IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Koldo Mitxelena Literatur Saria »  2006 - 17. edizioa: saritutako lanak »  Bertsoa »  Kepa Matxain

Kepa Matxain
Leihotik begira



1.
Hirurogeita hamalau urte
kontatzeko asko dira,
garai zaharrek neure buruan
egiten dute distira
ezin hobeto ditut gogoan
atzo gertatu balira
nolabaiteko lausotasun bat
datorkit begi-ninira
gurpildun aulkian eserita
eta leihotik begira.

2.
Hogei bat urte nitula nintzen
tetraplegiko gelditu
autoarekin kamioia jo
ta bizkarra erdibitu.
Hasieran horrela gelditzea
ezin nuen entenditu,
denbora igaro ahala egin
nuen guztia gainditu.
Azken finean, nire bizitzak
hogei urte izan ditu.

3.
Baina orduan Miren topatu nuen
ta aldatu nintzen anitz,
elkarri egiten genizkion
hainbeste xirri eta hitz…
gero ezkondu eta etorri
ziren Oihane ta Aritz
haiek etxetik joanak dira
orain gu bakarrik gabiltz,
ez nintzateke bizituko gaur
Mirenengatik ez balitz

4.
Miren ta biok ume txiki bat
gura genuen benetan
ta konfidantza jarri genuen
teknologi berrietan.
Bi neska-mutil izan ditugu
eta ez gaude penetan
orain tarteka etortzen dira
ibiltzeko berriketan,
haiek ikusiz nire bizia
ikusten dut koloretan.

5.
Gure neskatxa txit txintxoa zen
ta bihurria mutila
denborarekin aurkitu zuen
bakoitzak bere koadrila.
Nahiz eta gure haurrak hezteko
eduki oztopo pila,
gauza batetaz gustura nago
ta argi gera dadila:
maitasunean hamar eman dut
ta trukean jaso mila.
6.
Gazte nintzela heldu nahi nuen
dantzaria izatera,
izugarrizko ilusioa
neraman dantza klasera
barruan nuen ikasi nahia
dantzatzeko mila era.
Baina ezbeharra gertatu ta
ezin etxetik atera,
nire ametsak mugatu dira
gurpildun aulki batera.

7.
Gogoratu naiz gazte garaiko
lagunen oroitzapenez
gehienek mendizaletasuna
odolean zuten berez,
nire gurpildun aulkiarekin
jarraituko nien nekez…
Hori oroituz nire begiak
hasi ohi dira negarrez,
mundu guztia aldatu baita
baina nire gorputza ez.

8.
Leiho hontatik ikusi ditut
lehen natura, orain kea:
lehen zuhaitzak zeuden tokia
dago fabrikaz betea,
eta gainera etxe ondoan
eraiki dute IKEA.
Mundu osoa aldatu nahi dut
eta ez al da tristea:
dena egin nahi izatea ta
ezin ezer egitea.

9.
Egunak arras gogaikarriak
dira lau hormen artean,
zigarrotxo bat erre ohi dut maiz
noski, neronen kaltean
baina denbora igarotzen da
erlojuan tik-tak-ean
bitartean ni, leihotikan so
etengabeko katean,
bizia aurrera doa ni hemen
geldi nagoen bitartean.

10.
Ilea urri, ta aurpegia
ximurtua daukat jada
urteak dira galdu nuela
gazte garaiko patxada,
baina urteen zamak arrasto
txiki bat egin dit laga
heriotzari beldurrik gabe
begiratzen diot, hara:
gorputz erdia hil zait jadanik
burua soilik falta da.




Doinua: Lurraren pean sar nindaiteke