|
IRAKEKO UME BAT NAIZ
Doinua: O BASERRITXO
|
|
1.-
Orain bi urte etorri ziren
Bushen patruila aluak,
nahiz eta ezetz esan ozenki
jendeak eta munduak;
horiengatik negar malkotan
igaro ditut orduak,
bonba (e)ta tiro soinuak dira
nire iratzargailuak.
|
2.-
Galdera hauei erantzutea
espero dut poliziak,
zenbat horiek hautsi dituzten
famili eta biziak,
zenbat horien kontra harrika
aritu garen aldiak,
dagoeneko agortu dira
hemengo harri guztiak.
|
|
|
3.-
Gure herria baketsua zen
hauek etorri artean,
gaur egunean tanke mordoa
besterik ez da kalean;
ea guztiak joaten diren
egun gutxiren tartean,
hartu nahi beste petrolio (e)ta
utziguzue bakean.
|
4.-
Irak aspaldi honetan dabil
oso gaizki eta herren,
horregatikan gerra zikin hau
behar dugu eten,
borroka egin beharra dago
oraingo hontan bederen,
ondorengoek zoriona (e)ta
bakea izan dezaten.
|
|
|
5.-
Zergatik datoz patruila horiek
hain azkar gure herrira?
haiek etorri ezkero honek
ez du lehengo distira;
hemen gauza bat eskatzen dugu
esango dizut begira:
errespetatu izaten da
Irakiarren desira.
|
6.-
Dakizuenez Amerikarrak
ditugu gure borrero,
horiengatik bihurtu gara
zoritxarraren bezero;
gerra hau ez zen inoiz hasiko
eta hildakoak zero,
guztion giza eskubideak
errespetatu ezkero.
|
7.-
Agintariek hainbat alditan
esan ohi digute zera:
“gerra hau laster bukatuko da
baina ez doa hobera”,
horregatikan joan nahi nuke
jainko guztien tartera,
aizto luze bat sartu behar dut
nire eztarritik behera.
|
|