![]() ![]() |
![]() |
| ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO |
|
HILLERRIKO LILIAK
|
|
|
|
|
Iñigo Bacaicoa Garcia
I “Hilerri hartan ez dago lore gorririk. Nire izena bezala kendu didate ostatu honetako langile madarikatuek nire bihotzeko lili gorria”, esaten duzu ostatu deritzozun eroetxetik bertako hilerrirantz abiatzen zaren bitartean. Erotzat hartzen zaituztenek Aitor Aranaz izena jarri izan arren, zeure buruak hiru gauza baino ez ditu onartzen: ostatu uste duzunaren parean dagoen hilerriko hilobietan uzten diren ahalik eta lore gehien lortzea hildakoei dagozkien eskelekin batera, haien laguntzari esker nonbait ezkutatua dagoen lili gorria aurkitzeko; eroetxeko zuzendariak zurekin behin baino gehiagotan hitz egin izan arren, zure belarriek gordetzen dituzun eskelen ahotsa baino ez dute entzuten; eta nahiz eta beti janzten duzun peto laranjean zintzilik daramazun txartelan 42 urte dituzula esan, zuk ez dituzu 42 aste baino gogoratzen. Ez dakizu zergatik, baina zure iragana eta etorkizuna lili gorri oraindik ezezagun horren inguruan biraka dabilela esaten dizu arimak eta dagoeneko badakizu zuk bakarrik entzun ditzakezun eskeletako argazkiek berebiziko garrantzia dutela lorea aurkitzeko garaian. Oraingo honetan, zure zelda moduko logelaren leiho txikitik arrastaka sartzen diren egunsentiaren lehen eguzki izpiekin esnatu zara, haiei begira gelditu eta zeru osoa osatzen duten laino beltzetan ikusi duzu islatua zure egoera, izan ere, argitasuna sartzen uzten ez duen lanbroa nabari duzu buru barnean, kanpoan ikusten duzun neguko iluntasun eta hoztasun berbera da jaun eta jabe zure gorputzean. Harresi beltzaren azpian, zelai berdeak eratzen dira goizeko mintzaz blai eginda eta itsaso berde horren erdian, zure leihoaren parean, zeruko gristasuna islatuko balu bezala ikusten duzu hilerri gris eta zaharra. Ostatu arraro hartan derrigorrezkoa den petoa jantzi eta hilerrira abiatzen zara gosaltzeko ordua iritsi baino lehen Miguel izena zuen medikuaren hilobiko krabelin bat hartzera. Esku artean duzun eskela hari dagokion ziurtatu eta Migueli ea lili gorriren bat ezagutzen duen galdetzea da zure gaurko helburua. Eroetxeko eraikinetik irten bezain laster, norbait hitz egiten ari zaizula nabari duzu eskubiko eskuan. “Bai, egun on” erantzuten duzu goizeko ordu horietan elkarrizketa bat edukitzeaz harrituta. - Ez duzu aurpegi ona- esaten dizu harriduraz begiak zure gainetik kendu gabe. - Gosaldu ondoren garbituko naiz. - Ez da aurpegia, begiak dira zikinak dituzunak. Itsu bat dirudizu, garai batean asko ikusi izan nituen. - Lili gorria aurkitzeak itsutzen nauela izango da. - Lili gorria? - Bai - Mmm...entzun izan nuen ba behin horretaz zerbait...ez dut ondo gogoratzen...badakizu 158 urte ditudala... nire adinarekin... - Zure hilobira goaz hango krabelinek gogorarazi diezazuten. - Ez daukat gorputza honetarako. - Dagoeneko iritsi gara ba- aitortu behar duzu hilobira begira gelditzen zaren bitartean. Harrizko kutxa handia da, gorputz bat baino gehiago sar daitezkela dirudi eta amaieran gurutze indartsu eta harro batek agurra ematen dio begiraleari. Gehiago gerturatu eta kutxa gaineko idatzia irakurtzen duzu: “R.I.P./ hemen hilobiratuak daude...” Hilobiari begira geditzen