![]() ![]() |
![]() |
| ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO |
|
Ez naizenarekin
|
|
|
1.
Pantaila oso beltz-beltz jarri eta berehala, irakurri dut cast eta aktore izen zabala. Pijamaren mahukarekin begietako kresala lehortu dut are malko gehiago sortu ahala. Hila ez zegoen hilda, desleial zena leiala; bi maiteminduek berriz elkarrekin eginahala. pelikula hauek beti bukatu ohi dira hala, bizitzaren pelikula bukatzen ez den bezala 2. Sofatik altxatu eta komunera zuzenean, bisaia bustiz jarriko banaiz neure onenean. Baina ez, malko gehiago dauzkat bihotz barrenean, hauek lehor ditzan berriz inor ez aldamenean. bakardadea ona da sarri edo gehienean, gure barruak desio edo behar duenean. Aldiz ez da horren lagun perfektua azkenean, nahi ez dugunean ere gurekin dagoenean. 3. Bizitza bizitzea da bizidunen bizilege, beraz bizitzeak egin diezadake mesede. Prestatu eta kalera joango naiz alafede, bakardade ezaz baten batek egin nazan bere naizen zimur kaxak izan nahi duelako andere, berrogeita hiru urte disimulatzea xede bihurtu zait, horregatik makillatu naiz hain trebe, norbait ez naizenarekin maitemintzen bada ere. 4. Dudan gonarik motzena, eskotedun kamiseta ezpainak gorri hain sutsu baten atzean gordeta. Zimurrak desagertzeko masailak eta kopeta ipini ditut hauts marroi antzeko batez beteta. Takoi beltzak janzterako Galdu dut ia oreka. Poltsan giltzak, tabakoa, klinesak eta karneta. Zer poza mozorroari jarri orduko arreta, ispiluko islak ere ez nau ezagutu eta. 5. Irten orduko kalean ertz batean koadrila bi, botila mordo batekin hortik mugitzeko nagi. Urrunean taberna bat bereizi dezaket garbi, bere sarrerako letrek egiten baitute argi. Sarrerara iristean topatuz gazte ugari, irain, barre, burla egin didatela dut nabari. Sartzea erabaki dut, harro harro, handi handi, naizela erakusteko nik neuk neure buruari. |
6.
Denak dabiltza dantzatzen, denak barrezka txantxetan, denak erretzen edaten, ia oihuka hizketan. Bide berriak irekiz jende multzo guztietan, barraraino iritsi naiz bultzaka eginahaletan. Zerbitzaria hurbildu zait juxtu une horretan,. whisky bat eskatu diot penak itotzeko bertan; hiru lau tragoz edan dut hogei segundoren bueltan eta azkenean ni neu ito naiz nire penetan. 7. Beste trago bat hartu dut, beste bat eta beste bat, pasatzen doazelarik mutilak, hau da, aukerak. Ingurura begiratuz lotsatu egin nau zerak, ezin gozatu izanak norberarekin norberak. tabernan gainezka dago, jendearen alegerak uzten gaitu goibelduak parrandatik aparte, at; barra ertzak batzen ditu euforiaren soberak, zein bakarrik utzi nauen bakardade ezak berak. 8. Aspertuta nengoela kasik aulkian etzana, mutil ez oso handi bat hurreratu da nigana. Itsusia, harroputza eta gehiegi edana, nolabait aurkitu nahi du gau bakarrerako dama. Gustuko ez izan arren hartu dugu trago bana, gustuko ez izan arren bere eskutik narama. Begira azken finean zer den bakartion drama, esperantza ez galtzeak etsipenera darama. 9. Muxuka hasi orduko damuzko mila sentipen, bera bero irakiten, ni amorruz irakiten. Ezezkoa eman diot ahalik eta politen, nire poltsa hartu eta ziztu bizian naiz irten. Kalean builaka, dantzan horrenbeste astakirten, ordu hauetan batzuk ez dute zer egin jakiten. Etxera ailegatu naiz buruari eragiten, denbora zen ez nuela honela negar egiten. 10. Lasaitzerako barruko ondoeza edo pena, ikusi dut malkoz malko tantek egin didatena. Masaila zikin, begitik kolorezko erretena, eskuez ura hartuta igurtzi dut azal dena. Baina nahiz ondo garbitu dakusat nire problema, ispiluaren aurrean ezin ikusi naizena. Orduantxe ulertu dut arazorik handiena, bihotz gainean dudala makillajerik gehiena. |
Doinua: Habanera