![]() ![]() |
![]() |
| ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO |
|
God’s in his heaven...
|
|
Inoiz jaio izan ez banintz hobe. Xelebrea da, ni nagoen egoeran eta tokian, horrelako baieztapena egitea, edo nengoen egoeran eta tokian esan beharko nuke, baina agian egoera hau ulertzen ez dudanez, gizakiok ulertzen ez ditugun beste gauzen artean, nagoen egoeran eta tokian esan beharko nuke… Bai, nagoen egoeran eta tokian esatea hobe da.
Eliza batean nago, arrazoi duzue, ez da oso arrunta Jainkoan sinesten ez duen gizon bat elizan egotea. Honek gazte garaiko kontu bat dakarkit burua; hamasei urte nituenean oso argi nuen idazlea izan nahi nuela eta uneoro nenbilen, han eta hemen, idazketan. Edozein tokitan idazten nituen nire istorioak. Egun batean, ekonomiako eskola batean zela uste dut, ez dut ondoegi gogoratzen, nire lagunei fededuna ez nintzela adierazi nien eta orduan nire mahaikideak, erantzuna aurrez prestatua eduki izan balu bezala erantzun zidan, Orduan zergatik agertzen da Jainkoa idazten dituzun gauza guztietan, gainera nire eskola kideak ironikoki adierazi zidan, Jainkoagan ez sinistearren asko nekiela honi buruz. Inoiz ez da nahikoa jakiten zerbaiti buruz, erantzun nuen nik elkarrizketa hartatik alde egin nahian. Arrazoi duzue, ez da ohikoa ni bezalako pertsona bat eliza batean egotea.
fue muerto y sepultado para la salvación de todos los hombres y el perdón de los pecados Besoak luzatuta ditu, gurutze moduan, edozer izaki gurutziltzatuta izan balitz edukiko lukeen jarreran. Ez gaizki hartu mesedez, hitz egiteko modu bat da bakarrik. Berregingo dut esaldia nahi baduzue. Besoak luzatuta ditu, gurutze moduan, edozein gizaki arrunt gurutziltzatuta izan balitz edukiko lukeen jarreran. Odola, eskuetako eta oinetako zuloetan margotuta dauka, iltzeak dituen tokietan. Benetako odola izango balitz eta gatzatuko ez balitz, marmolezko zorua zikinduko luke. Zorua marmolezkoa da, aldarea bezala. Errege egiten duen arantzazko koroak ere odol jarioak sortzen dizkio. Gizagaixoa, zenbat sufritu zuen gugatik. Koitadua. Eta azkenik, Longinosek, hankak mailu batekin puskatu beharrean, bere lantzarekin zeharkatu zuen hilzorian zegoen gizona. Eta Kristoren odolak, gure margoak, zenturioiaren begiak sendatu zituen. Han dago, eskuin saihets hezurren azpian. Marka. Lantzak utzitako marka. Erretaulan, Ama Birjinak begiratu egiten nau bere estalki urdinarekin. Oso ederra da. Irudia egiazkoa bezain polita bada, Nazareteko Joseri inbidia izan beharko genioke hain emazte ederra izateagatik. Inoiz ukitu ez zuen emazte bat. Gauza arraroa, kontuan izanda gizonezkoen lehenengo sen naturala sexu-atsegina bilatzea dela. Beno, metafora bat izango da, edo akats bat. Zuek ere nirekin ados zaudete. Hainbat gauza kontuan hartu behar ditugu, birjina judutarrez gaztea esan nahi duela adibidez, eta ezin dugu ukatu Maria ezkondu zenean eta lehen haurra, eta teorikoki bakarra izan zena, izan zuenean gaztea zenik. Bai, akatsa edo nahita egindako itzulpen txarra, berdin dio, egia esanda, birjinitatearen dogma mende asko geroago finkatu zen. Bai lagunak, Biblia guztia metaforaz edo parabolaz beterik dago. Eta akatsez. Eta gezurrez. Adibidez, Jesus mendixka baten gailurrean gorespenak esaten ari zenean, Alabados sean los ciegos porque ellos verán, guztiz metaforikoa da. Denek mendixkaren gailurrean zegoela sinesten dute, baina horrek ez du axola, egon zitekeen zuhaitz baten gainean eta ez luke ezer aldatuko. Hor garrantzitsuena ez da mendi, zuhaitz edo beste gizon baten gainean egotea, garrantzitsuena, Jesus, besteen gainetik zegoela esatea da, zerutik gertu, Bere Aitaren erreinutik gertu. Behin, noizbait, poeta ingeles bat, Robert Browning zela uste dut, horrela