IDIOMA    
   EUSKARA IKASTEN    HEZKUNTZA    KULTURA    ARGITALPENAK    LAGUNTZAK    TOPONIMIA    LEHIAKETAK   

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Koldo Mitxelena Literatur Saria »  2006 - 17. edizioa: saritutako lanak »  Gutuna »  Ylenia Enriquez

Ylenia Enriquez
Ez deitu ez bilatu

1998ko apirilaren 14a



Bikote maitea,
Ez deitu, ez bilatu, zuretzako ni ez naizelako inoiz existitu.
Zergatik izan beharko luke orain desberdina? Oraingoan benetakoa da, ez naiz bueltatuko.

Ez deitu, ez bilatu, dagoeneko oso urrun egongo naizelako.
Egin didazun guztiarekin zer uste zenuen ba? Hasieran dena polita zen, aitortzen dut, politegia. Baina zure laztanak, zure musuak noizbait bukatu behar zuten eta nik, nekez, tristuraz, amaiera eman dizkiet.

Ez da erraza izan, baina orain, lotzen gintuen lokarri guztiak hautsi direla, ez deitu, ez bilatu gure artekoa nik moztu dudalako.
Dena aldatu zen ezagutu ginen egunean, nire plan eta itxaropen guztiak bertan behera gelditu ziren egun hartan. Baina orain hori aldatzeko eskubidea daukadala konturatu naiz.

Ez al zinen zu izan nire bizitzaren jabe urte askotan? Bai. Eta bada garaia hori aldatzeko, horregatik; ez deitu, ez bilatu; ez zaitut, berriro, nire bizitzaren ardatz bihurtuta ikusi nahi.
Egun euritsu bat zen horretaz konturatu nintzenean, zu beste batekin ikusi zintudanean. Aterki azpian zineten, musuka.
Euriak nire malkoak babesten zituen bitartean zuen aurretik pasa nintzen, presarekin bezala. Ez ninduzuen ikusi, nik presarekin jarraitzen nuen inorako bidea hartuz.

Bakarrik esango dizut, ez nintzela etxera joan. Ez. Ez nuen zure mentazko usaina nire barnean sentitu nahi. Ezta ere zure argazkiak ikusi, gure argazkiak.

Momentu honetan banku batean eserita nago, eta orain esandakoa bertan behera utziz, bion argazki bat atera dut nire diru zorrotik.
Puskatzen hasi naiz, gero argazkia nire bihotzaren aurka jarri dut eta nire besoen laguntzaz bi zati egin ditut. Nire aurpegiaren zatia putzura bota dut. Zuretzat argazki zahar bat bezalakoa naizelako, ahazturik, album zaharretan uzten duzun argazki bat baina ez, horixe naiz ni; zure memoriak ahantzita utzi duen neska.
Zure aurpegiaren zatia diru zorrora itzuli dut; zu bai zarelako nire memoriak gordeko duen oroitzapenik goxoena.

Ibiltzen hasi naiz, pentsatzen, bueltaka. Ez dakit nola iritsiko zaizun nire eskutitza, nire mezua, nire pentsamenduak txertatuak dituen mezua. Horrek ez dauka garrantzirik.
Ibiltzen ari naiz, pentsatzen, bueltaka. Zubi batera iritsi naiz.
Ibaiari begira nago, txoriei, hodeiei. Ez al da polita zeruaren handitasuna? Hor goian egon nahi nuke; txori bat izanik eta ez ibiltzen, ezta ere pentsatzen, bakarrik bueltaka.

Agur esateko garaia iritsi da.
Zubian eserita nago. Beherantz begiratzen ari naiz.

Ez deitu, ez bilatu, dagoeneko txoriak bezala askea izango naizelako.

Ez deitu, ez bilatu, dagoeneko zeruaren handitasunean murgilduta egongo naizelako.

Ez deitu, ez bilatu, segundo batzuetan nire bizitzarekin bukatuko dudalako nire burua hodei bihurtuz.



P.D.: Orain ez da min gehiago existituko, ezta sufrimendu gehiagorik ere. Ez dira malko gehiago nire begietatik aterako, betirako egongo baitira itxiak.