|
Gutuna
|
Grafitilari jauna:
Ni Manteoko frontoian dagoen pareta bat naiz. Grafitiz josita nago eta ez da oso atsegina. Orain pertsona askok egiten dituzte grafitiak eta guk, paretek, egunero jasaten ditugu. Oso mingarria da, espraietako margoa oso kaltegarria baita. Guretzat tortura bat da.
Ni jaio nintzen egunetik, egunero-egunero tortura. Nire lehenengo tortura oso gogorra izan zen, lehenik eta behin zuriz margotu ninduten. Gero, lehortu ondoren, hasi ziren torturarekin. Bi orduko tortura izan zen, kriston paliza, egun horretan jota bukatu nuen. Grafitia egin zidatenak,ume moko batzuk ziren eta ez zekitenez grafitiak egiten kriston txapuza egin zidaten. Ez nekien zer jarri nahi zuten baina azkenean ulertu nuen,”Best” jartzen zuen. Ez zen ezer ulertzen, nik orduak pasa nituelako begiratzen baina hala ere oso zaila zen ulertzea. Bi egun pasa ondoren udaletxeko langile batzuk etorri ziren, beraien furgonetatik mangera batzuk atera eta garbitzen hasi ziren. Oso ondo sentitu nintzen berriro ere, garbi-garbia, jaio nintzen egunean bezala. Ezer ez ordaindu gabe sekulako masajea eta garbiketa egin zidaten. Hurrengo egunetan gazte talde bat eseri zitzaidan oinetan. Orduak pasatzen zituzten berriketan. Oso ondo pasatu nuen egun horietan gaztetxo horien elkarrizketak entzunaz. Gauza askotaz hitz egiten zuten, eskolaz, kirolaz, neska eta mutiletaz... Batez ere neska eta mutiletaz hitz egiten zuten. Beraiek edukitako neskalagun eta mutilagunetaz. Neguan sartzen ari ginen eta gaztetxoak lokal bat aurkitu eta bertara joan ziren. Akabo nire dibertsiozko egunak, oso ondo egon nintzen torturarik gabe. Gazteak joan orduko hasi ziren berriro ere pintadak. Urteak pasa nituen tortura horiekin, ni eta nire bizilagunak oso gaizki pasa genituen urte haiek. Urte haietan zehar, denetik jasan genuen, era guztietako torturak, oso gogorrak, 2 ordukoak, motzak,... Nik nire gorputzean era eta pentsaera desberdinetako pintada eduki nituen:”ZAS”, “SKT”, “GOIKOT”, “DRAN”, “PIZU”, “GORA E .T. A, “VIVA ESPAÑA”,... Era hauetako pintadak, nahiz eta motzenak izan, min gehienak ematen dutenak dira. Nire bizitza osoan lau edo bost aldiz bakarrik garbitu naute, nahiz eta gutxi izan asko eskertzen diot udaletxeari, sekulako gozamena izan delako.
Zuk ulertuko duzun bezala gure bizitza, paretena, ez da batere atsegina. Zuek ederki bizi zarete, ez duzue ezer sofritzen, dena eskura daukazue,... Guk zuen pintadak, hotza, euria, kolpeak,... jasaten ditugu. Oso bizitza gogorra, gauza txar guztiak guri gertatzen zaizkigu. Udaletxeari zerbait eskatzen diogunean ez digute ematen, zuei ordea batzuetan bai. Beno esan dizudan bezala niri bizitza torturaz betea zegoen , jaio nintzenetik , hiltzea iritsiko zaidan egun arte. Baina egun batean grafitilari on bat etorri eta kriston grafitia egin zuen. Hori ez zen tortura izan, hori zoramena izan zen. Nik gutun honen bidez eskatzen dizut, grafiti onak egiteko eta ez txarrak. Mesedez zabaldu mezu hau grafitilari guztiei. Nik eskatutakoa beteko duzulakoan. Aio.
P.D.: Grafiti onak egin mesedez.
|
|
| |
 |
 |
|