ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO


Beltx

Ni beti izan naiz –ondoren ikusiko duzuenez– itxurazko zakurra: garbia, bakezalea, eta izan ditudan ugazabekin esaneko eta leiala, inor baino arduratsuagoa eta langile hobea, gainera.

Hitz batean esanda, nire zerbitzuen truke eman dizkidaten hezurrak edo jatekoa jator irabazten ahalegindu naizena. Ez naiz, esan ohi den bezala, arrazako zakurra, ezta oso dotorea ere.

Gertatzen dena zera da, nire ile beltz, motz eta distiratsuak benetako arrazako zakur baten itxura ematen didala, lehenengo begirada batean, behintzat. Baina norbaitek arretaz aztertzen baldin banau, berehala ohartuko da zakur arrunt bat besterik ez naizela: hain arruntak diren belarri hauek, beti ezko eta hotz dudan mutur zorrote hau… guzti hauek ez handi eta ez txiki ez den gorputz hau osatzen dute, originaltasunik gabeko gorputz bat.

Zer egin dugu ba, besteen artean bat gehiago banaiz ere! Hau dena horrela delarik, nire historiak ea zukeen interes txikienik ere izango, nola eta suertatu zaizkidan gertaera berezi batzuengatik izan ez balitz. Eraman ninduten lekuraino eraman ninduten gertaerak hain zuzen… Baina goazen pausoz-pauso eta utzi iezadazue hasieratik gaurdaino nire bizitza nolakoa den kontatzen. Ez ezazue ilusiorik egin: ez naiz –gizakiek pentsatu zuten bezala– ez dakit zein galaxiatatik heldutako estralurtar bat, ezta jakintsu ero baten esperientzia fruitu ere. Nire istorioa, bizitzako gorabehera batzuengatik ospea hartu zuen zakur arrunt baten istorioa da. Besterik ez. Gauza bat gehiago gehitu nahi dut: ondoren esplikatuko ditudan gertaera batzuek sinestezinak dirudite, hain izugarriak baitira. Ederki ba, zakurraren hitza ematen dizuet, egia eta egia hutsa esango dizuedala. Hala eta guztiz ere, nik zin egin arren, ahobero bat naizela pentsatzen badu norbaitek, pazientziaz hartu beharko dut. Azken finean, nobela bat bezala har dezake eta, berekiko, honela esan, italiarrek egin ohi duten bezala. Duela urte mordo bat jaio nintzen bi itsas untziren artean hondartzako hondar gainean. Nire gurasoak lanik eta ondasunik gabeko zakurrak ziren, eta herriko jendeak borondatez ematen zietenetik elikatzen *ziren, edo kaleetan zehar aurkitzen zutenetik, edo zabor artean muturra sartuz. Egun artan jaio ginen laukietatik, ama bezalakoxe buztan beheak eta beltx-beltxak guztiok, ni bakarrik irten nintzen bizirik; laukietatik bi, noizean behin hondartza estaltzen duten arratoi talde baten biktima izan ziren, eta hirugarrena, hondartza zeharkatzera ausartu zen egun batean, emakume batek eraman zuen.

Nire lehenengo urtean, neure adineko beste zakur kumeekin biltzen nintzen, ni bezain kalezaleak. Alaiak eta jostariak ginen eta beti pozik egon ohi ginen. Benetako zakurren alaben bizitza generaman: Orduak eta orduak edozer gauzaren itzalpean etzanda ametsetan eta baita geure lurraldeetan jauzika eta usnatzen ere, bai hondartzan, edo trenbidean, bideetan eta herrian; baina hondartza zen gure lekurik maitatuena, ernegatutako batzuek antzera hondarretan zuloak egitea gustatzen zitzaigun eta korrika egitea eta noizean behin, uretara sartu eta leher eginda geratu arte igerian egitea.