zara, lore hori bat aurkitu nahian, baina duela mende bat utzi zirela ematen duten lore ustelak baino ez dituzu ikusten. Segundo batzuk bitartean gora zuzentzen duzu burua eta hasperen egiten duzu. - Ez duzu lilirik - Ez gogoratzen nauen inor- entzuten dizu esaten eskelako argazkian dagoen gizonari honek begirada hotz eta tente bat bidaltzen dizun bitartean. Zerbait esan nahiko zenioke, baina gorputz barneko lanbroak ez ditu ahoko giharrak mugitzen uzten. Zerbait egin nahian, medikuaren hilobia eta ondokoaren artean margarita txiki eta ahul bat hartzen duzu eta gosaltzera itzultzen zara. Lainoek eguzki izpi mehe batzuk igarotzen uzten dituzte erogune hura argitzeko. II Kafearen aroma usaindu eta madalenen gozotasuna tastatu ezinik gosaldu ostean, ziegarantz joaten zara. Bitartean, zu ohartu gabe, garuna hausnarketak egiten hasten da: “heriotza eta lili gorria nire unibertsoaren erdigune bihurtu dira, haiek nire barnean betidanik izan ditudan elementuak direla esaten dit arimak, baina nor naiz ni? Nola iritsi naiz hona? Zergatik nago egoera honetan preso? Ostatu honetara iritsi baino lehenagoko bizitzari buruz bi irudi bakarrik gogoratzen ditut, gorputz mutilatu bat ospitaleko gela batean eta nireganantz datorren kamioi bat txirrina jotzen. Hala ere, haiek ez dira nahikoak, ziur naiz logelan ditudan eskelek lagunduko nautela askatasuna lortzen”. - Ba zen ordua, motel- esaten du lili urdin batekin zeldako horman zintzilika dagoen eskela baten argazkiak. Nicolas irakaslea deitzen zioten besteek eta gerra zibilan galdu omen zuen bizia bigarren errepublikako irakasleak- Mediku berria ezagutzeko irrikitan gaude... - Haiek zenbait eta urrutiago hobe- mozten dio Nikolasi XIX. mendean apaiza izandako agurearen argazkiak- Deabruaren lana egiten dute bakarrik... - Beno, aski da, utz diezaiogun lagun berriari hitz egiten, lili gorriren bat ezagutu lezake eta. - Bai...hori liteke...baina ez du zergatik izan behar-dio totel eginez medikuak- gauza da nire izena Miguel dela, Bilbon jaio nintzela 1848an eta 37 urterekin hil nintzela artritis jota... mmm... geroztik nire gorputza hilerri honetan egon da gordea eta arima, Aitorrek aurkitu arte, 1885eko azaroaren 25eko egunkariko hamabigarren orriko eskela batean, justu Alfonso XIIaren heriotza azaltzen duen albistearen ondoren, badakizue… - Bai, bai- diozu- baina zer dakizu lili gorriari buruz? - Ah, beno, ez nago seguru lili berberaz hitz egiten ari garen, baina duela bi aste zure atzetik zebiltzan bi langileen elkarrizketa entzun nuen egunkari zaharrak gordetzen dituzten kafetegi hartan. Zera esan zuten: “- Sufre un enajenamiento mental el pobre.” - No me extraña, después de lo que ha sufrido.” - Lo peor es que presenta indicios de padecer esquizofrenia, debe tener una obsesión por las esquelas y las flores del cementerio, por lo que tendremos que tomárnoslo en serio. -¿Sí, pero qué quieres? Con todos los muertos que habrá visto, y luego aquella desgracia...” Mementu hartan begi-niniak ahoa bezain zabalik gelditu zitzaizkizun, arnasa hartu gabe eta burmuinak lehertu nahian gogoratzen saiatzen zara senan ezkutatuta dagoen iragana eta jatorria, nortasun agiria zure praketako poltsikotan bilatzen arituko bazina bezala. - Hurrengoa ez dut ondo