Lurrean finko
|
Hotz esnatu da gaurko eguna. Zerua garbi dago, urdin-urdina, alboko harri nimiño argiz markaturiko bide estuaren beste aldeko putzuko ur garbiak bezain urdin. Eguzki izpi batzuek hotzari aurre egiten laguntzen didate. Kafe usaina dator alde guztietatik. Ahateak hasi dira dagoeneko kantuan, kuaka, gosari eske, putzuko ur izoztuetan, eta laster izango da hemen Anbrosio zaharra, goizero bezala, atzoko ogi papurrak ahateen artean banatzeko.
Anbrosio gizajoak emaztea galdu zuen duela hiru urte, eta orduz gero egunero etortzen da bere emazte Karmelarekin bizitako garai onak berriro bizitzera bere oroimenean. Zenbaitetan ahateei kontatzen dizkie bere penak, eta momentu gogorrenetan Eguzkia bezain malko disdiratsuak irristatzen zaizkio bere aurpegi zimurtutik gorputz okerreraino. Anbrosio oso gizon alaia zen eta hirurogeitaka urte izan arren, maitemindu gaztetxoen abenturak bizitzen zituen emazte Karmele biziarekin. Hau inoiz ikusi dudan emakumerik jatorrena zen, askatasunaren maitalea, bakearen irudi uso zuriaren gainean hegan, Eguzkiaren alaba ederra, gauaren ahizpa, asperraren eta alferkeriaren etsai; beti zegoen edonori laguntzeko prest, eta jendea animatzen oso trebea zen. Bizitza osoa isilik pasa dudan arren, a zer nolako barre algarak bota ohi nituen Jainkoaren alaba harekin!
Baina gaur bezalako udazkeneko egun argi batean gaixorik erori eta egun gutxiren buruan, bere egunen amaiera iritsi zitzaionean, senar dohakabeak bizitzeko poz eta gogo guztiak galdu zituen.Egun hartatik ezin izan dut inoiz irribarretxo bat ere ikusi bere ezpain goibeletan. Denbora luzea isilik egon ondoren, zerura begira egoten da pixka batez eta ezer gertatu izan ez balitz bezala, alde egiten du.
Gizarajoa joan bezain laster Edu etortzen da, lorazaina. Edu oso mutil liraina da, altua, argal samarra, ile eta azal iluneko hogei gutxi bat urteko gaztea. “CFDGV” enpresako uniforme urdin eta horia janzten du beti, gorputz osoa estaltzen diona, bere biserarekin. Buzoak enpresaren izena du bizkarraldean idatzita hizki handi beltzez eta aurrealdean, bularraren ezkerraldean duen poltsikoaren gainean, hizki ttiki-ttikiz “Eduardo Montornés” dago idatzia. Etortzean erosi berria dirudi, baina bere lana amaitzen duenean zerriak zaintzen egondakoarenaren buzoa dirudi. Eskuak larruzko eskularruez estaltzen ditu, parkeko beste puntako larrosekin hain dira eta jasangaitzak! Jendeak euren edertasunagatik miresten ditu, baina hori entzun ahal ezin diezaieketelako da. Beti dabiltza oihuka, landare guztietaz izugarrizko asmakeriak esaten. Hemendik ere entzuten diet! Atsegin dut lorazain bikain horrek nire adar luzeak mozten dituenean, zeuek ilea mozten duzuenean bezalkoxea da. Aizue, zuhaitzok ere atsegin dugu gure look-a aldatzea! Eduk katiuska berdeak erabiltzen ditu, nahiko zahartuak jada, baina munduko goma gogorrenezko katiuskak ere ez lirateke nahikoak ahate zalapartatsuek bidetxoan putzu sakonak sortuaz kanporatzen duten uretan irrist ez egiteko. Entzuna diot mutilari katiuska berriak erostekotan dela, bere etxetik gertu omen den lorazainentzako denda batean ikusita omen dauzka berri batzuk, baina entzuna diot ere ez duela diru nahikoa lortzen gu zaintzen katiuska berri batzuk erosteko ere. Edu eskolan oso ikasle trebea zela entzun nien behin bi neskatxa kuxkuxerori, eta unibertsitatean sartzeko aukera ugari izan zituela ere. Baina horren ordez nahiago izan zuen lorazaintzan sartu, hainbeste yoga eta zer nolako tontakeriek guztiz aldrebes bilakatu baitzuten eta lora eta zuhaitzekin hitz egiteko dohaina duela uste du orain.
Eguerdian alboko fakultateko ikasleak etortzen dira etxetik ekarritako ogitartekoak jatera. Orduan, txorizo, urdaiazpiko, mortadela eta abarren usainak nahasten dira. Ondoren, azterketa garaia denean, parkea murmuilu ixilez betetzen da, batak besteari ikasitako teoria motza esanez. Aste osoa horrela igaro ondoren, malkoak datoz, beraiek dioten bezala, “kate”-engatik, eta saiatuenek ezin izaten dute beraien poza ezkutatu lortutako 10 biribilengatik. Hala ere, eguneroko ikas-aldiko eguerdietan, mutil gehienak futbolean aritzen dira, ikasle bikainenak euren aurkikuntza berriak eztabaidatzen gainontzeko “jeinu”-ekin, bakarti eta ixilenak irakurtzen, beste zenbait mutil talde neska pinpirinenei begira hauek atzazkalak pintatzen, Eguzkia hartzen, aurpegia makillaje potez estaltzen, Eduren atzetik kuxkuxeatzen eta abarretan dabiltzan bitartean. Egun epeletan gazteak geure itzalpean ezkutatzen dira Eguzkiaren izpietatik, goxo-goxo. Ordulariak arratsaldeko hirurak jotzean ikasle guztiak desagertzen dira poliki-poliki.