Hondartzako zakurkumeok anaiak bezala ginen. Gutako bakoitzari gera zekiokeen deskalabrurik handiena zera zen, gizonen batek harrapatzea, lepoko bat ipini eta bere etxean edukitzea, kateaz lotuta. Zer nolako pena eta errukia ematen ziguten sarritan ikusten genituen zakur haiek, etxeko ate ondoan kateaz edo lepoko eta lepoko batez lotuta bere ugazabarekin paseatzera irteten zirenean! Guk ez genuen ulertzen nola makurtzen ziren menpekotasun egoera hartara. Are gehiago; beren ugazabei egiten zizkien zurikeriak ikusita, bazirudien huraxe zela beraien ustez zakur batek espero zezakeen zorionik handiena. Bene-benetan , ez dut ulertzen: guk aske sentitzen genuen geure burua eta ez genukeen mundua honetako ezerengatik ere trukatuko askatasun hura.

Gure arazorik larriena elikatzearena zen. Ugazabarik gabeko zakurra beti ibili ohi da hezurren eskean. Goseak geundenean –eta hori gehienetan gertatzen zen– mokadutxo bat bilatzen genuen; mokadutxoa lortzen genuenean –ia inoiz ez– beronengatik borroka etortzen ziren; eta azkenean, gutako batek berarentzat lortzen zuenean, aitaren batean* irentsi ordez, bere betortzen artean hartzen zuen eta leku bakarti eta baketsu batera ezkutatzen zen bakean jatera. Zeren eta mokadua, beti, pieza arraro eta baliotsua izan ohi zen eta merezi izaten zuen presarik gabe dastatzea.

Baina ez pentsatu gure egoera dramatikoa zenik, ez. Egiaren ohorez, herriko jendea nahiko ondo portatzen zela gurekin esan behar dut. Kaleetan zehar ikusten gintuztenean, batzuetan batek eta besteetan besteak, beti ematen ziguten jateko zerbait –ogi zatiak, egositako kazuelakada bat arroz, hezur batzuk–, eta horrela pozten genituen geure urdailak, zeintzuk ez baitziren inoiz zeharo husturik egoten. Baina azoka egunetan izaten zen gure benetako festa: Orduan janari ugari izan ohi zen, eta guretzat ere nahiko heltzen zen. Festa hartara katuak ere agertzen ziren, gure betiko etsaiak, baina ez ginen borrokan hasten –besteetan gertatu ohi zen bezala, Baina nire bizitzako lehen hilabete hauetatik esan behar da,oroitzapen txarrak ere baditudala herriko jendearengatik jasoak. Denetatik okerrena, alprojak taldeengandik hartzen genituen harrikadena da. Bai, ez nahiz damutzen hori esateaz hamaika urtetik hamabira bitarteko neska eta mutil haiek alproja batzuk zirela esateaz; Zakurrak ikustean, eroak bezala uxatzen gintuzten kaleetan zehar eta harrika hasten zitzaizkigun, edo eta bestela, distraituak geundenean, pareta baten atzean edo sasi atzean ezkutatzen zirenetan eta denak batera oihu egiten ziguten: “ospa hemendik!”. Eta ondoren harri kozkor handiak botatzen zizkiguten habailaz.

Nik zorte hona izan nuen, zeren, nahiz eta inoiz ni ere jo izan, minik ez zidaten inoiz eman. Nire lagunen bat, bai, gelditu zen inoiz gorputza baldatuta, eta odolduta ere bai. Zeinen basatiak ziren gazte haiek! Inoiz ez dut ulertu zergatik gorrotatzen gintuzten hainbeste. Zeren eta haiek beraiek ziren estera joan eta gehienak etxean zeuzkaten zakurrei zurikeriak egiten zizkietenak, beraiekin jostatzen zirenak eta janaria ematen zietenak. Eta gu, beraiei ezer egin gabe,honela hartzen gintuzten… Bazirudien etxetik irtetean, bihotza harrizkoa bihurtzen zitzaiela.

