bat.

Gela ilun eta heze batean nago. Ez da oso handia, 10 bat m2 neurtuko du gehienez. Erdian, burdinazko mahai bat eta honen alde banatan egurrezko bi aulki. Horietako batean nago ni eserita. Nire parean detektibea dago eta haren alboan, Hollyboodeko filmetan bezala, aulkiari buelta emanda, eserita, udaltzain armatu bat ikus daiteke. Atean beste polizia bat dago, eskuineko eskuaz porra gogor heltzen duelarik. Nire parean, bi gizonen atzealdean, kristal beltz bat ageri da, seguru aski beste aldetik gelan gertatzen dena ikus daitekeen horietakoa, izkinetatik argi pittin bat sartzen baita.

Azkenean, nire egonezina ezkutatu ezinik, dardarka dauzkadan zuriz pintatutako eskuak mahaipean gorde eta lehenago egindako galderari erantzuten saiatu naiz.



- Ostiralero bezala, goizeko bederatzietan Bretxa-ko sarreran nengoen, mozorroa soinean, txanpona batzuk lortzeko asmoz. Segituan saskitxoa lurrean utzi eta egurrezko kaxara igo ondoren, postura egoki bat hartu eta geldi geldirik gelditu nintzen, norbaiten diru hotsa entzun eta pertsona agurtu ondoren, postura berri bat hartzeko asmoz. Betiko moduan, inguruko mendietatik jaitsitako baserritarren furgonetak harantz eta honantz zebiltzan beraien postuak prestatuz. Ohi bezala, autobusek ere etengabe gurutzatzen zuten Boulevard-a. Geltokietara iritsi eta ziztu bizian egiten zuten alde. Eguraldia, udazken hasierako modukoa zen. Lainoek zerua estaltzen zuten eta euria egiteko arrisku handia zegoen. Hego mendebaldeko haizea zebilen, giroa goxatuz eta tenperatura 19 gradu inguruan mantenduz.

Bederatziak eta erdi aldean, bere aitona eta amonarekin bueltatxo bat ematen ari zen bi urte inguruko neskatxa bat etorri zitzaidan dirua ematera. Nik gustura asko agurtu nuen eta haurra irribarrea aurpegian zuelarik itzuli zen aitona eta amonarengana. Noizean behin, lanera zihoan edo paseoan zebilen pertsonaren batek dirua botatzen zuen nire saskitxora eta nik gizona edo emakumea agurtu eta beste postura bat hartzen nuen. Betiko hiritarrak igarotzen ziren nire aurretik: Juantxo tabernako zerbitzari ilehoria, nigandik hogei bat metrotara abesten eta beren herrialdeko instrumentu tipikoak jotzen zituzten indiar taldekoak, tabernatara gosaltzera irtendako pertsonei, eskusoinua eskutan, abestiak jotzen eta ni bezala dirua eskatzen ibiltzen zen Errumaniarra… Hamarrak aldera denda guztiak zabalik zeuden eta Kaxilda, beste emakume eta gizon jubilatu batzuk bezala, karroa eskuetan hartuta, dendaz denda eta postuz postu, alde batetik bestera, produktuen kalitate eta prezioak begiratzen zebilen, erosketa ahalik eta ekonomikoena izan zedin.

Lurra Bretxa-ko harribitxien esposizioaren berri ematen zuten esku-paper mordoz beteta zegoen. Erakusketa honetan Ingalaterratik ekarritako harribitxi garesti asko ikus omen zitekeen.

Bat-batean, traje txapel eta betaurrekoak zeramatzan gizon berezi batek, nire parean zegoen “Correo”-ren posta kutxa horian igeltxo zuriz marra bertikal bat marraztu zuen. Gero, sekreturen bat ezkutatu nahian bezala, korrika egin zuen alde, hankak lurretik apenas altxatu gabe. Arraroa egin zitzaidan, baina nire lanarekin jarraitu nuen. Handik bi minutu eskasera, beste gizon batek, aurrekoak bezala aurpegia bufanda, bisera eta antiojopean ezkutatzen zuelarik, marra horizontala marraztu zuen aurreko bertikalaren gainean, gurutze bat sortuaz. Lehen baino harrituago nengoen, baina une horretan diru hotsa entzun eta aurrean, nire oinetan, nuen mutiko ttikia agurtu eta berriz ere estatua baten modura geldi-geldirik gelditu nintzen.