gogoratzen - Saia zaitez, mesedez- eskatzen diozu - Horrelako zerbait izan zen: “-Con mujer y dos hijos...” “- La esposa era la hermana de un amigo mío, se llamaba Lili, y según me ha contado, la familia lo está pasando muy mal...son franceses y por eso no se han hecho cargo de Aranaz”. Hitz haiek korronte elektriko moduko bat eragiten dizute, hankek oreka galdu eta lurrera erortzen uzten duzu gorputza. Belauniko zaurelarik, begiak ixten zaizkizu, eta bat-batean, milaka irudi etortzen dira zure garunera, igarotzen den segundo bakoitza bizitza oso bat egiten zaizu, gogoratzen duzun ideia bakoitzak saztakada baten oinazea eragiten dizu eta maitasun, beldur, haserre, zoritxar eta tristura sentimendu horiek guztiak bereganatu ezinik malko bat isurtzen duzu. Ez da ohiko negarra, kanpotik gorputza harro eta barnetik ustela uzten duen negarra baizik. Dagoeneko aurkitu duzu nortasun agiria. III Auzitegiko mediku lana egiten zuen Bilboko ospitalean astelehenetik ostegunera. Ostiraletan lanbide honek eragin zion trauma gainditzeko psikologo batengana joaten zen, beti ere, bere emazte Lilik bultzatua, izan ere, bere 41 urterekin ez zuen arazo hura onartu nahi. Bere emazteak, Aitorrek ospitalean autopsia praktikatzen zien gorputzekin amets gaiztoak edukitzen hasi zenean ohartu zen senarraren arazoaz, eta haren iritziz “Ia egun osoa lan egiten eramatearen errua da dena.” Aitor beti traumari garrantzia kentzen saiatzen zen ametsak baino ez zirela argumentatuz, baina berak, ordea, bazekien bigarren semearen jaiotzarekin hildako gorputzen aurrean mantentzen zuen hoztasuna galdu zuela eta batez ere haurren gorputzek benetako larridura sortzen ziotela. Amets horiekin hasi zen dena eta baita bukatu ere. Iluntasunak eguzkiari bere tartea lapurtzen dion egun ilun eta euritsu haietako batean, Aitor Frantziarako bidean zihoan bere emazte eta seme-alabekin errebisio bat baino gehiagoren beharra zuen auto zahar batean. Aurreko gauan ere hildako gorputzak burura etorri zitzaizkion eta haiek ohikoa ez zen beldurra sortu zioten, izan ere, amets gaizto hartan, agure baten usteldutako aurpegia agertu ordez, istripu batean bizia galdu zuen neskatxa txiki batena agertu zen ospitaleko autopsia gelan, eta okerrena neskak bizia berreskuratu eta Aitorri hitz egiten hasi zitzaiola izan zen...ez zuen gogoratu nahi. Bazekien Frantziarako bidaia luzea izango zela eta pentsamendu perturbatzaileak itzuli izan balira oso urduri jarriko zatekeela. Ideia hura garbi izanik gidatzen ari zela, Frantzian aurkituko zuen Liliren familia gogoratzen hasi zen: amaginarreba jasaezina, ezkonanaia aspergarria eta ilobak... bat-batean, iloba txikiaren aurpegia ametsean agertu zitzaion gorputz mutilatu batean, baina burua astinduz amaitu zuen bere irudimenaren pentsamendu horrekin. Eskubira eta atzera begiratu zuen ea Lili eta seme-alabak goxo lo jarraitzen zuten ala ez ikusteko, amets hura benetan bukatu zela ziurtatu nahiko bailu. Gero, irratia piztea otu zitzaion atentzioa beste gauza batean ipintzeko, eta honela, azken albisteak entzuten eman zituen hurrengo bi orduak. Azkenenan, geldialdi bat egin izan beharko lukeela erabaki zuen dagoeneko nahiko nekatua eta handik bi kilometrora atseden gune bat baitzegoen. Bi kilometro horiek