Hitz batean, nire bizitzako lehenengo garaiak nora gabeko zakur batenak izan ziren, lanik gabe eta ugazabarik gabe. Gosezko garaiak; behin baino gehiagotan errazkada batez ordaindutako gaiztakeriazko garaia; baina hala eta guztiz ere, bizimodu oneko garaia.

Baina iritsiko ziren garaia ilunagoak; egun batean, uste gabe, bizimodu on hura ondo-ondotik moztuko zuen zerbait gertatu zen. Kontatzea merezi duen historia bat da. Udarako egun bat zen, uda hartako egunik beroenetakoa. Bazeramatzan aste batzuk emakume batek egunero kalera guri eltzea bete janari atereaz, arratsalde aldera. Gu, egunero, inoiz faltatu gabe, han biltzen ginen garaia baino dezente lehenago, eta azkenik atea irekitzen zuen eta han agertzen zen emakume jator hura janariarekin. “E, zakurtxoa; e, zakurtxoak!”, oihukatzen zuen. Berehala denok gainera joaten gintzaizkion eta emakume gaizoak ozta-ozta izaten zuen kazuelako janaria txoko batera botatzeko denbora. Berak gustu osoz egiten zuen eta guk ere bihotzez eskertzen genuen…

Ba, arratsalde hartan, beti bezala, emakume jator haren etxeko ate ondoan geunden afari meriendaren zain. Baina halako batean, hara non agertzen diren ertz batetik bi ardizakur izugarri, gutariko handietan baino lau bider handiagoa zen haietako bakoitza. Amatxo maitea, haiek zakur zaharrak! Eta ez zen ez genituelako ezagutzen, ez, bai bai genekien inguru haietan zebiltzala, baina ez genituen inoiz hain gertu ikusi. Beldurra ematen zuten, benetan! Eta orain gureganantz zetozen erabat ausart eta adoretsu, inguruko guztiak beldurtzeko moduan. Bi ardi zakur haiek beti bide ondoko etxe bateko lorategiko burdinsare atzean ikusi genituen kateaz lotuta. Eta ez ginen hara inoiz gerturatzen, zeren eta han genbiltzala konturatzen baziren, nahiez eta oso urruti egon, zerua eta lurra dardaraz jartzeko moduko zaunkaz hasten baitziren eta beraien hortzak eta betortzak erakusten zizkigutenean, buztaneko ileak ere tente jartzen zitzaizkigun. Basapiztia Ander era lazkarri batzuk bezala ikusten genituen, ikaragarria, eta errespetu izugarria genien. Eta hara non agertzen diren arratsalde hartan ustekabean kale ertzean, geu geunden tokian. Pentsatuko duzue nolako sustoa eta ikara hartu genuen! Bat batean korrika hasi ginen, eta bi handi mandi haiek, ikusi gintuztenean, gure atzetik etorri ziren zaunka beldurgarri batzuk eginez eta begiak irten beharrean. Garbi zegoen irentsi egin nahi gintuztela. Baina haiek handiak baziren ere, gu beraiek ez bezala, kalean hazitakoak ginen eta korrika hasten ginenean ez zigun ez inork aurrera joan eta pixa egiten. Eta begiak itxi eta ireki bitartean denok herritik kanpo leuden, gure pertsekutzaileengandik urrun. Bi ardi zakurrek gure arrastoa galdu zuten. Zakurrok elkarri begiratzen genion, arratsaldeko janariaren bila herrira itzuli behar genuen ala ez zalantzan geunden. Zergatik ez genuen itzuli behar? Emakume jator hark ematen zigun janaria geurea zen eta inork ez zeukan kentzeko eskubiderik; eta are gutxiago eguneko ordu guztietan urdaila ondo betea edukiko zuten bi zakurtzar haiek. Gainera, kale hartatik igarotzea halabeharrez suertatuko zitzaien eta, orain, gure arrastoa galdu ondoren, beraien bideari jarraituko zioten. Arrazoi hauek kontuan izanik, herrira itzultzea erabaki genuen. Hain ondo ezagutzen genituen kale estu eta aldapatsu haietan zehar itzuli ginen emakume jator haren etxera baina, gizarajoak gu, ez genuen asmatu: lehen eraso ziguten kale berdineko ertz hartan harrapatu gintuzten bi mamutzarrek. Bizia han uzteko gogorik ez genuenez, buelta hartu eta hankak astindu genituen. Hura zen lasterkaldia! Ohiturik geunden korrika saio galantak egiten alproja haiek harrika erasotzen zigutenean, edo ogi koskor bat kentzen ausartu ondoren, zakurtzar haietakoren bati ihesi, edo eta ibiltzearren bakarrik ere bai. Baina inoiz ez genituen hankak hain azkar astindu. Zirudienez bi ardi zakurrek antzeman ziguten gu lasterkari onak ginela, eta han zeuden atzaparrak zorroztu gure zain. Hura zen korrika egitea hura! Eta guk zer esanik ez! Hankek buztana jotzen ziguten bihurguneak hartzerakoan. Eta gauza bat esango dizuet: ziur nago guk kale haiek hain ondo ez bagenitu ezagutu harrapatuko gintuztela. Baina ez, lortu genuen azkenik nahastea, eta orduan, atzetik ez zigutela jarraitzen segurtatzean, etzan egin ginen, zeharo nekaturik, elizako atarian. Nire lagunak eta ni haserre geunden, eta arrazoi osoz: hura injustizia garbi-garbia zen. Elkarri begietara begiratzen genion eta horrela, begiradaz, ematen genion aditzera elkarri gure haserrea:

Alprojak, alferrontziak! –salatzen zuten Beltzuneren begiek.

Abusatzaileak! Nire ama hemen balego… !- kexatzen ziren belarri handirenak .

– Uste dut gaur jan gabe geldituko garela –esaten zuten nireek.

Nire baiezpen honek gomazkoa balitz bezala, saltarazi zuen Konformagaitz, zakur guztietatik erreboltariena:

Eta zergatik ezin diegu aurre egin? Zazpi gara eta hain oiloak izan behar al dugu?

Konformagaitzen kexuak denok zakur bakar bat bezala sentiaraztea lortu zuen. Denon begiak distiratzeen hasi ziren:

Arrazoi duzu! Aurre egingo diegu!

Beraiek, indartsuagoak izan arren, bi bakarrik dira; Gu zazpi gara, eta beraiek baino arinagoak.

Eta beraiek betortzak handiagoak badituzte, guk zorrotzagoak ditugu! Eta horzkadaren bat jasotzen badugu ere, ez al du honenbeste merezi janaldi eder batek?

Ihesi hasiko dira! Ausardiaz goazela ikusten dutenean, ikaratu egingo dira eta beste bide bat hartuko dute. Barrez lehertu behar dugu!

Denok batera!

Aurrera, zakurrok!

Eta martxan jarri ginen, gure erabaki sendoz, emakume jatorraren etxerantz. Ardi zakurrak aurkitzen ez bagenituen, askoz ere hobe, gu zakur bakezaleak baikinen. Baina berriro gure aurrean jartzen ausartzen baziren, borroka gogorra izango zen. Horixe baietz!

Eta gogorra izan zen bai borroka, ni zakurra naizen bezalaxe! Gure etsai kaskagogorrak zain zeunden, sardinatzarrak bezain zuzen, izkina berean.Gu ikustean, guregana salto egiteko mugimendua egin zuten, baina ezer ez balitz bezala aurrera jarraitzen genuela ikusi zutenean, gelditu egin ziren harriturik eta elkarri begira. Beraien aurrean gelditu ginen, muturrez mutur. Eta elkarrekin borroka hasi aurretik, ehun hitz baino askoz gehiago balio zuten begirazun* Luze eta esan nahi handikoak bota genizkion elkarri:

Utzi pasatzen!

Gelditu! Lurrean ageri ez den zakur batek guri erakusteko asmoa ote du?

Sistra nahi duzu, e?