jardun zen Jainkoari buruz, God’s in His Heaven, all’s right in the world. Baina ez luke horrela behar, Jainkoaren Bere Zeruan, dena ondo dago munduan. Noski, honek gizadiaren inperfekzioa ekarri diezaguke burura, hots, gizaki orok, bai kultura handikoak, eta bai kultur ikonoak ere, noizbait, nonbait, bere idatzietan edo hitzaldi batean behintzat akats egin dute, poeta hau kasu. Nola esan genezake inperfektuak garela. Konparazioengatik, hau da, Jainkoarekin konparatzen garelako; eta Jainkoarekin konparatzeko, Jainkoa errealitatean izan behar da. Ideia bezala agian, alegiazko kontzeptu bat bezala, ihardetsi zidan behin norbaitek. Baina kontzeptu bezala existitzen bada, kontzeptu horrek zerbait definituko du, esan nuen nik orduan. Berez, gauza ukiezin, ikusezin, azken batean, sentitu ezin den zerbait definitzen du, ametsen heinekoa, ideien heinekoa, gure buru barnean, adimenean bakarrik agertu daitekeena. Gainera, jarraitu zuen nire lagunak, kontzeptu batekin Jainkoa definitzea, honen ezaugarrien mugaketa izango litzateke, ondorioz berriro ere, bere perfekzioa, beste gauzen artean mugatua egongo litzateke, hau da, kontzeptu batekin definituz, bere inperfekzioa onartuko genuke, zeren eta Jainkoaren amaigabetasuna onartuko bagenu, ezingo genuke onartu kontzeptu sinple batzuek bere izatea murriztea. Jainkoa inperfektua da orduan, galdetu nuen. Ez, ihardetsi zidan, Jainkoaren ideia da inperfektua, hobeto esanda, okerra, gizakion adimenak ezin baitu Jainkoa bezalako entitate bat sortu ideia bezala, berez ulertu ezin dugun ideia bat delako. God is in His Heaven, all’s right with the world, izan beharko luke, beno nik ere akats asko egin ditzaket. Bai eta egiten dituzu zeren eta esaldi originala ez dago gaizki, God’s, God is –en laburdura baita, eta ez du inongo jabetza zentzurik, esaten dit nire barneko ahotsak, zuek entzun ezin duzuen horrek. Gainera, jarraitzen du, Browning-en poema baten zati da, The Year’s at Spring, ezin daiteke gaizki egon. Zu bai zarela akastuna, bukatzen du.
Zergatik nago honetaz guztiaz hitz egiten. A bai, gogoratu dut. Luzifer, Leviatán, Beltzebu… Jainkoak Deabrua sortu zuen, eta Deabrua ni naiz. Zu zara. Eta modu batean edo bestean, bera da. Gizadia. Deabrua, gizadiaren gaizkiaren pertsonifikazioa da. Hau erraz uler daitekeen gauza bat da, egunero, aldizkarietan agertzen den gauza bat da:
Hombre mata a mujer con una pala después de volver ebrio a casa “Los vecinos del domicilio dijeron a europapress que siempre habían sospechado algo diabólico en el comportamiento del asesino, como si llevase el mal dentro. Y realmente temíamos por nuestras vidas porque… baina batzuetan gertatzen da kazetariak bere barnean daraman Ni-a ateratzen duela elkarrizketatuak izaten ari diren pertsonen Ni-ari argazki bat ateratzeko, eta gehienetan irudiak adierazten diguna, gezur eta maleziaz aritu eta ari diren pertsonak direla da. Beste batzuetan Ni horrek elkarrizketatuak izaten ari direnei bere galdera propioak egiten dizkie konklusio batzuk atereaz …realmente ha sido un hecho escabroso y horrible, pero para acentuar más la desgracia, no hemos podido recoger datos, ya que hemos descubierto que la falta de honradez que hay en la gente que nos rodea, y por qué no decirlo, de la que nos lee, es enorme. Al fin y al cabo todos son zombis, individuos de una masa que quieren alimentarse del horror de los demás a cualquier precio y sin importarles nada.” Eta gertatu zen nire barneko kazetaria kanpora atera zela bere desioz eta orduan mitologiako Gemini kontzeptua osatu genuela. Ezin zen orduan bereizi nor zen originala eta nor kazetaria. Orduan honek hitz batzuk dantzara atera zituen: –Zergatik ezkondu zinen? Emaztea maite zenuelako?
|