bi metro izan balira bezala, segurtasun-uhalak kentzen hasi ziren Lili eta seme-alabak Aitorrengan urduritasuna eraginez. Aitorrek neke eta aurreko ekintzaren ondorioz dardarka hasi zen eta ia ohartu gabe begiak ixten zituela amets arraroaren jarraipena hasi zen bere garunean. Oraingo honetan Lili zen hildako gorputzaren jabea eta bere izena behin eta berriz errepikatzen zuen, “Aitor,Aitor,Aitor…”. Ondoren, autopsia gelan beste bi hildakoen gorputzak zutitu ziren, oraingo hauek bere seme-alabak eta beraiek ere etengabe deitzen zioten. Zazpi segundoz horrela jarraitu eta garrasi batez esnatu zen. Bere izena ahots berberek ahoskatzen ari zirela konturatu zen, baina hauek ez zituzten hildako gorputzek esaten, benetako Lili eta seme-alabak ziren bere senar eta aita kontrako norabidean zebilela ohartu nahian. Aitorrek aurrera begiratu eta bi argiak piztuta zeuzkan eta txirrina indarrez jotzen ari zen kamioi bat ikusi zuen bere aurrean. Ezer egiteko gai izan baino lehen bi garraiobideen inpaktuaren soinu gogor eta lehorra entzun eta bere inguruko mundua dagoeneko zegoena baino ilunagoa bihurtzen zela nabaritu zuen. Eta ondoren argitasun ikustezina. IV Jaioberri baten lehenengo begiradarekin bistatzen duzu eroetxeko gelatik ikus daitekeen paisaia. Mundua uste zenuen baino zabalagoa dela ohartzen zara, ordura arte ostatu bat zena eroetxe bat bilakatu da, hodei eta hilerri gris batez osatutako unibertso murriztua zure begiek ikusteko gai diren horizonte guztia bihurtu da: zelai berdez osaturiko itsasoa zeruko hodei zuriak ukitzera iristen diren irla erraldoi moduko mendikateez inguratua isuritzen da kostaldean, itsasontziak diruditen etxe txiki zuri batzuek haizearen lasaitasunarekin nabigatzen dute laku berde hartan, batzuk txalupen antzera eta beste batzuk transatlantiko handiak eratzen dituzte bata bestearen ondoan elkartuz. Hori guztia teilatu urdin eta zaharraren azpian, armiarma sareek ematen duten hodei zuriak infinitutik zintzilikatzen direlarik, eta beti, armiarmek aukera ematen badiote, eguzki itzel eta fidelaren atentziopean, honek zirrikitu guztiak ikusi nahiko balitu bezala etengabe ekialdetik mendebaldera mugituz presarik ez daukan barraskiloaren abiaduran. Une hartan, aldiz, zure arimak ez dauka eguzkirik, ez zerurik, kostalderik ez daukan tristura itsasoa baizik. Itsaso, edo ozeano horren erdian zaude zu zerbait egin nahian, nahiz eta, dagoeneko aukera bakarra duzula jakin. Itotzea. Arima kostaldea ukitzen ez duen tristura itsaso horretan itotzen uztea, gorputza lehiotik ikus daitekeen amildegitik itsasora erortzen uzten duzun bitartean. Ulertu duzu guztia. Istripuan zure bihotzeko lili gorriak galdu zenituen, koman gelditu eta konortea berreskuratzean ez zinen ia ezertaz gogoratzen. Zure emazte eta seme-alabekin biltzeko beharra sentitzen du zure bihotzak, mundua den kaiola hartatik hegaka ihes egiteko esaten dizu leihotik ikusten duzun arrano beltzak, bihotzean poliki-poliki sartzen ari zaizkizun arantza zorrotzekin akabatzeko iradokitzen dizu pagoen dantzak eta lurrean tente mantentzen zaituen kate gogor eta pisutsua puskatzea ohartzen dizu mendikateen ahotsak zu jaten ari den tristura horretatik aske izateko, garai batean izan zen eguzkia ukitzeko eta antzinan bezala