Sistra? Ikusiko zenuke lotsagabe hau! Ze eskakizun dira hauek? Nahi al duzu muturra trenaren gurpil azpian txikle bat bezala nola usten didan ikustea?

Gaizki bukatuko dugula esan diat…

Baina isilduko haiz behin betirako, mikrobioa, zakur miniatura, oliontzi tapoia?

Hemen isilduko dena hi izango haiz, harroputza!

Konformagaitzek ez zuen ordura arte begirazunetan parte hartu, baina ezin izan zuen gehiago jasan. Bere begiek diz-diz egiten zuten:

Aurrera, zakur taldea! Erakuts diezaiegun harroputz hauei bi eta bi zenbat diren borrokaldeak zakurraren historian agertzea merezi zuen, eta oraindik idatziko da. Ardi zakurrak beren ahotzarrak ireki zituzten eta hozkadak ematen hasi ziren. Gu berriz, txakur kumeok, ez geunden atzera begira egoteko eta beraien bizkar gain distiratsuetan eta ondo betetako tripa haietan eransten genizkien geure hortz zorrotzak. Badakit odolaz hitz egitea gogaikarria dela, eta norbaiti oilo ipurdia* jarriko zaiola, baina egiaren ohorez, esan beharra daukat momentu batean isurkin gorria kale ertzak gorritzen hasi zela.

Ez dakit nola bukatuko zukeen heldu aldiak. Litekeena da bi basapiztia izugarri haiek K.O. uztea zazpiok, zentzurik gabea eta gorputza elbarritua. Baina kontua da, gure zaunken zaratek eraginda, eta botatzen genien oihuak entzunda, herriko gizonak eta andreak heltzen hasi zirela, eta haien artean, ardi zakurraren ugazaba, eta honek txistu bat joz gu bakean uzteko agindu ziela.

Baina ez ziren kalteak han bukatu. Ardi zakurraren ugazaba, gizon dotorea bera, maniki baten antzera jantzia, bere zakurrak ikusi zituenean, hura oihuka hasi zitzaigun, eta gainera, harkaitza baino gogorragoko botazar haiez ostikadak ematen:

–Alde hemendik, zakur hondatzaileak! eta belarri handiri– Denok hilko zaituztet! –eta beste ostikada Konformagaitzi–. Alde hemendik, zorritsuok!– eta zapata nire burlan, milioika izar eta txori ikusten nituelarik.

Ez dago esan beharrik ere korrika hasi ginela gizon antzeko hark nola eraso zigun ikusi genuenean, baina azkeneko momentuan, Konformagaitzek horzkada eder bat egin zion hanka batean. Eta ardi zakurren ugazaba aieneka ari zen bitartean, kale ertzean ezkutatu ginen.

II

ZORIGAITZA
TXALUPAKO GIZONA



Ardi zakurrekin izandako gertakariak eta beren ugazabak, ekarri zuten zorigaitza. Gure zakur taldearentzat zorigaitza, eta niretzat bizitza aldaketa.

Hurrengo egunean, kaleetan libre, ugazabarik gabe, zebiltzan zakur guztiak eramateko asmoz agertu ziren herrian bi gizon. Beraiek bazekiten, norbaitek esango zien –maiki hark ziur aski, ardi zakurraren ugazabak–, guk hondartzan egin ohi genuela lo. Hondartzan bertan agertu baitziren goizean goiz, janari pila batekin. Ni ez nintzen ohartu lagunek den dena jan zuten arte, zeren eta hondarretan lo egin beharrean, gau hartan txalupa batean etzan nintzen eta esnatu nintzenerako nire lagun gosetiek dena bukatuta zuten.

“Hau zoritxarra”, pentsatzen nuen nik neure baitan. “Behin izango lepo jateko aukera eta!” Eta goiz hartako nire umore txarraren ondoan, buztan luze, atzamar zikin, belarri handi, Konformagaitz, beltzune eta txiki –hauek ziren fantasiak neure lagunei ipini zizkien izenak–, guztiak urdaila ondo beteta, mihia igurtziz, “hau duk gosaria hau, lagunak” baliote bezala. Zakur zoriontsuen muturrak zituzten guztiek.