Bazirudien ni izan nintzela gertaera arraro haietaz konturatu zen pertsona bakarra eta garrantzirik ez ematen saiatu nintzen. Une batetik bestera, Donostiako Alde-Zaharra ikastola desberdinetatik zetozen haurrez bete zen, Antzoki Zaharrean filmaren bat ikustera, edo merkatuan erosketak egiten ikastera zetozen. Halaber batean, hamar bat urteko mutiko koadrila bat nire inguruan jarri zen mingaina atereaz nik barre egin nezan txorakeriak egiten. Ez zidan batere graziarik egin baina zer egin, behar nuen, mutiko batzuk besterik ez ziren eta.

Orduan, nire parean, 15m ingurura, taxi bat gelditu zen, hasiera batean ekintza guztiz arrunta. Baina bertako txoferra, zigarroa eskutan, oso urduri zegoela antzematen zen eta goizeko ordu haietan, argi luzeak piztu zituen. Hau egin bezain laster, aurreko bi pertsona arraroen antza zuten bi gizon ikusi nituen, bata Boulevard izozki dendatik zetorren eta bestea ondoko kioskotik. Biak trajez jantzita, betaurreko, txapel, bufanda eta larruzko maletin banarekin eta ni nengoen tokirantz hurreratzen hasi ziren. Nigana iritsi eta aurrerantz jarraitzen zutela konturatu nintzen, zentro komertzialera, hain zuzen ere. Taxi gidariak bertan jarraitzen zuen beste zigarro bat erretzen, baina argi luzeak jada itzaliak zituen. Orduan, haur gehiago hurbildu zitzaizkidan eta nire inguruan barrabaskeriak egiten aritu ziren. Eskuineko eskua nekatzen ari zitzaidan, airean, goian nuelako eta gainera txori bat, uso bat zehazki, hatz lodian jarri zitzaidalako. Noizbehinka, umeren batek, zentimoren bat botatzen zidan nire saskitxora eta nik, irribarre faltsua ahoan, betiko agurra egin eta beste postura bat hartzen nuen. Gizon arraroak ikusi nituenetik, bost bat minutu pasa ziren. Orduan, nire aurrean agertu ziren berriro eta ondotik pasa zirenean, batek, hogei euroko billetea utzi zuen nire saskitxoan. Agurtzeko denborarik izan ez nuen arren, haien arteko elkarrizketa entzun ahal izan nuen. Batak, nolatan eman zidan hainbeste diru itaundu zion besteari; eta honek, handik aurrera izango zuten diru kopuruarekin alderatuta, eman zidatena ez zela ezertxo ere ihardetsi zion besteari.

Orduan, taxi gidaria zegoen tokirantz abiatu zen gizonetako bat, bi maletinak eskuetan hartuta, bestea parking-era jaisten zen bitartean. Larruzko bi zorroak taxian utzi ondoren, ibilgailuak ziztu bizian alde egin zuen eta gizona, aurreko laguntzaileak gidatzen zuen BMW 320 batean sartu eta nire ikuspuntutik segituan desagertu ziren. Handik gutxira, ertzaintzaren eta udaltzaingoaren sirena hotsak gero eta gogorrago entzuten hasi nintzen Bretxa ingururaino iritsi arte. Segituan, zentro komertzialean sartzen zirela ikusi nuen, lapurrak bertan egongo zirenaren esperantzaz. Azkenean, alde eginak zirela ikusita, jendeari galdezka hasi ziren gertatutakoa jakin nahian.

Juantxo tabernako zerbitzari ilehoriari hainbat galdera egin zizkioten, baina honek ezin izan zien lagundu, bere enkarguetan buru-belarri aritu baitzen. Musikari indiarrekin ere luze aritu ziren hizketan, baina hauek ere ezin izan zieten nondik joan ziren adierazi. Errumaniar musikariari, biloba txikiarekin zihoazen aitona-amonei… ere egin zieten galdeketa eta ezer ez, hasieran bezala jarraitzen zuten, informazio sendorik gabe.

Ez zitzaien niregana hurbiltzea bururatu. Pailazoz jantzita egoteak ez zuen inola ere esan nahi ezer ikusi ez nuenik! Zer uste zuten bada, ezertaz konturatu ez nintzela? Banekien ez zitzaiela nigana hurbiltzea bururatuko, hortaz hona etortzea erabaki nuen.



- Eskerrik asko eskainitako informazioagatik. Zure hitzek laguntza handia eskaini digute ikerketa hau aurrera eraman ahal izateko.