haizearen koloreak ikusten gai izateko zure familiarekin. Heriotza eskaintzen dizu jainkoak giltza moduan. Konturatu baino lehen leihotik ikus zenezakeen amildegiaren ertzean zaude zure aurrean zabaltzen den itsaso beltzari begira. Ilargi urdin eta tristeak begirale lana egiten du eta izarrek helmuga erakusten dizute, zure leku berberan egon zirenen arimek bidea erakutsi nahiko balizute bezala. Haritz eta pagoek osatzen dituzten basoen kantu mistikoak hontzen agurrarekin nahasten dira eta arratoien lasterkek saguzaharren festa gogorarazten dute. Itsasoa negarrez ari da. Bere haserreak biltzen duen energia guztia zutik mantentzen zaituen amildegiaren aurka kolpatuz deskargatzen du, olatu bakoitzeko kresalak oinetakoak bustitzen dizkizu eta indar bortitzak eragiten dituzten haizeak aurpegia marruskatzen dizu. Behera begiratzen duzu eta arroka zorrotzek erakartzen zaituztela nabari duzu, lepotik lotua daukazun soka batetik tirako bailute. Zure bizitzako unerik garrantzitsuenetan pentsatzen hasten zara. Haurtzaroko gaiztakeriak, gaztaroko errebeldia, Lilirekin bizitako maitasuna eta seme-alaben jaiotzaren zoriontasuna agertzen zaizkizu. Hasieran gogoko zenuen lanbideak eragindako arazo psikologikoak zeneukan guztia lapurtu zizun istripu ilun hartan. Azkenik, ostatua uste zenuen eroetxean egindako arkikuntza lan gris eta misteriotsua. Ordua iritsi da. Haizearen murmurio bat, itsasoaren agindu bat edo ilargiaren onespen bat itxaroten duzu…baina ez da iristen. Ez dakizu zegatik izarrek ez zaituzten beraiekin eramaten. Bat-batean, olatuek zeharkatzen dituzten itsasnesken kantu apal eta misteriotsua entzuten duzu.
- Aranaz, geldi-garrasi egiten dizu zuhaitzen artetik agertzen den gizon batek eta konortea galduz haren eskuetan erotzen zara. V « Arrazoia zuten itsasneskek », onartzen duzu Lili eta zure seme-alabak hilobiratuak dauden hilerritik paseatzen ari zaren bitartean. Gaurko honetan ere eguzkia eguntzen ari dela aurkitu duzu, baina zu, ordea, ez zaude bakarrik. Ondoan eroetxean ezagututako emakume bat daukazu, zure antzeko egoera batean egonda bere buruaz beste egiteko intentzioa zeukala entzun eta hari zuri naturak adierazi zizuna esan zenion, bizitzeko arrazoia bazuelaz konbentzitu zenuen. Handik aurrera biek elkarri lagundu diozue arazo psikologikoa gainditzeko eta « ostatu » hartatik irtetzeko. Hilobira iristerakoan biok makurtzen zarete. Ez duzue ezer esaten. Emazte eta seme-alabak lehenengo aldiz bisitatzeak eragin diezazukeen emozioa jasateko gai ez izatearen beldur zara, baina hasierako hunkipena ez zaizu arrotza egiten, alderantziz, bihotzean Lili eta seme-alabak dituzula jakiteak eta ezkerrean zure bizitza aurrera eramaten lagunduko dizun adiskidea sentitzeak azkortzen zaitu. Behera zuzentzen duzu begirada eta alkandora beltzaren poltsikoan Miguelen eskela gordetzen duzula zeharka ikus dezakezu. Bat-batean, argazki zaharraren aurpegiko begi batek kliskatu egiten duela nabaritzen duzu. Duela hiru hilabete ez zenutela inolako harremanik izaten eta hura betiko amaitu zela uste zenuen. Ohartu gabe malko bat isuritzen duzu. Ez da ohiko negarra, gorputza kanpotik ustela eta barnetik harro uzten duen negarra baizik. Dagoeneko iritsi zara aurkitu ez zenezakeen kostaldera. |