Baina laster bukatu zen zoriona. Minutu batzuen bueltan nire lagunak poztasunetik lozorro jeneralera igaro ziren. Pozezko oihu eta jauzietatik baldar-baldar ibiltzera, momentu batetik bestera lurrera erori beharko balute bezala, logurak etenda “janaldi handia izango zen!”, pentsatzen nuen nirekiko,makaltasun eta logura hura, hainbeste eta hain ondo jateagatik zetorkielakotan. Eta hala esaten nion neure buruari “Noiz utziko ote diot hain tontolapikoa izateari? Beraiek lehertu arte jaten eta hi, bien bitartean, muxar baten antzera lotan”.

Baina berehala, bata bestearen ondoren ziplo erortzen ziren bitartean, hasi nintzen konturatzen hura ez zela ondo betetako urdail batek ematen zuen ondorena. Eta begira zer gertatu zen gero. Nire lagun guztiak lo geratu zirenean, bi gizon ikusi nituen gu geunden aldera etortzen. Mesfidantzaz –zeren eta gizon ezezagun bat agertzen denean, zakur batek beti mesfidantzaz begiratu behar baitio–, han baztertuta zegoen barraka baten atzean ezkutatu nintzen. Han nengoela, Laio aurkitu nuen, ugazabarik gabeko zakurrik zaharrenetarikoa. Ikusi ninduenean begira geratu zitzaidan:

Mirakulus salbatu al zara?

Ni nahastuta nengoen; ez nekien zer hasi zen gertatzen.

Salbatu? Nondik? – galdetu zuten nire begiek.

Laio orduan ohartu zen nik ez nekiela zertaz hasi zen.

Bi gizon haiek, bai, zakurrengana doazen haiek, orain dela gutxi izugarrizko janari pila ekarri dute. Baina amarru* bat zen, lo har arazteko zerbait bota baitiote. Orain eraman egingo dituzte.

Eraman egingo dituztela? Eta zuk nola dakizu hori?

Lehen nire taldekoekin egin dutelako, han goian. Ni salbatu ahal izan naiz, baina nire lagunak denak erori dira. Zortzi.

Eta zergatik?

Beraien artean esaten zutenez, gutariko batek atzo gizon bati horzka egin zion, eta zakur horzkaria amorratua dagoen ala ez ikusi behar dute. Eta zein izan zen ez dakitenez, denak eraman dituzte.

Eta noiz ekarriko dituzte berriz?

Berriz ekarri? Zakur maitea, ikusten da gaztea zarela! Honelako bahitura asko ikusi ditut, eta eramandako zakurrak inoiz ez dira itzuli.

Gorputz guztiko hotzikara sentitu nuen, muturretik hasi eta buztan puntarainokoa. Arrisku ederretik libratu nintzen!

Gure ezkutalekutik ikusi ahal izan genuen gizon haien lana. Banaka-banaka hartzen zituzten lo zeuden zakurrak, muturrekoa ipini –ni hainbeste izutzen ninduen gauza hura, arnasa hartzen ere ez zuela uzten pentsatzen bai nuen– eta ondoren hondartza ondoan zain zeukaten kamioari eraman zituzten.

Nahiz eta malkoak ez ikusi, zakurrok ere negar egiten dugu, bihotza goibel dugunean. Goiz hartan, anaiak bagina bezalaxe elkarrekin bizi izan ginen zakur haiek eramaten ikustean, amorruz eta ahal ezinez* egiten nuen negar. Agur atzamar zikin, agur buztan luze, agur beltzune, agur konformagaitz, agur belarri handi, agur Txiki!

Eta horrela, urtea bete baino lehenago, bakarrik aurkitu nuen neure burua. Nola konponduko ote nintzen handik aurrera?