Ondoren agure kuadrille pare bat ibiltzen da, hemendik hara eta hona paseatzen, beraien gaztetako esperientziak gaur egungoekin konparatuaz, eta lauak aldera etxera itzultzen dira siesta labur bat botatzera edo iloben bila joaten dira ikastolara.
Arratsaldeko lau t´erdiak aldera ikastolatik atera berri diren haurrez betetzen da guztia. Ongi ikasia dute ahateek, bai, eta ordurako ezkutatu egiten dira mutiko bihurriek harrika akaba ez ditzaten. Ez dut batere atsegin eguneko garai hau, mutiko guzti-guztiak nire gainera igotzen baitira pirata odolzaleetara jolasten, edo oihanean galdutako abenturazaleak balira bezala, eta adarrak apurtzen dizkidate. Nire inguruan dagoen metro laurdeneko hesi laburrak zenbait haur beldurtzen ditu, hesitxoa zeharkatuko balute deabrua infernutik igoko balitz bezala. Baina Pago gaixoak ez du inolako hesirik bere inguruan eta gainera, kulunpioen ondo-ondoan landatu zutenez, haurrek bere gainetik kolunpioetara saltatzen dihardute arratsalde erdia. Bitartean, umeen aitek harrotasunez hitz egiten dute euren seme-alabez. Urte batzuen buruan euren semea futbolari bikaina, mundu osoan famatua izango dela sinestarazten diote euren buruari, edota euren alabak egunen baten, sokasaltoari eta panpinei uko egitean, unibertsitaterako bekaren bat lortu eta IHESaren aurkako erremedioa asmatuko duela. Azken finean, berrogei urterekin jubilatzeko moduak asmatzen dituzte. Baina emakumeek, hauek errealistagoak direnez, bere senar eta haurrekin dituzten arazoak komentatzen dituzte, nola bigarren haurra jaio zenean lana utzi behar izan zuten eta orain arazo ekonomikoak direla-eta egun santu osoa etxean pasatu beharra dutela garbitzen eta jatorduak prestatzen, lagunekin egoteko astirik ez dutela, edota gauean senarra, iritsi bezain laster, ohera joaten dela nola dagoen sikiera galdetu barik. Hau guztia egiten dute txikienei askaria ematen dieten aldi berean.
Azken haurrak zazpiak aldera joaten dira, gehienetan kexuka, eta batek baino gehiagok zigorturik amaitzen du arratsaldea. Azken umea joatean ahateak euren etxetxo goxotik irteten dira gaztetxoak hara eta hona dabiltzan bitartean musikako, dantzako, ingeleseko eta abarreko klaseak direla edo futboleko entrenamendu edo dena delakoa, arnasa hartzeko ere astirik gabe, eta ondoren berriro etxera.
Afal ordua lasaia izan ohi da. Piskanaka Eguzkia Haritzaren atzean ezkutatzen da farolen, beno, oraindik hautsi ez dituzten farolen argiari txanda emanez. Entzuten diren soinu bakarrak alboko etxebizitzetetako agure gorrak telebista Sahara desertu osoan entzuteko moduko bolumenean ikusten, zenbait guraso haur txikiei errietan, urte pare bat barru “super rokeroak” izan nahi duten zenbait gazte bakoitza bere instrumentua joaz, beheko solairuko atso bakartia ixiltzeko erreguka eta pare bat jaio berri biziki negarrez dira.
Ondoren zenbait bikote etortzen da elkarri ahoa jan eta listua nahastera. Nazkagarria, baina aldi berean, oso erromantikoa! Zenbaitetan malko ttikiak ere jausten zaizkit bi gazte ilargipean musukatzen ikusten ditudanean elkarri hitz gozoak esaten, guk, zuhaitzok, ezin baitugu halakorik egin.
Festetan gazteak goizeko ordu garaiak arte izaten dira hemen algaraka. Utzitako tabako usaina ez da aste oso batean ere deuseztatzen. Garbitzaile bereziak etorri ohi dira botatako plastikozko edalontzi eta mota guztietako edari alkoholdunen botilak jasotzera egun pare batez. Nazkagarriak izaten dira mozkorren botakak gure gainean eta gau osoan lorik ez egiteko uzten duten kirats eta nahaspila. Nahiagoko nuke dinosauru batek zapalduko banindu.
Bestelako egunetan isiltasuna nagusitzen da parke osoan. Haizearen hotsa bakarrik entzun ahal izaten da eta zurrungaren bat edo beste. Ahateak dagoeneko lotara joanak izaten dira. Ilargia eta biok bakarrik geratzen gara.
Zuhaitzok oso jakintsuak gara. Sinetsiko ez didazuen arren, zuhaitzok bizitza osoa leku berean finko egoten gauza asko ikasten dugu, batez ere unibertsitateren batetik gertu gaudenok, ikasleak azterketetarako errepasatzera eta “txuletak” egitera baitatoz.
Orain utzi egin behar zaituztet, Anbrosioren oinak lurreko hosto ustelen gainean entzuten baititut. Hurrengorarte...
|
|
| |
 |
 |
|