ITZULI | Egin klik INPRIMATZEKO


Itziar Navarro

Gorrotoaren hazia naiz ni
Oroimenaren isla zikinean
memoriaren pasadizo deslaietan
bakarrik utzi zintudan.
Ekaitzaren ondorengo egunetan
etxean hotzak akabatzen zeundenean
samina egokitu zitzaigun
eta bakarrik utzi zintudan.
Ezpainetako karmina eskuez itzali nahi izan zenuenean
zure gorputza ezkutatzea erabaki, eta
duintasuna malkoez bustitzean
zutaz lotsatu nintzen.
Ez zintudan gotortu azaleko solasaldi batez.
Ama titulua ez zenuela merezia erabaki nuen.
Etsipenean giltzaperatu zintudan.
Ernegatzen zinen minutuez gozatuz ustetan
baina barrenak usteltzen ari zitzaizkidan
zugandik ukanen nuena ez zela iristen ikustean.
Gorrotatu zintudan, ama.
Barkamena zor zenidan,
aita ukatu zenidan,
inkontzienteki bizi izan nintzen luzaroan
ilusio perfektu batean, ama.
Baina egun batez, mila iltzek urratu ninduten batera.
Errealitateak muturrekoa jaso nuen,
eta zuk zauriak alkoholez eta utzikeriaz igurtzi zenizkidan.
Non da inoiz izandako maitasuna?
Beste baten besoetara desleialki ihes egitean,
Nolatan lapurtu zenidan nire identitatea?
Zuk hil zenuen aita pixkanaka.
Ni naiz zuen hoztasunaren emaitza.
Gorroto horren fruitua.
Hari esan nahi izan eta ezin nion guztia
orain zure kontra oldartu da.
Nola ausartu zinen gure arteko loturak honela puskatzera!
Beste norbait maitatu izanagatik ez
baina gezurra esan izanagatik
Hau guztia izan duzu ordainetan.
Desparadisuan usteldu zaitezela!
Zure hilarria aitarenaren alboan ikustean bakarrik
ezagutuko duzu benetako bakea.
Zu zara geratzen zaidan bakarra,
zu eta nigan bere hazia jarri zuen ezezagun bat.
Isil zaitez, ez dut zugan pentsatu nahi!
Ama, ustel zaitezen ni galdu behar banaiz, hala izan dadila!
Zure hilobiaren aurrean
sentimendu zoragarri bat:
Infernuan zauden bitartean
iragana ahazteko eskubidea ez zait izango ukatua.